Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/07/08 17:50:47.611 GMT+2

Ben Brangwyn: "Komunitateak moldagarri izan behar du erregaien bukaerari eta klima aldaketari erantzuteko"

Trantsizio delako mugimendua ezagutaraztera etorri dira Debagoienera Ingalaterrako Totnes herriko lau kide. Horietako bik, Ben Brangwyn-ek eta Peter Lipman-ek, hitzaldia egingo dute gaur Arrasateko Eskola Politeknikoan (18:30). Ben Brangwyn-ekin elkarrizketa emango du Goiena Telebistak bihar, eguaztena; eta Asteleheneko Goienkariak elkarrizketa zabala argitaratuko du.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Lanki Institutuak eta Bagara elkarteak gonbidatuta daude Debagoienean Transition mugimenduko ordezkariok. 

Iraunkortasunaren bidetik doa Transition mugimendua. Lehenengo ekintza Ingalaterran izan zen, Totnes herrian. Bere oinarria gogoeta bat da: petrolio ugari eta merkearen amaiera eta klima aldaketa gainean daudela. Ben Brangwyn-ek azaltzen duenez, ingelesezko resilience da euren gakoetako bat (euskaraz, moldagarritasuna edo leheneratze-gaitasuna): "Erregaien bukaerak eta klima aldaketak komunitatea astintzen, kolpatzen dute, eta moldagarritasuna da komunitateak kolpe horiek hartzeko eta erantzuteko duen gaitasuna".

Euren iritziz, komunitate-aldaketa da oinarria erregaiak gutxiago kontsumitzeko eta CO2 gutxiago isurtzeko. Transition mugimenduaren barruan "hainbat talde dabiltza lanean, eta talde horiek hainbat proiektu dauzkate martxan", dio Brangwyn-ek; "adibidez, Totnesko libera delako moneta daukagu, eta herriko 70 bat komertziotan eros daiteke horrekin; bestalde, Ingalaterran, komunitate zentzua eta sentimendua ez dira hain indartsuak, eta horren gainean lan egin dugu; hala, gazte talde batek pertsona nagusien lorategiak eta baratzeak zaintzen ditu; horrela, lurrarekiko eta haren produktuekiko atxikimendua indartu egiten da".


http://goiena.net/debagoiena/albisteak/ben-brangwyn-komunitateak-moldagarri-izan-behar-du-erregaien-bukaerari-eta-klima-aldaketari-erantzuteko

Nork: bagara.2010/07/08 17:50:47.611 GMT+2
Etiketak: iraunkortasuna transition ben goiena hitzaldia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak