Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/08/19 15:54:17.029 GMT+2

ESTONIA

Tallin (800x588)

Tallin Finlandiako Golkoan dago, Baltikoko portu oso garrantzitsua da eta Estoniako hiriburua. Helsinki parean dago eta batetik  bestera joateko ferryan bi ordu eta erdiko bidaia baino ez dago; horregatik, Eskandinaviatik ehunka pertsona pasatzen dira, gehienbat alkohol eta Estonian askoz merkeago dauden hainbat produkturen bila. Horiez gain, turista asko hurbiltzen dira hiria bisitatzera. Estatistikaren arabera, Estonia bisitari gehien jasotzen duen Baltikoko errepublika dugu, urtean 2’5 milioi inguru.

Gu Tallin City Camping-ean izan ginen, badiaren aurrez aurre. Kanpina etxez, tailerrez eta porlanaz inguraturik dago, baina zulo horretatik berehala irteten da badiara eta itsasertzeko ibiltokitik bidaiarien porturaino hel daiteke oinez. Handik hurbil, muino baten gainean, alde historikoa ikusten da eta Helsinkirako txartelak erosi ondoren, hara joan ginen eguna pasatzera.

Gure bidaian bisitatu ditugun beste hainbat hiri bezala, Tallin ere II Mundu Gerran guztiz suntsiturik geratu zen; gaur egun dena berriztaturik dago eta hiriko monumenturik gehienak Toompea izeneko muinoan kokatzen  dira: gaztelua, parlamentua, merkatarien jauregiak, museoak, katedral ortodoxoa eta luteranoa… Han goian dauden ikustokietatik hiria miretsi daiteke eta Erdi Aroko harresietan geratzen diren dorreak ere ikusgarriak dira; Kiek in de Kök, esaterako, XVI. mendean Ipar Europan zegoen artilleriako dorrerik boteretsuenetako bat  zen.

Tallin (San Olaf) (2) (800x584)

Portutik abiatuta, Margareeta Gizenaren dorrearen ondotik igaroz, harresietan topatu genuen lehen atetik sartu eta Erdi Aroko hirian agertu ginen. Kalean gora  San Olaf eliza ikusi genuen. Esan beharrik ez dago kanpandorrerako 245 harmailak igoz gero, ikuspegiak ederra behar zuela, baina eskerrak itxita zegoen eta ezin zen gora igo!  Gero Udaletxeko  eta Merkatuko plazetan ibili ginen Toompean bukatzeko. Ekaina zen eta zaparradaren bat bota zuen arren, xira  edo aterkina aldean zeramatela, turistak han zebiltzan bueltaka  zoko-moko guztiak ezagutzeko gogoa galdu gabe eta haien artean gu geu, noski!

Nork: josumia.2009/08/19 15:54:17.029 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak