Arrasateko Emakume Txokoan elkartu ginen gazteok bigarren saio honetarako eta bertako teknikaria den Estherrek, gunearen berri eman zigun: nondik nora sortu zen, ze ekimen mota antolatzen dituzten, etab.
Ostean, Urtzi Ugalde eta Ibai Iriarte, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko kideekin egungo errealitatearen azterketa kritikoarekin hasteko ariketa bat burutu genuen, “egun baten kronograma” osatzetik hasi zena. Bertan, esnatzen garenetik loak hartzen gaituenera arte egin edo sentitzen ditugun kontraesanak idazteko eskatu ziguten: iratzargailua, kotxea hartzea, lanera joatea, lankideen aurpegi ilunak, gurasoekin eztabaidak, kontsumoa, alokairua ordaintzea eta bestelako hamaika gauza irten ziren eta denak, taldeka, ondorengo mapan jartzeko eskatu ziguten, mintzagai izan genituen gaiak alegia.
Gai asko jorratu ziren saioan zehar, baina pare bat aipatzearren, aisialdiaren baitan, behin eta berriro irten zen komunikazio eta komunikabideen gaia. Besteak beste, identitatea eta jokamoldeen osaketan duten eragina dela-eta, bai eta ‘errealitatea’ren gure ulerkera osatzeko duten gaitasunagatik ere, komunikabideek paper garrantzitsua jokatzen dute herrigintzan eta gazteon errealitatean. Hortaz, komunikabide nagusien aurrean jarrera aktibo eta kritikoa garatzea, bai eta komunikatzeko bide propioak eraikitzea ere, ezinbestekoa da herri-proiektu integrala garatu ahal izateko. Hezkuntzaren gaia landu genuen, hezkuntza ez-formalaren garrantzia azpimarratu zelarik. Lanaren pisuaz ere jardun ginen eta honek egunerokotasunean zenbat baldintzatzen gaituen. Etxebizitzaren arazoa, sistema zoroaren barruan sartuta egotea, kontsumo basatia, auzolanaren garrantzia, etab. Azken batean, amets pertsonalek eta arau sozialek talka nola egiten duten argi geratu zen beste behin. Hiru ordutan gai mordoaz aritu ginen hizketan, bai horixe!
Bukatzeko, Herrigintza Gazteako kideok etxerako lan batekin joan ginen etxera: ereitea baino garrantzitsuagoa zaintzea delakoan, loretxo bat oparitu ziguten. Herrigintza Gazteak iraun artean, ea zenbatek handi egitea lortzen duten!


Idatzi artikulu bat