Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/06/30 12:01:25.649 GMT+2

TRANSITION TOWNS: eraldaketarako bide bat

 

Adikziotik askatzeko bidea: Transition Mugimendua azaldu aurretik utzidazue -hasiera ematearren- gure gizartea adikzioaren ikuspegitik aurkezten. Mendebaldeko gizarteak petrolioarekiko erabateko adikzioa du, ezin du bera gabe bizi. Alkoholikoek, adibidez, adikziotik askatzeko jarraitzen duten bideak badu irakaspen interesgarririk gure gizartearentzako: alkoholikoen sendatze prozesuan bezalaxe, guk, gizarte moduan ere, antzerako pausuak bete beharko ditugu petrolioarekiko menpekotasun hori gainditzeko. Alkoholikoa lehen fase batean aurre-kontenplazioan dago, alegia, “nik ez dut arazorik, beno, edatea gustatzen zait, baina zer du horrek txarrik? Lagunek ere egiten dute eta ez da ezer pasatzen”. Hurrengo fasea kontenplazioarena da, “beno, nire bikoteari ez zaio gehiegi gustatzen, eta batzuetan gaizki pasatzen dut. Behar bada, hurrengo hilabetetan zerbait egingo dut aldatzeko, baina oraingoz ez da ezer larria”. Hirugarren pausua prestakuntzarena da, “hilabete honen bukaerarako zerbait egingo dut, prest nago zerbait egiteko”. Eta azkenean akzioa, alkohola uzten hasten da. Hori da sekuentzia droga horrekiko menpekotasunetik askapenera igarotzeko.

 

Petrolioaren adikzioari zein iraunkortasun arazoei dagokienez, gizartearen gehiengoa aurre-kontenplazio edo kontenplazio fasean gaude, eta beraz, kontzientziazio lan dexente geratzen da oraindik benetan aldaketa sakonei ekiteko. Bide horretarako klabe interesgarriak aurkituko ditugu Transition proposamenean.

 

Transition mugimendua: Bere jatorria Irlandan kokatzen da, 2005 urtean, baina ekimenaren muina Ingalaterrako hego-mendebaldean dagoen Totnes herrian dago. Mugimendu honen helburua aldaketa klimatikoak eta petrolio merkearen amaierak ekarriko dituen funtsezko aldaketen aurrean komunitatea berrantolatzen hastea da, erronka honi erantzuten dion trantsizioa garatzen hastea alegia. Egia esan, bertaratuz gero ez genuke susmatuko Totnes herrian ezer berezirik dagoenik, normaltasuna da lehen inpresioa, baina etorkizunerako molde berriak esperimentatuz komunitatea berrantolatzeko ekimena ari dira gauzatzen.

 

Formulazio anti-sistemiko ideologizatuetatik aldenduz, molde eraikitzaileagoetatik abiatu eta irtenbideetarako pausoak asmatzen eta ekiten jarria dute beraien iparra. Mugimenduaren inspiratzaile nagusia den Rob Hopkins-ek dioen moduan, “peak oil gertakariak eta aldaketa klimatikoak aukera paregabea eskaintzen digute gure inguruko mundua berrasmatzeko, birpentsatzeko, eta berreraikitzeko”.

 

Aipagarria da esperimentu komunitario honek duen oihartzun gero eta zabalagoa, izan ere, gero eta gehiago dira bidelagun esperientzia berri honetan: ez soilik herriak, baita eskualdeak, edo Portland eta Bristol bezalako hiri esanguratsuak ere. Eskala nazionaleko ekimen batzuk ere ageri dira, Eskozia, Zelanda Berria, Gales, AEB, Japonia eta beste hainbat herrialdetan.

 

Ikuspegi globaletik pentsatu eta lokaletik ekin: Lekuko esperientzietatik abiatuta, bizitzeko moldeak asmatzea aldarrikatzen dute (aditz honek gazteleraz duen zentzu bikoitzean, crear y acertar, hau da, sortu eta egoki gauzatu). Komunitatea behetik gora berrantolatu. Azken finean, epe laburrean guztiok egin beharko dugun trantsizio prozesua gauzatzeko ahalegin zehatza proposatzen dute. Izan ere, energia gutxiagoko bizimoldea datorkigula jakinik (hurrengo 10-30 urteotan energia gutxiagoko aro berri baten lehen estadioak ezagutuko baititugu), hobe da berau planifikatzea (modu proaktiboan) ezustean ekin behar izatea baino (modu erreaktiboan). Egitasmo honek gure gizarteari buruzko hainbat hausnarketa egiteko aukera eskaintzen digu, beharrezkoak diren gogoetak.

 

Egitasmo hau ezagutzeko aukera paregabea izango dugu uztailaren 6an, asteartean, arratsaldeko 18.30etatik aurrera Mondragon Goi Eskola Politeknikoko areto nagusian Peter Lipman eta Ben Brangwyn-ek eskainiko duten hitzaldian. Guztiok gonbidatu nahi zaituztegu ekitaldi honetara, eraldaketarako bide den Transition Towns esperientzia ezagutzera.

 

 

 

* Iñigo Iñurrategi, BAGARA eta HUHEZI-Lankiko kide.

Nork: bagara.2010/06/30 12:01:25.649 GMT+2
Etiketak: iraunkortasuna transition artikulua hitzaldia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

Errenferentziak:

...f="http://mondraberri.com/mondraberri/contenidos.item.action?id=6848590&menuId=7109426">kronikaTransition Towns: eraldaketarako bide bat artikuluaTransition ereduaren Erreferentzia: Iraunkortasunerako bigarren hezkuntzaldia apirilaren 2an; Transition eredua ezagutzeko aukera ezin hobea - Bagara 2011/03/14 11:59:59.513 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak