
Nerabezarotik aurrera azkarrago hasi ziren ikasturteak igarotzen, hori baita ikaslearen zinezko neurri bakarra. Ekainean urtea hainbesterako izan ez zela sentitzen nuen. Hala ere, luzaroan bizi izan nintzen beste eskala bat laburtu guran: egunarena. Egun bakoitza luze-luzea zen. Amak gaitzetsi ohi zidan ohean etzanda sabaira begira galtzen nuen denbora guztia. Idaztea neukan, irakurtzea... Baina ez: nik ahalik eta siestarik luzeenak egiten nituen, telebista apur bat, afaria, eta lotara. Egunak erre, deuseztatu gura nituen. Dena egingo nuen patxadaz eta ondo neure bizimoduaren jabe osoa nintzen egunetik aurrera. Heldua izatera iritsitakoan. Horrek zer esan nahi duen, auskalo. Ez neukan amaren berbak ulertzerik. Berak 48 orduko egunak behar zituen! Ni poz-pozik biziko nintzen 12 ordukoekin.
Orain bai, maiz gogoratzen ditut amak umetan zein gaztetan esandakoak. Berandu denean. Egun, orduek abantaila handia ateratzen didate, beti nabil haiek atzeman guran, atzeratuta, heldu ezinik. Arratsaldean etxera iritsi eta, erlojuan seiak ikusten badut, egunak alde egin didala sentitzen dut, ez dudala egin gura nukeen guztirako astirik, ezta erdirako ere. 48 orduko egunak non saltzen dira? Lan-ordu eta lo egiteko ordu kopuru bera bai, baina norberarentzako beste 12 bat ordu, gutxienez? Nerabezaro arteko urte eternal haien kopuru bera joan zait begi kilskada batean! Berandutxo da amaren berbak ulertzeko; denborak berak erakutsi dit haien egia. Orain ez nire denboraren ez nire bizimoduaren jabe. Guztiz ez, behintzat.

Idatzi artikulu bat