Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/05/10 16:23:52.595 GMT+2

Herrigintzan bagara

Gaurko munduak krisi ekonomikoa bizi duela esatea zuhaitzari erreparatzea da, basoaren zabala bistatik galduta. Krisia askotarikoa baita, orokorragoa, biziagoa, sarkorragoa.

Zooma zabalduz gero, krisi sozio-ekologikoa oraindik kolosalagoa da. Aldaketa klimatikoa da erraldoi horren muina. Gehiegi produzitu eta kontsumitzearen eraginez, Lurrean eragiten dugun inpaktua berak tolera dezakeena baino handiagoa da. Eta biziaren iraungitze masiboa gertatzen ari da: txikia da krisi ekonomikoaren bizia, biziaren krisiarekin alderatuta.

Krisi energetikoa: aro fosilista amaitzen ari da (petrolio merkea, nagusiki). Gure zibilizazioaren oinarriak jarriko ditu hankaz gora, leku guztietan baitago likido beltz likatsua, Jaungoikoarekin lehian.

Hiruko horrekin batera (krisi ekonomikoa, ekologikoa eta energetikoa), euskal lurraldetik Cuencatik baino hobeto ikusten dena: aniztasun kultural eta hizkuntzazkoak bizi duen eklipsea. Hamabost egunetik behin munduko hizkuntzaren baten azken hiztuna hiltzen da. Hamabostean behin, tribuko azken mohikarra izatearen kondena.  

Eta krisi psikosoziala
: Osasunerako Mundu Erakundeak dio depresioa izango dela XXI. mendeko epidemietako bat, Iparrean nola Hegoan. Antsiolitikoen salmenta urtero bikoizten den jendartean, funtsezko zer edo zerk huts egiten du. Ez dirudi materialismoak eta egolatriak salbatzen gaituztenik (ezta industria farmazeutikoak ere).

Gurea ez da ohiko aro historikoa. Krisi-hari ugari txirikordatu eta krisi sistemikoa bizitzearen pribilegioa suertatu zaigu. Asko aldatu da mundua azken 30 urteotan, baina gehiago aldatuko da hurrengo 30etan. Eta aldaketa horietako askok desglobalizatzearekin izango dute zerikusia.

XXI. mendea gizarte-eredu berriak sortzeko aroa izango da. Eta, aipatutako korapiloak askatu nahi baditu, etorkizuneko proiektu humanizatzaileak ezingo du xedetzat izan etengabeko hazkunde materiala. Bizipozerako txartela ez izateaz gain, hondamendira garamatzan absurdo fisikoa da. Bide humanizatzaileak bizitza bestelako zentzuez elikatzearekin du zerikusia. Zerikusia du garapen komunitario integrala, orekatua, autoeratua eta iraunkorra eraikitzearekin.

Jakina, geroak ez dakar eszenategi bat eta bakarra, ugari baizik. Eta euskal herritarrona zein izango den faktore konplexu askoren baitan egongo da. Besteak beste, herrigintzarako dugun nerbioaren baitan, geroaren konfigurazioan funtsezkoak izango baitira gaitasun autoeratzailea, tokiko konexioen muskulatura, kapital soziala eta herritar-sare ongi antolatuak. Autodependentzia logikak (ber)eskuratu beharko baititugu: energian, elikaduran, kulturan, hezkuntzan, produkzioan, kontsumoan, edo gizarte zerbitzuetan.

Etorkizuna koloreztatzeko pintzela izango da komunitate txiki/ertainen ahalduntzea, autosufizientzia lokal, erregional eta nazionala indartzea (informazioaren gizarteari ondo itsatsita, aldi berean). Zaila zait irudikatzea behetik gorako herrigintza baino proiektu garrantzitsuagorik, hemendik aurrera. Ez da guraria (soilik), inperatibo historikoa da.

Dabagoienan abiatu den BAGARA proiektua/prozesua aldi berean da inperatibo, gurari eta mugarri. Belaunaldi berri bati dagokion jauzi kreatibo berria da, autoeraketaren euskal lurralde historikoan, non bestela.

Nork: Joseba Azkarraga Etxagibel. HUHEZIko ikerlaria eta BAGARAko kidea.2010/05/10 16:23:52.595 GMT+2
Etiketak: bagara | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak