Eta horiek guztiak bitxiak dira, bat-batean munduan preso politikoak eta gose grebak existitzen direla aurkitu berri dutela ematen duelako, eta gainera, horiek guztiak Kuban eta antzeko beste "diktaduretan" daudela aurkitu ere. Noiz agertu dira komunikabide horiek orain bezain asaldatuta Espainiako kartzeletan de Juana Chaos euskal presoa edo Amadeus Casellas preso anarkista (azkenean Amadeusek kartzelan behar baino 8 URTE GEHIAGO eman zituela onartu eta besterik gabe askatu du epaileak berak) gose greban zeudenean? Eraman dute inoiz haiek eta beste askok munduko "demokrazietan" gose greban igarotako egunen kontua eta eman dute inoiz, kezkatuta, haien osasun egoeraren berri?

Argitaratu dute inoiz zenbat maputxe eta anarkista dauden preso Txilen? Zenbat euskaldun eta anarkista Espainian eta Frantzian? Ez dut holakorik gogoratzen...
Jakina, maputxeak, euskaldunak, anarkistak, de Juana, Amadeus..., horiek denak ez dira zapaltzen dituen sistemaren aurkako disidenteak, ez dira preso politikoak, ni neu halakorik ez naizen bezala (eta hori kasualitatea! maputxeak eta ni Kubako gobernuari preso politikoak askatzeko deia egin dion Alderdi Sozialistak espetxeratu gaitu!), terroristak eta kriminal arruntak baino. Kontxo! Kubako gobernuak eta hango komunikabide ofizialek Orlando Zapataz eta bera bezalakoez dioten gauza bera!
Horregatik, komunikabide "demokrata" ofizialek Orlando, Fariñas edo beste batzuengatik negar egiten dutenean, tipula malkoak direla begitantzen zait, besteen sufrimenduak euren aldeko etekin politikoa atera daitekeenean baino hunkitzen ez dituelako.

Ez Euskal Herrian, ez Wallmapun, ez Katalunian, ez Espainian, ez Frantzian, ez Txilen, ez Kuban, ez Txinan, ez Hondurasen, ez Serbian, ez Errusian, ez Iranen, ez Turkian, ez Myanmarren, ez Kolonbian, ez AEBn, ez inon... preso politikorik ez!
Oharra: Hemen idatzitakoaren harira, oraintxe jakin dut Argentinan gose greban zegoen Ruben Terzagui presoa hil berri dela. Zer esango dute komunikabideek honetaz?
2. oharra: Palestinan milaka dira gose grebari ekin dioten preso politikoak. Zer esango dute AEBk horri buruz? Zer komunikabide ofizialek?
3. oharra: Orain saharar preso politikoak dira Marokon gose grebari ekin diotenak.

Idatzi artikulu bat