Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/03/19 19:26:33.939 GMT+1

Bidaia

Munduan zehar anitz bidaiatu duen batekin elkarrizketa egin nuen duela zenbait aste. Catherine Domain du izena, eta bidai liburuei buruzko munduko liburu-denda handiena dauka Parisen. Ulysse liburu-denda. Liburutegia barne txiki batean du, baina 20.000 liburu dauzka. Liburu zaharrak, liburu berriak, arraroak… Xarma handia duen xokoa. Munduko 140 herrialde baino gehiago bisitatu zituen. Garai hartan, bidaia eta turismoa ez ziren orain bezain demokratizatuak. Orain aise joan gaitezke munduaren beste puntara, azken mementoan erosi bidai antolatu batean, edo zenbait egun hondartzan zabal-zabala egoteko… Oporrak baitezpadakoak dira. Baina oporrak eta bidaia bi gauza dira. Bidaiari lehen-lehenik ametsaren kutsua aurkitzen diot. Buruan dugun bidaia egin baino lehen, bidai hori amesten dugu. Nora joan nahi genukeen, nola, nondik barna, han zer egin, non ibili, zer ikusi, nor ezagutu… Batzuek beharbada ez dute sobera prestatzen, bertze batzuek xehe-xehea pentsatzen dute dena. Aitzinetik planak finkatzea burua jadanik bidaian kokatzea dela iruditzen zait. Eta bidaiatik itzultzea ere bidai hartan segitzeko parada da, bidai hartatik ekarri materiala (argazkiak, bideoak, testuak, soinuak, harriak, egunkariak…) erakutsiz, bidai hori besteekin partikatuz. Bidaiak abentura kutsua ere ukan dezake. Abersagarria da, baldin eta bidaiaren izpirituan baldin bagoaz eta ez oporren izpirituan. Miresten ditut bidaiariak, haien lekukotasunak, haien bizipenak… Bidaia barne bidaia bat da. Eta beharbada hori da bidai sakonena. Gure buruaren barneko bidaia, gure burua oraino hobeki ezagutzea, gure mugak, gure gustuak, gure ametsak, gure xedeak, gure idealak…

Nork: eneko.2007/03/19 19:26:33.939 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/03/14 18:14:26.620 GMT+1

Axaf eta Latxa

Latxa ardia aspaldian bizi zen Erronkariko lurretan. Hango mendietan barna, hango pentzeetan bazkatzen zen. Herritarrek eta ingurukoek maite zuten Latxa. Autoetan haren irudia zekarten pegatinak zabaldu ziren Euskal Herri guzian. Latxa Euskal Herriaren sinboloa bihurtu zen, zezena Espainiarena zen bezala. Erronkariko artzainek Latxa deizten zuten hango sor-marka zuen ardi gasna ekoizteko. Baina, egun batez, Axaf ardia etorri zen Israeldik. Ez zuen pentzeetan ibiltze beharrik bazkatua izateko. Latxa baino anitzez gaitasun handiagoa zuen. Esne gehiago ateratzen zitzaion errapeetatik. Eta artzain batzuk xoraturik, Axaf ardiarekin hasi ziren lanean. Ardiak bordan ezarri, deitzi, gasna egin… Errentagarriagoa. Katea. Industria. Eztabaida handiak sortu ziren. Beste artzain batzuek zioten horrek kalte eginen ziola lekuko ardi arrazari eta Erronkariko gasnari. Baina ezetz, Axaf ardiarekin izerdi gutxiago eta probetxu gehiago zela, etorkizuna produkzio errexetan zela eta istorio. Axaf ardia, dena urguilu, Latxaren eremuan sartu zen. Latxa gaixoa triste-tristea bazterturik gelditu zen. Jabeak etxetik bota zuen, arrotza sartzeko. “Anitz maite haut, Latxa, pena handia diat hitaz bereizteagatik, baina, zer nahi duk, gaurko egunean, esne aski ekoizten ez duena ez duk deus ere”. Negar malko batzuk, eta Latxa ardia, zakua bizkarrean, Erronkaritik joan zen. “Badakik, lantegi handi horietan ere horrela duk. Aski laster lan egiten ez duen langilea, kanpo ezartzen ditek, beste bat hartzeko… Gure mundua horrela ari duk”. Latxa ardiak lekuak hustu zituen Erronkariko mendietatik. Axaf ardiak bere lana egiten zuen, zintzo-zintzoa, bordatik inoiz atera gabe. Urte batzuen buruan, Latxa negar malkotan etxetik bota zuen artzaina bordatik atera eta mendian ibilaldi baten egitera atera zen. Nekez joan zen aitzina, ordea. Sasiak pentze guztiak hartuak zituen. Ez zen urratsik egiten ahal. Mendia ez zen gehiago ederra. Txoriak ez ziren kantuz ari. Sugeak ateratzen ziren laparren artetik. Herrira joan zen. Postalik ez zen gehiago salgai. Ez zen argazki ederretarako gairik. Herriko artzain lagunak elkartzen ziren ostatua hutsa zen. Ez zen gehiago artzainik. Axaf ardiekin hasi ziren etxalde handienek gainerateko guztien lekua jan zuten. Ardi gasna hark ez zuen artzain guzientzat aski irabazpide ematen. Merkatuan ez zitekeen prezio berean sal. Orduan ohartu zen gure artzaina, bakarrik gelditu zela. Axafek diru erraza eman zion. Baina bere herria odol hustu zuen, Latxarekin batera. Orduan ulertu zuen dena. Ulertu zuen esne kantitateaz bertzerik behar zuela herri batek bizitzeko.

Nork: bidegain.2007/03/14 18:14:26.620 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/02/19 14:05:57.008 GMT+1

Clairvaux

Joan den astean libre atera zen Filipe Bidart, Clairvaux-ko presondegitik. Nihaurek zenbait aldiz egin izan diot bisita hango kartzelara. Azkena, askatu baino aste bat lehenago izan zen. Berezia izan zen. Banekien ez nintzela berriz hara itzuliko Filipe bisitatzera. Eta haren ahaideek senti zezaketena ezin banuen imajinatu ere, zerbait zen jakitea bidai hura bera ez nuela berriz eginen : gaueko 11etan trena hartu Parisera joateko, goizeko 7etan Parisera heldu, beste geltoki batera joan, Gare de l'Est geltokian trena hartu, Chaumont-en gelditu, handik autobusa hartu eta kilometroño bat oinez, kartzelaraino (bisita bururatzen denerako, gibelerateko autobusa jadanik pasatua izaten da, beraz norbait aurkitu behar autoz ondoko hiriko geltokira eramanen zaituena…). Oihan handien erdian dagoen leku ezinago galdu eta hotz hartara ez nintzen berriz itzuliko. Kartzelako atea ireki eta kontrolak ez gehiago jasan behar. Eta bisitako gunean, laguna kaiolen artetik etortzen, bisita bururatu ondoan, agurtzeko modua ere arras desberdina zen. Bestaldietan, "ea noiz aurkitzen dudan memento bat bisitatzera etortzeko, eta bitartean egon pixkor!" erran behar, ziegara itzultzen dela ikusiz etxerateko bidea berriz egin behar… Bisita egiteak eragin poza eta laguna oraino ez dakit zenbat urtez kartzela zilo horretan usteltzen egonen dela pentsatzeak eragiten duen pena nahasten dira etxerateko bidea hartzeko memento horretan. Azken bisitan ez, presoa agurtzeko unean, "heldu den aste arte!" eta irria ezpainetan, aste baten buruan aske ikusiko baikenuen. Zorigaitzez, beste euskaldun batzuk gelditzen dira Clairvaux-n, Filiperi bisita egitean ikusi ditugunak. Beste ehunka preso ere bai… Baina hainbeste urtez preso eta eskuburdinekin loturik ikusi laguna aske ikustea zinez hunkigarria da.

Nork: eneko.2007/02/19 14:05:57.008 GMT+1
Etiketak: egunekoa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/01/25 22:54:39.721 GMT+1

Baiona elurpean

Elurra ez da ohikoa Lapurdi kostaldean. Eta bazuen aspaldi ez genuela hainbeste elur ikusi Baionan. Gaur goizeko argazki bat ezarri dizuet hemen. Gehiago badituzue eskuineko zutabean, edota flickr.com helbidean.

Nork: eneko.2007/01/25 22:54:39.721 GMT+1
Etiketak: argazkiak egunekoa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/01/22 16:34:56.095 GMT+1

Telefono-menpekotasuna

Unibertsitateko ikerlari batzuen arabera, sakeleko telefonoarekiko menpekotasuna jasaten dutenak gero eta gehiago omen dira. Anitzek antsietatea pairatzen omen dute telefonoa itzalia dutenean edo telefonoa etxean ahanzten dutenean… Ez omen dira egoten ahal afari batean mezu bat igorri gabe, berri freskoenak berehala eskuratzeko moduan egon nahi omen dute… Kazetariek eskertzen dugu elekatu nahi ditugun eragileek sakeleko telefonoa ukan dezaten, edozein mementotan lokaliza ditzakegulako. Baina, aldi berean, sakeleko telefonoarekin etengabe gaude kontaktatua izateko edo edozeini deitzeko moduan eta gogor egiten zaigu, oren batez bada ere, telefonoari ezin erantzuteko moduan egotea, nahiz eta oren horretan inork ez digun deituko. Gustatzen zait, alta, asteburuetan telefonoa itzaltzea. Eta bestela ere, telefonoa ez eskupean ukaitearekin aske bezala senti gaitezke. Harritzen naiz edo irri egiten dut karrikan jende andana bat ikustean telefonoa belarrian (eta orain belarrian ukan gabe ere) mintzo. Bakarrik dira, baina ez dira bakarrik. Orain, sakeleko telefonoari esker, kanpoan gaudenean, nahiz eta bakarrik egon, ez gaude bakarrik. Erakusten dugu ez gaudela bakarrik. Beharbada sakeleko telefonoak ahantzarazi digu bakarrik egoten? Gure buruarekin egoten?

Nork: eneko.2007/01/22 16:34:56.095 GMT+1
Etiketak: bizia jendea | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2007/01/16 18:13:07.093 GMT+1

Alternatiba ez da alternatiba

Petrolioa desagertuko dela eta jadanik aurkitu dute erregai alternatibo bat, ekologikoagoa dirudiena. Gero eta gehiago aipatzen dira landare olioak edo erregai biologikoak. Haatik, horiek aterabide faltsuak dira. Gaur egun erabiltzen dugun erregai kopurua ordezkatzeko ez du balio. Lurrak ez du eremurik aski behar genukeen erregai guztia landare bidez ekoizteko. Beste kalte ekologiko larria eraginen luke sistema alternatibo berri horrek. Eta ez bakarrik kalte ekologikoa, baita soziala ere, orain arte bezala, herrialde pobreetan ekoiztuko bailukete erregaia, herrialde aberatsetara saltzeko. Beraz, petrolioari aurkitu alternatibak ez luke ez kutsadura txikituko, ez injustizia desagerraraziko. Aterabidea denek ezagutzen dugu: anitzez gutxiago kontsumitu behar dugu. Hots, anitzez gutxiago ibili autoan, urrundik heldu diren ekoizpenak ez kontsumitu, kamioien bidezko garraioa ez sustatzeko… Ez dakit nolakoa litzatekeen gure mundua autoa gutxiago erabiliko bagenu, kamioirik ez balego… Anitzez lasaiagoa, segur. Sistema ekonomikoa arrunt eraldatua litzateke. Badakit bakoitzaren esku dagoela indar horren egiten hastea. Zoriontsuago eta askeago sentituko nintzateke autorik ez banu behar, erosketak auzoko merkatuan egiten banitu. Ez naiz, ordea, ene printzipio ideologiko horien arabera bizi, eta munduari kalte egiten diodan aldi berean, ene buruari, ene zorionari egiten diot kalte.

Nork: eneko.2007/01/16 18:13:07.093 GMT+1
Etiketak: bizia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/01/08 19:16:05.090 GMT+1

122 urte

Medikuntzaren eta zientzien aitzinamenduei "esker", hemendik zenbait hamarkaden buruan ez da batere ez ohikoa izanen 100, 110 edo 120 urte arte bizitzea. Gaur sortzen diren haurren erdia 100 urte baino gehiago arte biziko omen da. Molekula biologikoak betiko bizitzeko aukera aurkituko omen dute, organoaren behin betiko iraupena bermatuko. Horrek, ordea, ez du bermatzen bizi osasuntsua. Nola zahartuko garen, hori berterik da. Mediku batzuen arabera, medikuntzaren edo zientifikoen aitzinamenduak ez dira aski. Bakoitzaren esku dago osagarri onean luzaz bizitzea. Horretarako, lehen gauza, ongi jatea da, elikadura orekatu bat segurtatzea. Beste elementuak ere badira: pausatzen jakitea, ariketa fisikoak egitea, ez urduritzea edo tentsioak kudeatzea, norberak bere buruari plazer txikiak egitea, bizitza erotiko pozgarria ukaitea… Hori guztia ongi da, baina bertze gogoeta bat eginen nuke. Nahiz eta osagarri onean bizi, 120 urte arte bizitzeak zer ondorio dakar gizarte honen antolaketan? Nola ordaintzen dira hain luzaz biziko direnen erretretak? Ala 90 urte arte lan egin beharko dugu? Pertsona horiek ere beharko dute dutxatu, mugitu, kontsumitu… Jadanik hainbeste muga ditugu, gure munduak, ingurumenaren aldetik eta arazo sozialen aldetik, jasan ote dezake hain luzaz hainbeste jende bizitzearen zama?

Nork: eneko.2007/01/08 19:16:05.090 GMT+1
Etiketak: bizia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/01/07 16:46:37.428 GMT+1

Aturriko zaindaria

Aturri bazterrean dago ubarroia, hegalak zabal-zabalik, Baionako barratik datozen barkuen zaindari, kaioak jostatzen ari diren bitartean. Geltokiko dorrearen punta dago gibelean, bidaiaren abiapuntua, edo herritik joatera behartuak direnena, ubarroiaren begirada pean.

Nork: eneko.2007/01/07 16:46:37.428 GMT+1
Etiketak: argazkiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2007/01/02 15:04:34.077 GMT+1

Urka bilurra

Irudiak badira interneten. Telebistan erakutsi dituztenak baino gogorragoak. Irakeko agintariek salaketa ezarri dute Saddam Husseinen exekuzioa sakeleko telefono bidez filmatu eta interneten hedatu dutenen kontra. Ez ditut hemen ezarriko irudi horiek. Ikusi nahi dituenak jakinen du aurkitzen, ez da zaila. Telebistan ikusi dugu Saddami urka bilurra ezarri zioten unea. Interneten dena ageri da, une hartako soinu, oihu eta guzti. Saddamen azken minutua, 70 segundu baizik ez baitziren iragan urka bilurra ezarri ziotenetik urkatu zutenera. Bortitza da, zinez, azpiko taula kendu eta Saddam behera erortzen den une hain laburra. Azken muturreraino zenbat umiliatu duten ageri da. Justiziaren itxurak eginez, mendeku hutsa izan denaren irudiak dira. Tirano ohia tarrapatan hilarazi dutenak – munduko nagusi direla uste duten horiek, herioa hedatzen duten horiek – ez dira gutxiago tirano, baina ez dugu haien buruaren holako irudirik ikusiko. Ez dakit zer pentsa holako irudien aitzinean, immoralak dira eta, aldi berean, dokumentu historikoak. Noraino joan gaitezke irudiaren munduan? Noraino da zilegi? Noraino saihestezina? Dokumentu beharrezkoak dira ala ez dute uste dugun bezainbat garrantzia? Ez dakit. Zer diozue?

Nork: eneko.2007/01/02 15:04:34.077 GMT+1
Etiketak: egunekoa | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2007/01/01 18:19:43.243 GMT+1

Zoriona

Beti pentsatu izan dut unibertsoa hain zabala izanik, beste planeta batzuetan ere bizia egon daitekeela. Duela ez hain aspaldi espazio ontzi bat igorri dute ikusteko ea bizi arrastorik aurkitzen duten. Eta nolakoa da bizia beste planeta horietan? Aurkitu al dute zorion osoaren errezeta? Gatazkarik eta injustiziarik gabeko egoera bat? Gure ingurura begiratzen jarri eta, beldur naiz ezinezkoa den. Begira auzoko zakurrak edo gatuak elkarrekin borrokan, begira animaliei buruzko dokumentalak… Nik uste borroka eta nagusikeria bizidunaren baitan diren… Baina zorion perfektua zoriona dea? Dena daukan batek, deuseren eskasik ez duenak, ba al daki zoriontsu dela? Beharbada ez da ohartzen. Amets guztiak beteak dituen batek nola gozatzen du hori? Zoriona ez dea sentitzen aspaldi bete nahi zen ametsa noizbait egi bihurtzen denean? Eta zer da zoriona edo bizi zoriontsua? Albert Camus-ren esaldi hau gusatu zait : «Zer da zoriona, gizon baten eta daraman biziaren arteko akordioa ez bada?».

Nork: eneko.2007/01/01 18:19:43.243 GMT+1
Etiketak: bizia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak