Zer da Herrigintza Gaztea?
Herrigintza Gaztea, Bagara egitasmotik sortutako proiektua da, gizarte eta kultur gai ezberdinen inguruan formazioa garatzeko gunea. Herrigintzara bideratutako edukiak landu, eta Debagoieneko herri ezberdinetako gazteekin elkargunea partekatzen dugu. Testuinguru honetan, esperientzia ezberdinak ezagutu eta testigantza ezberdinen bidez bailarako gazteengan eragina duten gaiak jorratu gura ditugu. Bagarako lau “oinarri eta iparrekin” (euskalduntasuna, iraunkortasuna, auto-eraketa eta elkartasuna) bat datozen gaiak lantzea da helburua, aurrera begirako proiektuak gauzatu ahal izateko.
Nola sortu zen ekimen hau?
Bagara egitasmoaren baitan, sustapen talde ezberdinak jarri ziren martxan duela urte bete inguru, eta euretako bat “gazteen sustapen taldea” zen. Bailarako gazte ezberdinak elkartuko zituen formazio gune bat sortzea izan zen lan-talde honen hautua, herrigintzan aritzeko baliagarria izan daitekeen formazio gune bat sortzea, alegia.
Zeintzuk dira helburu nagusiak? Eta zeintzuk baliabideak?
Lehen esan bezala, Herrigintza Gaztearen helburu nagusienetakoa bailarako gazteekin herrigintzarako prestatzeko gune bat sortzea da. Egungo munduko klabeak ulertu, ditugun desafioak aztertu, eta herrigintza nola egin hausnartzea da helburua. Horretarako esperientzia ezberdinak ezagutuko ditugu, gai batzuetan adituak diren pertsonak ere etorriko dira, eta herri mugimenduetan aritutako pertsonen testigantzak ere izango dira. Bestetik, bailarako herri ezberdinetako gazteez osatutako taldea sortzea ere badago helburuen artean, horrek potentzial handia izango baitu aurrera begira. Egitasmo honek ekainera arte formazioa landu nahi du, baina dinamika hau urtetik urtera errepikatzea nahiko genuke, batez ere gazteek halaxe nahi badute, eta eurak ere antzerako dinamika bat antolatzeko prest agertzen badira.
Zenbat pertsona zabiltzate arlo honetan lanean?
Proiektua gorpuzteko prozesuan fase ezberdinak egon dira, eta bakoitzean jende ezberdinak hartu du parte. Bost pertsona hasi ziren hasiera batean, duela urtebete, baina lan-talde hori aldatuz joan da. Gaur egun lau pertsona gaude Herrigintza Gaztean bueltaka lanean. Bestalde, 25 gazte inguru elkartu gara orain arteko saioetan. Talde trinko bat osatzea da helburua, baina saioak irekiak dira eta gura genuke jende gehiagok ere parte hartzea.
Zein da herrigintzaren egoera une honetan gazteen artean?
Herrigintza bezala zer ulertzen da? Hor dago gakoa. Gazteriaz hitz egiten denean, gizarte honen beste sektore bat direla ahazten zaigu. Ideologia gabezia eta gizarte zein gai politikoekiko desinteresa leporatzen zaie gazteei, baina herri mugimenduetan gazte askok hartzen du parte. Hau da, esparru ezberdinetan esperientzia eraldatzaileak aurrera eramateko grina erakusten duen gazte multzo zabala dago. Beharbada dagoen indar hori sakabanatuta dago, eta beharbada ez da lehengo gai berdinetan azaleratzen, baina horrek ez du esan nahi gazteen partetik herrigintzarako grinarik ez dagoenik.
Etorkizunera begira baikorrak izateko arrazoiak baditugu?
Badago ezkor izateko arrazoirik, baina gugan eta ingurukoengan sinesteko ere ez zaizkigu arrazoiak falta!
Gauza txikiak eraldatzeko baikortasuna badugu, eta gauza handiak aldatu
daitezkeela sinestea ere ez da hain zaila. Inguratzen gaituenari
begirada kritikoaz begiratzen diogu, eta alternatibak bultzatu eta sortu
nahi ditugu. Epe luzera begira, pixkanaka-pixkanaka joan behar gara.
Egungo eredu kapitalistak ba al du eraginik gazteen herrigintza ereduan?
Noski
baietz. Gizarte eredu honetan balore eta bizi estilo batzuk sustatzen
dira, beste batzuen kaltetan. Komunikabideek, iragarkiek, merkatuak … bizitza estilo bat bultzatzen dute, gero eta indibidualistago, kontsumistaagoa eta pasiboagoa dena.
Gazteok bestelako bizimodu batekin amets egiteko arrazoi ugari ditugu:
etxebizitza arazoa, lan baldintzak, egoera ekologikoa, gizarte
konpetentzia… Bestelako gizarte batetara hurbiltzen gaituzten dinamikak
sortzea izan da herrigintzak historikoki garatu duen lana. Herritarren
parte hartzean oinarrituz, alternatiba berriak sortzea, alegia. Gizarte
kapitalistan dauden botere nagusiek dinamika eraldatzaile hauek akabatu
nahi izaten dute, ez dute begi onez ikusten herrigintza aktibo eta
eraldatzailea. Bide horretan, dinamika eraginkorrak garatzea da esku
artean dugun erronka polita.
Non lortu daiteke proiektuaren informazioa?
Informazioa Herrigintza Gaztearen blogean dago eskuragai. Bailarako gazteak proiektua ikusi eta parte hartzera animatu nahi ditugu, pena merezi du eta.
Mondraberri: Arrasateko ataria
Idatzi artikulu bat