Hasieran arraroa egiten zitzaidan, barregarria batzuetan, negargarria besteetan, baina azkenean nazkante xamarra, lehenagoko belaunaldiko idazle batzuek hurrengoei ematen dieten/diguten trataera. Pentsatzen bide dute mundua ez dela aldatu, eta oraingo belaunaldiok euren ardura berberak behar ditugula. Zergatik ez diote kasu handiagoa egiten eurek idazten dutenari besteen idazteko arrazoietan eta mundua ikusteko eran etenbarik sartzeari utzita? Nigatik, uzkitik sar dezakete gutaz (holako gurik baldin badago, bederen) daukaten ikuspegi kexati-negartia. Haiek zer, zertaz eta zelan idatzi hautatzeko izan duten eta daukaten askatasun bera darabilgu geuk ere. Eskubide gutxiago guk? Zer legeren arabera? Ez dut ulertzen... dio batek. Ba, ez baduzu ulertzen, argi dago ez dakizula zertaz ari zaren ere. Ez da nirea esan hau: ulertzen ez dutenari beldurra diote, eta beldurra diotena suntsitzen ahalegintzen dira. Ez dituzte kritikatzen dituzten idazleak ezagutzen, ez dakite zer bizipenek, zer kezkak, zer ideologiak, zer nahik, zer ezinegonek bizi dituzten idazle horiek, eta hala ere ezezagun duten horretaz iritzi emateko hitz egiten dute euren idulkietatik. Zenbat handikeria eta tontakeria irakur daitezkeen gaur egun gure literaturaz, idazle berriek dakartzaten irakurle berriengatik poztu beharrean... Gurean orain dela hogei urteko gizartea ikusi nahi dutenek jai daukate, eta ez da besteon errua.
2008/07/07 13:34:23.049 GMT+2
Idazle hantusteak
Nork: asel.2008/07/07 13:34:23.049 GMT+2
Etiketak:
gandorra
paperak
| Permalink
| Erantzunak (2)
| Errenferentziak: (0)

Erantzunak
Epaiaren zain
Rafael Reig nobelagilearen azkeneko liburua irentsi berri dut: Visto para sentencia (Caballo de Troya, 2008). Batzuetan ezin izan diot algaraka hasteko bulkadari eutsi, eta hori ez zait maiz gertatzen liburuekin. Literatur kritikako lan bitxia da: bertan bildu ditu, besteak beste, El Cultural gehigarrian argitaratu zituen kritikak, beti ere zuzenbideko epaien mozorropean. Epaitua liburu bat, idazle bat (P. Reverteri buruzkoak antologikoak dira) edo are erakunde bat izan daiteke (literatur agentziak, udal liburutegiak…), eta Reigen iruzkinak beti dira zorrotzak, piperdunak eta, batik bat, pertinenteak. Letren Errepublikari errepaso ederra ematen dio Reigek: literaturan gutxieneko interesa duenak gozatua hartuko du Visto para sentencia-rekin.
Reigen gauzarik onenetakoa da ez diola beldurrik iritzia emateari, eta izenak erabiltzen dituela, hitz-erdi lausoetatik ihes eginez. Sarreran dioen bezala, "Idazleak, noizean behin, koleratzen dira, soinekoak urratzen dituzte eta [literatur mundutxoaren] fartsa salatzen. Egilearekin batera berotzen da irakurlea, gaitzitu egiten da, horri guztiari amaiera eman behar zaiola aldarrikatzen du… baina lortzen du akaso enteratzea zertaz, zeinetaz hitz egiten ari diren? Ezetz uste dut. Diatriba horiek grazia apur bat izan dezakete iniziatuentzat, baina guztiz eragingabeak suertatzen dira". Eta, okerrena, eztabaida oztopatzen dute, ondorioztatzen du Reigek.
Hala uste dut nik ere. Eta esango nuke portaera hori espainiar kulturan bezain errotuta dagoela gurean (agian oso espainolak garelako, funtsean). Duela ez asko, euskal idazle batek salatzen zuen "politikotzat" jotzen ez diren literatur lan asko halakotzat hartu beharko liratekeela: ez zuen adibide bakar bat ere eskaintzen. Beste batek, kezkatuta, "zinismo naïf bat" aipatzen zuen joera nagusien artean: horren eredu izan daitezkeen liburuen titulurik ez, ordea. Gure literatura "usurpatzailez" beteta dagoela kexu zen hirugarren bat, izen bat bera ere eman gabe, noski.
Ni neu zutabe honetan egiten ari naizen bezala, alajaina.
Nork: juanjose.2008/07/08 13:50:34.213 GMT+2
Beharbada ez da zuzena izenik gabe esatea, baina izenek ez, esanek naukate potroetaraino, eta batez ere esan horien etzean ezkutatzen diren sentimendu zekenek. Izenak eman behar banitu, azkenekoa baino ezin nuke eman, eta oso bidegabea litzateke azken idazle horrentzat. Hemerotekan holakoak bota dituztenen izenen bila hasteko nagiegia naiz, aitor dut.
Bestalde, hau ez da komunikabide zabal bat, egunkari honen edo horren irakurleengan iritzi korronte bat sortu nahi duena. Hau leku txiki, xume eta guztiz pertsonala da, noizean behin nire ezinegon, poz, amorru edo kasketaldiak agertu beste asmorik ez duena.
Kasu honetan, esandakoa: nire jomuga ez dira idazle jakin batzuk, bolo-bolo dabiltzan aurreiritzi hantuste batzuk baino. Ez dut eztabaida kate bat sortzeko asmorik, ez dut uste horrenbesteko eraginik dudanik ere, baina sortzen bada, bego.
Nork: asel.2008/07/08 14:35:20.494 GMT+2