Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/01/09 00:05:33.730 GMT+1

GERO ARTE, AITITE

Nekatuta omen zegoen bizitzaz, amomarekin elkartu nahi omen zuen. 89 urte luze zituen. Aste honetan pattal samar zebilen, baina ez genuen uste gaur agurtuko gintuenik. Medikuen esanetan, ondo zegoen, baina nahiko esan du. Goizean joan zaigu.

Lagun batek esan dit, zorte handia dudala nagusi izanda ere, aitite eta amoma bertan izan ditudalako. Eta egia da. Oroitzapen on asko utzi dizkit aititek: hondartzara eramaten ninduen txikitan, soloan ibiltzen nintzen aitxurragaz (askorik ez nuen egiten, baina beno...), Galean emandako pasioak belarra ni baino altuago zegoenean, Athletic-ari buruzko eztabaidak, udaro Tourra ikusi, Wimblendon, zazpi erroreak bilatu egunkarian, Olentzerori uzten genion anis kopa, mimosak hartzen genituenean Artatzan, ikastolara bila etortzen zenean,...

Eta ahaztuko ez ditudan beste mila gauza. Nahiz eta azkenaldian asko eztabaidatu berarekin, amomarekin batera hazi ninduen. Gauza horiek ez dira ahazten. Behintzat, badakit amomarekin elkartuko dela, eta pozik begiratuko gaituztela dauden tokitik.

Ondo izan, aitite. Muxu bat.

Nork: nahikari.2010/01/09 00:05:33.730 GMT+1
Etiketak: aitite hausnarketak | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2010/01/03 15:51:31.630 GMT+1

BUKATU DIRA

Bukatu dira eta eskerrak! Bi aste igaro ditugu jaten. Izugarri gozatzen dut jaten, baina ematen du Gabonak horretarako erabiltzen ditugula, aitzakia polita dela jateko.

Familia batzeko aitzakia izan beharko litzateke, baina gero eta gutxiago gustatzen zaizkit horrelakoak. Aurpegi onak jarri beharra, irribarreak bota,... Sentitzen ez dituzun gauzak egiten dituzu, ingurukoak pozik egon daitezen.

Behintzat bukatu dira. Orain normaltasuna dator. 7an berriro lanera, ume artera.

Nork: nahikari.2010/01/03 15:51:31.630 GMT+1
Etiketak: gabonak hausnarketak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/12/27 23:16:12.732 GMT+1

URTE BERRIARI

Ustekabean beste urte bat igaro da. Lekutan geratzen zen 2010, akorduan daukat 2000.urtea atzo izan balitz bezala.

Berandu nabil Olentzerori gutuna idazteko. Beraz, urte berriari egin beharko dizkiot nire eskaerak. Materialak ez dira izango. Eskaerak, besterik gabe.

Osasuna, ai osasuna... Berriro ere nire hanka madarikatua. Tendon de Aquileseko ebakuntza gero eta gertuago daukat. Nahiz eta ondas de choque famatuak eman, ez dut hobekuntzarik igarri. Ahotsa ere, hortxe-hortxe... Osasun apur batekin konformatzen naiz.

Maitasuna,... Ia noiz heltzen den nire printze urdina!

Eta lagunak, nagoen bezala mantentzen banau poz-pozik!

Eta lana... txarra izan behar da joatearren ordaintzen badizute... Lortuko banu agintari lana! Kar, kar, kar! Baina uste dut hori gatza dela.

Betikoa, osasuna izanda nire familia eta ingurukoak poz-pozik!

URTE BARRI ON!

Nork: nahikari.2009/12/27 23:16:12.732 GMT+1
Etiketak: 2010 hausnarketak eskaerak urteberria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/12/14 19:29:13.632 GMT+1

BEC, BEC, BEC,...

Itzela, hunkigarria, harrigarria,... adjektiboak falta zaizkit atzo BEC-en bizitakoa azaltzeko. 2005ekoa mundiala izan bazen, 2009koa eztanda izan da! Giroa, bertsolariak, bertsozaleak... chapeau!

Goizetik joan ginen lekua hartzeko. Aurreko gradan, eszenatokia aurrean eta Zestoan hasi genuen bidea, Barakaldon bukatzeko gogo biziz, azken asteetan azaldu zen eztanda hori bizitzeko irrikitan.

Eta unea iritsi zen: zortzi finalistak eta Alaitz Rekondo jende artetik pasatu ziren tabladura. Bertsolariek publikoa agurtu zuten futbolariak bailiran. Zeozergatik deitzen zaio bertsolaritzari hitzaren kirol nazionala.

Goizean bertso ederrak, kartzelako gaiak ale politak utzi zituen. Ametsenak izugarri gustatu zitzaizkidan. Sinple-sinple, eta azken puntu potenteak. Horrela gustatzen zaizkit bertsoak, edo Amets gustokoa dut. Zuek aukeratu.

Bazkaltzera, kanpora irten ginen, haizea hartzera. Bazkaldu, kafea hartu arrapaladan eta berriro Bertso Exhibition Center-ra. Zura taldeak kantu batzuk eskeini zituen, tartean Bertsoka kantua, txapelketako sintonia. Hauek bukatuta, txapelketa osoan ibilitako txarangak Monzonen errepertorioa jo zigun. BEC kantuan jarri zuen, giroa gori-gori, eta olatuek kriston marejada sortu zuten.

Arratsaldeak goia jo zuen. Maialenen bertsoak minbizia zuten bi umeei begira,... Hauek ere deskribaezinak. Malkoren bat edo beste joan zitzaidan.

Eta unea iritsi zen, buruz burukoa. Nik Ametsen alde egiten nuen eta horixe: Amets eta Maialen. Egaña txapeldun handia buruz burukotik kanpo. Eta? Agian txapelak irabazi zituenean baino hunkituagoa zegoen, aste osoan zehar ibili zen esaten pozik hartuko zuela lagun batek txapela janztea. Hunkituta berriz ere, kartzelakoak ere ale ederrak utzi zituen.

Maialen txapeldun! Lehen emakumea Euskal Herriko txapela lortzen duena. Bertso-eskoletan betidanik izan dira neskak gehiengia 14 urte izan arte, ondoren mutilak izaten dira gehiengo. Agian orain neskato gehiago animatzen dira jarraitzera eta lotsak aldera batera uzten.

Ederra Transmisioko taldeak egindako bideoa bertso-eskolei buruz. Askoz ederragoa zure buruan bertan ikusten duzunean, edo zure ikasle izandakoak, eskolakideak, udalekuetako umeak,... Izugarria urtean zehar bertso-eskoletako ikasle, irakasle, guraso edo eragileek egiten duten lana. Etorkizun polita daukagu aurretik!

Andonik jasotako babesa, ez dauka izenik. Bertsozalea mimoz hartu zuen gure txapeldun handia. Bere erretirada iragarri zuen. Niretzat beti izango da txapeldun handi bat, dotoreziaz eraman duena txapela Euskal Herritik. Bejondeizula!

Eta subidoia (barkatu hitza), Joxe Agirrek Maialeni txapela jarri zionean eta bere bertsoak gozatzea. Biba zu, Joxe!

            

Bertsolaritza izugarria da. Askori txikitan harrapatu gintuen, beste batzueri beranduago. Baina zeozer dauka...

P.D: Gaiei buruz, hurrengoan. Beste post bat merezi du.

Nork: nahikari.2009/12/14 19:29:13.632 GMT+1
Etiketak: aitormendiluze sustraicolina txapelketa09 bec jonmaia finala maialenlujanbio aitorsarriegi ametsarzallus unaiiturriaga andoniegaña | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/12/08 14:22:57.465 GMT+1

DURANGOKOAK

Atzo Durangon izan nintzen. Ez banintzen joaten, mito bat eroriko zitzaiola esan zidan lagun batek. Egun batzuk kanpoan izan naiz eta ez nekien denbora emango zidan Durangora joateko.

Azokara atzo joan nintzen. Denbora gutxi egon nintzen, sartu-irten bat izan zen. Erderaz esaten den bezala, "a tiro fijo" joan nintzen. Urtean zehar liburua pila eta diska erosten ditut, eta horregatik, gauza gutxiago erosten ditut bertan. Aurtengoak hauek izan dira:

- Andu Lertxundiren Eskarmentuaren paperak.
- Ataramiñe,
euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoa.
- Gariren azken diska, 16 lore.

Eta betikolez, Seaskako egutegia, ez dena faltatzen gure etxean. Jende gutxi ikusi nuen, agian astelehena zelako eta bazkalordua. Liburu elektronikoen kontua gustatu zitzaidan, txikiak iruditu zitzaizkidan. Baina printzipioz, nahiago dut paperezko liburua, betikoa.

Nork: nahikari.2009/12/08 14:22:57.465 GMT+1
Etiketak: diskak durangokoazoka liburuak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2009/12/03 10:49:54.937 GMT+1

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Abenduak 3, San Frantzisko Javier eguna, jaia nafarrentzat. Gaur ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu.

Nazioartekoa izango da, ziuraski aukera gehiago ditugula euskaraz aritzeko nazioartean gure herrian baino. Gaur zer egingo du Lehendakariak? Euskara defendatu, berak ez duenean ahalegina egin ikasteko? Animatuko gaitu euskara ikastera eta erabiltzera? Ekitaldi desberdinetara joango da euskarari babesa emateko?

Eta Celaá andreak berdina egingo du? Ingelera inposatu digun andre hori, atzerriko hizkuntzak garrantzitsuagoak omen dira gure herrikoa baino.

Zer ospatu dezakegu? Kale-izendegi gehiena erderaz dagoela, funtzionario askok ez direla gai euskaraz hitz egiteko,...

Hala ere, Euskararen Nazioarteko Eguna zoriontsu igaro.

Nork: nahikari.2009/12/03 10:49:54.937 GMT+1
Etiketak: abenduak3 hausnarketak euskarareneguna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/11/29 17:53:10.695 GMT+1

HERRITARREN ZERBITZURA

Zaratak entzun ditugu. Goizeko 6ak izango ziren. Erromoko Herriko Tabernaren ondoan bizi gara, hormaz horma. Zaratak kontrolatuta ditugu, badakigu noiz igotzen diren eskilerak, noiz jeitsi gauzak,... Etxe zaharrak dira, Etxe Merkeak deitutakoak, eta dena entzuten da.

Baina goizeko 6etan entzun ditugun zaratak ez ziren arruntak. Leihotik begiratu dugu, etxe guztiek patio bat dute eta bertako atea apurtuta zegoen. Argi eta garbi zegoen lapurreta zela.

Aitak Udaltzaingoa zein Ertzaintza deitu du. Biek esan dute laster bertaratuko zirela. Ba ez, ez dira heldu. Deitzen dituzunean zarata handia dagoelako ez datoz, kotxeak errepide erdian badaude ez datoz, lapurreta egiten dutenean ez datoz,... Tabernako arduradunetako bat deitu dugu etxera jakin zezaten. Goizean etorri dira udaltzainak, atestatua egiteko. Goiztxo...

Eskerrak Udaltzaingoa eta Ertzaintza herritarren zerbitzurako daudela...

Nork: nahikari.2009/11/29 17:53:10.695 GMT+1
Etiketak: herrikotaberna lapurreta branka | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/11/22 00:24:49.115 GMT+1

DURANGO? ZER DA DURANGO?

Batzuetan "egunkari konplexua" izaten dut. Eskoletara errekorteak eramaten ditut, aldizkariak, hortik zehar topatutakoak,... Ez dakit kasu egiten dieten, baina nire kontzientzia lasai geratzen da.

Aste honetan txapa sartzen nabil Durangoko Azokari buruz. Harritu nau umeek ez dutelako sekula entzun. Hortik pasatu dira Donostiara joateko, edota Urkiolara igotzeko. Ez dakite euskal liburu eta disko azoka urtero egiten dela. Dena euskaraz egiten dela?

Zerbait txarto egiten gabiltza. Edo ez diegu komunikatzen, edo ez dute interesik jartzen, edo etxeko kontua da, edo transmisioa, ...edo nik zer dakit!

Nork: nahikari.2009/11/22 00:24:49.115 GMT+1
Etiketak: durangoko hausnarketak ikasleak azoka | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

2009/11/11 23:13:16.278 GMT+1

GAIAK

Badakit zeinen zaila den gaiak prestatzea: plazako saio baterako edota txapelketa baterako.

Txapelketa jarraitzen nabil eta ahal dudan guztietan saioetara joatean naiz, bestela, Bertsoa.com-etik jarraitzen ditut. Gauza asko harritu naute (puntuazioei buruz ez dut hitz egingo...): hurbiltzen ari den jendetza (saio arruntetan non egongo dira?) eta gaiak.

Zaila da, konplikatua, batzuetan errepikatzen dira,... Igandean Gasteizen, ez nintzen depresioarekin atera... oraindik ez dakit zergatik. Minbizia, alaba atxilotu zuten gurasoak, gaixotasun genetikoak, hilabete ezkonduta eta banatuko den bikotea,...

Bertsolariek ezin diete gai guztiei umoretik heldu, badakit eta eskertzen da errejistro desberdinetan aritzea. Emozioak transmititu behar dituzte, onak zein txarrak, publikoari umore aldaketak eragin,...

Ez dakit nola azaldu, baina agian "alaitasun" gehiago jarri beharko genuke, edo ez hain tragikoak,...

Betikolez, hausnarketa xume bat. Edo Agin Rezolak esaten duen bezala: Gasteizen geunden 1.200 iritziren arteko beste bat gehiago da hau.

Nork: nahikari.2009/11/11 23:13:16.278 GMT+1
Etiketak: hausnarketak gaiak txapelketanagusia09 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/11/06 19:20:36.501 GMT+1

AZKUE FUNDAZIOA

Asteazkenean Azkue Fundazioaren aurkezpenean egon nintzen Euskalduna Jauregian. Zeozer irakurrita neukan, baina ez neukan argi zein zen fundazioaren funtsa.

                         

Jende ezagun asko: politikariak, kultura alorrekoak, komunikabideak, blogariak,... Hasierako ekitaldia oso ikusgarria izan zen, gazte talde bat jausiak eta saltoak egiten alde batetik bestera.

Harritu egin nintzen ikustean, Deustuko Unibertsitatea bertako patronatuan sartuta dagoelako. Jarrera ezkorra dute euskararekiko (zentzu gehienetan) eta orain 2.0 proiektu batean sartzen dira, helburua euskara sarean jostea denean. Unibertsitate honek, egunetik egunera, gehiago harritzen nau.

Proiektu batzuk martxan daude eta itxura ona dauka kontuak. Irekita dago edozeinentzat. Orain ikusi beharko da nola kudeatzen den fundazioa.

Ikusita nolako garaiak datozen euskararentzat, horrelako proiektuak ongi etorriak dira.

Nork: nahikari.2009/11/06 19:20:36.501 GMT+1
Etiketak: bilbo fundazioa aurkezpena azkue | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak