Atzo ta gaur Baionako karrikak beste egunetan baino alaiago daude. Jazz jaialdi bat bada asteburu honetan, eta hirugarren urtea dute hemengo gazteek "Ruee au jazz" jaialdi interesgarria antolatzen dutela. Jazza karrikara ekarri dute, eta noiznahi pasatzen da gazte talde bat kamioneta baten gaineaen musika jotzen, edo oinez ostatuko terraza baten aitzinetik. Jaialdi horrek ez du bertze jazzaldi batzuek duten oihartzun bera. Ez duke oraino Donostiakoaren prestigioa lortu. Alabaina, ez dira munduan ezagutu izen handiko artistak etortzen kontzertuen eskaintzera. Baina jazzaldi honen balioa beste bat da. Jendea jazz kontzertuetara erakartzeko ordez, musika jendearengana ekarri dute.
Gaur erosketak egiten badituzue Baionan, musikak alaituak izanen dira. Ez du inportan jazza ez baduzue ezagutzen ere, hemen dabiltzan taldeek arratsaldea eta karrika alaituko dute. Ez dira izen handiko artistak. Izen ttipirik ere ez diet ezagutzen. Baina jazzaldi ospetsuen urguilutik urrun, jazza maitarazten asmatzen ari dira gazte horiek.
Duela lau urte arte Baionako udalari lotu elkarteak antolatzen zuen Harresietako jazzaldia. Sekulako egitaraua, sekulako artistak, jende ospetsuak! Eta egia da karpa handiaren barnean gaitzeko magia eta musika memento zoragarriak iragaten zirela! Blues kontzertu bikain bat gogoan dut oraino. Ez dut hala ahantziko! Gospel kontzertu bat ere bai. Blues Brother taldearen emanaldia ere.
Baina jaialdi hark erreka jo zuen. Ekonomikoki ez zuen iraun. Leher egin zuen. Eta Baiona jazzaldirik gabe gelditu zen. Ez zuen lortu jendea erakartzea. "Elite" baten edo "klase sozial" baten jaialdiaren itxura zuen. Jende xeheak ez zuen karrika utzi, harresien itzalean gorderik zegoen karpara joateko.
Baiona jazzaldirik gabe geldituko zela jakin zen urtean, gazte talde bat hasi zen musika jaialdiaren antolatzen. Lehen urtean Baionako udalak debekatu nahi izan zuen. Baina gazteek buru egin eta hala ere musika ekitaldiak antolatu zituzten, Baionako karriketan, ostatuetan, eta Baiona Ttipiaren ondoko zelai batean.
Iniziatiba ona zela onartu behar izan zuen Herriko Etxeak, eta geroztik azpiegituran laguntza handiak ematen dizkio. Urguilurik gabe, espanturik gabe, handi-nahikeriarik gabe, baina gaitzeko musika jaialdia antolatzen dute. Goxo-goxoa. Denentzat !
Erantzunak
Iparraldean jazz kultura nahiko zabalduta dagoala dirudi. Ni orain dala lau urte Miarritzen izan nintzan Tomatito kitarra jolea entzuten eta bertako antzokia bete egin zen.
Gainera, jazz jole euskaldun garrantzitsuena, Sylvain Luc ere iparraldekoa da. Luc kitarra jole fina da, Bireli Lagrenekin batera diska bat atera duena.
Egoaldean hiruburuetan antolatzen dira festibal haundiak eta garranztitsuak baina beharbada falta zaigu pixkabat gehiago herrikoitzea jazza.
Nork: Felix Gerenabarrena.2005/07/16 17:10:12.320 GMT+2
www.euskonomia.com