Dagoenekoirailaren 1etik daramagu lanean, baina bidaia askoz lehenago eman genuen bukatutzat, Sourzac (Frantzia) herrira heldu ginen egunean, hain zuzen. Abuztuko igande bat zen eta gaueko 11ak aldean urtarrilaren 31n gure lehen etapa egin ondoren, gaua pasatu genuen autokarabana-gune berean aparkatu genuen furgoneta. Europako itzulia hantxe bukatzen zen. Gainera, hurbileko herri bateko festak ziren eta zuhaitzen gainetik suak ikus zitezkeen; egia esan, gugatik ari zirela botatzen ematen zuen. Haraino heltzeko Norvegia osoa iparraldetik Osloraino zeharkatu genuen, gero Estokolmo bisitatu eta Suediako hegoaldean, Helsinborg-en, Danimarkarako ferrya hartu genuen. Kopenhagen bi egun igaro ondoren, Alemaniarantz abiatu ginen Berlin ikustera. Hobely-n Alemaniarako ferrya hartu baino lehen, Faro irlako atseden-gunean geratu ginen eta handik aurrera zenbat eta hegoalderago, orduan eta altuagoa zen tenperatura, nabarmen gainera. Azken aurreko etapa Berlinetik Friburgora izan zen eta hurrengo egunean Frantziako muga zeharkatuz, berandu bazen ere,Sourzac-era heltzea lortu genuen. Hilabeteak lehenago pentsatu genuen ibilbidea hor bukatzen zen eta 20.000 km baino gehiago eginak genituela oraindik sinetsi ezinik, hura bidaiaren bukaerazela esaten genion elkarri, etxera heltzea baino ez zela geratzen; dena den,pozik geunden, urte sabatikoa eta eszedentzia ondo aprobetxatu genituen sentsazio osoz.
Azken hilabetean milaka kilometro batzuk egin genituen arren, ez pentsa korrika eta presaka ibili ginenik; izan ere, Norvegiako iparraldean ere oso lasai bidaiatu genuen. Hamabostaldi batez izan ginen hanbueltaka eta hasieratik izugarri polita iruditu zitzaigun. Lehen egunean Kilpisjarvitik Skibotn-era jaitsi ginen, bata Finlandiako gailurrik garaienetan dago, besteaNorvegian ikusiko genuen lehen fiordoan sarturik, eta mendien artean 50 km eskas egin ondoren, bat-batean Skibotn arrantzale-herrixka urertzean eta elurtutako mendiz inguratuta ikustean, aho bete hortz geratu ginen. Ozeano Artikoan ginen,fiordo batean barneraturik, eta gauerdiko eguzkia itsaso zabalean ikusteko irrikan geunden. Rovaniemitik hilabete generaman gauean iluntzen ikusi gabe eta gauerdian eguzkia itsasoraino jaisten eta desagertu beharrean berriro gora egiten ikusi nahi genuen lehenbailehen, baina hain hurbil egonda ere, oraindik gehiago itxaron beharko genuen. Kontua da ezer baino lehen Tromsora joan behar genuela furgonetari 20.000 km-ko errebisioa egitera, han topatu baikenuen uztaileko egun horietan hitzordua eman zigun tailer bakarra. Guk Finlandian nahiago genuen, noski, baina ezinezkoa izan zen eta azkenean Norvegian, Europako herririk garestienean, tokatu zitzaigun ditxosozko errebisioa egitea. Badakigu auto-tailerrak ez direla inon merkeak izaten, baina Tromson lan-orduko 90 euro kobratzen zuten, pentsa nolako faktura prestatu ziguten han.
Zirkulu polarrean jarraitzen genuen eta iparraldeko eskualde honetanorain dela ehun urte inguru arrantzaleak, nekazariak eta samiak baino ez ziren bizi. Gaur egun, ordea, industria eta teknologia gune garrantzitsua bihurtu da, eta horren adibide Tromso hiria dugu; garrantziaren arabera, Norvegiako zazpigarrena eta Laponiako bigarrena, Murmansk (Errusia) eta gero. Hiriaren erdigunea irla batean dago eta hara heltzeko fiordoa zubi ikusgarri baten gainetik zeharkatu behar da. Zubian sartu baino lehen, ezkerraldean, Artikoko katedrala ikus daiteke eta handik hurbil telekabina bat hiriaren ikuspegi paregabea miresteko, baina guri egun lainotua egokitu zitzaigun eta ez zuen hara gora igotzea merezi. Zubiaz bestaldean berehala portu historikoan sartu ginen eta erdigunean bezala geratzen diren egurrezko eraikin eta etxeen artean ibili ginen. Horiek izaten dira iparraldeko herrietako alderik interesgarrienetakoak, inolako zalantzarik gabe.
Azkenean, furgonetari olioa eta iragazkiak aldatu zizkioten eta bidaian jarraitu genuen. Tromsonetik Vesteralen eskualdera abiatu ginen, eta itsaso zabalera irteteko Andenes aukeratu genuen. Bidean Lodingeneko portuan itsasargia dagoen haitzaren babesean egin duten autokarabana-gunean geratu ginen egun batzuk pasatzeko eta gero Andenesera igo ginen. Oso iparraldean dago, baina handik baleak ikustera irten daiteke itsasontziz eta hori beste arrazoi bat zen haraino joateko. Errepide osoan zehar mendiak eta fiordoakageri ziren edonon,herrian bertan bukatu arte. Andenes herri txikia da eta neguan ez dut zer-nolako giroa egon daitekeen pentsatu ere egin nahi, baina udan bizi-bizi zegoen, egurrezko etxe guztiak zabalik, lorez ondo apainduta eta kalean bisitari asko zebiltzan. Zoritxarrez, haizeak egunak zeramatzan gogor jotzen eta itsasontziak ez ziren portutik irteten; horregatik, noiz baretuko zain geratu ordez, Lofoten irletara lehenbailehen joatea pentsatu genuen. Baina gaueko hamabietatik aurrera zerua nola jarri zen ikusita, beste egun batez itxarotea erabaki genuen, ea ikuskizun berbera errepikatzen zen. Eta halaxe izan zen, hurrengo gauerdian eguzkia berriro ere gorri-gorri ageri zen hodeien artean eta ortzemuga ia ukitzeraino jaitsi ondoren, pixkanaka gora hasi zen, inguratzen gintuzten mendi guztiak arrosa kolorez tindatzen. Geu ere eguzkia bezala, esna-esna geunden, ordu biak eta lokartu ezinik, argazkiak etengabe ateratzen, nahiz eta jakin ezinezkoa zela irudi bakar batean sentsazio horiek guztiak jasotzea. Horrela, bada, azkenean balearik ikusi ez, baina gauerdiko eguzki ederrena Andenesen topatu genuen.
Jarraitzeko, atzera egin genuen hegoalderantz Lofoten irletan sartu arte. Hasiera batean Svolvaer-en geratzea pentsatuta bagenuen ere, hara heldutakoan,zur eta lur geratu ginen, hain zen itsusia eta zatarra. Benetan ulertezina zen nola egin daitekeen hura bezalako triskantza halako ingurune ederrean, eta dena porlanaz eta pisuz bete; gainera, eraikuntza basatiak jarraitzen zuen proba portuan bertan ikus zitekeen. Norvegiako bidaia osoan ez genuen berriro halakorik topatuko. Sartu-irten egin eta Eggum-era, mendebaldeko kostaldera, abiatu ginen. Eggum herriak ipuinetakoa zirudien: egurrez egindako kolorezko etxeak, itsaslabarrak, hondarrezko hondartzak eta ortzemugari begira autokarabana-gune bat, gauerdiko eguzkiaz gozatzeko ezin hobea . Bat-batean, hara non agertu zen “Gorbea” zioen eranskailu handi bat zeraman “auto” bat. Burgoseko bikote batena zen eta Nordkapp-etik zetozen; baina, geroago kontatu zutenez, ipar-muturrean behe-laino oso itxia izan zuten eta metro batzuetara ez zen ezer ikusten. Beraiek bai zeudela gauerdiko eguzkia ikusteko irrikan! Zorionez, Eggum-en eguraldi oso ona egiten zuen eta arratsaldeko azken orduetan gero eta jende gehiago ari zen biltzen gauerdiko ikuskizunerako. Beraz, primerako giroa zegoen eta gure ezagun berriak pozarren, eguzkiak liluraturik. Hori guztia ospatzeko gaueko 12etanNordkapp-en zabaldu ezin izan zuten cava botila atera eta elkarrekin edan genuen. Hurrengo egunean A i Lofoten herrian elkar ikusiko genuelakoan, ia agurtu gabe abiatu ginen bakoitza bere aldetik eta gaur arte. Auskalo, baina autokarabana dela eta, litekeena da hor nonbait berriro elkartzea, ezta?
A i Lofoten irletako hego-muturrean dago eta egindako ibilbide osoa atzera ez errepikatzearren, Moskenesen ferrya hartu eta Bodora igaro ginen. Handik Fauskera eta egun batzuetan E6 errepidetik Norvegiako hegoalderantz jarraitu genuen. Mo i Rana genuen helmuga eta hara heldu baino km batzuk lehenago, Saltfjellet mendian zirkulu polarra zeharkatu genuen bigarren aldiz gure bidaian, oraingo honetan handik irteteko, baina. Baita nabaritu ere! Mo i Rana-n sartu bezain laster, hala iruditu zitzaigun, behintzat, eta hilabete luze iparrean eman ondoren, horrelako hiri handi batean erreakzionatu ezinik geratu ginen eta berehala alde egin genuen handik herri txiki baten bila. Harrezkero bidaiaren erritmoa zeharo aldatu zen, bizkortu egin zen, eguneko ehunka kilometro egiten hasi ginen eta etxerako bidean gindoazen sentsazioa handituz joan zitzaigun egunez egun. Hala ere, Bergen-en egun pare bat geratu ginen, Stavanger bisitatzeko eta Preikestolen-era igotzeko beste bi, gauza bera Oslon, Estokolmon, Kopenhagen eta Berlinen. Bidaiaren bukaeran, Alemania eta Frantzia zeharkatu ondoren, Landetan astebeteko atsedena hartu eta abuztuaren 10ean Arrasatera, etxera, heldu ginen. 23.000 km eginak genituen Europan zehar, hori bai, 6 hilabetetan eta guk geuk jarritako erritmoan. Normala denez, hasiera batean gure zalantzak izan genituen, eta horietako kezkagarriena ea nola igaroko genuen hainbeste denbora 12 m karratuko etxe batean, baina oso ondo moldatu gara eta furgoneta ere primeran portatu da. Beraz, dagoeneko hurrengo bidaiaz ari gara pentsatzen. Noiz eta nora? Auskalo!
Finlandia nolakoa izango zen imajinatzen bagenuen ere, bertatik bertara
ikustea itzela izan da, benetan izugarria esperientzia. Finlandiar gehienak
hegoaldean bizi dira eta hantxe hasi zen gure ibilbidea herri
eskandinaviarretan, Helsinkin hain zuzen. Hiria ikusi ondoren, 50 km ekialdera dagoen Porvoo
herrira joan ginen portuaren ondoan aparkaturik gaua pasatzera. Dena oso lasaia, inolako arazorik gabe. Hurrengo
egunean egurrezko alde zaharrean pixka
batibili eta atzera buelta egin genuen Helsinkira, hego-mendebaldeko
kostaldean gora jarraitu nahi genuen eta :Turku eta Naantaly, Uusikaupunki eta
Rauma, non egurrezko beste alde zahar ospetsu bat ikus daitekeen; Raumakoa,
gainera, oso ondo zaindua dago. Itsasalde
horretan guztian milaka irla daude, baina gu barnealderantz abiatu ginen
(Tampere, Muurame eta Jyvaskyla, Kuopio, Nilsiä eta Nurmes); dena den, errepideak
denbora osoa lakuen artean jarraitzen zuen eta hainbeste laku ageri ziren, non
esan zitekeen irlaz jositako itsaso
bare-bare bat zeharkatzen ari ginela. Mapari begira ere horixe bera ematen duFinlandiako barnealdeak.
Herriak guztiz ezberdinak dira gureen aldean eta
horretan datza haien erakargarritasunik handiena, bestela ez dira oso
interesgarriak bisitatzeko; amaigabeko basoak eta ezin konta halako lakuak
ikustea zoragarria da, ordea. Eta lakuz laku Kajaani eta Oulujarvira heldu ginen, eta
handik berriro ere itsasaldera joan ginen (Oulu, Kemieta Tornio; azken biak Laponiako kostaldean) Bidean
badiak, herriaketa portu txikiak igaro
ziren postal batean bezala; nahiz eta, noizik behin urrunean paper-fabriketako tximinia garaiak ikusten ziren kea etengabe
botatzen. Oulutik oso hurbil Kiviniemin izan
ginen, arrantza-portu txiki batean; izugarri polita zen, kaian egurrezko etxe
gorri batzuk eta koloretako ontziak zeuden. Gaua bertan pasatu genuen eta hurrengo
goizean ondoko herrian, Haukipudasen, erosketak egiten ari ginela, finlandiar
bat hurbildu zitzaigun supermerkatuan eta beste gauza batzuen artean ekainaren 20an, udako solstizioan, Juhannus ospatuko zutela kontatu zigun,
Finlandiako festarik handiena zela eta egun hartan izango ginen tokian suak ikusiko
genituela, lasai joateko, baten batekin hizketan hasteko eta jai-giroan
murgilduta bukatuko genuela, finlandiarrak oso irekiak baitira, are gehiago
festa dagoenean. Gure planaren arabera, Rovaniemin ikusi behar genituen San Juan
suak, horra hor beste arrazoi bat hara joateko.
Rovaniemi
Laponiako hiriburua da, zirkulu polarrean dago eta handik hurbil Santa Klausen
herria bisitatu daiteke, horrez gain, laster Juhannusizango zen, ezin
gehiago eskatu.Kemijoki ibaiertzean
gora doan errepidetik abiatu ginen, bidea izugarri polita izan zen eta paisaiaren aldaketa oso nabarmena egin
zitzaigun: gero eta herri gutxiago ikusten ziren, errepidea gero eta estuagoa
zen eta lakuen ordez ibaiak ageri ziren.
Heldu ginen eguneannahiko lainotua egon
zen, baina gaueko 10ak aldean garbitu
zuen eta hodeien artean eguzki distiratsuaagertu zen ia gauerdira arte. Jakin
bagenekien zirkulu polarraren barnean fenomeno hori gertatzen zela, hau da,
eguzkiak udan 24 orduz irauten duela argitzen ezkutatu gabe, baina bertatik
bertara ikustea beste kontu bat da.
Rovaniemin Artikoari
buruzko museo bat ere badago, Iparraldeko natura, kultura eta herrien inguruko
benetako informazioa ematen duena. Arktikum museoak erakusten duen
bezala, Artikoko toki batzuetan bizimodu guztiz modernoa daukaten bitartean,
beste toki batzuetan milaka urtetako tradizioari jarraituz bizi dira gaur egun
ere. Izotz-lurralde honetan 3,5 milioi biztanle inguru daude eta 30 herri
indigena baino gehiago dira, besteak beste, samiak Laponian;inuitak Groenlandian, Kanadan eta Alaskan; nenetak
eta oroksak Errusian... Zenbait erakusketatan haien bizi-baldintzen berri
ematen digute, eta aldi berean eskualde polar honetako zibilizazioan eta
ingurumenean industrializazioak eta modernizazioak eragin dituzten eta eragiten
ari diren kalteak salatzen dituzte.
Iparralderantz
jarraitu genuen eta behin baino gehiagotan basoan bihurka zihoan errepidean gelditu behar izan genuen paisaiari lasai begiratzeko edota renoei (elur-oreinei)
pasatzen uzteko. Animalia hauek espero nuen baino txikiagoak dira, grisak eta
dauzkaten adar horiekin maitagarriak iruditu zitzaizkidan, aldi berean guztiz
barregarriak gertatzen dira hankak astinduz duten ibiltzeko moduagatik.
Beldurti hutsak dira; hala ere, hor egoten dira errepideen inguruan, hori bai,
beti saltoka eta korrika hasteko prest.
Iparrerako
bidean Sodankylatik igaro ondoren, Inarira heldu ginen, Sami herriaren hiriburu
kulturalera. Oro har, Finlandia hain da lasaia, non kanpinetan oso gutxitan
sartzen ginen, garbigailua behar genuenean eta halakoetan baino ez.. Gaua laku
eta ibaien ondoan pasatzen genuen batzuetan, portu txikietan eta herrietako
erdialdean besteetan. Imajina ezazue nolako tokietan egin dugun lo; gainera, inork
ez zigun ezer esaten, normaltzat hartzen
zuten furgonetan bidaiatzea eta primeran ibili ginen. Horregatik, Inarin “autokarabanak
aparkatzea debekatuta” zioten seinaleak ikustean, ez genuen ezer ulertzen.
Baina egia esan, handik 384 km-ra Nordkapp dago eta udan egunero
ehunka autokarabana igarotzen dira Inaritik Ipar Lurmuturrerako bidean. Orduan
uler zitekeen gurekin pixka bat aspertuta egotea; gauza nabarmena zen ez
zigutela harrera oso ona egiten, behintzat, eta supermerkatuan eta museoko
sarreran baino ez zuten aparkatzen uzten; hortaz, samien museoa ikusi eta Utsjokira,
Finlandiako iparraldeendagoen herrira abiatu ginen.
Latitude haietan
gehiengoa samia da; Inari eta Utsjoki udalerrietan, esaterako, jatorri samia
duen populazioa herritarren %70 da.
Garai batean nomadak ziren, baina gaur egun neurri handi bateanturismotik bizi dira, haien lurraldeak gero
eta bisitari gehiago erakartzen baitu. Utsjokitik igarotzen den Teno ibaira, adibidez, mundu guztiko arrantzaleak joaten dira beren zaletasuna praktikatzera; izan ere,izokinak
harrapatzeko Europako ibairik onena omen
da. Baina arrantzaleen paradisua izateaz gain, ibai zabala eta bihurgunetsua da;
benetan ikusgarria. Km batzuetan Finlandia eta Norvegiaren arteko muga
markatzen du eta ibaiertzari jarraituz, Finlandiako aldetik Karasjok-eraino (Norvegia) joan ginen.
Laponiako
iparraldean oraindik ere bere jantzi tradizionala erabiltzen duen jendea ikus
daiteke kalean, batez ere pertsona nagusiak izaten dira. Egun batean Kautokeino
(Norvegia) herriko supermerkatuan geundela, samiek erabiltzen duten kolore
biziko janzkera zeraman emakume bat ikusi genuen bultzaka karroa; haren
txanoaren gorria eta jantziaren laranja eta urdinak bizi-biziak ziren, argazkia
ateratzeko modukoak eta baimena eskatu genionean, oso harro eta atseginez baietz
esan zigun. Baina ez pentsa, Europako ipar mutur horretan, Finlandia osoan
bezala, gizarte oso modernoa aurkitu genuen eta teknologia berriak ere guztien
eskurajarri dituztela egiaztatu genuen.
Guk geuk, behintzat, edozein herritako udaletxe, udal liburutegi edo
gasolindegiaren ondoan aparkatuz gero, Wifia eta doaneko konexioa erraz lortzen
genuen.
Baina mundu
honetan ezer ez da perfektua, ezta Finlandian ere. Han milioika eltxo daude, batez ere iparraldean eta batzuetan jasanezina
zen. Arratsean furgonetan geratu eta kontuz
ibili behar zen, leiho eta ate guztiak ondo itxita edo eltxo-sareak jarrita
bestela. Horregatik arratsaldeko ordu horietan autoan izan ezik, ez zen inor
kanpoan ibiltzen. Azken egunetan oso urduri jarri ginen eltxoen kontu horrekin;
Josuri, gainera, haien ziztaden ondorioz, alergiaren bat eman zion eta eskua oso
hanpatua izan zuen. Baina ez genuke inor larritu nahi, udan hainbat tokitan
bezala Finlandian ere beharreko neurriak
hartuz gero, eltxoak arren, primeran pasa daiteke.
Ekainaren
bukaera aldean, Kautokeinotik Enontekiora joan ginen eta gero Pallas-Yllas
parke nazionalera hango mendialdea ezagutzera. Eskualde hartan 700-800 m bitarteko mendiak
daude; ez oso garaiak, beraz; mendi leunak dira, gainera, etapaisaiaguztiz erlaxagarria.
Azkenik, Muoniotik abiatuta Finlandiari ipar-mendebaldean ateratzen zaion
adarrean barneratu ginen Kilpisjarviraino
eta Norvegiako muga zeharkatu genuen,
gure bidaiaren azken jomuga hantxe aurrean hasten zen.
Tallin Finlandiako Golkoan dago, Baltikoko
portu oso garrantzitsua da eta Estoniako hiriburua. Helsinki parean dago eta
batetik bestera joateko ferryan bi ordu
eta erdiko bidaia baino ez dago; horregatik, Eskandinaviatik ehunka pertsona
pasatzen dira, gehienbat alkohol eta Estonian askoz merkeago dauden hainbat
produkturen bila. Horiez gain, turista asko hurbiltzen dira hiria bisitatzera.
Estatistikaren arabera, Estonia bisitari gehien jasotzen duen Baltikoko
errepublika dugu, urtean 2’5 milioi inguru.
Gu Tallin City Camping-ean
izan ginen, badiaren aurrez aurre. Kanpina etxez, tailerrez eta porlanaz
inguraturik dago, baina zulo horretatik berehala irteten da badiara eta
itsasertzeko ibiltokitik bidaiarien porturaino hel daiteke oinez. Handik hurbil,
muino baten gainean, alde historikoa ikusten da eta Helsinkirako txartelak
erosi ondoren, hara joan ginen eguna pasatzera.
Gure bidaian bisitatu ditugun beste hainbat hiri bezala, Tallin
ere II Mundu Gerran guztiz suntsiturik geratu zen; gaur egun dena berriztaturik
dago eta hiriko monumenturik gehienak Toompea
izeneko muinoan kokatzendira: gaztelua,
parlamentua, merkatarien jauregiak, museoak, katedral ortodoxoa eta luteranoa…
Han goian dauden ikustokietatik hiria miretsi daiteke eta Erdi Aroko harresietan
geratzen diren dorreak ere ikusgarriak dira; Kiek in de Kök, esaterako, XVI. mendean Ipar Europan zegoen
artilleriako dorrerik boteretsuenetako bat zen.
Portutik abiatuta, Margareeta
Gizenaren dorrearen ondotik igaroz, harresietan topatu genuen lehen atetik
sartu eta Erdi Aroko hirian agertu ginen. Kalean gora San Olaf eliza ikusi genuen. Esan beharrik ez
dago kanpandorrerako 245 harmailak igoz gero, ikuspegiak ederra behar zuela,
baina eskerrak itxita zegoen eta ezin zen gora igo!Gero Udaletxeko eta Merkatuko plazetan ibili ginen Toompean bukatzeko. Ekaina zen eta
zaparradaren bat bota zuen arren, xiraedo aterkina aldean zeramatela, turistak han zebiltzan bueltakazoko-moko guztiak ezagutzeko gogoa galdu gabe
eta haien artean gu geu, noski!
Hungariatik egiten genuen bezala, geratzen zitzaizkigun azken
litak Letoniako muga zeharkatu baino
lehen gastatu genituen, Joniskis herrian hain zuzen; hori bai, gure loba Jonerentzat billete bat gordetzea
ahaztu gabe, horixe eskatu baitzigun berak Skyperen bidez familiarekin hitz
egin genuen gau horietako batean florin, zloty eta halako hitzek liluratuta,
nonbait. Gero Rigako kanpinean Letoniako moneta (lats) zenbatean zegoen begiratu
genuen Interneten eta Lituanian izan
genuen sentsazioa areagotu egin zitzaigun: Errumaniatik abiatuta, zenbat eta iparralderago, orduan eta
garestiagoa zen dena guretzat, eta nabarmen, gainera. Norvegiara heltzean, ez
genuen ezta pentsatu ere egin nahi zer
topatuko genuen.
Diru kontuekin jarraituz, bidaia honetan argi ikusi dugu Europako
moneta-batasuna errealitate bihurtzeko
oraindik asko falta dela. Euroa Frantzian, Austrian, Eslovakian, Finlandian eta
Alemanian baino ez dugu erabili, izan garen beste herri guztietan moneta
propioa daukate eta eurogunean sartzeko orduan jarrera ezberdinak ezagutu
ditugu. Hungarian, adibidez,beraiena florina dela esaten ziguten eta ez
dutela zertan aldatu. Bestalde, euroa
sartuz gero,Europako hainbat herritan
gertatu den bezala; prezioek gora egingo zutela; ez, ordea, jendearen soldatak.
Letonian bai, sartzear daude eta Salacgriva herriko museoan
geundela, hurbildu zitzaigun arduradunak esan zuenaren arabera, sartzeko eta
Europako diru-laguntzen zain zeuden. Letoniako egoera ekonomikoa larria omen zen oso eta gobernuak bi hilabetetarako dirua baino ez
zuen. Bera bezalako funtzionarioen soldatak hilabetez hilabete ari ziren
jaisten eta Europan laguntzarik lortu ezean, hurrengoetan ez zutela ezer kobratuko
aitortu zigun. Emakume letoniar horrek oso argi zeukan irtenbidea Europar
Batasunean bilatu behar zutela.
RIGA
1201. urtean sortu zen Daugava ibaiaren ahoan eta gaur egunBaltikoko hiribururik garatuena da, bertan Letoniako populazioaren herena
bizi da, 900.000 biztanle inguru, beraz handiena ere bada. Alde zaharrera
joateko Suediarren zubia zeharkatu eta berehala sartu ginen kale estuen artean.
Zubitik gazteluaren eta Erdi Aroko elizetako dorreen ikuspegi ederra dago, gero
ibilbide klasikoa egiteko Doma plazara joan ginen eta alde batean dagoen Doms katedrala ikusi
genuen. Luteranoa da eta Letoniako eraikin erlijiosorik handiena. Atzealdean
dagoen beste plaza batean Buru Beltzen Etxea ikusi genuen. 1941. urtean
suntsituta geratu zen, baina 1999an berreraikuntza lanak bukatu ziren eta
ikusgarri dago berriro. Etxe eder honek historian zehar erabilera ezberdinak
izan dituen arren, oro har, merkatari elkarteen egoitza izan da, eta gaur egun
Okupazioen museoa jarri dute bertan. Gu ondoan dagoen San Pedro elizako
kanpandorrera igo ginen eta han goitik hiria ikusi genuen, eguraldi zoragarria
zegoen gainera. Berriro ere ibaia, katedrala, gaztelua eta Suediarren zubia,
beste aldean Zientzia Akademia eta merkatu
nagusia ikus zitezkeen. Bata Sobiet Batasunaren garaiko etxeorratz berezi
horietakoa da eta Stalinen urtebetetze
tarta esaten diote txantxetan. Bestea 30 urteetan gerra hegazkinak
gordetzeko eraikitako hangar batzuetan dago eta Ipar Europako azokarik handienetakoa da.
Bost hangar dira guztira eta bakoitzean elikagai mota bat saltzen dute: esnekiak,
fruitu eta barazkiak, haragia, arraina eta ogia. Horietaz gain kanpoaldean
postu gehiago zeuden eguzkipean jarrita,
gehienbat marrubiak eta loreak saltzeko.
Larunbat goiz hartan primerako giroa zegoen azokan eta eguerdian bertakoekin
nahastu eta geuk eremerkatuko janari-postu
batean bazkaldu genuen. Jendez inguraturik Rigako egoera linguistikoaz irakurritakoa
etorri zitzaigunburura. Gaur egun
hiriburuan erdiak baino gehiagok ez du hizkuntza ofiziala den letoniera
ezagutzen eta ohikoa izaten da hango kaleetan errusiera entzutea. Hor ibili
ginen eahizkuntza biak bereizteko
kapazak ginen; azken batean, oso ezberdinak dira biak.
Egoera linguistiko honen arrazoia ulertzeko Stalinen garaira
itzuli behar da eta lurraren kolektibizazioa azkarrago egiteko aitzakiaz
1949/51 urteetan agindu zituen deportazioak gogora ekarri. Baltikoko herrietatik
250.000 pertsona bidali zituen Siberiara
eta Letoniari dagokionean, 40.000 mila nekazari inguru deportatu zituen .1951n
intelektual eta artisten txanda izan zen. Aldi berean, Errusiatik milaka
pertsona eraman zituen Letoniara desjabetutako lurrak landu ditzaten. Egia da
1953an, Stalin hil ondoren, itzultzeko baimena lortu zutela, baina asko
deportazioen gordinkeriaren eraginez hilak ziren eta populazioen arteko
desoreka jada sortua zen. Gaur egun letoniarrak %52 dira guztira eta
portzentaia %49ra jaisten da Riga hirian. Gehiengo horri eutsiz, errusiar
jotorrizko populazioaren zati handi batekerrusieraren koofizialtasuna eskatzen du; horrez gain, Sobiet
Batasunaren garaian letoniarrek errusiera ikasi behar izan zutenez, gaur
egunletoniar gehienak elebidunak direla
argudiatuz, errusiarrek ez dute oraindik ere letoniera ikasteko beharrik
ikusten eta beren seme-alabek eskoletan hizkuntza “modernoak” (ingelesa
edo alemaniera) ikas ditzaten aldarrikatzen dute. Badirudi normalkuntza linguistikorako
bide luzea geratzen zaiela oraindik. Ez dut uste normalkuntza linguistikoa zer
den argitu beharra dagoenik, baina esan dezagun Letonian letonieraz edota Euskal Herrian euskaraz egitea dela,
badaezpada ere.
Bazkalostean berriro alde zaharrerako bidean, eguzkitatik Albertan
babestu ginen eta kale honetako etxe
modernistetako eskulturak eta apaingarriak patxadan ikusteko aprobetxatu genuen.
Klaipeda Lituaniak Baltikon duen
hiririk garrantzitsuena daeta handik hegoalderantz
barne itsaso bat hedatzen da, hondarrezko arku batek Baltikotik bereizten
duena. Kondairaren arabera, Neringa jainkosak sortu zuen 100 km-ko luzera eta
km eta erdikozabalera daukan istmo hau arrantzaleak
itsasoaren haserrealdietatik babesteko. Dunaz osatutako lur zati horretan Courlandia Istmoko Parke Naturala dago;
horregatik, Klaipedako portuan hartzen den ferrytik jaitsi eta Neringan lehen
km-ak egin ondoren, parkean sartzeagatik berriro ordaindu behar da. Aurrera
jarraitu eta pinuen artean doan errepide batetik herrixka batzuk zeharkatzen
dira, duela gutxi arte arrantzale-herriak izandakoak, gaur egun turismoak
zeharo eraldatuta, baina beren xarma gordetzen dutenak. Horrela Nidaraino heldu
ginen eta handik aurrera Errusiako muga topatu genuen; izan ere, istmoaren
beste erdia Errusiak Baltikorako irteera bat ziurtatzeko, Polonia eta
Lituaniaren artean duen eskualdearen barnean dago: Kaliningradon. Atzera egin genuen eta Nidan geratu ginen hurrengo
egunean Parnidis duna ikusi nahi genuen eta. Baita ikusi ere, baina itsasaldean
euria ari zuen eta haize hotza zebilen; orduan, iparralderantz jarraitu bitartean,
barnealdera sartzea eta Lituaniako beste alde bat ezagutzea pentsatu genuen.
Salantai inguruan Orvydas museoa
ikusi genuen. Han, lorategi zabal batean, Kazys Orvydas eskultoreareneta haren semearen lanak daude erakusgai eta
guri Txillida Leku gogorarazi zigun; ideia, noski, obrak zeharo ezberdinak dira
eta. Egurrezko irudi batzuk dauden arren,harrizkoak dira gehienak. Batzuetan harri pilaketa hutsak direla esan
liteke, baina hain modu berezietan kokatuta, non antzinako hilerriak, basoan
galdutako tenplu aztekak edota Indiako
aztarnakematen duten. Irudi erlijiosoak
semearenak omen dira, frantziskotarra berau, eta aitaren hilobia ere
(1905-1989) ikus daiteke. Beste konposaketa
batean herdoildutako misil bat dago eta sarreran tanke sobietar batek garai
hartako errepresioa eta haren kontra artista hauek izan zuten jarrera irmoa
erakusten du.
Gero
Plateliai aintzira, Telsiai eta Siauliai-tik igaro ginen. 100 km-tan etxaldeak
baino ez genituen ikusi. Ia denak egurrezko etxeak, horiz margotuta, eta uralitazko
teilatu ia bertikalak gainean. Ez ziren oso handiak, baina inguru ezin ederragoa
zuten: ondoan lore morez jositako zuhaixkak apaingarri gisa, lurrin oso goxoa
botatzen dutenak. Zelaietan abere asko
ibiltzen ziren eta galsoroetan zikoinak elkartzen ziren dozenaka. Poloniako ezaugarria
direla diote, baina Lituanian askoz gehiago ikusi genituen.
Siauliai tamainaren arabera, Lituaniako
laugarren hiria da eta iparraldean dagoen gune kultural eta ekonomikorik
garrantzitsuena. Eguzkiaren hiria esaten diote eta oinezkoentzako boulevarretan
eta bertako lakuetan distiratsu zegoen udaberri hartan. Bestalde, 1998 urteaz
geroztik txirrindularientzako bidegorriak ari dira zabaltzen etengabe eta bizikleta
hiri honetako ikur bilakatu da, inolako zalantzarik gabe. Siauliaik duen beste erakarpen
bat Gurutzeen Muinoa da. Hiritik 11 km-ra dago; eta, diotenez, 100.000 gurutze
baino gehiago daude jarrita muino bakarti horretan; munduko ia herri guztietakoak,
gainera. Deboziozko gurutze horiek jartzea 1850. urtetik datorren katolikoen
ohitura izan da orain arte, behintzat. Baina 1993an Joan Pablo II.a aita santua
hara joan zenez geroztik, fededunak ez ezik turista asko ere hurbiltzen dira
argazkiak ateratzeko edota sarreran saltzen dituzten itxaropenezko gurutzeak
jartzeko asmoz.
Baltikoko errepublikak hegoaldetik
iparraldera zeharkatu behar genituen eta
Poloniatik abiatuta, lehendabizi Lituaniara heldu ginen, Kaunas-era. Erdigunera
sartu bezain laster, aparkaleku bila hasi ginen eta hara non ikusi genituen hiru
autokarabana lurrez estalitako orube batean aparkaturik. Toki ona zirudien eta gurea ere hor uztea erabaki genuen. Ordaintzekoa
zen, noski, baina inguruan ez zegoen ez
zaintzalerik ezinor zer egin behar
genuen galdetzeko; makina bat baino ez, txartel berezi bat eskatzen zuena,
gainera. Gu geure kreditu txartelarekin saiatu ginen, baina alferrik, orduan arriskatu
egin ginen eta furgoneta bertan utzita, kutxazain automatiko baten bila joan
ginen lita batzuk ateratzeko, bueltan ordainduko genuen eta kito! Baina ordu pare baten
buruanaparkalekura itzuli ginenean, gure furgoneta bakarrik geratzen zen eta aurrealdeko
ezkerreko gurpilean zepoa zeukan jarrita. Sinestezina, ezta? Egia da pixka bat luzatu ginela eta isuna edo halako zerbait topatzea
espero genuela, baina zepoa jarrita! Hori gehiegi zen.
Eta gauza bera iruditu omen zitzaion
furgonetaren inguruan zebilen gizon gazteari. Aparkalekura hurbiltzen ari
ginela,ikusi genuen eta orduan hasi ziren
gure susmo txarrak. Zertan ari ote zen trajedun bat gure furgonetari begira eta
mugikorrean hitz egiten? Heldutakoan, ea gurea zen galdetu zigun eta guk
baietz, bi ordu baino ez zirela izan, han ez zegoela inor eta gu Poloniatik
gentozela eta zloty batzuk baino ez genituela, diru bila joan ginela. Berak
baietz, ulertzen zuela eta lasai egoteko, OTAko gizonarekin hitz egingo zuela.
Dena den, kontuz ibili behar genuela batez ere hirietan aparkatzeko orduan.
Aholkuak eman bitartean OTAkoa agertu zen eta hor hasi ziren hizketan gure aurrean.
Bazirudien ez zirela ados jartzen, aparkalekuko zaintzaileak ezetz eta ezetz buruaz;
besteak, ordea, oso lasai hitz egiten
zion; baina, antza denez, hori ez zen nahikoa eta gure aingeru guardakoak, hau
da, gizon gazteak, 60 lita edo eman
zizkion arte ez zigun zepoa kendu.
Ez genuen ezer ulertu, noski;
hala ere, ordaindutako 60 lita itzuli
nahi genizkion geure ongileari . Berak ezetz eta ezetz, dena konponduta zegoela
eta lasai joan gintezkeela. Gure eskerrona berriro adierazteko bostekoa eman genion,
furgonetan sartu eta alde egin genuen handik. Aldameneko leihatilatik zaintzailearekin
hizketan jarraitzen zuela ikusi nuen, turistekin hain zorrotza ez izateko
eskatzen ziola, agian. Hurrengo km-etan gertatutakoa oraindik sinestu ezinik, Kaunasen
aingeru bat agertu zitzaigula errepikatzen nuen nik eta Josuk- Baietz ba,
Krutxo, hainbeste eliza eta katedral ikusita, normala, ezta?-
KAUNAS Lituaniako bigarren hiria da, Vilnius
hiriburuaren ondoren eta guk bisitatu genuen lehena. Azkenean, ez ginen
Vilnius-era joan, oso mendebaldean geratzen zitzaigun eta guk Poloniatik
iparralderako norabidea hartua genuen, baina beste batean izango da.
Kaunasen furgonetatik irten eta
Askatasun etorbidean gora abiatu ginen, Laisves aleja lituanieraz. Oinezkoen
kalea da eta oso giro ona zegoen. Dirua atera eta ondoan ikusi genuen turismo bulego batean
sartu ginen. Hor azaldu ziguten alde zaharra beste norabidean zegoela; dena den,etorbidearen bukaeraraino heltzea merezi zuen,
han San Migel Goiaingeru eliza dago eta.
Tenplu hau neobizantziar estilokoa da eta eliza ortodoxoen ezaugarri guztiak
betetzen dituen arren, gaur egun katolikoa da. Gure bidaian aurrera egin ahala
ikusi genuen bezala, joera erlijioso
hori oso nabarmena da Lituanian ere.
Atzera berriro eta alde zaharrera
zihoan Vilnius kalea, hiriko
politenetako bat, topatu genuen eta han ibili ginen pixka batean. Merkatuko plazara heldutakoan
udaletxe zaharra ikusi genuen, Zisne Zuria deritzona, margotu berri zegoela
zirudien, eguzkitan guztiz distiratsu. Orain erregistro zibila da eta Kaunasekoak bertan ezkontzen dira. Eta horrela
jarraituko genukeen arratsalde osoa, baina noizik behin furgonetarekin
gogoratzen ginen eta ezin patxadaz ibili; hortaz, gaztelua ikusteko ibairaino jarraitu
beharrean, aparkalekura itzultzea erabaki genuen, badaezpada ere. Beranduegi,
ordea.
Hainbeste hiri bisitatu ondoren,
lasaitasun pixka bat behar genuen eta Bialowiezara joan ginen. Parke nazional
hau Poloniako ekialdean dago, Bielorrusiako mugan eta Varsoviatik 245 km-ra.
Europako lautadan geratzen den azken baso naturala da eta bioaniztasun handikoa denez, banku
genetiko ezin hobea dugu; esan nahi baita basoaren zati handi batek, non izaki
guztiek milaka urtez belaunaldiz belaunaldi etengabe iraun duten, bere
jatorrizko ezaugarriak gorde dituela. Hori dela eta, Bialowiezan hain sutsitua
dagoen Europako ingurumen naturala berreskuratzeko behar beste baliabide eta
espezie aurki litezke gaur egun.
Historian bilatu behar dugu
horrela iraun izanaren arrazoi nagusiak eta XVI. mendera itzuli. Garai hartan Poloniako erregeek baino
ezin zuten basoa erabili eta gehienbatbisonteak eta ugaztun handiak ehizatzeko nahizuten; hortaz, mendeetan zehar beste gizakien
jardueretatik guztiz babestua egon zen. 1795ean Polonia Errusiaren menpe geratu
zenean, tsarrek bereganatu zituzten basoaren gaineko eskubide guztiak. Horrez
gain, 200 basozain jarri zituzten ezkutuko ehiza kontrolatzeko edota zuhaitzak
zaintzeko. XX. mendeko Mundu Gerretan, ordea, jasan zituen Bialowiezak
arriskurik handienak, batetik egurraren gehiegizko ustiaketak haren zabalera
nabarmen murriztu zuen, bestetik I. Mundu Gerraren ostean 9 bisonte baino ez
ziren bizirik geratzen eta 1919ean azkenaren gorpua topatu zuten. Baina 20ko
urteetan naturalistak, zientzialariak eta basozainak mugitzen hasi ziren,
aharik eta 1921ean Poloniako lehen parke nazionala sortu zen arte- Bialowieski
Park Narodowy-
Gaur egun zatirik baliotsuena
guztiz babestua dago eta gida batek lagunduta baino ezin da horra sartu. Baina
bisitaldia ingelesez izango zela jakin genuenean, ez ginen animatu;
gainera,euria gogotik ari zuen eta horren
ordez Bialowieza herrian bertan dagoen museora hurbildueta babes integraleko basoaren inguruan
ibilbide bat egin genuen. Geroparkeko
gunerik bisitatuena den bisonteen erreserba ikustera joan ginen.
Bialowiezako bisonterik gehienak,
350 inguru, basoan aske bizi dira ; dena den, ugalketarako zentruan batzuk ikus
daitezke. Egia esan zoologikoa da eta bisonteez gain beste animalia batzuk ere
badaude -katamotzak, otsoak, oreinak, altzeak, zaldiak...- Guri halako tokiak
ez zaizkigu gehiegi gustatzen; baina tira, azken batean, munduko zoo batzuetan
sakabanatuta geratzen ziren bisonte europarrei esker lortu zuten Bialowiezako
populazioa berreskuratzea. Erreserban animaliak kaioletan beharrean lur zati
zabaletan daude eta hor ikusi genuen dozena bat bisonte euripean. Hesiraino
hurbiltzen zirenean izugarriak ziren, beste mundu batekoak ziruditen. Ar handi
bat gure aurrean zebilen zuhaitz adar batekin bere adarrak zorrozteneta halako bat ikustea ahaztezina da, zinez. Horregatik bakarrik
merezi du haraino joatea.
Hurrengo egunean iparralderantz
jo genuen. Bialystok eta Augustow-etik igaro ondoren, Wigierski parke nazionalean
sartu ginen. Lakuz betetako eskualde batean geunden, Mazuria-ko ingurune ezin
ederragoan. Polonia laster utzi behar genuen atzean eta Baltikoko errepublikak
baino lehen, parkeko herrixka batean, Stary Forwart-en hain zuzen, egun batzuk
pasatu genituen bidaiaren nekea arintzeko. Hilaren 26an Kaunas-era heldu ginen,
Lituaniara, eta egin genuen sarrera mundiala izan zen.
Poloniako hiriburua autopista,
lur azpiko pasabide eta zubiz jositako makrohiria da. Trafiko handiaren erdian
zaudela, tranbia edo autobusen bat hartu eta barruan babesteko gogoa ematen du,
hiria tokatzen zaizun leihatila- zatiaren aurrean pasatzen ikusteko. Guk beti
bezala tranbia nahiago genuen, baina ez genuen ondo asmatu eta autobusez joan
ginen kanpinetikerdigunera. Hurbildu
ahala, ageri zen lehen gauza aipagarria Kultura eta Zientzia jauregia izan zen.
Gaur egun etxe orratz gehiago daude Varsoviako zerumugan, baina 1955ean
errusiarrek poloniarrentzako opari gisa dorre hau egin zutenean, bakarra zen
eta Europako garaiena. Bloke komunista erori zen garaian, askok behera bota
zezaten eskatzen zuten, baina zutik dirau eta bertan erakusketa, kontzertu eta
antzezlan asko antolatzen dituzte urtean zehar.
Behin alde zaharrera helduz gero,
dena zeharo aldatzen da eta beste hiri bat dirudi. Stare Miasto-n kaleak
oinezkoentzat dira eta adokinak daude; handik ibiltzea guztiz atsegingarria
izaten da. Rynek-en edo Merkatuko plaza zaharrean oraindik ikus daitezke 1945ko
argazki batzuk, II Mundu Gerraren osteko hondamendia erakusten dutenak. Naziek
behin eta berriro bonbardatu zuten Varsovia, batez ere 1944ko altxamenduan eta
lurrarekin berdindua geratu zen hiri osoa. Armistizioan Poloniako gobernuak
berehala ekin zion berreraikuntzari. Lehenengo hiritarren etxeak eta mota
guztietako azpiegiturak egin zituzten; eta, azkenik, 70ko hamarkadan
Gazteluaren txanda izan zen. Lanok 1988ra arte iraun zuten eta urte horietan
zehar varsoviar asko hara joaten ziren beren denbora librean, kanpin dendak
jarri eta musutruk lan egitera Gaztelua izandakoa hurrengo
belaunaldientzat berreskuratzeko. Behar zuten dirua lortzeko poltsa bat jarri
zuten eta jendeak ahal zuen diru-kopurua botatzen zuen, Estatu Batuetako eta
Kanadako erbesteratuengandik erediru
laguntza asko jaso zituzten.
XVIII. mendean Canalleto margolariak pintatu
zituen Varsoviako irudiak eta geratzen ziren garai hartako plano eta marrazki
guztiak erabili ziren berreraikuntzen nondik norakoakzehazteko eta bukatu zutenean,gezurra bazirudien ere,hantxe zegoen berriro,errautsetatik sortua bezala, Varsoviako
Gaztelua. Zamkowy plazara heltzean, alde
zaharreko ikuspegirik ederrena genuela begi aurrean konturatu ginen: eskuinaldean
Gaztelua, berriztatutako burgesen etxeen gainetik San Juan katedraleko teilatua
eta dorrea, eta erdian Segismundu erregea zutabe garai baten gainean. Handik Krakowiskie
kalean behera jarraitu genuen, Varsoviako garrantzitsuenetako bat, bertan
hainbat monumentu eta ondare historiko baitaude -antzinako elizak, jauregiak,
Unibertsitatearen sarrera nagusia eta bukaeran Koperniko Staszic jauregiaren
aurrean eserita-.Kalea ez da oso luzea
eta oinez lasai ibil daiteke. Erdibidean Namiestnikowski jauregia dago,
Presidentearen egoitza gaur egun.Baina
ez genuen ikusi, ez. Handik sartu eta irten zebiltzan auto ofizialei begira
geratzen ginen ea bera zihoan; baina ez, batzuek Japoneko enbaxadakoak
ziruditen, beste batzuk gizon trajedun dotoreak ziren, baina bera ez.
Hiriez gain, Polonian beste
hainbat herribisitatzea ere merezi du-
hegoaldean Zakopane eta Chocholow ikusi gabe utzi genituen eta Krakovia
inguruan Pszczyna eta Czestochowa, esaterako- baina guztietan geratzea
amaiezina izango zelakoan, iparralderaino hiriz hiri joatea erabaki genuen.
Bestalde, ordura arte ikusitakoak izugarri gustatu zitzaizkigun. Egun horietan
egiten zuen udaberriko giroak ere lagunduko zuen, noski, eta horregatik egongo
ziren hain animaturik. Kontua da kalean jende asko zebilela eta toki askotan
kontzertuak eta jaialdiak iragartzen zirela; beraz, joateko garai oso aproposa
zela zirudien eta aprobetxatu behar genuen.
Behin ibilbide berria zehaztuz
gero, Wroclaw-tik Poznan-era joan ginen, handik 50 km-ra dagoen Gniezno-ra eta
Torun-era, Gdansk-en bukatzeko iparralderainoko etapa hau.
Poznan-en inguruan laku ederrak daude, Kierskie
da handiena, baina gu Malta lakuan dagoen kanpinean sartu ginen, erdigunetik
hurbilen dagoena baita. Tranbian joaten ginen alde zaharrera eta bidean San
Pedro eta San Pablo katedral gotikoa ikusten genuen joan-etorri guztietan.
Diotenez, hantxe lurperatu zituzten poloniarrek aukeratu zuten lehen erregea,
Boleslaw, eta haren aita, Mieszko dukea.
Katedralaz gain, Poznan-eko monumenturik
garrantzitsuena 16.mendeko udaletxe errenazentista da. Rynek-en dago, antzinako
merkatarien etxeek inguraturik, eta denak II Mundu Gerraren ostean
berriztaturik.
Polwiesjska-n ere izan ginen,
gehienbat hango giroa ikustearren. Dendari kalea da, baina taberna eta jatetxe
asko ere badaude. Bukaeran merkataritza zentru berri bat egin dute eta halakoak
sekula gustatu ez bazaizkit ere, horrek bazeukan zerbait. Alde batetik,
diseinua oso erakargarria ze, adreilu gorriz egina, kristala eta burdina ere
tartekatu zituzten eta antzinako lantegi birmoldatua zirudien; barruan tximinia
eta labe bat ikus zitezkeen, behintzat. Bestetik, tokia ondo pentsatuta zegoen,
hiritik kanpo egon beharrean, beste dendarien ondoan egin baitute, hiriko
merkataritza gunea osatuz. Litekeena da
Polonian hainbeste berreraikuntza egin behar izanaren ondorioz, gaur egun
arkitektura goien mailan egotea eta ikusi genuena horren adibide argia baino ez
izatea.
Torunerako bidean Gniezno-n
ordu pare batez geratu ginen. Hiri hau Poloniaren sorrerari lotua dago eta horren
inguruan Jesus Mari Olaizolak, Txilikuk, “Bizitza eredugarriak” liburuan oso
istorio polita kontatzen du. Bidaiarako ekarri nituen liburuen artean zegoen eta Poloniara
gindoazela Rufin Piotrovski-ren ihesaldia irakurtzen ari nintzen gau batean
lehenengoz jakin nuen Gniezno herriaren berri, familia eslaviar txiro bateko
hiru semeen kondairairakurtzean, hain
zuzen, eta egileak esandakoa ezdesitxuratzeko hitzez hitz jarriko dizuet:
“Txirotasunak zein
abenturazaletasunak mundua korritzera bidali zituzten Lech, Czech eta Rus
anaiak, eta munduan zebiltzala, ilunabar ekaiztsu batean, arrano zuri bat ikusi
zuten; arrastiriko argi gorriaren magiak liluratuta, agian, hiru mutilak
arranoaren atzetik abiatu ziren eta muino bateraino jarraitu zioten: tximistak
zauritutako haritz zahar baten gainean zuen habia harrapariak. “Gniezdno” esan
zuen Lechek ahopean, hau da, arrano-habia, eta han bertan geratzea erabaki
zuen, herri bat han sortzea –gaur egungo Gniezno herria, Varsoviatik
mendebaldera dagoena-. Lech eta haren ondorengoak inguruhaietan geratu omen ziren, eta baita beste
hainbat lurraldetara hedatu ere. Horietako asko nekazaritzatik bizi ziren zelai
zabaletan (poland izenekotan), eta poland hartu zuten herriaren izendatzeko era
ere: Polonia. Tribuaren ikur adierazle gisa arrano zuri hartu zuten, gaur egun
ere Poloniaren ikur den arranoa. Beste bi anaiek aurrera egin zuten, nork bere
aldetik: Czechek hegoaldera, eta han sortu zuen txekiarren herrialdea; Rusek,
hirugarrenak, ekialdera, Errusia eta Bielorrusiako lurraldeetara “
Beste kondaira batek dioenaren
arabera, Gniezno-tik hurbil dagoen Lednica lakuaren aldean jaio zen Poloniako
lehen erregea. Auskalo, dena den, bertan gelditzea eta osteratxo bat egitea
merezi duela uste dugu, argazki batzuk ateratzeko bai, behintzat. Eta horretan ari
ginela bidegurutze batean auto-istripu bat gertatu zen. Bi autok talka egin zuten,
batek stopa egin ez zuelako. Ez zen batere larria izan, txapa besterik ez,
baina bataren aurrealdea eta bestearen eskuinaldea hondatuta geratu ziren.
Kontua da gidariak, nahiko gazteak biak, kanpora irten eta ezer baino lehen
bostekoa eman ziotela elkarri, gero oso lasai biak mugikorra atera eta deika
hasi ziren. Gu aho bete hortz geratu ginen beste espaloitik hori dena ikustean.
Azkenik, Torunera nahiko
berandu heldu ginen; hala ere, gau hartan irteteko gogoa genuen eta kanpinetik
alde zaharrera oinez joan zitekeenez, 8ak aldean hara abiatu ginen. Bidean
zeharkatu genuen zubitik hiri zaharra ikusten zen, itxura batean, Torun-en
irudirik adierazgarriena zen hura: ibaiaz bestaldean Erdi Aroko harresiak eta
haien gainetik teilatu gorriak eta dorreak. Ikusgarria zen, baina arrats hartanez genuen askoz gehiago ikusi; izan ere,
Kopernika kalean Kopernikoren etxearen bila genbiltzala, ondoko taberna batetik
musika entzuten zen; kontzertua zegoen eta ia pentsatu gabe sartu ginen.
Hasieratik gustatu zitzaigun, oso giro ona zegoen, jende askok abestiak
ezagutzen zituen eta bandak oso ondo jotzen zuen, gitarra joleak batez ere,
Josuren ustez. Abeslariak ahots indartsua eta berezia zuen; egia esan,
kontzertua primerakoa izan zen. Geroago jakin genuen Raz Dwa Trzy taldea ikusi
genuela, Polonian oso ospetsuak.
(Youtubetik ateratako bideoa)
Hurrengo goizean ikusi genuen
Kopernikoren omenezko estatua Rynek-en edo Merkatuko plaza zaharrean. Astronomoa
hainbat hiritan gogoratzendute, bertan
ikasi edo irakatsizuelako, eta beste
arrazoi askorengatik, noski; baina non jaio zen jakin ez arren, Torun hiriari
eman diote ohore hori; azken finean, haren familiak bertako alde zaharrean etxe
batzuen garai hartan. Ikasle festaren bat zen eta
mozorro bat jarrita atera genion argazkia. Beraiek ere mozorrotuta zebiltzan
kalean diru eske. Azkenean, ez genuen jakin zer ospatzen zuten, baina moja,
drakula, sendagile eta halako mozorro guztiek hiriari oso irudi alaia ematen
zioten.
GDANSK
“Be careful” esan zigun Torun-eko
kanpinean agurtu gintuen bikote holandarrak, Gdansk-en lapurreta asko egiten
zirela eta kontuz ibiltzeko. Egia esan, hirian sartzean auzo txiroak ikusi genituen
eta gauza biak oso lotuta daudela uste dut. Dena den, izan genuen arazo bakarra
eguraldia izan zen: euri txaparradak batzuetan eta tenperaturak behera egin
zuen nabarmen, horregatik azkenean ez ginen Hel penintsularaino igo.
Gdansk, Sopot eta Gdynia Baltikon
daude eta hirurak jarraian,horregatik
esan ohi da Gdansk hiri hirukoitza dela. Sopot hondartzara joateko primeran
dago; Gdyniako portua, ordea, igande goizean osteratxo bat egin ondoren, bertan
dauden jatetxeetako batean bazkaltzeko. Gukjangelak zuen itsas giroa ikusita, Coock Kapitaina aukeratu genuen zer
edo zer jateko. Gdansk azkenerako utzi eta egun oso bat eman genuen hiria
ikusten. Zoragarria iruditu zitzaigun.
Batetik bestera trenez joaten
ginen eta Gdansk-eko geltokira heldu baino lehen 1980an bertako langileek egin
zuten borrokagatik mundu zabalean hain ospetsuak bihurtu ziren untzioletan
bizpahiru bider gelditu zen trena;izan
ere, izugarri handiak dira. Gero Dluga kalea bilatu eta Erdi Aroko hirian sartu
ginen. Hasieran harresietako ateak eta espetxeko dorrea- gaur egun anbar
museoa- daude eta kalean behera Udaletxea, gutxienez 80 m-ko dorrea duena;
ikusgarria, zinez. Hortik aurrera Dlugi kaleak jarraitzen du eta erdian Neptuno
iturria ikus daiteke. Antzinako merkatarien eta aberatsen etxeei begiraegin genuen kalean behera eta bukaeran Ate Berdea topatu genuen. Hiriaren
beste sarrera bat da, nahiz eta etxe handi eta dotore bat irudi. Izan ere,bertan geratzen ziren errege-erreginak
etortzen ziren bakoitzean.
Handik Gdansk-eko kaira irten
ginen, guztiz berriztaturik dago eta ehunka
turista ibiltzen dira gora eta behera. Aurrera jarraituz, Gdansk-eko Garabia
ikusi genuen. XIV. mendeko tramankulu hau hiriaren
ikurra eta Europako bakarra dugu,egurrezkoa da eta aldamenetan adreiluzko bi dorrek eusten diote. Zama
lanak egiteko eta ontziei mastak jartzeko erabiltzen zuten. Kaira ematen duten
etxeetan pasabide eta hirirako sarrera gehiago daude eta horietako batetik
Mariacka-n agertu ginen, Gdanskeko kalerik politenetako bat. Etxe guztiak
berriztaturik daude eta atariak espaloia baino gorago geratzen dira, terrazak
bailiran. Behaldeak turistentzako dendak dira eta anbar edo Baltikoko urrea saltzen
dute gehienbat. Gogoan daukat arratsaldeko ez dakit zer ordutan, oraindik hor
bueltaka genbiltzala, euria hasi zuela eta korrika batean tren geltokirantz
abiatu ginelaSopoteko kanpinera joateko.
Bidean ez genekien zer egin; hurrengo egunean Gdansk-era itzuli ala pentsatuta genuen bezala, Varsoviara joan. Baina egunak aurrera zihoazen eta azkenean bidaia jarraitzea erabaki
genuen.
Wroclaw Poloniako hego-mendebaldean
dago eta Historian zehar Txekia, Prusia, Austria eta Alemaniaren menpe egon da,
II Mundu Gerraren ostean berriro Polonian sartu zen arte. Horregatik, garaiaren
arabera, izen ezberdinak izan ditu (Breslavia, Breslau...) Gaur egun Wroclaw
bada ere, “brosuaf” edo antzeko zerbait ahoskatu behar da. Bai zaila dela hiri
honen izena egoki esatea!
Gure ibilbidetik kanpo geratzen
zen, oso mendebaldean, baina batzuek Praga Berria edota Poloniako Venezia deitzen
ziotela jakin ondoren, km batzuk desbideratu eta haraino joan ginen. Bestalde,
guztiz harrigarria zen gaur egun halako konparazioak entzutea, azken batean, II
Mundu Gerra bukatutakoan, hiriaren hiru laurdenak suntsiturik geratu ziren.
Horrez gain, 90ko hamarkadan, berriztapen lanak ia bukaturik zeudela, uholdeak
izan ziren eta stare miasto-a ere oso kalteturik geratu zen. Baina dagoeneko ez
da hondamendi horien guztien arrastorik ikusten eta Poloniako hiririk
ederrenetako bat da.
Lehenengo Rynek-era joan ginen
eta han koloreak ziren nagusi, inguruko etxe errenazentistenak batez ere.
Erdian Udaletxe Zaharra dago, oso deigarria eta zatika egina balego bezala.
XIII. mendean hasi ziren erakuntza lanak eta 250 urte iraun zuten; beraz, garai
ezberdinetako estiloak nahastu ziren denbora horretan zehar. Gotikoa oso
nabarmena da eta eman dioten okre koloreak berez duen xarma areagotzen du.
Geroibaia eta kanalak ikustera abiatu ginen.
Hiriaren zati handi bat Odra ibaiaren erdian dauden irletan eraikia dago eta
alde batetik bestera pasatzeko I00 zubi
baino gehiago daudela diote. Guri alde modernoan dagoen Grunmaldzki zubia
gustatu zitzaigun gehien. XX. mendearen hasierakoa bada ere, harrizko egitura
dauka, hau da, harrizko arku angeluzuzen
batzuk gainean eta kate urdinak aldamenetan zintzilika. Antza denez, altxatu
egiten da itsasontzi handiei pasatzen uzteko. Katedralera joateko beste zubi
ospetsu bat zeharkatu genuen, Tumski izenekoa. Oinezkoentzat da, eta hurbildu
ahala, katedralaren ikuspegirik ederrena izan genuen begi aurrean, ibaiaz
bestalde haren dorre gotikoak gora, zerurantz, eta uretan islaturik ageri baitziren . Dena
oso polita, perfektuegia agian.
Hala ere, historia eta monumentuak
baino askoz gehiago du Wroclaw-k, esaterako, Poloniako unibertsitaterik garrantzitsuenetako
bateta milaka ikasle. Egunez hainbeste gazte-jende kalean ikustea beti
izaten da pozgarria; eta gauean, nonbait, kriston giroa egotan da, baina guk ez
genuen ezagutu, nahiko goiz oheratzen ginen eta.