Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna da. Ez dakit egun hauek zeozertarako balio duten, nire uste apalean, egunero izan beharko luke Euskararen Eguna. Egunero erabili beharko genuke gure hizkuntza.
Baina gaur amorru handia sentitu dut.
Tamalez edo zorionez "taberna" baten ondoan bizi naiz. Nire etxera sartzeko, "baimena" eskatu behar dut. Espaloian daude eta ezinezkoa da atera heltzea.
Nire amak baimena eskatu die pasatu ahal izateko. Erdaraz eskatu die baimena. Ate ondoan zegoen batek, bertan ERDARAZ JO TA KE ZEBILENA BERE KOADRILAREKIN, eta batez ere uste zuena euskaraz ez nekiela (uste dut nire herrian aski ezaguna naizela), min, amorru eta nazka izugarria eman didan esaldia bota du: "Euskaraz eskatu izan bazenu, lehenago kenduko nintzen".
Eztabaida bizian hasi naiz berarekin. Ez, ez ditut horrelako jarrerak onartzen. Eta are gutxiago euskaldunberri/"abertzaleberri" batek pertsona bat epaitzea euskaraz ez dakielako.
Tamalez, nire amak ez zuen euskara ikasteko aukerarik izan. Francoren garaiko eskolan ikasi zuen. Baina argi zeukan, nire aitarekin batera (euskaldunzaharra, eta Leioa aldeko euskara hitz egiten duen azken "aborigenetako" bat), bere alabak euskaraz ikasiko zuela. Ikastolara bidali ninduten, ikastolaren alde guztia eman zuten, euskal giroan murgildu ninduten eta garrantzitsuena: Euskal Herriko hizkuntza maitatzen irakatsi ninduten.
Nire familian euskaldunberri asko daude, eta miresten dut edozein euskaldunberrik egindako ahalegina. Baina horrelako jarrerarik ez dut onartzen. Zergatik ez zebilen euskaraz bere koadrilarekin? Euskaraz ez zekitelako, ezta?
Horrela euskaldunduko dugu gure herria? Agian "taberna" horretan erdaraz jo ta ke dabiltzanak euskaldundu ditzake. Euskaldundu baino, animatu euskaraz egitera. Ziur nagoelako, bezero gehienek euskaraz dakitela, baina ez dutela erabiltzen utzikeriagatik.
Amorru eta inpotentzia izugarria sentitu dut. Hori ez da euskara maitatzea, hizkuntza baten erabilera desegokia da urkoak ez ulertzeko.
Jarraitu ezazue euskara horrela maitatzen.
![egunkaria_libre[1]](http://farm3.static.flickr.com/2745/4168426017_023e005e84_m.jpg)
Erantzunak
Nork: Txarlie.2011/12/08 20:42:50.235 GMT+1
www.amalababa.es