Dagoeneko irailaren 1etik daramagu lanean, baina bidaia askoz lehenago eman genuen bukatutzat, Sourzac (Frantzia) herrira heldu ginen egunean, hain zuzen. Abuztuko igande bat zen eta gaueko 11ak aldean urtarrilaren 31n gure lehen etapa egin ondoren, gaua pasatu genuen autokarabana-gune berean aparkatu genuen furgoneta. Europako itzulia hantxe bukatzen zen. Gainera, hurbileko herri bateko festak ziren eta zuhaitzen gainetik suak ikus zitezkeen; egia esan, gugatik ari zirela botatzen ematen zuen. Haraino heltzeko Norvegia osoa iparraldetik Osloraino zeharkatu genuen, gero Estokolmo bisitatu eta Suediako hegoaldean, Helsinborg-en, Danimarkarako ferrya hartu genuen. Kopenhagen bi egun igaro ondoren, Alemaniarantz abiatu ginen Berlin ikustera. Hobely-n Alemaniarako ferrya hartu baino lehen, Faro irlako atseden-gunean geratu ginen eta handik aurrera zenbat eta hegoalderago, orduan eta altuagoa zen tenperatura, nabarmen gainera. Azken aurreko etapa Berlinetik Friburgora izan zen eta hurrengo egunean Frantziako muga zeharkatuz, berandu bazen ere, Sourzac-era heltzea lortu genuen. Hilabeteak lehenago pentsatu genuen ibilbidea hor bukatzen zen eta
Azken hilabetean milaka kilometro batzuk egin genituen arren, ez pentsa korrika eta presaka ibili ginenik; izan ere, Norvegiako iparraldean ere oso lasai bidaiatu genuen. Hamabostaldi batez izan ginen han bueltaka eta hasieratik izugarri polita iruditu zitzaigun. Lehen egunean Kilpisjarvitik Skibotn-era jaitsi ginen, bata Finlandiako gailurrik garaienetan dago, bestea Norvegian ikusiko genuen lehen fiordoan sarturik, eta mendien artean
Zirkulu polarrean jarraitzen genuen eta iparraldeko eskualde honetan orain dela ehun urte inguru arrantzaleak, nekazariak eta samiak baino ez ziren bizi. Gaur egun, ordea, industria eta teknologia gune garrantzitsua bihurtu da, eta horren adibide Tromso hiria dugu; garrantziaren arabera, Norvegiako zazpigarrena eta Laponiako bigarrena, Murmansk (Errusia) eta gero. Hiriaren erdigunea irla batean dago eta hara heltzeko fiordoa zubi ikusgarri baten gainetik zeharkatu behar da. Zubian sartu baino lehen, ezkerraldean, Artikoko katedrala ikus daiteke eta handik hurbil telekabina bat hiriaren ikuspegi paregabea miresteko, baina guri egun lainotua egokitu zitzaigun eta ez zuen hara gora igotzea merezi. Zubiaz bestaldean berehala portu historikoan sartu ginen eta erdigunean bezala geratzen diren egurrezko eraikin eta etxeen artean ibili ginen. Horiek izaten dira iparraldeko herrietako alderik interesgarrienetakoak, inolako zalantzarik gabe.
Azkenean, furgonetari olioa eta iragazkiak aldatu zizkioten eta bidaian jarraitu genuen. Tromsonetik Vesteralen eskualdera abiatu ginen, eta itsaso zabalera irteteko Andenes aukeratu genuen. Bidean Lodingeneko portuan itsasargia dagoen haitzaren babesean egin duten autokarabana-gunean geratu ginen egun batzuk pasatzeko eta gero Andenesera igo ginen. Oso iparraldean dago, baina handik baleak ikustera irten daiteke itsasontziz eta hori beste arrazoi bat zen haraino joateko. Errepide osoan zehar mendiak eta fiordoak ageri ziren edonon, herrian bertan bukatu arte. Andenes herri txikia da eta neguan ez dut zer-nolako giroa egon daitekeen pentsatu ere egin nahi, baina udan bizi-bizi zegoen, egurrezko etxe guztiak zabalik, lorez ondo apainduta eta kalean bisitari asko zebiltzan. Zoritxarrez, haizeak egunak zeramatzan gogor jotzen eta itsasontziak ez ziren portutik irteten; horregatik, noiz baretuko zain geratu ordez, Lofoten irletara lehenbailehen joatea pentsatu genuen. Baina gaueko hamabietatik aurrera zerua nola jarri zen ikusita, beste egun batez itxarotea erabaki genuen, ea ikuskizun berbera errepikatzen zen. Eta halaxe izan zen, hurrengo gauerdian eguzkia berriro ere gorri-gorri ageri zen hodeien artean eta ortzemuga ia ukitzeraino jaitsi ondoren, pixkanaka gora hasi zen, inguratzen gintuzten mendi guztiak arrosa kolorez tindatzen. Geu ere eguzkia bezala, esna-esna geunden, ordu biak eta lokartu ezinik, argazkiak etengabe ateratzen, nahiz eta jakin ezinezkoa zela irudi bakar batean sentsazio horiek guztiak jasotzea. Horrela, bada, azkenean balearik ikusi ez, baina gauerdiko eguzki ederrena Andenesen topatu genuen.
Jarraitzeko, atzera egin genuen hegoalderantz Lofoten irletan sartu arte. Hasiera batean Svolvaer-en geratzea pentsatuta bagenuen ere, hara heldutakoan, zur eta lur geratu ginen, hain zen itsusia eta zatarra. Benetan ulertezina zen nola egin daitekeen hura bezalako triskantza halako ingurune ederrean, eta dena porlanaz eta pisuz bete; gainera, eraikuntza basatiak jarraitzen zuen proba portuan bertan ikus zitekeen. Norvegiako bidaia osoan ez genuen berriro halakorik topatuko. Sartu-irten egin eta Eggum-era, mendebaldeko kostaldera, abiatu ginen. Eggum herriak ipuinetakoa zirudien: egurrez egindako kolorezko etxeak, itsaslabarrak, hondarrezko hondartzak eta ortzemugari begira autokarabana-gune bat, gauerdiko eguzkiaz gozatzeko ezin hobea . Bat-batean, hara non agertu zen “Gorbea” zioen eranskailu handi bat zeraman “auto” bat. Burgoseko bikote batena zen eta Nordkapp-etik zetozen; baina, geroago kontatu zutenez, ipar-muturrean behe-laino oso itxia izan zuten eta metro batzuetara ez zen ezer ikusten. Beraiek bai zeudela gauerdiko eguzkia ikusteko irrikan! Zorionez, Eggum-en eguraldi oso ona egiten zuen eta arratsaldeko azken orduetan gero eta jende gehiago ari zen biltzen gauerdiko ikuskizunerako. Beraz, primerako giroa zegoen eta gure ezagun berriak pozarren, eguzkiak liluraturik. Hori guztia ospatzeko gaueko 12etan Nordkapp-en zabaldu ezin izan zuten cava botila atera eta elkarrekin edan genuen. Hurrengo egunean A i Lofoten herrian elkar ikusiko genuelakoan, ia agurtu gabe abiatu ginen bakoitza bere aldetik eta gaur arte. Auskalo, baina autokarabana dela eta, litekeena da hor nonbait berriro elkartzea, ezta?
A i Lofoten irletako hego-muturrean dago eta egindako ibilbide osoa atzera ez errepikatzearren, Moskenesen ferrya hartu eta Bodora igaro ginen. Handik Fauskera eta egun batzuetan E6 errepidetik Norvegiako hegoalderantz jarraitu genuen. Mo i Rana genuen helmuga eta hara heldu baino km batzuk lehenago, Saltfjellet mendian zirkulu polarra zeharkatu genuen bigarren aldiz gure bidaian, oraingo honetan handik irteteko, baina. Baita nabaritu ere! Mo i Rana-n sartu bezain laster, hala iruditu zitzaigun, behintzat, eta hilabete luze iparrean eman ondoren, horrelako hiri handi batean erreakzionatu ezinik geratu ginen eta berehala alde egin genuen handik herri txiki baten bila. Harrezkero bidaiaren erritmoa zeharo aldatu zen, bizkortu egin zen, eguneko ehunka kilometro egiten hasi ginen eta etxerako bidean gindoazen sentsazioa handituz joan zitzaigun egunez egun. Hala ere, Bergen-en egun pare bat geratu ginen, Stavanger bisitatzeko eta Preikestolen-era igotzeko beste bi, gauza bera Oslon, Estokolmon, Kopenhagen eta Berlinen. Bidaiaren bukaeran, Alemania eta Frantzia zeharkatu ondoren, Landetan astebeteko atsedena hartu eta abuztuaren 10ean Arrasatera, etxera, heldu ginen.
Idatzi artikulu bat