Gure bailaran gero eta mahasti gehiago dago. Duela gutxi arte, Araba edo Nafarroa aldera joan beharra zegoen mahastiak ikusteko edo, bestela, kosta aldera, Getaria aldera.
Aspaldi honetan, ordea, baserritar askok landatu dituzte mahastiak Debagoienean. Arrasaten, esaterako, Artazubiagako Felix Etxagibelek eta Egi-Haundiko Jabier Arregik egiten dute txakolina, Getariako jatorri izendapenarekin, eta Oñatin, Juan Zelaiak. Hirurok ere Getariako txakolinaren jatorri izendapena lortu dute.
Bailarako ia herri guztietan daude mahastiak. Leintz-Gatzagan sail txiki bat landatu du Asier Ugartek Etxebarri baserrian, 500 bat metrora. Oñatin, bost baserritan; Arrasaten, hirutan. Angiozarren ere badaude.
Noiztik egiten da, baina, mahatsa Debagoienean? Aspalditik bai, behintzat. Izan ere, Oñatiko Murgialdai baserriak XIX. mendean mahasti bat zeukan etxe ondoan. Denboraz mahastia kendu eta inork hura gogoan ez zuela, hara non agertu den baserriko argazki zahar baten mahastia! Gauza da duela urte batzuetatik hona Murgialdai baserrian txakolin mahasti berriak landatu dituztela, hiru bat hektarea guztira. Oraindik ez dute bertan txakolinik egiten, baina aurrerantzean egiteko asmotan dira.
Hemen duzu Murgialdai baserrian aurten egindako mahats bilketako argazki sorta.
Idatzi artikulu bat