Finlandia nolakoa izango zen imajinatzen bagenuen ere, bertatik bertara
ikustea itzela izan da, benetan izugarria esperientzia. Finlandiar gehienak
hegoaldean bizi dira eta hantxe hasi zen gure ibilbidea herri
eskandinaviarretan, Helsinkin hain zuzen. Hiria ikusi ondoren,
Herriak guztiz ezberdinak dira gureen aldean eta
horretan datza haien erakargarritasunik handiena, bestela ez dira oso
interesgarriak bisitatzeko; amaigabeko basoak eta ezin konta halako lakuak
ikustea zoragarria da, ordea. Eta lakuz laku Kajaani eta Oulujarvira heldu ginen, eta
handik berriro ere itsasaldera joan ginen (Oulu, Kemi eta Tornio; azken biak Laponiako kostaldean) Bidean
badiak, herriak eta portu txikiak igaro
ziren postal batean bezala; nahiz eta, noizik behin urrunean paper-fabriketako tximinia garaiak ikusten ziren kea etengabe
botatzen. Oulutik oso hurbil Kiviniemin izan
ginen, arrantza-portu txiki batean; izugarri polita zen, kaian egurrezko etxe
gorri batzuk eta koloretako ontziak zeuden. Gaua bertan pasatu genuen eta hurrengo
goizean ondoko herrian, Haukipudasen, erosketak egiten ari ginela, finlandiar
bat hurbildu zitzaigun supermerkatuan eta beste gauza batzuen artean ekainaren 20an, udako solstizioan, Juhannus ospatuko zutela kontatu zigun,
Finlandiako festarik handiena zela eta egun hartan izango ginen tokian suak ikusiko
genituela, lasai joateko, baten batekin hizketan hasteko eta jai-giroan
murgilduta bukatuko genuela, finlandiarrak oso irekiak baitira, are gehiago
festa dagoenean. Gure planaren arabera, Rovaniemin ikusi behar genituen San Juan
suak, horra hor beste arrazoi bat hara joateko.
Rovaniemi
Laponiako hiriburua da, zirkulu polarrean dago eta handik hurbil Santa Klausen
herria bisitatu daiteke, horrez gain, laster Juhannus izango zen, ezin
gehiago eskatu. Kemijoki ibaiertzean
gora doan errepidetik abiatu ginen, bidea izugarri polita izan zen eta paisaiaren aldaketa oso nabarmena egin
zitzaigun: gero eta herri gutxiago ikusten ziren, errepidea gero eta estuagoa
zen eta lakuen ordez ibaiak ageri ziren.
Heldu ginen egunean nahiko lainotua egon
zen, baina gaueko 10ak aldean garbitu
zuen eta hodeien artean eguzki distiratsua
agertu zen ia gauerdira arte. Jakin
bagenekien zirkulu polarraren barnean fenomeno hori gertatzen zela, hau da,
eguzkiak udan 24 orduz irauten duela argitzen ezkutatu gabe, baina bertatik
bertara ikustea beste kontu bat da.
Rovaniemin Artikoari buruzko museo bat ere badago, Iparraldeko natura, kultura eta herrien inguruko benetako informazioa ematen duena. Arktikum museoak erakusten duen bezala, Artikoko toki batzuetan bizimodu guztiz modernoa daukaten bitartean, beste toki batzuetan milaka urtetako tradizioari jarraituz bizi dira gaur egun ere. Izotz-lurralde honetan 3,5 milioi biztanle inguru daude eta 30 herri indigena baino gehiago dira, besteak beste, samiak Laponian; inuitak Groenlandian, Kanadan eta Alaskan; nenetak eta oroksak Errusian... Zenbait erakusketatan haien bizi-baldintzen berri ematen digute, eta aldi berean eskualde polar honetako zibilizazioan eta ingurumenean industrializazioak eta modernizazioak eragin dituzten eta eragiten ari diren kalteak salatzen dituzte.
Iparralderantz
jarraitu genuen eta behin baino gehiagotan basoan bihurka zihoan errepidean gelditu behar izan genuen paisaiari lasai begiratzeko edota renoei (elur-oreinei)
pasatzen uzteko. Animalia hauek espero nuen baino txikiagoak dira, grisak eta
dauzkaten adar horiekin maitagarriak iruditu zitzaizkidan, aldi berean guztiz
barregarriak gertatzen dira hankak astinduz duten ibiltzeko moduagatik.
Beldurti hutsak dira; hala ere, hor egoten dira errepideen inguruan, hori bai,
beti saltoka eta korrika hasteko prest.
Iparrerako
bidean Sodankylatik igaro ondoren, Inarira heldu ginen, Sami herriaren hiriburu
kulturalera. Oro har, Finlandia hain da lasaia, non kanpinetan oso gutxitan
sartzen ginen, garbigailua behar genuenean eta halakoetan baino ez.. Gaua laku
eta ibaien ondoan pasatzen genuen batzuetan, portu txikietan eta herrietako
erdialdean besteetan. Imajina ezazue nolako tokietan egin dugun lo; gainera, inork
ez zigun ezer esaten, normaltzat hartzen
zuten furgonetan bidaiatzea eta primeran ibili ginen. Horregatik, Inarin “autokarabanak
aparkatzea debekatuta” zioten seinaleak ikustean, ez genuen ezer ulertzen.
Baina egia esan, handik 384 km-ra Nordkapp dago eta udan egunero
ehunka autokarabana igarotzen dira Inaritik Ipar Lurmuturrerako bidean. Orduan
uler zitekeen gurekin pixka bat aspertuta egotea; gauza nabarmena zen ez
zigutela harrera oso ona egiten, behintzat, eta supermerkatuan eta museoko
sarreran baino ez zuten aparkatzen uzten; hortaz, samien museoa ikusi eta Utsjokira,
Finlandiako iparraldeen dagoen herrira abiatu ginen.
Latitude haietan
gehiengoa samia da; Inari eta Utsjoki udalerrietan, esaterako, jatorri samia
duen populazioa herritarren %70 da.
Garai batean nomadak ziren, baina gaur egun neurri handi batean turismotik bizi dira, haien lurraldeak gero
eta bisitari gehiago erakartzen baitu. Utsjokitik igarotzen den Teno ibaira, adibidez, mundu guztiko arrantzaleak joaten dira beren zaletasuna praktikatzera; izan ere, izokinak
harrapatzeko Europako ibairik onena omen
da. Baina arrantzaleen paradisua izateaz gain, ibai zabala eta bihurgunetsua da;
benetan ikusgarria. Km batzuetan Finlandia eta Norvegiaren arteko muga
markatzen du eta ibaiertzari jarraituz, Finlandiako aldetik Karasjok-eraino (Norvegia) joan ginen.
Laponiako
iparraldean oraindik ere bere jantzi tradizionala erabiltzen duen jendea ikus
daiteke kalean, batez ere pertsona nagusiak izaten dira. Egun batean Kautokeino
(Norvegia) herriko supermerkatuan geundela, samiek erabiltzen duten kolore
biziko janzkera zeraman emakume bat ikusi genuen bultzaka karroa; haren
txanoaren gorria eta jantziaren laranja eta urdinak bizi-biziak ziren, argazkia
ateratzeko modukoak eta baimena eskatu genionean, oso harro eta atseginez baietz
esan zigun. Baina ez pentsa, Europako ipar mutur horretan, Finlandia osoan
bezala, gizarte oso modernoa aurkitu genuen eta teknologia berriak ere guztien
eskura jarri dituztela egiaztatu genuen.
Guk geuk, behintzat, edozein herritako udaletxe, udal liburutegi edo
gasolindegiaren ondoan aparkatuz gero, Wifia eta doaneko konexioa erraz lortzen
genuen.
Baina mundu
honetan ezer ez da perfektua, ezta Finlandian ere. Han milioika eltxo daude, batez ere iparraldean eta batzuetan jasanezina
zen. Arratsean furgonetan geratu eta kontuz
ibili behar zen, leiho eta ate guztiak ondo itxita edo eltxo-sareak jarrita
bestela. Horregatik arratsaldeko ordu horietan autoan izan ezik, ez zen inor
kanpoan ibiltzen. Azken egunetan oso urduri jarri ginen eltxoen kontu horrekin;
Josuri, gainera, haien ziztaden ondorioz, alergiaren bat eman zion eta eskua oso
hanpatua izan zuen. Baina ez genuke inor larritu nahi, udan hainbat tokitan
bezala Finlandian ere beharreko neurriak
hartuz gero, eltxoak arren, primeran pasa daiteke.
Ekainaren
bukaera aldean, Kautokeinotik Enontekiora joan ginen eta gero Pallas-Yllas
parke nazionalera hango mendialdea ezagutzera. Eskualde hartan 700-
Idatzi artikulu bat