Ekimen hau Lucio Urtubiak Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean abenduaren 7an eman zuen hitzaldian sortu zen. Luciok harrituta ikusi du edozein gaztetxe edo gizarte zentrotara doala gainezka aurkitzen duela eta, altxor itzelaren jabe izanda -"gure ideiak"-, galdetzen zuen ea zelan izan daitekeen hainbeste izatea, horrenbeste baliabide edukitzea, eta ezer ez egitea.
Pentsatzekoa da hausnarketa hori lagun izan duela egin dituen azken bidaietan. Kontuak kontu, Zarautzen eginkizun bat ezarri digu, zabaldu beharreko deialdi bat, eta harekin ez du balio "koplatan" ibiltzea.
Lucioren nortasuna eta irmotasuna ezagutzen dituenak erraz ulertuko du zein setatia izan daitekeen erronka berri bati ekiten dionean. Azken asteotan Beizama, Miarritze, Iruñea, Oñati, Baionako lagunekin hitz egin eta deialdiarekin bat egitera deitu ditu.
Haren baikortasun agortezinak kutsatuta eta, "afariak antolatzeko" baino gehiagorako balio dugunez, Urtubiak inspiratutako deialdia egiteko lehenengo urratsa ematea erabaki dugu.
Deialdia norbanakook egindakoa da, ez dago inolako erakunderen babespean eginda eta Euskal Herrietako esparru libertarioan dauzkagun kontaktuei zuzenduta dago. Batzera eta deialdi ahalik eta zabalena egitea posible eta komenigarria den eztabaidatzera gonbidatzen zaituztegu, euskal anarkisten artean antolakuntzarako gutxienekoak bilatzea helburu. Ez dugu siglarik, ez geure burua ederresteko fororik sortu nahi. Deialdiaren xedea elkar ezagutzea eta elkarrekin hausnartzea/borrokatzea/lan egitea da.
Ez gara Luciok uste beste, baina hark bezala geuk ere uste dugu lankidetzaren bidez baino ez daukagula gizartean esku hartzeko, gure aberastasunak, gure ideiak banatzeko aukera. Eta gure altxorraren balioa kalkulaezina da!
Engaiatu nahi baduzu, zatoz, gonbidatuta zaude.
Otsailaren 19a, larunbata
17:00etan
Zarauzko Gaztetxea
Asmoa bere burua ideia libertarioen partaidetzat duenari deialdi irekia egiteko posibilitateari, formatuari, metodologiari eta prestakuntzei buruz hitz egitea, eta datorrena datorrela.
*Data eta lekua alda daitezke. Etortzeko asmoa badaukazu, hemen baieztatu: luciorendeialdia@gmail.com

Idatzi artikulu bat