Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2005/07/14 11:42:39.409 GMT+2

Compay

Gaur betetzen dira bi urte Compay Segundo hil zenetik (ez neukan data gogoan, irratian entzun dut…). Eta gogoan dut, orain, duela bi urte halako tristura bat eragin zidala Kubako kantariaren herioaren berriak. Alta, 96 urte, hiltzeko adin ederra da. Hura bezala azken memento arte osasuntsu bizi izan zen batentzat, bereziki. Bi urte lehenago, haren kontzertu baten ikusteko zoriona ukan nuen. Ez zen hiltzera abian! Paris ondoan zen, Humanite egunkari komunistaren bestaren karietara. 2001eko iraila. Igandea (bai, 11tik landako lehen igandea). Aireportu batetik hurbil. Hegazkinak noiz nahi airatzen. Giro berezia… Dozenaka mila entzule. Arratsalde hasiera. Eguraldi bikaina, bero, baina artetan haize ezti batek epeltzen zuena.

Aitortu behar dut ez nuela ongi ezagutzen Compay Segundoren errepertoria. Guantanamera eta Chan Chan-ez aparte, kantu guti. Kantu gehienak enetzat arrotzak izanik ere, bakoitza entzutea plazer bat zen, bai melodiarengatik, poesiarengatik eta kantatzeko moduarengatik. Kantu zoragarriak ziren. Halako goxotasun bat (eta alaitasun bat ere, aldi berean) transmititzen zuen, bere 94 urteekin. Orduan iruditzen zitzaidan 100 urtetan ere kantari segituko zuela…

Orain ere gustatzen zait haren diskoak entzutea, eta beti pozten naiz haren kantuak botatzen dituztenean irratian. Haren ahotsa lasaigarria da, gure bizi estresantea lasaitzeko balio dute.

Nork: eneko.2005/07/14 11:42:39.409 GMT+2
Etiketak: musika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak