2010/04/22 20:12:50.511 GMT+2
Adierazpen askatasunak badauka gar zer ospatu. Txilen banku lapurretetan parte hartzea leporatzen zitzaion dokumentalista, Elena Varela, aske geratu da gaur, auzitegiko hiru epaileek, aho batez, errugabe jo ostean. Hasieratik gehienok argi izan dugu akusazioak fiskaltzaren eta poliziaren asmakuntza etsia zirela, Wallmapun grabatzen ari zen dokumentala bertan behera geratzeko eta maputxeen alde agertutako jarrera zigortzeko. Zoritxarrez, lehen helburua lortu zuten, dokumentala bertan behera geratu eta grabatuta zeuzkan zinta gehienak "desagertu" zirelako poliziaren eskuetan geratu ondoren.
Zorionak, Elena! Eta zorionak egiarako bidean lagundu dizuten guztiei! Garaipen garrantzitsua izan da gaurkoa.
Nork: asel.2010/04/22 20:12:50.511 GMT+2
Etiketak:
gandorra
elena
paperak
varela
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/04/13 17:08:53.708 GMT+2

Torturak, kartzela, kalte konponezina, muntaia polizial-judizialak, gizarte osoa zauritua... baina azkenean Estatu espainiarraren morroiek eurek erokeria amaitzea erabaki eta denok jakin duguna "ebatzi" dute. Zorionak Egunkariari, zorionak euskal gizarteari, zorionak eraso bortitzari tinko eutsi dioten guztiei. Adierazpen askatasunaren aurkako erasoek ere, ordea, zutik diraute, harro, gu guztion askatasuna irainduz. Ez ditzagun ahaztu gezur berberak, Estatuaren harropuzkeria berberak itxiarazitako beste komunikabideak eta oraindik kazetari izateagatik kartzelan daudenak. Guztiak askatu behar ditugu. Haiek eta munduko preso politiko guztiak, munduko kartzelak hustu arte, torturatzaileak desagerrarazi arte, gezurraren erresuma suntsitu eta guztion askatasuna bermatzen duen mundua eraiki arte.
Baina orain, batez ere, esandakoa: Zorionak, Egunkaria.
Nork: asel.2010/04/13 17:08:53.708 GMT+2
Etiketak:
gandorra
askatasuna
paperak
egunkaria
adierazpen
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/03/30 22:56:26.109 GMT+2
Hemen dago gure ingurunearen etsaia berri eta suntsitzailearen aurpegi berria. Nik, behintzat,
GU EZ esan diot dagoeneko. Zer saldu nahi digute? Noren interesean? Aspaldi idatzi nuen proiektu horri buruz
hemen eta inguruan bizi zaretenoi dagokizue aberrazio berri hau ez gauzatzeko urratsak ematea... Urdaibai salba dezagun! Geldiaraz dezagun garapenkeria garaiz gauden bitartean. Lurra ez dago salgai!
Oharra: Informazioa zabaltzeko eta erantzunak bideratzeko lehen bideak badaude martxan, behintzat,
Urdaibaietz eta
Zain dezagun Urdaibai webguneetan.
Nork: asel.2010/03/30 22:56:26.109 GMT+2
Etiketak:
gandorra
urdaibai
gu
guggenheim
bai
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (1)
2010/03/30 13:52:15.531 GMT+2
Atzean geratu da zapatuko kontzertua. Atzean, Kafe Antzokian
gertatutakoei dagokienez, une haiek sortutako sentipenek, ordea,
bizi-bizirik dirautelako. Handia izan zen bertan gertatu zena, oraindik
ere miraria deritzet bertan elkartu zirenei. Miraria delako ideia zoro
hori edukitzea, hasteko, eta ideia zoro horretan sinistuta hainbeste
jende engaiatzea: musikariak, antolatzaile mota guztiak, propagandista
sutsuak, hacker maitagarriak... Miraria delako munduko beste muturrean
egonda han bertaratu zinetenon artean sentitu ahal izatea, nire
itxialditik zuekin guztiekin batera bizi ahal izatea. Miraria delako
taula gainean sortu ziren, sortu zenituzten magia, giroa, uki zitekeen
maitasuna.
Aste batzuk lehenago hasi nintzen sentitzen zerbait berezia ari zela
mugitzen. Horrela sentiarazi didazue zuetako askok: Lourdes arrebak,
Dabidek, Joseba Barrenetxeak eta Joseba Martosek, Manexek, Rafa Ruedak,
Lutxok... Azken biak Gatazka Gunean egindako aurkezpenean ikusteak
taupaka jarri zidan bihotza egun batzuk lehenago. Egunero iristen zen
albiste zoro berriren bat: nik ere bideotxo bat prestatu behar nuela
(egundoko erronka, izerdia botarazi zidana!), zuzeneko txata egongo
zela, zuzeneko emanaldiak egongo zirela, mezuak jasotzeko
erantzungailua jarriko zela..., eta azkena, Twitter kontua sortu behar
nuela. Ai ama! Beste astebete joan balitz ez dakit zer asmatzeko gai
izango ziren!
Eguna iritsi eta hasi aurretik skype bidez antolatzaileekin hitz
egiteko parada izan nuen. Horrela atarikoetan barruan bizi zen giroa
dastatu ahal izan nuen eta webkameraren aurretik bihotza bizkortu
zidaten aurpegiak ikusi nituen. Giro alai horretan guztiz murgiltzeko
garagardoa falta nuen! Baina... ezin ondoko dendara erostera joan,
dakizuenez... Halako batean ekitaldia hasi zen, nire pantailatik
kultruna, maputxeak... sartu ziren, gogoa zaldi zoroaren pare jarri
zidaten irudiak hasi ziren kikuak egiten. Soinua ez zen honaino iritsi,
baina sentitu egin nuen eta, Edorta eta Iratiren berbak aditzerik ez
banuen ere, irudimenak ordezkatu zituen eta lehen malkoak etorri ziren.
Orduan, haiek hizketan ikusi nituenean, hasi nintzelako han gertatzen
ari zenari benetako neurria hartzen. Atzean zeukaten pantailari eta
batez ere haren esanahiari erreparatu nien lehen aldiz. Han bildutako
jendea, taula gainean zeuden Edorta eta Irati, handik igaroko ziren
musikariak... bertan egoteko arrazoia neu nintzela barneratu nuen
estreinako aldiz. Eta orduan hura dena ezinezkoa zela sentitu nuen eta,
are gehiago, ezinezko hori posible egin zutenen meritua ere ulertu
nuen. Lagun horiek amestu zuten utopia zen, egia bihurtuta, eta hura
gauzatzeko gai izan baziren, zer utopia ez gara, denon artean,
gauzatzeko gai izango?
Askok amesten dugun bestelako mundu posible hori holako ekintzen
bidez ere eraikitzen da. Gizartea borondatezko lankidetzan oinarrituta
eraiki daitekeela sinisten dugunok, berben bidez baino askoz gehiago,
uste horiek eguneroko ekimenetan betetzen ditugunean frogatzen ditugu
gauzagarri. Zapatuan xamurtasunak herri bi (seguruenik bi baino gehiago
ere bai) lotu zituen, Wallmapu eta Euskal Herria eta, batez ere,
maputxeak eta euskaldunak, herria jendeak eraikitzen duelako. Goikoek,
gobernuek, erakundeek, legeek, legelariek, alderdi politikoek
eraikitzen dutela sinistarazi nahi badigute ere, herria geuk eraikitzen
dugu, egunez egun eta inoren baimenik gabe. Euskaldunok, nahi duten
munduko herri eta herritar guztien laguntzaz, Euskal Herria, eta
maputxeek, era berean, Wallmapu.
Gertatutakoak, maputxeekiko elkartasuna areagotzeko, haien
eskubideak aldarrikatzeko balio izan ez ezik, Euskal Herrian hazi
gorri-beltza landatzeko ere balio izan badu, askoz hobeto, oraindik
ezkutuan edo ahopeka geratzen badira ere, gure herrian asko direlako
bihotz libertarioak, maputxeen artean diren bezalaxe. Gizakien eta
herrien arteko harreman horizontalaren ametsa gogo askotan dago.
Beharbada garaia iritsi da Estatuak iraganeko kontua direla eta
oraingoa herrien unea dela aldarrikatzeko. Aldarrikapen horren partaide
izateak maiz kartzela ekarri arren. Zapatuko miraria gertatu bazen,
zergatik ez amestu hura beste mirari handiago baten hazia izan
daitekeela? Horrela izan zein ez, horrela izatea nahi zein ez, hura
posible egin zenuten guztioi, eskuzabal zuen musika ederra eskaini
zeniguten artistoi, hara bertaratu zineten denoi, sartu nahian
sarrerarik gabe geratu zinetenoi ere, mila esker eta milioi bat
besarkada. Zapatuan bihotza ez zitzaidan bularrean kabitzen eta zuei
guztioi zati bana oparitzeko beste puztu zitzaidan, maitasun eta
xamurtasunez.
Oharra: Nire lagunik onenetariko baten iradokizunari jarraituz, nire jatorriari buruzko berba batzuk utziko ditut hemen. Nitaz hitz egiten denean, azken boladan jaiotzez bilbotarra eta azken urteotan bermeotarra naizela esaten da. Egia esan, nik beti izan dut neure burua erdi bilbotartzat (matxorria, begoñarra, zehatz-mehatz) erdi mundakartzat, nire bizitzako unerik eta oroitzapenik kutunenetakoak (besteak beste, nire bizitzako uda ia guztiak eta hainbat eta hainbat parranda...) Mundakan emandako egunei lotuta daudelako, nire lagunik zaharrenak Mundakan egin nituelako eta familia mundakarra izan dudalako beti. Beraz, eta kontzertura mundakar asko bertaratu zirela jakitun, hemendik nire eskerrona nire bihotzeko herriari, Mundakari, eta hango lagun zoragarri guztiei.
Nork: asel.2010/03/30 13:52:15.531 GMT+2
Etiketak:
paperak
kontzertua
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/03/30 00:06:56.762 GMT+2
Egunak daramatzat gogoeta honi heldu nahian, baina beste gauza batzuk direla-eta atzeratzen joan da kontua. Ez da berria komunikabideek tokian tokiko interes nagusien mesedetan jokatzen duten eginkizuna, ezta darabilten neurri bikoitza ere, baina azken boladan, agian dagokidan egoeragatik, deigarriagoa egin zait Txileko hedabideetan (pentsatzekoa da antzekoa izango dela kapitalismoa eta alderdien desdemokrazia hauspotzen diren munduko beste bazterretan ere) Guillermo Fariñasen gose grebari ematen dioten oihartzuna. Bihoa aurretik nire begirune osoa holako erabakia hartzen duenarentzat, ez daukat ezer horren aurka. Baina gutxienez bitxia da. Eta hori bezain bitxia da hemen kazetariek Kubako "diktadurari" preso politikoak askatzeko Txileko Alderdi Sozialistak egindako "aurrekaririk gabeko" eskaera hainbeste txalotzea (esan behar da, batzuentzat Estatu bat diktadura ez izateko bermea zenbait alderdi politiko edukitzea dela..., baina ez naiz dialektika horretan sartuko, anarkista bezala, neurri handiagoan zein txikiagoan, Estatu guztiei deritzedalako diktadura).
Eta horiek guztiak bitxiak dira, bat-batean munduan preso politikoak eta gose grebak existitzen direla aurkitu berri dutela ematen duelako, eta gainera, horiek guztiak Kuban eta antzeko beste "diktaduretan" daudela aurkitu ere. Noiz agertu dira komunikabide horiek orain bezain asaldatuta Espainiako kartzeletan de Juana Chaos euskal presoa edo
Amadeus Casellas preso anarkista (azkenean Amadeusek kartzelan behar baino 8 URTE GEHIAGO eman zituela onartu eta besterik gabe askatu du epaileak berak) gose greban zeudenean? Eraman dute inoiz haiek eta beste askok munduko "demokrazietan" gose greban igarotako egunen kontua eta eman dute inoiz, kezkatuta, haien osasun egoeraren berri?


Argitaratu dute inoiz zenbat maputxe eta anarkista dauden preso Txilen? Zenbat euskaldun eta anarkista Espainian eta Frantzian? Ez dut holakorik gogoratzen...
Jakina, maputxeak, euskaldunak, anarkistak, de Juana, Amadeus..., horiek denak ez dira zapaltzen dituen sistemaren aurkako disidenteak, ez dira preso politikoak, ni neu halakorik ez naizen bezala (eta hori kasualitatea! maputxeak eta ni Kubako gobernuari preso politikoak askatzeko deia egin dion Alderdi Sozialistak espetxeratu gaitu!), terroristak eta kriminal arruntak baino. Kontxo! Kubako gobernuak eta hango komunikabide ofizialek Orlando Zapataz eta bera bezalakoez dioten gauza bera!
Horregatik, komunikabide "demokrata" ofizialek Orlando, Fariñas edo beste batzuengatik negar egiten dutenean, tipula malkoak direla begitantzen zait, besteen sufrimenduak euren aldeko etekin politikoa atera daitekeenean baino hunkitzen ez dituelako.

Ez Euskal Herrian, ez Wallmapun, ez Katalunian, ez Espainian, ez Frantzian, ez Txilen, ez Kuban, ez Txinan, ez Hondurasen, ez Serbian, ez Errusian, ez Iranen, ez Turkian, ez Myanmarren, ez Kolonbian, ez AEBn, ez inon... preso politikorik ez!

Oharra: Hemen idatzitakoaren harira, oraintxe jakin dut
Argentinan gose greban zegoen Ruben Terzagui presoa hil berri dela. Zer esango dute komunikabideek honetaz?
2. oharra:
Palestinan milaka dira gose grebari ekin dioten preso politikoak. Zer esango dute AEBk horri buruz? Zer komunikabide ofizialek?
3. oharra: Orain
saharar preso politikoak dira Marokon gose grebari ekin diotenak.
Nork: asel.2010/03/30 00:06:56.762 GMT+2
Etiketak:
gandorra
paperak
komunikabideak
greba
askatasuna
gose
adierazpen
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/03/19 23:43:45.043 GMT+1
Gaur opari berria egin didate, eta berriz ere zuei oparitu nahi dizuet. Oraingoan ez daukat mapuzungunez eta euskara hutsean jarri beharko dizuet hemen. Egilea, berriz ere Rayen Kvyeh poeta maputxea da.
Herioa dantzan dabil
Herioa dantzan dabil
jankide boteretsuen
mahaian.
Txalo egin eta isiltzen dira,
isildu eta txalo egiten dute
lege zurien
itzal konplizearen pean.
Isiltasuna urratu da
burdin-barra-hesietan.
Gose greba
maputxe preso politikoen
zainetan zamalkatzen da.
Patricia Troncosoren
txirikorda beltzetan
arbasoen ahotsen
isiltasuna nahasten da.
Herioa dantzan dabil
elur artifizialezko
eta argi koloretsuzko
Gabon pinuen gainean.
Isiltasuna urratu da.
Gose greba
elkartasuneko bideetan
zamalkatzen da
mugak zeharkatuz
hesiak apurtuz.
Llaimak orro egin du.
Isiltasuna urratu du.
Sua botatzen du.
Harriak botatzen ditu.
Laba goriaren
orro gorriak
mendiak errausten ditu.
Herioa dantzan dabil
jankide boteretsuen
justiziaren balantzaren gainean
Legeak dantzan dabiltza.
Urte berria.
Arma berriak.
Esku gogorra - esku zuria.
Terrorista - buru zuria.
Txanpon gogorra - plusbalio zuria.
Herioa dantzan dabil.
Legeak dantzan dabiltza
xanpain eta ardoz.
Isiltasuna urratu da.
Gose greba
maputxe lurraldeko
bide usurpatuetan zamalkatzen da.
Herioa dantzan dabil
jankide boteretsuen
idazmahaian.
Armak dantzan dabiltza.
Bala hiltzaileak
bizkarrera apuntatu du.
Matías Catrileo hilda.
Herioa dantzan dabil
jankide boteretsuen
mahaian.
Terroristek dantzatzen dute
azken cueca.
Legeak dantzan dabiltza
ereserki nazionala abestuz.
KASU ITXIA
Patricia Troncosoren
txirikorda beltzetan
arbasoen ahotsen
isiltasuna nahasten da.
Isiltasuna urratzen dute
haizeen ahotsek.
Lemun, Catrileo, Epul
jaso egin dira
lurraren lau indarretan.
Matías Catrileo jausi da
lurra musukatuz.
Haizeen ahotsek
isiltasuna urratu dute
Haien begiak
MAPUTXE NAZIOAREN
bide zabal eta meheak
argituz itxi dira
Arbasoen ahotsek
isiltasuna urratu dute
Matías Catrileo dabil
lurraren lau indarretatik
rayen kvyeh
Nork: asel.2010/03/19 23:43:45.043 GMT+1
Etiketak:
rayen
olerkia
paperak
kvyeh
maputxe
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/03/18 20:54:39.215 GMT+1
Altxor txiki bat partitu gura dut zuekin. Atzo bisita oso berezia izan nuen, Rayen Kvyeh poeta maputxea eta "Mapu Ñuke" kultura aldizkari elebidunaren arduraduna. Emakume aparta, ausarta, arima oso indartsukoa. Luze hitz egin genuen eta jakinduria iturri agortezina gertatu zitzaidan. Literaturaz, maputxe kulturaz, errepresioaz, lurrikararen ondorioez... are anarkiaz! mintzatzeko denbora izan genuen.
Bisita horretan opari oso esanguratsua ekarri zidan, aldizkariaren ale ederrarekin batera: duela urte batzuk mapuzungunez idatzi zuen lehen olerkia. Alde egin aurretik ohore handitzat hartu dudan mesedea (nik oparia esango nuke) eskatu zidan: olerkia euskaratzea. Ilusio handia egingo ziola bere olerkia gure jatorrizko hizkuntzan ere egoteak. Alemanian, Italian, Frantzian... Txilen bertan baino errazago argitaratzen duen emakume horren libururen bat ere edizio elebidunean, euskaraz eta mapuzungunez, Euskal Herrian ikusiko ahal dugu egunen batean...
Mapu Ñuke
Mapu ñuke, mapu ñuke
tami rewkvleci jawe
coyvmkey kom puh ka kom antv
fvxa kuifi kakerume fvh,
wefkey bewfv reke
ka dewkey pehoykvleci xayen,
alofkvleci wagvben keciley,
dewmalekenmu, coyvlekenmu
fij kuyfike kakerumeci folil.
Mapu ñuke, mapu ñuke
mi pu pvxa jeqkey pu mapuce,
amuleci hegvmvwvnmu
naqvn antv mew ka pu liwen.
Lelfvn mew ka mawida mew,
xiwe, peweh ka foye
leliwvlnieygvn kajifvwenu,
wixapvray tami pu toki
mi kisu gvnewam ka mi rumekagenuam
ka tami poyeatew ka ayvatew
mapu ñuke.
Amalur
Amalur,
Amalur
sabel
uhindukoak
gau
eta egunez sorrarazten du
milaka
urteko haziak
ernetzen
dira ibaietan,
ur-jauzietan
irristatzen dira
izar
argitsuak,
behinolako
sustraiak
sortuz.
Amalur,
Amalur
maputxez
erditzen dira zure erraiak
iluntze
eta goizaldeetako
mugimendu
etengabean.
Haran
eta mendietan,
rewe,
pewen, foie
su
toki zutitzen dira
zu
askatzeko eta babesteko
laztantzeko
eta maitatzeko
Amalur.
rayen kvyeh
Nork: asel.2010/03/18 20:54:39.215 GMT+1
Etiketak:
amalur
paperak
ñuke
mapuzungun
olerkia
mapu
rayen
kvyeh
maputxe
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/03/13 19:04:04.180 GMT+1
Honakoa
gura+haize blogzinerako (A) Belgorriagak idatzitako testua da. Copyleft arauak profitatuz hona ostea erabaki dut... Laster paperean ere egongo da koadrila zoro horren lanaren
lehen emaitza!
XXI. gizaldia XX.a joan legez etorri da, eta antzera bukatuko da
haren lehen hamarkada ere: bisturiak gero eta zorrotzago, lana gero eta
garbiago egiten. Holako garaietan bizi baikara, bisturi garaietan.
Asepsia, higiene, garbitasun garaietan. Eta horrela ebakitzen gaituzte,
horrela ebakitzen dizkigute eskubideak, ahotsa, pentsamendua: anestesia
lehenago, bisturi desinfektatua gero. Dena garbi, ageriko min barik.
Erdi Aroa aizkora garaiak izan ziren Europan. Gillotina garaiak
iritsi ziren gero. Batean zein bestean, odola begi bistan zegoen.
Eskubideekin batera buruak ere mozten ziren, plazan, jendaurrean, lotsa
barik, botere absolutuaren harrokeriaz, lotsagabekeriaz. Baina XIX.
mendean odola isurtzea estetikaren aurkakoa, jabe berrien moralaren
kontrakoa izaten hasi zen.
Egun, gaixotzea bera, are gehiago hiltzea, itsuskeria da, ez dago
ondo ikusita. Beraz, gaixoak, eta are gehiago hildakoak, ezkutuan gorde
behar dira. Edo telebistan erakutsi, baina ahal dela urrunekoak,
itsusia izatea zilegi den herrietan, hala nola Etiopian edo Sudanen.
Gure gizartean denak behar du higieniko, osasuntsu, sasoiko, eder.
Beraz, botereak aizkorak eta gillotinak gorde eta anestesia eta
bisturia erabiltzen ikasi du. Anestesia telebistak jartzen du:
albistegietan non ebaki behar den erakusten digute, ebaketa onar
dezagun. Gizartearen minbiziak, zorneak, tumoreak seinalatzen dizkigu
telebistak, haietan bisturia erabiltzea onar dezagun, are gehiago,
bisturiaren lana eskertu eta txalotu dezagun.
Esaterako, azken egunotan Txileko telebistetan ikusi dudan azken
anestesia: azken boladan sasi-kume batek neskatila bat bortxatu eta hil
duela-eta, jendearen sentsibilitatea prest dagoela profitatuz, Txileko
haur guztien hatz markak eta lagin genetikoak hartu eta gordeko direla
iragarri digute komunikabideek, dena haurtxoen segurtasunerako, inoiz
baten batek bahitzen baditu eta hilda agertzen badira, erraz
identifikatzeko.
Hor dago anestesia, gurasoek eta haurrek eurek pozak txoraturik onar
ditzaten denak poliziaren fitxategietan ondo artxibatuta egotea.
Anestesia horren atzean, noski, bisturia dantzan: belaunaldi oso bat
ezer egin aurretik fitxatuta, etorkizunean sistemaren gogokoa ez den
zerbait egingo balute…
Anestesia nonahi daukagu, alarmak sortzen (“gripea datorrela, gripea
datorrela!), alarma horien aurrean herritarrak lasaitzeko “irtenbideak”
eskaintzen ondoren (“hartu tamiflu! txerta zaitez!”), eta bisturiari
bidea prestatzen (“denon onerako aireportuetan neurri zorrotzagoak
behar dira”, “ez elkartu gehiegi, ez joan gertaera jendetsuegietara”).
Sentsibilizazio berba darabilte maiz anestesiari deitzeko. Guk
anestesia irentsi eta prest dauzkagu gorputza eta burua bisturiari
egiten uzteko. Eta bisturiak ez du atsedenik hartzen. Edonondik
ebakitzen ditu gure eskubideak, edonondik murrizten gure askatasuna.
Garbi, agerian odolik utzi barik, minik barik.
Agian ebakuntzan giltzurrunik edo gibelik gabe laga gaituztela
konturatuko gara egunen baten, anestesiatik itzartzen garenean, baina
orduan lasai, komunikabideek sinetsaraziko digute hobeto bizi garela
giltzurrun edo gibelik barik.
Bisturia, ordea, kultura arrotzekoa da. Berbari erreparatzea baino ez dago. Aizkora, behintzat, ezagutzen
genuen, haren lana garbi ikusten genuen. Haitzetik, Harri Arotik datorren lanabesa izanda, haren aurrean
defendatu behar genuela ere bagenekien. Baina bisturiari ez diogu
usainik ere hartzen. Jakina, ez dauka usainik, hain da garbia tresna
zorrotz eta zoli hori.
Badaukagu oraindik geure-geurea den tresna, hura ere Harri Arotik ondo dazaguguna: guraizeak, artaziak,
harriz zein burdinaz eginda egon, ondo menderatzen dugun lanabes
xume eta herritik sortua. Guraizeak katamalo aseptiko horien sokak
ebakitzeko erabil ditzakegu. Plastikozko aurpegi higieniko zuri horien
atzean ezkutatzen dena agerian uzteko.
Has gaitezen, bisturi garaien aurrean, guraize garaiak
aldarrikatzen. Katamaloak, mozorroak, marrauak anestesia barik mozteko
ez dugu besterik behar.
(A) Belgorriaga
Nork: asel.2010/03/13 19:04:04.180 GMT+1
Etiketak:
a
gandorra
bisturi
paperak
belgorriaga
anestesia
hedabideak
anarkia
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/03/05 16:20:05.535 GMT+1
Bihotza oraindik kulunkatzen da lurrikararen erritmoan. Lurrak gu guztiok astindu gintuen: gorputzak, oheak, hormak, etxeak, errepideak, kartzelak, ospitaleak... Gaur ere berriz egin du. Baina natura itsuak, ekonomiaz, politikaz eta gizarteaz ezer gutxi ulertzen duten plaka tektonikoek hemen bizi garenoi dardara eragiteari utzi ondoren, bihotzek ez dute ohiko erritmoa berreskuratu. Izan ere, denok antzera astindu arren, ez gaitu guztiok berdin kolpatu. Ondorioetan ekonomia eta agintariak ez dira natura bezain itsuak eta berriz ere aberatsak txiroak baino askoz hobeto zaindu dituzte. Jende xumearen etxeak ez daude aberatsenak bezala eraikita; ezer ez zeukatenen supermerkatuen "arpailatzea" delitutzat hartu eta jazarpena jasan duen bitartean, aberatsek diruz egindako "erosketa" berekoia ez da delitua, ez da arpailatzea, besteak baino eskasia handiagoa eragin arren. Enpresen eta aberatsen jabetza zalantzan jartzea delako zigortu beharreko ekintza bakarra. Hondamendiaren erdian, baita diruak ezertarako balio ez duenean ere, txiroek pazientzia izatea, ohiko lapurrei ezer ez "ostea", ordenatuta eta txintxo portatzea espero dute, argirik eta urik gabe, supermerkatuetan janariak usteltzen diren bitartean.
Horri, kapitalismoaren basakeriak irakatsitako mafia lapurren indarkeria gehitu eta aitzakia ezin hobea dugu dena militarrez eta poliziaz betetzeko, kapitalismoaren akatsak zuritzeko modurik onena errepresioa areagotzea eta kapitalismo gupidagabe bera berreraikitzea dela sinistarazteko, hedabideen lan leiala lagun. Orain negoziorako aukera bikainak zabaltzen dira, prezioak gehiago igo eta alde ekonomikoak areagotzeko parada paregabea.
Eta bihotzak dardaraka jarraitzen du. Lurrikara areagotu egiten da leihoko burdin barren artean begira. Etxean ere, lehengo espetxean bezala, burdin barrak dauzkadalako. Etxea ere presondegi bihurtu zaidalako. Eta lapurrengandik babesteko omen ziren barra horiek etxean mugiezin, inora gabe, inori lagundu ezinik jarraitu behar dudala gogorarazten didate. Orain ez da supermerkatura, etxe ondoko dendara, parke batera, azokara, tabernetara, lagunengana joan ezinaren ezerosotasuna, laguntzeko balio ez izatearen mina baino.
Leihotik begiratu eta ikusten ditudan leiho gehienetan nireak bezalako burdin barrak ikusten ditut, baina azken asteetan itxurara mugatzen da antzekotasuna. Nire auzokoen burdinek eta nireek orain esangura oso desberdina hartu dute. Ez dakit euren askatasuna laguntzeko ala euren familien lasaitasuna, lana, egunerokotasuna berreskuratzeko darabilten. Ez naiz nor inori kontuak eskatzeko. Baina neure buruari bai, etengabe eskatzen dizkiot kontuak, eta egunotan inoiz baino harrapatuago sentitzen naiz, bihotzak eskatzen didan elkartasunak hesi horien artean egiten didalako ihes. Oihu egin nahi du, baina telebistak errepikatzen dituen ikuspegi higatuei erne egon besterik egiterik ez dauka.
Geratzen diren pozen artean, Euskal Herritik, Argentinatik..., hainbat lekutatik iristen zaizkidan elkartasuneko ahotsez gain, abiarazten ari diren
ekimenak daude. Merezi duten ekimenak. Mundua bestela antola daitekeena erakusten digutenak. Eta haietan asmoz baino ezin parte hartu. Eta Vane ere geratzen zait, beti hain eskuzabal, beti hain bihotz oneko. Orain bera da nire besoak eta nire hankak eta badakit berak nik beste gogo daukala nik ezin dudan hori egiteko. Eta egin egingo du, egiten ari da. Haren begietan, hesirik gabeko irribarre horretan, bihotzak bake apur bat berreskuratzen du egunero. Elkartasuna herrien arteko xamurtasuna ez ezik, bihotzen arteko xamurtasuna ere bada. Joseba Barrenetxeak azken boladan opa izan didan xamurtasun hori bera. Hainbeste bihotzengandik jaso dudan xamurtasun ezaguna zein anonimoa. Hori da, ezeren gainetik, herri hau zutabe berrien gainean eraikitzeko gehien behar duguna. Bihotzaren dardara gorabehera, burdin barren artean ere, nire leihoei xamurtasuna darie.
(Eskerrik asko
Ariel Dorfmani artikulu hau idaztea iradokitzeagatik)
Nork: asel.2010/03/05 16:20:05.535 GMT+1
Etiketak:
lurrikara
txile
elkartasuna
kartzela
paperak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/02/20 20:13:16.401 GMT+1
Neska lirain hori,
zure gorputz beltzaranean
alderantzizko bidaia eskaini zenidana;
zure zango luzeetan gora,
zure belauneko gailurretik behera,
haran arteko laku gardena
eskaini zenien nire begi
liluratuei,
eskuzabal,
ahalkerik gabe.
Besoak goratuta,
adats iluna nahastu,
tontor paregabe elurtuak
begientzako opari,
zilborrean etzaten utzi
eta paradisua zabaldu zenidan
urtebetez horditzeko,
zorionak zorabia nintzan.
Neska lirain hori,
ez zara zure buruaren jabe.
Aske itxuraz eman zenidan
amets haragizkoak
jabea zeukan
eta kateak
ezkutatu zituen zure azal azpian.
Jabe zitala,
borrero doilorra,
txakur zaindari koldarra,
egiaren beldur
zure altxorrak ukatu nahi
dizkidana.
Ez utzi bortxatzen,
ez utzi gezurrari
zure adorea otzantzen.
Altxatu gorputz luze eta lirain hori,
sabelean marichiweu tatuatu zuen
leinu zaharraren jakinduria,
kemena,
sen matxinoa
atera eta
lot nazazu zure larruari,
ez utzi urruntzen
bihotzari taupada berria
eman dion gerri kartsutik.
Bion artean, zin dagizut,
mozorroa erantziko diogu
egunero bortxatzen zaituen
arima saltzaileari.
(2010-1-19, Temukoko kartzelan)
Nork: asel.2010/02/20 20:13:16.401 GMT+1
Etiketak:
txile
kartzela
paperak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak
Zaharragoak