Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/07/15 22:23:53.975 GMT+2

BIALOWIEZA

Bialowieza (12) (800x600)

Hainbeste hiri bisitatu ondoren, lasaitasun pixka bat behar genuen eta Bialowiezara joan ginen. Parke nazional hau Poloniako ekialdean dago, Bielorrusiako mugan eta Varsoviatik 245 km-ra. Europako lautadan geratzen den azken baso naturala da  eta bioaniztasun handikoa denez, banku genetiko ezin hobea dugu; esan nahi baita basoaren zati handi batek, non izaki guztiek milaka urtez belaunaldiz belaunaldi etengabe iraun duten, bere jatorrizko ezaugarriak gorde dituela. Hori dela eta, Bialowiezan hain sutsitua dagoen Europako ingurumen naturala berreskuratzeko behar beste baliabide eta espezie aurki  litezke gaur egun.

Historian bilatu behar dugu horrela iraun izanaren arrazoi nagusiak eta XVI. mendera  itzuli. Garai hartan Poloniako erregeek baino ezin zuten basoa erabili eta gehienbat  bisonteak eta ugaztun handiak ehizatzeko nahi  zuten; hortaz, mendeetan zehar beste gizakien jardueretatik guztiz babestua egon zen. 1795ean Polonia Errusiaren menpe geratu zenean, tsarrek bereganatu zituzten basoaren gaineko eskubide guztiak. Horrez gain, 200 basozain jarri zituzten ezkutuko ehiza kontrolatzeko edota zuhaitzak zaintzeko. XX. mendeko Mundu Gerretan, ordea, jasan zituen Bialowiezak arriskurik handienak, batetik egurraren gehiegizko ustiaketak haren zabalera nabarmen murriztu zuen, bestetik I. Mundu Gerraren ostean 9 bisonte baino ez ziren bizirik geratzen eta 1919ean azkenaren gorpua topatu zuten. Baina 20ko urteetan naturalistak, zientzialariak eta basozainak mugitzen hasi ziren, aharik eta 1921ean Poloniako lehen parke nazionala sortu zen arte- Bialowieski Park Narodowy-

Gaur egun zatirik baliotsuena guztiz babestua dago eta gida batek lagunduta baino ezin da horra sartu. Baina bisitaldia ingelesez izango zela jakin genuenean, ez ginen animatu; gainera,  euria gogotik ari zuen eta horren ordez Bialowieza herrian bertan dagoen museora hurbildu  eta babes integraleko basoaren inguruan ibilbide bat egin genuen. Gero   parkeko gunerik bisitatuena den bisonteen erreserba ikustera joan ginen.

Bialowiezako bisonterik gehienak, 350 inguru, basoan aske bizi dira ; dena den, ugalketarako zentruan batzuk ikus daitezke. Egia esan zoologikoa da eta bisonteez gain beste animalia batzuk ere badaude -katamotzak, otsoak, oreinak, altzeak, zaldiak...- Guri halako tokiak ez zaizkigu gehiegi gustatzen; baina tira, azken batean, munduko zoo batzuetan sakabanatuta geratzen ziren bisonte europarrei esker lortu zuten Bialowiezako populazioa berreskuratzea. Erreserban animaliak kaioletan beharrean lur zati zabaletan daude eta hor ikusi genuen dozena bat bisonte euripean. Hesiraino hurbiltzen zirenean izugarriak ziren, beste mundu batekoak ziruditen. Ar handi bat gure aurrean zebilen zuhaitz adar batekin bere adarrak zorrozten   eta halako  bat ikustea ahaztezina da, zinez. Horregatik bakarrik  merezi du haraino joatea.

Hurrengo egunean iparralderantz jo genuen.  Bialystok eta Augustow-etik igaro ondoren, Wigierski parke nazionalean sartu ginen. Lakuz betetako eskualde batean geunden, Mazuria-ko ingurune ezin ederragoan. Polonia laster utzi behar genuen atzean eta Baltikoko errepublikak baino lehen, parkeko herrixka batean, Stary Forwart-en hain zuzen, egun batzuk pasatu genituen bidaiaren nekea arintzeko. Hilaren 26an Kaunas-era heldu ginen, Lituaniara, eta egin genuen sarrera mundiala izan zen.

 

 

 

Nork: Krutxo.2009/07/15 22:23:53.975 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak