LITUANIA
Baltikoko errepublikak hegoaldetik
iparraldera zeharkatu behar genituen eta
Poloniatik abiatuta, lehendabizi Lituaniara heldu ginen, Kaunas-era. Erdigunera
sartu bezain laster, aparkaleku bila hasi ginen eta hara non ikusi genituen hiru
autokarabana lurrez estalitako orube batean aparkaturik. Toki ona zirudien eta gurea ere hor uztea erabaki genuen. Ordaintzekoa
zen, noski, baina inguruan ez zegoen ez
zaintzalerik ez inor zer egin behar
genuen galdetzeko; makina bat baino ez, txartel berezi bat eskatzen zuena,
gainera. Gu geure kreditu txartelarekin saiatu ginen, baina alferrik, orduan arriskatu
egin ginen eta furgoneta bertan utzita, kutxazain automatiko baten bila joan
ginen lita batzuk ateratzeko, bueltan ordainduko genuen eta kito! Baina ordu pare baten
buruan aparkalekura itzuli ginenean, gure furgoneta bakarrik geratzen zen eta aurrealdeko
ezkerreko gurpilean zepoa zeukan jarrita. Sinestezina, ezta? Egia da pixka bat luzatu ginela eta isuna edo halako zerbait topatzea
espero genuela, baina zepoa jarrita! Hori gehiegi zen.
Eta gauza bera iruditu omen zitzaion
furgonetaren inguruan zebilen gizon gazteari. Aparkalekura hurbiltzen ari
ginela, ikusi genuen eta orduan hasi ziren
gure susmo txarrak. Zertan ari ote zen trajedun bat gure furgonetari begira eta
mugikorrean hitz egiten? Heldutakoan, ea gurea zen galdetu zigun eta guk
baietz, bi ordu baino ez zirela izan, han ez zegoela inor eta gu Poloniatik
gentozela eta zloty batzuk baino ez genituela, diru bila joan ginela. Berak
baietz, ulertzen zuela eta lasai egoteko, OTAko gizonarekin hitz egingo zuela.
Dena den, kontuz ibili behar genuela batez ere hirietan aparkatzeko orduan.
Aholkuak eman bitartean OTAkoa agertu zen eta hor hasi ziren hizketan gure aurrean.
Bazirudien ez zirela ados jartzen, aparkalekuko zaintzaileak ezetz eta ezetz buruaz;
besteak, ordea, oso lasai hitz egiten
zion; baina, antza denez, hori ez zen nahikoa eta gure aingeru guardakoak, hau
da, gizon gazteak, 60 lita edo eman
zizkion arte ez zigun zepoa kendu.
Ez genuen ezer ulertu, noski;
hala ere, ordaindutako 60 lita itzuli
nahi genizkion geure ongileari . Berak ezetz eta ezetz, dena konponduta zegoela
eta lasai joan gintezkeela. Gure eskerrona berriro adierazteko bostekoa eman genion,
furgonetan sartu eta alde egin genuen handik. Aldameneko leihatilatik zaintzailearekin
hizketan jarraitzen zuela ikusi nuen, turistekin hain zorrotza ez izateko
eskatzen ziola, agian. Hurrengo km-etan gertatutakoa oraindik sinestu ezinik, Kaunasen
aingeru bat agertu zitzaigula errepikatzen nuen nik eta Josuk- Baietz ba,
Krutxo, hainbeste eliza eta katedral ikusita, normala, ezta?-
KAUNAS Lituaniako bigarren hiria da, Vilnius
hiriburuaren ondoren eta guk bisitatu genuen lehena. Azkenean, ez ginen
Vilnius-era joan, oso mendebaldean geratzen zitzaigun eta guk Poloniatik
iparralderako norabidea hartua genuen, baina beste batean izango da.
Kaunasen furgonetatik irten eta
Askatasun etorbidean gora abiatu ginen, Laisves aleja lituanieraz. Oinezkoen
kalea da eta oso giro ona zegoen. Dirua atera eta ondoan ikusi genuen turismo bulego batean
sartu ginen. Hor azaldu ziguten alde zaharra beste norabidean zegoela; dena den, etorbidearen bukaeraraino heltzea merezi zuen,
han San Migel Goiaingeru eliza dago eta.
Tenplu hau neobizantziar estilokoa da eta eliza ortodoxoen ezaugarri guztiak
betetzen dituen arren, gaur egun katolikoa da. Gure bidaian aurrera egin ahala
ikusi genuen bezala, joera erlijioso
hori oso nabarmena da Lituanian ere.
Atzera berriro eta alde zaharrera
zihoan Vilnius kalea, hiriko
politenetako bat, topatu genuen eta han ibili ginen pixka batean. Merkatuko plazara heldutakoan
udaletxe zaharra ikusi genuen, Zisne Zuria deritzona, margotu berri zegoela
zirudien, eguzkitan guztiz distiratsu. Orain erregistro zibila da eta Kaunasekoak bertan ezkontzen dira. Eta horrela
jarraituko genukeen arratsalde osoa, baina noizik behin furgonetarekin
gogoratzen ginen eta ezin patxadaz ibili; hortaz, gaztelua ikusteko ibairaino jarraitu
beharrean, aparkalekura itzultzea erabaki genuen, badaezpada ere. Beranduegi,
ordea.
Idatzi artikulu bat