Europan kultura demokratikoan hazi eta hura balio gorena dela barneratzeko hezi gaituzte. Baina bizi garen sistemetan zer da demokrazia sakrosantu hori? Non daude haren mugak?
Politikari eta faxista guztien ahoetan hitzetik hortzera dabilen demokraziak esanahi bakarra dauka: egungo sistema ekonomiko-politikoari eusteko tresna. Hauteskundeek botere faktikoen gustuko emaitzak dakartzatenean baino ez dute balio. Orduan baino ez dira demokratikoak. Burgesiak XIX. mendean bere interesen defentsarako sortu zuen sistemaren xede bakarra horixe da: statu quoari eustea eta gizartean onarpen anestesiatua zabaltzea, legitimitate itxura izatea.
Euren sistemak huts egin eta kontrako emaitzak dakartzanean, ordea, demokraziak ez du balio, burgesei ez die balio, eta orduan erabakitzen dute "herriak" ez duela hauteskundeetan hautatutako gobernu hori gura eta indarrez kendu behar dela, "demokrazia" eta "legea", "konstituzioa" eta enparauak salbatzeko.
Herriren batean, demagun Venezuelan, Bolivian, El Salvadorren, Nicaraguan..., mendebaldeko demokraziek euren interes ekonomikoen aurkakotzat jotzen dituzten alderdiak "demokratikoki" hautatuak direnean, berehala zabaltzen da, eta horretarako daude sistemaren morroi leialak, komunikabideak, iritzi bakar eta "egiazkoa": tirania berria ezarri da herri hartan, ez dago demokraziarik... Eta berehala hasten dira nazioarteko eskumen arteko mugimenduak gobernu horien aurka konspiratzeko. Estatu kolpea prestatzen da CIA eta haren kideen bulegoetan.
Estatu kolpeak garaipena lortuz gero, herri horretako "demokrazia faltari" buruzko albiste guztiak joango dira isiltzen, herria ahaztuta geratuko da komunikabideetan, ez da albiste izango, eskumari "oinarri sendoak" ezartzeko denbora emateko. Hots, hara ideia ezkertiar "arriskutsuak" itzuliko ez direla eta gehienez ere sistemaren parte diren alderdi sozialdemokratak baino onartuko ez direla ziurtatzeko.
Estatu kolpeak huts eginez gero, gobernu horien aurkako ahotsek ez dute aukerarik galduko demokrazia falta salatzeko.
Hondurasen hango presidenteak galdeketa prestatzen ziharduen, herriari nolabaiteko ahotsa emateko. Herriak aukera izango zuen presidenteak proposatutakoaren alde zegoen ala arbuiatzen zuen esateko. Demokrata burgesak, ordea, ez bide zeuden oso seguru, ez ziren herriaren borondateaz fio (inoiz fio ez diren bezala), eta galdeketa konstituzioaren aurkakoa zelakoan, militarrak bidali dituzte, oso demokratikoki, galdeketa galarazteko eta herriaren nahia zein zen argi uzteko. Zertarako botoak balak eskura daudenean... Gaur hango kolpearen bozeramaileetako bat entzun dut kolpea zuritzen, demokraziaren aldekoa izan dela esanez, galdeketa konstituzioaren aurkakoa zela defendatuz, eta herritarren %95 presidentearen aurka dagoela berretsiz. Herritarren borondatea ezagutzeko bidea bitxia izan da oso: telebistan telefonoz egindako inkesta batean 40.000 lagunek deitu zuten presidentearen aurka zeudela esateko. Oso bide demokratikoa, telebista kate batera telefonoz deitzea, galdeketa batean botoa ematea baino askoz demokratikoagoa, dena telebistaren bidez erabakitzen den garaiotan. Horrela egingo dituzte hauteskundeak aurrerantzean? Tele-botoz? Badaukat horren inguruko eleberri bat buruan, baina hori beste baterako izango da.
Horrek guztiak gauza bakarra berresten dit niri: ez dago mundua, gizartea, sistema ekonomiko eta politikoa "demokrazia" deritzoten horren bidez aldatzerik. Eskumak, burgesiak, argi uzten digu behin eta berriz boto emateak sistema bera defendatuko duen txotxongiloa hautatzeko baino ez duela balio. Horraino demokraziaren mugak. Emaitzek kontrakoa esanez gero, akabo demokrazia, hor dago armada leiala gauzak bere lekuan jartzeko.
Zer gertatuko litzateke Europan bertan kapitalismoa bukarazi nahi duen alderdi batek irabaziko balu eta Europa osoa herriak hautatutakoaren arabera sozialismorantz eraman nahi balu? Ez egin zalantzarik, horretarako dago NATO bizirik...
Horrexegatik alderdiek, Estatuek, gobernuek, demokraziak... ez dute balio. Haiek denak burgesiak sortutakoak dira, eta euren interesen alde funtzionatzeko baino ez ziren sortu. Demokraziak aldaketarako bide bakarra uzten du: iraultza. Iraultza txikiak, egunerokoak, bortizkeriarik gabeak, norberaren baitakoak; iraultza apur bat handiagoak, hala nola lantegien okupazioak, sistema osoa geldiarazteko greba orokorrak, boikotak, desjabetzeak...; ala erabateko bortizkeriaren aurkako (bai, demokrazia deritzo egunero pairatzen dugun bortizkeriari,
langileen aurkako eguneroko bortizkeriari, herri txiroen aurkako
gosearen bortizkeriari, baliabideen ustiapen basatiaren bortizkeriari,
"zaintzen" gaituzten polizia eta armaden bortizkeria gordeari...) iraultza bortitza, armen bidezkoa. Ez diot nik inori biderik egokiena adieraziko, baina bakar bat ere ez dut nik arbuiatuko. Nork bereari ekin diezaiola besteenei oztoporik egin gabe, helburu bererantz abiatzeko: benetako eta erabateko askatasun eta berdintasunerantz. Demokraziak ukatzen dizkigun horietarantz.
Atzo, berriz ere, argi geratu zen burgesek asmatutako demokraziak, alderdien logikan oinarritutako asmakizun horrek, daukan legitimitatea. Europan %57k ez zuten botorik eman, ez zuten alderdi horiek eskainitakoan sinistu. Hala ere, "irabazleei" ahoa betetzen zaie garaipenaz berba egiterakoan. Ahoa betetzen zaie eskumatarrei batez ere, eurek asmatutako sisteman irabazle atera direlako. Hots, Europako parlamentuan europarren %22 inguru ordezkatuko dituztelako pozik. Hori da irabazleen legitimitatea: Europan botoa eman dezaketen biztanleen %22ren "interesak" eta "nahiak" defendatu eta inposatuko dizkiete gainontzeko %78ri. Hori "interes" eta "nahi" horiek alderdiek eurek finkatu dituztela alde batera utziz. Seguruenik %22 horietako gehienek "interes" eta "nahi" horiek ezagutu ere egin gabe bozkatu dutela alde batera utziz, alegia. Demokrazia horretan siglei emanten zaielako botoa, benetako programak gorabehera. Bestalde, bozkatu duten %43 horiek ere ez dutelako sinisten "euren" alderdiek agindutakoa beteko dutenik. Alderdiei ez zaie agindutakoa betetzeko eskatu ere egiten. Ez dago mekanismorik emandako hitza betearazteko. Tira, mekanismo bakarra dago: hurrengo antzerkian hitza jango duen beste alderdi bati ematea botoa, agian, edo inori botorik ez ematea, kasurik onenean. Alderdiei bost, poltsikoak berdin beteko dituzte %100ek zein %20k bozkatuta, parlamentua berdin beteko dutelako parlamentari txit agurgarriek.
Alderdiak zintzoagoak balira, parlamentu horretako jesarlekuen %57 hutsik geratuko lirateke. Inor ordezkatzen ez dutenen soldatak aurreztuko lirateke, behintzat, orain parlamantari horiengan sinistu ez duten %57ek parlamentari bizkarroi guztien soldatak ordaindu beharko dituztelako (batere txikiak ez diren soldatak eta gastuak, "demokraziari" eusteko). Sistema hori Euskal Herrira eramanez gero, gainera, Hego Euskal Herrian legez kanpo utzitako alderdien lekuak ere ez lituzkete beste alderdi "demokratikoek" xurgatuko, eta udalbatzetan, batzar nagusietan, legebiltzarretan... "legezko" alderdiek dagozkien ordezkariak izango lituzkete, ez gehiago ez gutxiago. "Legez kanpoko" botoei eta abstentzioari dagozkien lekuak hutsik, benetako legitimitatea agerian gera ledin.
Hori da legitimitaterik gabeko demokraziaren funtsa, azken finean. Bestela, abstentzioa errespetatu eta parlamentua benetan emandako botoekin beteko balitz, alderdiek lan askoz handiagoa egin behar lukete euren lekuak, euren soldatak, euren finantzazioa... bermatzeko. Orduan benetako politika apur bat gehiago, herriak gertuago sentitzen duen politika, erreala egin behar lukete, eta hori zailegia, nekezegia da bizkarroientzat.
Jarrai dezagun abstentzioan sakontzen, antzerkia biluzten, iruzurra agerian uzten, kapitalaren interesak asmatutako demokrazia deuseztatu arte. Legitimitaterik eza edonorentzat begi bistako bihurtu arte. Has gaitezen benetako demokrazia zuzena, herriak herriarentzat, behetik gora sortua, auzoetatik hirietara, hirietatik herrialdeetara, herrialdeetatik herrialdeen federazio askeetara eraikitzen, Estatuei boterea behetik jaten, alferreko, debaldeko, premiarik gabeko bihurtzen haren zeregin hutsal eta faltsua.
Has gaitezen gizarte aske eta berdintasunezkoa eraikitzen gure inguru txikian, gure egunerokoan. Has gaitezen komunismo libertarioa eguneroko bizimoduan eraikitzen.
Herriok egiten dugu hizkuntza, hura darabilgun egun bakoitzean egin ere. Aldi berean, hizkerak herriok egiten gaitu, hura darabilgun egun bakoitzean egin ere. Ondo dakite hori menderatzaileek, kultura okupatzaileek, irabazleek.
Txilen nagoen honetan, berriz ere etxean utzitako hizkuntza okupatzaile berarekin egiten dut topo egunero, irabazleen hizkuntzarekin. Gaztelaniarekin. Hemen eta han hizkuntza menderatuen hiztunek derrigorrez erabili behar dute menderatzaileen hizkuntza, eta bere egin hizkuntzarekin batera datozen balioak, munduaren ikuspegia... Herri zapalduok, beraz, egunero egiten dugu zapaltzaileen hizkuntza, eta zerbait ematen diogu, apika. Baina derrigorrezko hizkuntza hori nahikoa ez eta menderatzaileek herri zapalduok egiten gaituen hizkera ere asmatzen dute, ezartzen digute egunero, eta guk hizkera horren azpian dagoen mezua geureganatu.
Txilen maputxeak dira Estatuarekin, lurren lapurrekin, europarren ondorengoekin borroka latzena daukatenak. Errepresiorik bortitzena pairatzen dutenak (aste honetan bertan kazetari bi atxilotu zituzten hemendik ez oso urrun delitu oso larria egiteagatik: Txileko armadak maputxeen lurraldean darabilen okupazio bortitzaren berri eman nahi izateagatik; to demokrazia...). Hemen, Araukanian, euren arbasoen lurretan, legeek Txile dela dioten honetan.
Beste kontu batzuk alde batera utzita, gatozen hizkera horretara, badagoelako oso "bitxi" egin zitzaidan zerbait. Oso ezagun egin zitzaidalako, hain zuzen ere. Txileko telebistak ikusten ditut egunero, eta gauza batzuei buruz denek darabilte hizkera bera. Esaterako, edozein arrazoirengatik baten bat atxilotzen dutenean (izan lapurra, izan manifestazio batean parte hartzen zuena), albistegi guztiek "antisocial" berba darabilte, hutsik egin gabe. "Unos antisociales asaltaron...", "unos antisociales quemaron...". Hutsik egin gabe eta ñabardurarik gabe. Gauza bera gertatzen da maputxeei dagokienez, albistegi guztietan hizkera bera: "el conflicto mapuche...". Ez zaizue ezagun egiten? Niri berehala ekarri zidan "el problema vasco" delakoa gogora. Eta horrela daukagu barneratuta, horrela irensten dugu, horrela errepikatzen. Baina zer dago horren atzean?
Hizkera horrek hedatzen duen mezua argia da: gatazka dakartenak maputxeak dira, arazoa direnak euskaldunak dira. Haiek dira gatazka, haiek dira arazoa! Nik, ordea, bestela esango nuke: maputxeentzat kolonoak direla arazoa, kolonorik gabe haiek gatazka barik bizi zirelako. Txile da gatazka. Eta euskaldunek zer arazo daukate Espainiarik edo Frantziarik gabe? Batere ez; gehienez ere edozein gizartek dauzkan arazoak (esaterako, oligarkia burges "euskaldun" peto-petoaren esanetara bizitzea herri osoa). Beraz, euskaldunontzat Espainia da arazoa. Agian hizkera geuk egiten hasteko garaia da, etsaien armak geure buruaren aurka erabili beharrean. Ea hedabideek noiz dioten "el conflicto chileno", "el conflicto colono", "el conflicto de los ladrones de tierras", "el problema español"... edo antzekorik. Herri zapaldu bakoitzaren izenaren atzean egunero pairatzen duten (eta Ameriketan gure Europan baino askoz gehiago) giza aurpegiak daudelako, eta haiek, gatazka edo arazoa barik, irtenbidea direlako.
Marichiweu!
(Matias Catrileo, Estatuak hildako gazte maputxe anarkista).
Txileko lehendakariak urtea ixteko hitzaldia ematen duen bitartean, hemen ere kapitalismo suntsitzailearen aurka egingo dut greba. Berdin dit hitzaldia nork ematen duen, hemen eta han demokrazia burgesa gure aurka jaio zen, pribilegiatu gutxi batzuen eskubideak babesteko. Argi geratu da azken urteotan, inoiz baino gehiago, salbatu beharrekoak langileak ez, banku ahalguztidunak zirenean. Krisiaren eragileak salbatu behar zirenean. Orduan munduko "demokraziek" ez dute diru faltarik izan haiei laguntzeko. Jakina, demokrazia burgesaren oinarria dira bankuak, benetako jabeak. Alderdi politikoak, parlamentuak, poliziak, epaileak... haiek defendatzeko tresna hutsak baino ez dira.
Gaur, beraz, greba orokorra, eta hobe grebak sistema osoa hankaz gora utzi arte balirau, egun bakarreko borroka eguna izan barik. Baina ahaztu barik greba kapitalaren aurkakoa eta langile eta langabetu guztien aldekoa dela, zein ere duten herria, kolorearen azala edo hizkuntza. Ez dezagun ahaztu, krisialdiak krisialdi, Euskal Herria oraindik ere herri pribilegiatua dela, eta Europa osoa legez, zapalduta bizi diren herrien odoletik edaten duela egunero bere bizi kalitateari eusteko. Batzuentzat krisialdiak erosotasun galera apur bat ekarri duen bitartean, oraindik ikusezin ditugun benetako txiroak, egunero zer jan ez daukatenak, gure lehen munduko transnazionalek gure azoka oparoetan saltzeko daukaten guztia lapurtzen dieten horiek egunero, urtero bizi dira krisialdian. Borroka ez dadila geurekoia izan, pribilegio batzuei eustearen aldekoa. Egin dezagun borroka borrokatzeko indarrik ez kultura nahikorik ez daukatenen alde ere, egunero, krisialdiaren barruan zein krisialditik at.
Orain dela mende bateko anarkistek, Malatestak eta Kropotkinek, besteak beste, argi adierazi zuten maiz, oraindik ere, eta tamalez, jendeak kontrakoa sinistu arren (horrela sinisteko hezten gaituzte, ezta?): legeak konpondu nahi dituen kalteak baino handiagoak sortzen ditu. Horixe da legeak kanabisa dela-eta dakarkiguna. Mendeetan gizarte askotan gurean ardoa bezain arrunta eta kalte txikiagoak sortu dituen landareak zorte txarra dauka gure demokrazietan... Hemen adibide ezin argigarriagoa.
Orain dela hil batzuk nire anarkismotik datozen ideia batzuk plazaratzeko sail bati ekin nion. Azken boladan ez nabil oso inspiratuta, baina hasiera hartan ekonomia-politika-gizartea katetik abiatu nintzen (kontrako ordenan orduko izenburuan, helburua gizartea aldatzea delako; baina praktikari begira, daukagun gizartea politikak eman digunez, eta politika bera sistema ekonomiko jakin bati eusteko tresna baino ez denez, gizarte berrira iristeko sistema ekonomikoari begiratu behar diogu lehen, eta hura da deuseztatu beharreko lehenengo helburua), eta katearen lehen begi horri helduko diot, horretarako, gure sistema demokratiko-konstituzionalen euskarri nagusia, zerga sistema, alegia, zalantza jartzeko. Geu garelako zapaltzen gaituen sistema politikoari sostengu ekonomikoa ematen diogunak.
Nagi jarraitzen dudanez, ederto azaltzen duen artikulu baterako esteka utziko dizuet, oraingoan ere artikulua gazteleraz badago ere. Badago artikulu horretako proposamenetatik zer atera. On gein!
Ez dut nik hobeto azalduko, eta oraindik erritmo falta daukat, beraz, esteka utziko dizuet gazteleraz irakur dezazuen. Ez dator txarto komunikabideei egunero saltzen dizkiguten gezur interesatuek ezkutatzen digutena ezagutzeko ardura apur bat izatea... Komunikabideak gezurraren paradisua izan dira arma politiko eta ekonomiko izan direnetik, hots, betidanik. Horretaz hurrengon batean jardungo dut.
Horixe da Israel, mendebaldeko kontzientzia txarrak judutarrak bere gainetik kentzeko sortutako herri artifiziala. Herria beti izan da Palestina, eta hala behar luke egun ere. Palestinan musulmanak eta judutarrak bizi ziren lehen ere, neba-arrebak ziren, gatazkarik gabeak. Europa eta AEBtik iritsitako judutarrek, zapaltzen zuten lur "berriaz" ezer ez zekitenek, Estatu berria sortu zuten, erlijio bakar baten izenean. Munduan ez dago horrela sortu den beste Estaturik. Bertan bizi zirenen artean sarraskia eraginez, urrundik, ezjakintasunetik iritsiak, bertakoak zokoratuz, akabatuz, txikituz. Hara iritsitakoen kulturak, historiak, izaerak ez dauka zerikusirik bertan bizi ziren palestinar judutar eta musulmanenekin, ez zuten hangoen historia ulertzen, europarrak eta estatubatuarrak ziren, besterik ez. Ez da inoiz Israelik izan XX. mendea arte. Palestina da eta Palestina izango da. "Israeldarrek" ez dute bonbaz eta tiroz egia aldatuko, ezabatuko, akabatuko. Mendebaldeko botereek hala nahi badute ere.
Estatu guztiek desagertu behar dute, baina israeldarrak ez zuen sekula izan behar.
Gobernuek, estatuek, konkistatzaileek eta borrero mota guztiek aspalditik erabili dituzte drogak etsaia, arriskutsua izan daitekeena, matxinoa... kontrolatzeko eta kontzientziak lokartzeko. Hala egiten zuten kolonoek indigenei kalitaterik txarreneko alkohola helarazten zietenean, haien gazteen artean (gazteak izan baitira beti arriskutsuenak, moldakaitzenak) alkoholismoa hedatuz. Horrela egin dute Euskal Herrian poliziaren bidez heroina zabalduz, batez ere 80. hamarkadan, eta orain droga sintetikoak eta bestelakoak. Drogen mende daudenak droga horiek kontrolatzen dituztenen mende daude.
Argentinan sistemaren arma horrek "paco" du izena. Kokainaren azken hondakina da, keroseno bezalako substantzia batzuekin nahastua. Haurrak 7-8 urterekin hasten dira kontsumitzen, ohikoa da auzo baztertu eta txirotuetako 12-14 urtekoak hari itsatsita ikustea..., eta 6 hilabete kontsumitzen nahikoa izan daiteke hiltzeko, organismoa guztiz suntsitzen baitu. Pacozaleen bizi itxaropena urte bikoa izaten da.
Biztanleen sektorerik txiroenek hartzen dutela ziurtatzeko, haren prezioa barregarria da. Peso 2 (1€ = 4,40 peso inguru) izatea nahikoa da holako bidaia batean sartzeko. Sortzen dituen ondorioek 5 minutuan behin kontsumitzera daramate. Eta ez dago haren kontsumoaren edo salmenten gaineko batere kontrolik.
Denok dakigunez, holako mendetasunek, txirotasun eta bazterkeriari lotuta, lapurretetara eroan ohi dute, are bortxakeriarik handienera dosi batzuetarako dirua lortzeko, bidaiaren ondorengo infernu psikikoari ihes egiteko etsipenak gidatuta. Eta hortxe dago sistemaren, gobernuaren interesa, hain zuzen ere. Hori da, behintzat, Buenos Airesen egunero bizi den kanpaina: segurtasun falta, herritar "zintzoen" arteko izua, psikosia.
Hona iritsi ginenetik konturatu ginen Argentinako telebistek gai nagusia daukatela: Buenos Aireseko segurtasun falta. Albistegietan nekez ikusiko duzu atzerrik albisterik, baina Buenos Aires ez den beste inongo albisteak ikustea ere zaila da. Argentina, telebistarentzat, Buenos Aires da. Ordubeteko albistegia ikusi eta, Maradonari buruzko edo munduko krisialdi ekonomiaren gaineko berriren bat kenduta, beste guztia politikariei egindako elkarrizketa aspergarri eta amaigabeak edo, batez ere, gertatutako azken "krimenei" buruzko albisteak dira. Kolektibo (autobus) bati eraso egin diotela Palermon (aberatsen auzoan, zelan da posible!), Recoletan (auzorik pijoena!) bortxatzaile bat dabilela eta denak izututa daudela... Telebista ikusita ematen du munduko hiririk arriskutsuenean bizi zarela. Etxean itxita geratzeko gogoa pizten dizu.
Gero, kontuak atera eta, hainbeste milioi biztanle daukan hiri batean, albistegirik garrantzitsuena bada gazte drogatu batek labana atera duela kolektibo batean... Hori bada egun osoko gertaerarik lazgarriena... Horretaz hitz egin nuen lehengo egunean hemengo beste lagun euskaldun batekin. Berak eta biok aspaldian ez dugu telebistarik ikusten, are gutxiago albiste kakatsu horiek, eta gure inpresioa da hiri seguru batean bizi garela. Oinez goaz edonora, gauez ere mugitzen gara, eta ez dugu inoiz arriskurik sentitu. Badugu hemen beste ezagun bat, ordea, bera ere euskalduna, albistegiak irensten dituena, eta munduko hiririk arriskutsuenean bizi dela sentitzen duena. Arriskua ez du kalean ikusi, telebistan baizik. Argi eta garbi, izua zabaltzeko kanpaina baten aurrean gaude, atso eta agure izutuek segurtasun gehiago eska dezaten, kexa daitezen, gaizkileen aurkako amorrua erakuts dezaten.
Buenos Airesen Macri eskuindarra da gobernadorea. Kasualitatez, beste basakeria batzuen artean (plan inmobiliarioen mesedetan gizarte zerbitzuak ematen dituzten erakundeen eraikinak, psikiatrikoren bat... botatzea, besteak beste), haren azken plan nagusia Buenos Airesen polizia talde berria sortzea da, "policía de proximidad" esaten dio berak. Hil hauetan trebatzen ei dihardute, urte berriarekin batera hemengo kaleetan zabaltzen hasteko. Dagoeneko poliziak nonahi ikusten diren hiri batean, beste polizia bat!
Ez da proiektu izar bakarra. Bestea kartzelaratzeko adina jaistea da. "Kriminalak" gero eta gazteagoak direnez, hara Estatuaren erantzuna. Zertarako bilatu gazte horientzako etorkizunik? Ez da hori nahi dena, ez. Pacoak hiltzen ez dituenak... kartzelara! Horrela borobila ixten da txiroen artean. Adin penala laster jaitsiko ei dute. Hori da, behintzat, asmoa, telebistaren bidez saltzen den irtenbidea. Hori da gaztetxo, haur txiroentzat prestatzen duten irtenbidea. Hori da sistema kapitalista gizajalearen betiko formula. Orain haurren txanda da. Zertarako itxaron 18 urte bete arte, askoz lehenago eduki ahal badituzu horma eta alanbre-hesiek ondo inguratuta?
Eta orduan hasten zara ulertzen pacozale gizajoak aldez aurretik neurtutako joko zikin, krudel eta faxista baten pieza ziztrinak baino ez direla. Beharrezko aliatua hirian segurtasun falta sentiarazteko, jendea kezkatzeko, izutzeko... Abantaila handi batekin: zure aliatu koitadu horiek txiroak dira, auzo baztertuetakoak, eta urte gutxiren buruan hilko dira zeuk banatutako drogak hilda, hain zuzen ere. Pobrezia "murrizteko" beste sistema mota bat?
"Zoritxarrez", drogek ez dute mugarik ezagutzen, eta klase ertaineko gazteen artean ere hasi da paco zorionekoa ziztuan zabaltzen. Agian orain familia burges "zintzo" horiek benetan kezkatzeko arrazoia daukate, haien seme-alabak izango direlako laster hiltzen (eta beharbada lehenago lapurtzen) hasiko direnak.
Badakigu gizarte desberdintasunak borrokatzeko zein arma darabilten Estatuek: kriminalizazioa, drogak eta errepresioa. "Borondate oneko" herritarren laguntzarekin, behin telebistak buruak garbitzeko lana eginda.
Batzuetan isolatuak agertzen diren gertaera asko, haien protagonistek jakin gabe ere, elkarri lotuta daude. Beharbada horrelako zerbait ari da gertatzen orain munduko leku askotan, eta Grezian poliziak tiroz hil duen 16 urteko anarkistaren hilketa del-eta munduan gaztearekiko elkartasunez gertatzen ari diren protestak aspaldiko zurrumurru isilen esnatze ozena baino ez dira.
Kapitalismoa ahul dagoen honetan jo, kolpatu, borrokatu behar da.
Hemendik nire elkartasuna hildako gaztearekin eta Greziako anarkista guztiekin.
Orri birtual hauetan irakurle birtualei eskaini gura dizkiedan nire barne munduaren, ezinegonen, amorru eta pozen zatiak agertzen doaz. Agian sabelari lotutako ataltxo bat gehitu beharko diot egunen batean, lapikoen bitartez ere zer esan asko egon baitaiteke. Hemengoengatik ziztadaren bat edo beste sentitzen baduzu, ondo nabilela esan nahiko du. Nahaste honetatik ezer argirik ateratzen baduzu, ni baino hobeto ibiliko zara.