Batasuna eta autonomia

(Castellano)

Mugimendu libertarioen baitan ia anarkismoa bera bezain zaharra den
eta mugarik errespetatzen ez duen eztabaida bat dago, batasunaren
bilaketaren eta banakako eta taldeko askatasun eta autonomia premia
osasuntsuaren arteko etengabeko tentsio bat. Ez da nire asmoa formula
magikorik ematea, baina hemen agian ekarpenen bat egin dezaketen
hausnarketa batzuk utzi nahi ditut. Kasurik txarrenean idatzi edo esaten
den beste gauza asko legez hemen ahaztuta geldituko dira. Beren-beregi
norbaitek Txile deitzea erabaki zuen lur zati luze honetan mugimendu
libertarioek bizi duten unea buruan daukadala idatzi dut, baina
seguruenik munduko beste edozein tokitako anarkistek eta libertarioek
ere ulertu ahalko dute.

Horretara bultzatu nauen zio nagusia berezkoa bezain osasungarri eta
aberasgarria behar lukeen anarkismoaren ikuspegi desberdinen arteko
eztabaidak batzuetan hartzen duen deskalifikazio maila da. Gauzatzen
ditugun ekintza, logika, taktika, estrategia eta abarri buruz pentsatzen
dugunean ez dakit erdietsi beharreko xede bat, emaitza bat edo
gutxienez noranzko jakin bateko aurrerapenen bat buruan daukagula egiten
dugun. Horrela bada, eta hori litzateke logikoena, beti eduki behar
genuke gogoan benetako garrantzia daukana nahi dugun xede hori dela eta
ez xede hori lortzearren darabilgun ekintza, logika, taktika edo
estrategia bera. Horrela, bigarrenak, ekintzak, taktikak , aldiro
ebaluatua, birpentsatua, lagaezintzat, dogmatzat, helburutzat ez jotzera
irekita egon behar luke beti. Hortaz, aldaketetara zabalik egon behar
luke, denboran estrategia horren bidez lortutako emaitza nahi genuena ez
balitz, xedera batere hurbilduko ez bagintu edo are hartatik urrundu
edo ezinbestean geldiarazten gaituela ikusiko bagenu. Edonola ere,
horrek gutxienez malgutasun handiagoa eman behar liguke teorikoki xede
bera bilatzen duten beste talde batzuen ekintzak edo estrategiak
baloratzerakoan (eta horixe egin behar genuke, baloratu, epaitu barik,
horretarako teorikoki desagerrarazi nahi dugun estamentu bat baitago);
izan ere, ulertuko genuke guk geure metodoekin egiten dugun berbera
egiten dutela haiek ere eurenekin, dena dagoela kritika eraikitzailera
eta, batez ere, autokritikara zabalik, metodoan ez dagoela ezer
absoluturik eta estrategiak praktika zehatzean eta denboran baino ez
direla egoki edo desegoki agertzen, ez aldez aurretik idatzitako paper
edo gidaliburu batean. Metodo batzuk egoera egoki batean erabilgarriak
izan daitezkeela eta beste batzuetan, ordea, aurrera baino gehiago
atzera eragin dezaketela, oztopoa izan.

Libertario ororen ametsa, gutxi gorabehera eskematikoki esanda,
autoritaterik ezean, elkarrekiko laguntzan, kontsentsuan eta
horizontaltasunean oinarritutako gizarte errotik desberdina bada, zaila
da pentsatzea amets horretarantz  goazela lubaki berean daudenak, beste
logika bat erabilita teorikoki xede bera dutenak, gupidagabe iraintzen
ditugunean. Gure artean horrela jokatzen badugu, anarkisten arteko
adostasuna hain zaila bada, zelan pentsa dezakegu etorkizuneko gizartean
egun beste muturreko parametroen arabera bizi direnak gurekin ezer
adosteko gai izango direla? Bihotzean daroagun gizarte hori bihotz
horretatik bertatik eraiki behar dugu egunero, geure baitan bizi behar
dugu. Horrela baino ez da posible bihurtuko eta besteentzat sinesgarria
izango. Eta inork ez beza hemen uler nik neuk metodo guztiak, logikak
denak, estrategiak oro ontzat ematen ditudanik. Nik ez dut uste
helburuak bitartekoak zuritzen dituenik. Baina ez deritzot honi ez lekua
ez unea neure jarrera finkatzeko. Nork bere praxiari eta haren emaitzei
buruzko gogoeta egin eta horren arabera jokatu behar du, oso urrun
nago asmatzeko edo okertzeko, egunero bere burua berrausnartzeko, bere
hausnarketaren, ideiak, bizitza eta ekintza sentitzeko moduak ontzearen
arabera bide bat edo bestea hartzeko eskubide berbera daukan inoren
epaile sentitzetik.

Hori dena esanda, noan itzulinguru gehiagorik gabe heldu gura nion
gaira: batasuna eta autonomia. Betiko arazo horri bueltak emanda, nire
ikuspuntutik akats ohikoenetako bat gaia aurkakoen arteko kontutzat
hartzea da. Batasunak autonomia ezeztatzen duela edo autonomiak batasuna
galarazten duela pentsatzea. Uste dut bizi garen unean, bai
Latinoamerikan bai Europan, errealitateek oso urrunak eman arren,
batasuna inoiz baino beharrezkoagoa dela, hainbat zio direla-eta.
Lehenengoa, mendeetan menderatu gaituen ekonomia, politika eta gizarte
sistema betiko konorterik gabe utz litekeen une historikoaren aurrean
gaudela, eta zaila dela hori zentzu bateraturik gabeko ekintza isolatuen
bidez  lortzea, batez ere helburu eta proposamen argirik gabe. Baina,
batasun hori autonomia, askatasuna, banakako edo taldeko bat-batekotasun
osasungarria giltzaperatzearen truke? Ez dut uste hori hain beharrezkoa
denik eta, izan ere, horri txirotzea, anarkismoaren oinarriari berari
uko egitea neritzoke.

Kontua da posible dela zentzu bietan jokatzea. Uste dut argi eta
garbi direla beharrezkoak koordinazioa, elkar ulertzea eta elkarrekiko
laguntza, norabide bateratua; eta, horretarako, langile, ikasle,
langabetu, ekologista, emakume (nik neuk emakumea gizonarekiko benetako
berdintasunean behin betiko kokatuko duen borrokari premiazkoenetakoa
deritzot), okupa, jatorrizko herri eta menderatuta edo borrokan
diharduten giza talde edo sektore ororen arteko bestelako giza, lan,
familia, auzo, bizi harremanak amesten ditugun guztion arteko ekintza,
taktika eta estrategia bateratuak; hausnarketa bateraturako,
kontsentsurako eta indar batzeko esparru bat, guztion artean borroka
beharrezkoa den, gizartea, ekonomia eta politika interesdunentzat
eurentzat, herriarentzat, bizitzako benetako aktoreentzat berreskuratzea
ezinbestekoa den arlo guzti-guztietan aurrera eragiteko. Horretarako,
nire hausnarketaren arabera, aurrerapen handia litzateke nortasun
ezaugarri bateratuen peko esparru bateratua izatea (nolabait esateko,
izen eta nortasun ezaugarri bateratuak, “marka” bat); nahi duten
erakunde, kidetasun talde, elkarte edo banako guztientzako aterkia izan
liteke eta haren izenean, guztien artean adostutako helburu zehatzen
bila eta denok finkatutako norabidean, bertan sartzen diren guztiek bere
egingo lituzketen ekintzak baino ez lirateke egingo. Halaber, logikoa
litzateke borroka esparru bakoitzean zuzenean eragiten dien eta arazo
zehatzak eta eremu horretan egokia edo kaltegarria izan daitekeena
sakonago ezagutzen dituzten taldeen ahotsa nagusitzea. Zaila da
Zuzenbideko ikasle batek metalgintzako langile batek baino hobeto
ezagutzea metalgintzan komeni den estrategia, eta alderantziz, adibide
bat jartzearren, baina seguruenik biek eman diezazkiokete ideia
erabilgarriak elkarri, nork bere jakintzatik.

Aldi berean, erakunde, kidetasun talde, elkarte edo banako bakoitzak
autonomoki, bere izenean eta multzo bateratu horren estaldurarik gabe
jokatzeko eskubidea gordetzeko aukera izan behar luke, adostasun
horretan sartzen ez diren eremuetan edo metodoen bidez. Aske eta
autonomiaz jokatzeko eskubidea ez ezik, zenbait arrazoi direla-eta
zabaldu behar ez direla uste den ekintzen edo estrategien berri ez
emateko eskubidea ere bai. Jakina, ekintza, estrategia edo logika
autonomoak kritikatzeko esparruak ere beti geratu behar luke zabalik,
guztiei onurak edo oztopoak sortzen dizkienari buruz etengabe
eztabaidatzea, xedeari begira eta ez bitartekoak xedetzat hartuta
betiere, ezinbestekoa baita beti eta inork, norberaren jardueraren
kilikak eta batez ere maiz elikatzen den egoak, inkontzienteki bada ere,
jarduera batzuek ematen duten protagonismoa dela-eta, itsututa,
zerumuga bistatik ez galtzen laguntzen baitu.

Koska honakoa da: nork hartuko du ardura egun hain sakabanatuta eta
sarritan elkarri bizkarra ematen dioten borroketan murgilduta dauden
erakunde, elkarte, kidetasun talde eta banakoei batasun horretara
deitzeko? Borondatea egonda dena lor daiteke.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude