Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/07/26 21:57:03.607 GMT+2

Batasuna eta autonomia

(Castellano)

Mugimendu libertarioen baitan ia anarkismoa bera bezain zaharra den eta mugarik errespetatzen ez duen eztabaida bat dago, batasunaren bilaketaren eta banakako eta taldeko askatasun eta autonomia premia osasuntsuaren arteko etengabeko tentsio bat. Ez da nire asmoa formula magikorik ematea, baina hemen agian ekarpenen bat egin dezaketen hausnarketa batzuk utzi nahi ditut. Kasurik txarrenean idatzi edo esaten den beste gauza asko legez hemen ahaztuta geldituko dira. Beren-beregi norbaitek Txile deitzea erabaki zuen lur zati luze honetan mugimendu libertarioek bizi duten unea buruan daukadala idatzi dut, baina seguruenik munduko beste edozein tokitako anarkistek eta libertarioek ere ulertu ahalko dute.

Horretara bultzatu nauen zio nagusia berezkoa bezain osasungarri eta aberasgarria behar lukeen anarkismoaren ikuspegi desberdinen arteko eztabaidak batzuetan hartzen duen deskalifikazio maila da. Gauzatzen ditugun ekintza, logika, taktika, estrategia eta abarri buruz pentsatzen dugunean ez dakit erdietsi beharreko xede bat, emaitza bat edo gutxienez noranzko jakin bateko aurrerapenen bat buruan daukagula egiten dugun. Horrela bada, eta hori litzateke logikoena, beti eduki behar genuke gogoan benetako garrantzia daukana nahi dugun xede hori dela eta ez xede hori lortzearren darabilgun ekintza, logika, taktika edo estrategia bera. Horrela, bigarrenak, ekintzak, taktikak , aldiro ebaluatua, birpentsatua, lagaezintzat, dogmatzat, helburutzat ez jotzera irekita egon behar luke beti. Hortaz, aldaketetara zabalik egon behar luke, denboran estrategia horren bidez lortutako emaitza nahi genuena ez balitz, xedera batere hurbilduko ez bagintu edo are hartatik urrundu edo ezinbestean geldiarazten gaituela ikusiko bagenu. Edonola ere, horrek gutxienez malgutasun handiagoa eman behar liguke teorikoki xede bera bilatzen duten beste talde batzuen ekintzak edo estrategiak baloratzerakoan (eta horixe egin behar genuke, baloratu, epaitu barik, horretarako teorikoki desagerrarazi nahi dugun estamentu bat baitago); izan ere, ulertuko genuke guk geure metodoekin egiten dugun berbera egiten dutela haiek ere eurenekin, dena dagoela kritika eraikitzailera eta, batez ere, autokritikara zabalik, metodoan ez dagoela ezer absoluturik eta estrategiak praktika zehatzean eta denboran baino ez direla egoki edo desegoki agertzen, ez aldez aurretik idatzitako paper edo gidaliburu batean. Metodo batzuk egoera egoki batean erabilgarriak izan daitezkeela eta beste batzuetan, ordea, aurrera baino gehiago atzera eragin dezaketela, oztopoa izan.

Libertario ororen ametsa, gutxi gorabehera eskematikoki esanda, autoritaterik ezean, elkarrekiko laguntzan, kontsentsuan eta horizontaltasunean oinarritutako gizarte errotik desberdina bada, zaila da pentsatzea amets horretarantz  goazela lubaki berean daudenak, beste logika bat erabilita teorikoki xede bera dutenak, gupidagabe iraintzen ditugunean. Gure artean horrela jokatzen badugu, anarkisten arteko adostasuna hain zaila bada, zelan pentsa dezakegu etorkizuneko gizartean egun beste muturreko parametroen arabera bizi direnak gurekin ezer adosteko gai izango direla? Bihotzean daroagun gizarte hori bihotz horretatik bertatik eraiki behar dugu egunero, geure baitan bizi behar dugu. Horrela baino ez da posible bihurtuko eta besteentzat sinesgarria izango. Eta inork ez beza hemen uler nik neuk metodo guztiak, logikak denak, estrategiak oro ontzat ematen ditudanik. Nik ez dut uste helburuak bitartekoak zuritzen dituenik. Baina ez deritzot honi ez lekua ez unea neure jarrera finkatzeko. Nork bere praxiari eta haren emaitzei buruzko gogoeta egin eta horren arabera jokatu behar du, oso urrun nago asmatzeko edo okertzeko, egunero bere burua berrausnartzeko, bere hausnarketaren, ideiak, bizitza eta ekintza sentitzeko moduak ontzearen arabera bide bat edo bestea hartzeko eskubide berbera daukan inoren epaile sentitzetik.

Hori dena esanda, noan itzulinguru gehiagorik gabe heldu gura nion gaira: batasuna eta autonomia. Betiko arazo horri bueltak emanda, nire ikuspuntutik akats ohikoenetako bat gaia aurkakoen arteko kontutzat hartzea da. Batasunak autonomia ezeztatzen duela edo autonomiak batasuna galarazten duela pentsatzea. Uste dut bizi garen unean, bai Latinoamerikan bai Europan, errealitateek oso urrunak eman arren, batasuna inoiz baino beharrezkoagoa dela, hainbat zio direla-eta. Lehenengoa, mendeetan menderatu gaituen ekonomia, politika eta gizarte sistema betiko konorterik gabe utz litekeen une historikoaren aurrean gaudela, eta zaila dela hori zentzu bateraturik gabeko ekintza isolatuen bidez  lortzea, batez ere helburu eta proposamen argirik gabe. Baina, batasun hori autonomia, askatasuna, banakako edo taldeko bat-batekotasun osasungarria giltzaperatzearen truke? Ez dut uste hori hain beharrezkoa denik eta, izan ere, horri txirotzea, anarkismoaren oinarriari berari uko egitea neritzoke.

Kontua da posible dela zentzu bietan jokatzea. Uste dut argi eta garbi direla beharrezkoak koordinazioa, elkar ulertzea eta elkarrekiko laguntza, norabide bateratua; eta, horretarako, langile, ikasle, langabetu, ekologista, emakume (nik neuk emakumea gizonarekiko benetako berdintasunean behin betiko kokatuko duen borrokari premiazkoenetakoa deritzot), okupa, jatorrizko herri eta menderatuta edo borrokan diharduten giza talde edo sektore ororen arteko bestelako giza, lan, familia, auzo, bizi harremanak amesten ditugun guztion arteko ekintza, taktika eta estrategia bateratuak; hausnarketa bateraturako, kontsentsurako eta indar batzeko esparru bat, guztion artean borroka beharrezkoa den, gizartea, ekonomia eta politika interesdunentzat eurentzat, herriarentzat, bizitzako benetako aktoreentzat berreskuratzea ezinbestekoa den arlo guzti-guztietan aurrera eragiteko. Horretarako, nire hausnarketaren arabera, aurrerapen handia litzateke nortasun ezaugarri bateratuen peko esparru bateratua izatea (nolabait esateko, izen eta nortasun ezaugarri bateratuak, "marka" bat); nahi duten erakunde, kidetasun talde, elkarte edo banako guztientzako aterkia izan liteke eta haren izenean, guztien artean adostutako helburu zehatzen bila eta denok finkatutako norabidean, bertan sartzen diren guztiek bere egingo lituzketen ekintzak baino ez lirateke egingo. Halaber, logikoa litzateke borroka esparru bakoitzean zuzenean eragiten dien eta arazo zehatzak eta eremu horretan egokia edo kaltegarria izan daitekeena sakonago ezagutzen dituzten taldeen ahotsa nagusitzea. Zaila da Zuzenbideko ikasle batek metalgintzako langile batek baino hobeto ezagutzea metalgintzan komeni den estrategia, eta alderantziz, adibide bat jartzearren, baina seguruenik biek eman diezazkiokete ideia erabilgarriak elkarri, nork bere jakintzatik.

Aldi berean, erakunde, kidetasun talde, elkarte edo banako bakoitzak autonomoki, bere izenean eta multzo bateratu horren estaldurarik gabe jokatzeko eskubidea gordetzeko aukera izan behar luke, adostasun horretan sartzen ez diren eremuetan edo metodoen bidez. Aske eta autonomiaz jokatzeko eskubidea ez ezik, zenbait arrazoi direla-eta zabaldu behar ez direla uste den ekintzen edo estrategien berri ez emateko eskubidea ere bai. Jakina, ekintza, estrategia edo logika autonomoak kritikatzeko esparruak ere beti geratu behar luke zabalik, guztiei onurak edo oztopoak sortzen dizkienari buruz etengabe eztabaidatzea, xedeari begira eta ez bitartekoak xedetzat hartuta betiere, ezinbestekoa baita beti eta inork, norberaren jardueraren kilikak eta batez ere maiz elikatzen den egoak, inkontzienteki bada ere, jarduera batzuek ematen duten protagonismoa dela-eta, itsututa, zerumuga bistatik ez galtzen laguntzen baitu.

Koska honakoa da: nork hartuko du ardura egun hain sakabanatuta eta sarritan elkarri bizkarra ematen dioten borroketan murgilduta dauden erakunde, elkarte, kidetasun talde eta banakoei batasun horretara deitzeko? Borondatea egonda dena lor daiteke.

Nork: asel.2010/07/26 21:57:03.607 GMT+2
Etiketak: batasuna gandorra anarkismoa autonomia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/07/15 16:01:16.403 GMT+2

Elkarrizketa adierazgarria

Lehengo egunean, larunbatean, Txilen banderari zin egiteko eguna izan zen. Hori dela-eta, Temuko militarrez jantzitako gaztez beteta aurkitu genuen. Halako batean, Uruguai-Alemania partida ikusi eta pizza bat janda etxerantz gindoazela, eskailera mekanikoetan, Vanek eta biok honako elkarrizketa adierazgarria entzuteko parada izan genuen.

Neskak: Baina zuri aberriak zer eman dizu?
Miliko gazteak: Ezer ez, niri hiltzea gustatzen zait.
Neskak: Baina zer diozu.
Miliko gazteak: Bai, hiltzea gustatzen zait eta aberriagatik edonor hilko nuke.
Neskak: Imajina Argentinarekin daukagula gerra.
Miliko gazteak: Lehengusuak dauzkat Argentinan, eta? Bost axola, gustura hilko nituzke.

Horiek bide dira armadek orok gazte "sutsuei" irakatsitako balioak eta holako psikopatak dira sekta horietan aterpea aurkitzen dutenak...

Nork: asel.2010/07/15 16:01:16.403 GMT+2
Etiketak: armada antimilitarismoa gandorra | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

2010/07/15 15:47:04.971 GMT+2

Denok Kubari begira, eta orduan Txilen...

Azken egunotan telebistan behin eta berriz entzuten dugu Kubak askatu dituen preso politikoei buruz. Dena Fariñasek egindako gose greba luzeari esker. Eta orduan hemen bertan, Txilen, denek ulertzen dute Kubako gobernua gupidagabea izan dela eta komunikabide guztiek txalotzen dituzte askatutako disidenteen berbak. Eta orduan Txilen...

Orduan, nazioartean Txile deritzoten lur zati honetan, astelehenean, uztailak 12, kartzeletan dauden preso politiko maputxe guztiek gose grebari ekitea erabaki zuten. Eta horretan dihardute oraintxe bertan. Haien eskaerak,entzun dudanagatik, hiru dira: preso politiko maputxeei lege antiterrorista ez ezartzea, bidezko prozesuak izatea eta preso politiko maputxeak askatzea. Eta azken muturreraino eramateko prest agertu dira. Are gehiago, Estatuaren aldetik erantzunik ez dagoela ikusiz gero, egarri goseari ere ekingo diotela agindu dute.

Momentuz, ordea, Txileko komunikabideetan bertan euren herrikide behar luketenen aldarriak eta erabakiak Kuba urrunean gertatutakoak baino oihartzun askoz txikiagoa izan du. Zer oihartzun edukiko du munduan, komunikabide otzan guztiak Madrilen zazpi preso ohik esaten dituztenei baino ez badituzte belarriak eta lumak adi?

(Informazio osoagoa hemen)

Nork: asel.2010/07/15 15:47:04.971 GMT+2
Etiketak: gandorra txile greba gose maputxeak errepresioa | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2010/07/07 23:00:49.842 GMT+2

Berriz ere...

Kartela iazkoa da eta gainera lehenago erabili dut, baina hala ere...

Nork: asel.2010/07/07 23:00:49.842 GMT+2
Etiketak: sanferminak gandorra zezenketak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/07/06 15:11:01.756 GMT+2

I don't need Spain

Ez Espainiarik ez inongo Estaturik. Herritarrok behetik gure desiren eta gure mundu ikuskeraren arabera eraikitako harreman sare horizontala baino ez.


Nork: asel.2010/07/06 15:11:01.756 GMT+2
Etiketak: gandorra anarkia spain | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/06/28 15:25:42.709 GMT+2

E29 Greba Orokorra

Biharko deialdi zabalarekin bat eginez, greba orokorra! Ea borrokaren lehen urratsa baino ez den eta aurrerantzean kapitalismoa porrotera eramateko ekimenak ugaltzen diren.

Hona grebari buruz argitaratutako batzuk:

Indymedia Euskal Herriak:

Datorren ekainaren 29an, ELA, LAB, STE-EILAS, ESK, HIRU CGT-LKN eta CCOO sindikatuek, Euskal Herriko herri ekimen ugarik eta ezkerreko alderdi politiko batzuk greba orokorrerako deialdia egin dute. Arrazoiak nabariak dira: langabetu, langile eta ikasleen aldetik erantzun bat aurkeztearen ezinbestekotasuna eta krisi ekonomiko honen erdian bankuei emandako laguntzak, kaleratzeak eta ERE-en aurrean irtenbide bakarra mobilizazioa eta elkartasuna direla agerraraztea, hain zuzen.

Aurreko greba orokorrean egin zen legez, oraingoan ere zenbait hedabide alternatibok jarraipen eta estaldura berezi eta zuzena egingo diote ekainaren 29ko jardunaldi honi. Minutuz minutu greba egunean zehar sortutako berriak jarraitu ahal izango dira greba.euskalherrian.info gunearen bidez. Hainbat izango dira estaldura jarraitzeko bideak. Telebista streaming-aren bitartez, adibidez, edo sakeleko telefonoen bitartez, twitterren... Honez gain, albisteak, bideoak, argazkiak ere eskuragai daude dagoeneko aurrekari legez gune honetan. IndyEHtik ekainaren 29ko estaldura mediatiko proposamen honetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Astelehenean 22.00tan ekimen honetako kideek koordinazio bilera birtuala eta irekia burutuko dute hemen .

CNTk:

CNTk ekainaren 29ko greba orokorra deiarekin bat egiten dugu eta langileriari greba egun honetan parte hartzeko deia egiten diogu.

Oso kritikoak gara Greba deialdi hau oso berandu egin du eta. Kontutan hartzen badugu iazko maiatzaren 21eko greba egunetik hona ez da ezer serioa egin nahiz eta guztiok jakiten genuen Gobernuak Lan-erreforma prestatzen ari zela. Gobernu eta Patronalaren aurrean oso zaia da postura indartsu batekin agertzea hau guztia kontutan hartu izan gabe.

Hala ere, uste dugu Greba deialdia ezin dela geratu langileon soldata galera batean, etsipena eta zatiketa sortzen. Aitzitik, gure asmoa da mobilizazio batzuen hasiera baino ez dela izando. Lan-erreforma gelditu eta atzera botatzeko eta benetan krisiaren eragin dutenek ordain ditzaten.

Aurretik esandakoagatik prestatzen ari garen ekintzetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu:

- Manifestaldi-Mitina Barakaldon ekainaren 29an 12:00 etan irteera Bide-Oneratik.

- Manifestaldi-Mitina Bilbon ekainaren 29an 19:00 etan irteera Arriagatik

CGTk:


Kapitalismoa birsortua izan da jadanik, politikari eta kapitalisten trebeziaz gain, nor bere banakako ongizate eta kontsumo mailari atxikiegia dagoen langileriaren moteltasunari esker. Gaur egun, artzen diren erabakiak adiera bakarrekoak eta erantzunezinekoak dira hemen eta Grezian. Produktibista, lehiatsua eta ezberdintasunen eta eskubideen murrizpenen sortzailea den merkatu globalaren beharrak agintzen du.

Krisia, iristea utzi diogun lekuan dugu. Bi urte luze hauetan banka eta enpresendako lotsagabeko laguntzak, langabezi maila izugarria eta txirotasun eta bazterketa sozialaren gorakadek ez dira aski izan erantzun sendo eta zabal bat eman izateko.

Ziurrenik, krisiaren bilakaeran eraginik izateko unerik aproposena atzean utzi genuen; hura non kapitalismoa arazo ekonomiko, sozial eta ekologikoen sortzailetzat auzitan zegoenean, prozesu guzti honen hastapenetan. Ala eta guztiz ere, guztiongan eragina duten murrizpen goriak ematen ari diren garai hauetan, bakar bakarrik, galdutako eremuaren ahal dugun zatia berreskuratzeko aukera besterik ez zaigu geratzen. Horrexegatik, E29ko Greba Orokorrerako deialdia, jatuntasun neoliberalaren aurrerapausoak gelditzeko aukera ematen digu. Greba baten deialdiak dakarren ardura eta eraginkortasun nahiaren haurrean aintzat hartu behar da ez egitearen ardura eta eraginkortasuna. Arriskuari eutsiz, erantzuna lehen bai lehen eman behar dela uste dugu. Denboran, borrokatu nahi ditugun neurrietatik ahalik eta hurbiltasun handienarekin. Guzti honengatik LKNk ekainak 29rekin Greba Orokorrerako deia luzatzen du eta parte hartzera animatzen zaituzte.

LKNren apustua, geroz eta handiagoa izan beharko litzatekeen mobilizazio dinamikoaren aldekoa da, ala nola ordena mundial eta gizarte eredu arras ezberdin baten aldekoa. Hauexek dira E29an Greba Orokorrera eramango gaituzten arrazoien ildoak:

- Murrizpenak gelditu: doitze plana, lan erreforma, pentsioak...

- Antikapitalista, birbanatzaile eta desarrollismoaren aurkako neurriak: gastu militarraren murrizpena, errenta altuenak zergapetu, AHT proiektua gelditu...

- Lana eta baliabideen banaketaren alde: Gure gizartearen baitan eta munduko herri ezberdinen artean. Kontsumo ahalmena galtzeko prest gaude aberastasunaren banaketaren alde. Aberastasuna kolektibitatean, parte-hartzean, autogestioan aurkituko dugu. Soldata sorta murriztu beharra dago, lanaldia, jaiegunetako lana, ordu estrak desagerrarazi, enpleguaniztasuna...

- Berdintasun eta zuzentasunezko gizarte baten alde: non emakumeak, etorkinak eta gazteak sistemaren kalteak diren langabezia, ezegonkortasuna eta diskriminazioa ez dituzte pairatuko.

KALERA IRTETZEKO GARAIA DA, GREBA OROKORRA
E29, MITINA ETA MANIFESTALDIA.
11tan VINCULO PLAZAN. IRUÑEA.

Nork: asel.2010/06/28 15:25:42.709 GMT+2
Etiketak: gandorra greba orokorra | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/06/10 00:27:39.090 GMT+2

Londres kartoizkoa da, Unairen literatura benetakoa



Gustatzen zaizkidan liburuen artean mailak daude. Batzuek entretenitu egiten naute, beste batzuek azkar irenstera bultzatzen naute eta, gehien gozatzen ditudanek, idazteko premia gorria eragiten didate. Azken boladan hiru dira azken emaitza desiratu hori lortu duten idazleak: Benedetti, Vila-Matas eta, kronologikoki azkena baina ez gutxien erdietsi duena, Unai Elorriaga. Liburu guztiek ez baitaukate burua zirikatzeko ahalmen bera eta niretzat gozamen literarioaren gailurra horixe baita: irakurtzen ari naizenak besaulkitik altxatu eta nire eleberrira itzultzeko deia egiten didala sentitzea. Literaturaren plazer betea. Oraindik daukat ahosabaiari itsatsita Londres kartoizkoa da eleberri zoragarriak utzi didan sentipen gozoa.

Badakit Unai Elorriagaren aurreko lanek kritika zorrotzak jaso dituztena, eta hori bezain ondo dakit nik haiekin guztiekin gozatu nuena. Zer nahi duzue, Unaik haietan lortu zuen estilo edo "zigilu" propioak disfrutarazten zidan, batzuek su-artifizialak deitutako horiek eurek. Baina egia da azken lan honetan horiek denak guztiz gainditu eta lan borobila lortu duela. Batez ere ideietan eta argudioetan besteetan falta zitekeen sendotasuna lortu duelako Bere buruari leial izanda bere burua berrasmatzeko gai izan da, berez meritu handikoa dena.

Oraingoan ildo nagusia, gaia, istorioak argiagoak dira, eta oroitzapenetan atzera eta aurrera egiteko hariak oso ondo lotuak. Errealitate gordinean murgildu da, diktadura orok uzten duen aztarna odoltsu eta eroan, pertsonaia eta xehetasun bitxiak, biziak, bereziak atzean utzi gabe. Iluntasunean barneratu da bere begiradan eduki ohi duen argitasuna galdu gabe. Eta hari guztiak maisuki lotu ditu, amaiera aldeko ezusteko bueltaraino. Jakina, buelta hori zertan datzan ez dut hemen biluztuko.

Argi dago lan honetarako Unai iturri psikologikoetan erruz edan duela, eta horrek ere bere fruituak eman dizkiola. Baina ezagutza psikologikoak ez du batere trabarik egiten, berezkotasun osoz xurgatu du istorioak eta leku erabat naturala eman dio.

Agian diktaduren gordina biluzterakoan alderdi psikologiko eta psikiatrikoetan oinarritzeak ezkutatuta utzi ditu alderdi ideologiko eta ekonomikoak, diktadurek orok zein interes ekonomikoren alde egin duten, alegia, eta diktadura horiek itxuraz amaitzerakoan zer oinordetza ezabaezina utzi dioten gizarteari (diktadura guztiek utzi ohi dutelako ondoren, diktadura bera beharrezkoa ez denean, bere eginkizuna ondo beteta geratu denean, iraungo duen ordena "lotuta eta ondo lotuta", Estatuek eurek ezin dutelako euren buruaz beste egin, diktadurak benetan eta erabat atzean uzteak eskatuko lukeen bezala). Baina horren faltan, beste gauza garrantzitsuak agertu ditu bere estilo maitagarrian bilduta: oroimen historikoaren garrantzia, diktadurek pairatu dutenengan uzten dituzten aztarna ezabaezinak, zauriak ixteko premia gorria, diktaduren egiturek dakarten soka luzea, itxuraz amaitu ostean ere, hamarkadetan dirauten beldur fisiko eta psikologikoak, egia osoa agertzeko trabak, administrazioen ezintasuna...

Indarkeriaren erabilerari ere begiratu dio Unaik eta horretan ere ondo atera da, kontua hain labainkorra izan arren. Izan ere, lerro artean indarkeria erabatekoaren aurrean beti kalte txikiagoa dakarten erantzun bortitzek dauzkaten zilegitasuna eta batzuetan eraginkortasuna bera ere suma daitezke, baina Unai bera ez da horien balekotasuna epaitzera sartu. Pertsonaiek ere ez. Erresistentzian edo disidentzian horri buruzko eztabaidak garrantzia izan duela suma daiteke, baina eztabaida itxi gabe, inoren bidea epaitu gabe gelditzen da kontua, hautu pertsonalaren esparruan. Irakurle bakoitzak indarraren erabilera ulertzeko daukan ikuspegitik interpretatzeko atea zabalik gelditzen da.

Txilen, euskarazko inguruetatik hain urrun, baneukan euskaraz horrela gozatzeko gogoa, benetan. Eskerrak poliziak abenduaren 31n bahitu zizkidan liburuak itzuli dizkidala! (Esan dudan bezala, diktadurek soka luzea dakarte eta Unairen liburua, ironikoki, holako sokaren biktima izan da hemisferio honetan). Eta eskerrak euskal literaturak Unai Elorriaga bat daukala.

Nork: asel.2010/06/10 00:27:39.090 GMT+2
Etiketak: paperak eleberria kartoizkoa londres da elorriaga unai | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2010/06/07 23:42:47.143 GMT+2

Twitter esperientzia

Gaur,  Dabidek zirikatuta, esperientzia bati ekitea erabaki dut. Martxoaren 27an, Dabidek berak eskatuta, nire twitter kontua zabaldu nuen, orduko kontzertu ederrari begira, baina harrezkero ez dut lar erabili, aitor dut. Gaur, ordea, Dabidek eleberria idazten niharduela harrapatu nau eta honako erronka bota dit (eta nik amua irentsi eta onartu egin diot!): zergatik ez duzu idazten ari zaren eleberriaren prozesuaren berri ematen twitterren? Eta horixe hasi naiz egiten: #gezurraodoletan etiketa jarri eta esaldi laburretan prozesuaren berri ematen hasi. Egun bakoitzean idatzitakoa bultzatu duen ideia, idazterakoan bilatu dudana..., eta antzeko ideia sinpleak twitterrek ematen duen karaktere mugan laburbilduta. Gaur, jakina, egunean jarri behar izan dut, baina aurrerantzean idatzitako saio bakoitzeko esalditxo bat baino ez. Esperientzia bitxia, ea zer dakarren... Dena dela, inork ez dezala pentsa esaldi horietan eleberriaren funtsa edo gertaera nagusiak argituko ditudanik, kar, kar, kar, hainbeste ez dut proiektua biluztuko :-P

Nork: asel.2010/06/07 23:42:47.143 GMT+2
Etiketak: twitter eleberria paperak odoletan gezurra | Permalink | Erantzunak (7) | Errenferentziak: (0)

2010/05/16 16:39:23.333 GMT+2

Demokrazia ordezkatzailea edo ordezkarien diktadura

Jaiotzen eta kontzientzia izaten hasten garenetik gure bizimodua baldintzatzen duen sistema demokratikoa dela barneratzeko tresna guztiak abiarazten dira. Hasteko, demokrazia gehiengoaren diktadura dela irakasten digute (jakina, diktadura hitza erabili gabe, gu erne ez jartzeko). Horrela dago egituratuta gure eskoletan guztiz alferrekoak diren klaseko ordezkariak eta azpiordezkariak hautatzeko agintzen digutenean. Hortxe hasten da botoaren mistika eta sistema ezin hobeto darabilte eskolako egiturek taldeen jokabide baldintzatu eta goitik bideratua irakasten hasteko. Irakasleei galdetuz gero, inor ez da gai oso ondo azaltzeko zein diren klaseko ordezkarien eginkizunak, are gutxiago benetako eskumenik daukaten baieztatzeko. Zelan azalduko lukete ordezkarien helburu bakarra erabakitzeko bide asanbleario eta horizontala, adostasunean oinarritutako benetako demokrazia zuzena betiko estali eta ordezkaritzaren sistema ikasleen garunetan ezartzea baino ez dela? Ikasle talde txikien neurria, hain zuzen ere, ingurune ezin hobea litzatekeelako adostasunaren, erabateko kontsentsuaren indarra, gutxiengoak baztertzen ez dituen sistema, guztien iritziak balekotzat jotzen dituen demokrazia zuzena irakasteko, baina hori ez da komeni eta goitik, irakaskuntza diseinatzen duten erakundeetatik, ordezkaritzaren sistema derrigorrezkoa dela agintzen digute. Klaseko ordezkariek, jakina, ez dute batere botererik ez eskumenik, baina ezinbesteko urratsa dira kontzientzia "demokratiko" zuzena (Estatuari komeni zaiona) finkatzen hasteko.

Telebista eta komunikabide nagusiek ere etengabeko propaganda egiten diote "demokrazia ordezkatzaileari", eta horrela, herritar gehienak sistema antidemokratiko hori benetako demokrazia modu posible eta desiragarri bakarra dela sinestera iristen dira. Alderdi politikoen, legebiltzarren, Estatuaren beraren eraso oro demokraziaren beraren aurkako erasotzat joko da, hezurretaraino barneratu den gezur handi horri jarraituz. Gezurra, "demokrazia" eta "ordezkatzaile" hitzek elkar ukatzen dutelako. Sistema bat demokratikoa da (hots, herriak berak dauka agintea) ala ordezkatzailea da (agintea dutenak ordezkariak dira, edo haiek benetan ordezkatzen dituzten interesak), baina ezinezkoa da biak batera izatea. Ordezkariek agintzen duten bitartean herriak ez dauka biderik bere izenean zer erabakitzen den hautatzeko.

Ez dut nik baino lehenago beste askok hobeto adierazi ez duten ezer berririk esango, baina hala ere ez da inoiz nahikotan errepikatuko eta begietan jarri diguten (edo, are okerragoa dena, geure buruari jartzen irakatsi diguten) oihala zenbat eta jende gehiagok kendu hobeto. Ikus dezagun, beraz, zein neurritaraino diren bateraezinak demokrazia eta ordezkaritza.

Hasteko, sistema ordezkatzailean gehiengoen logikak agintzen du. Gehiengoari gutxiengoa zapaltzeko ahalmena aitortzen zaio, gehiengo osoa baduzu ez daukazu ezer negoziatu beharrik, aurka daudenek men egitea beste aukerarik ez daukate. Hortik hasita, sistema zapaltzailea da sortzez, eta horrela erabiltzen da maiz, gainera: mendeku gisa, botoen arteko oreka aldatu eta oposizioa zenak boterea hartu bezain laster, boto kopuruak horretarako bidea emanez gero.

Bestetik, gehiengoak eta gutxiengoak erabakitzeko herri gehienetan talde nagusien mesedetarako zenbatzeko sistema erabiltzen da. Sistema horren bidez, "gobernagarritasunaren" alde, zer esan handia izan dezaketen ahotsak betiko isilarazten dira eta atzean interes ekonomikorik handienak dauzkaten alderdi politikoak loditu eta artifizialki hazarazten dira, urtez urte. Horren ondorioetako bat, herri askotan alderdi-bitasunerantz ikusten den joera gero eta nabarmenagoa da.

Baina gehiengoen logika ustel horrek ere beste gezur are latzagoa ezkutatzen du: hautatuta ateratako ordezkarien ordezkatze maila edo, bestela esanda, haien erabakien legitimitatea.
Agian, azken hauteskundeen ostean EAEn inoiz baino hobeto ulertuko dute askok, baina beti izan da hola. Zer esan Txilen, boto emateko darabilten erregistratze sistemarekin. Adibide horixe, EAEkoa, alegia, erabiliko dut zer esan nahi dudan argi ikusteko. 2009n EAEko hauteskundeetan parte-hartzea %64,26koa izan zen, abstentzioa %35,74koa, boto baliogabeak (legez kanpo utzitako alderdiari emandakoak barne) %5,38, zuriak %1,03 eta Legebiltzarrean ordezkaritzarik gabe geratutako taldeei (legeztatutako alderdiei, alegia) emandakoak %2,60. Gauzak horrela, Eusko Legebiltzarrean boto emateko eskubidea zutenen %44,75 ez daude ordezkatuta, hasteko. Bestela esanda, Eusko Legebiltzarrak boto emaile posible guztien %55,25 ordezkatzen ditu. Hori da daukan benetako ordezkatze maila. Hortik gobernu bat sortzeko "negoziazioetatik" alderdi bik osatutako "gehiengoa" atera zen, PSEk eta PPk osatuta. Bien artean balizko boto emaileen %24,55 biltzen dituzte. Alegia, EAEn botoa emateko eskubidea zuten herritar guztien %24,55en babesa duen indarra ari da agintzen, EAEn bizi diren %100entzat legeak sortzen, hezkuntza, osasun, azpiegitura, enplegu, hizkuntza... politikak oro erabakitzen. %24,55 gainera babes guztiz teorikoa da, boto emaile horiek hainbat arrazoi tarteko direla-eta erabaki baitzuten euren botoa. Batzuek programetan adierazitakoaren arabera, beste askok, besterik gabe, siglen arabera, programei behin ere erreparatu gabe.

Eta hori da sistema ordezkatzailean herriari eskatzen zaion guztia: lau urtean behin (gure kasuan) papertxo bana kutxa batean sartzea. Aurrerantzean, isildu eta "euren" ordezkatzaileek erabakitzen dutenari men egin, ordezkari horien erabakiak oro botoa eman duten unetik beretik legitimatu dituztelako. Gobernua osatzen denez gero, aurrera eramaten dena benetan programetan esandakoa balitz eta boto emaileek benetan programan agertzen diren puntu guztiekin bat datozelako eman balute euren botoa (berez kontrako ideologia izan behar luketen alderdi biren programak nekez etor daitezke bat, baina tira), gobernu horren legeek boto emaileen %24,55 ordezkatuko lituzkete. Hori kasurik onenean, idealenean. Baina denok dakigu nekez betetzen direla programetan esandakoak, boto emaileek gutxitan ezagutzen dituztela programak eta oso inuzentea izan behar dela edozein herritan benetan agintzen dutenak hautatutako politikariak direla sinesteko. Hasteko, alderdiek defendatzen dituzten interes mota desberdinak dira, herritarrengandik oso urrun daudenak (gehienetan, talde ekonomiko handienak, herritarren gogoa eta ongizatea irabaziak ekarriz gero baino aintzat hartzen ez dituztenak), alderdien erabakiak baldintzatzen dituztenak. Bestetik, alderdien euren aldeko interesak: erabaki batzuk boto emaileak "irabazteko" baino ez dira hartzen, helburua azkenean alderdia bera delako, alderdien logikak agintzen du. Hortik alderdi politikoek herritarrei zuzenean galdetzeari dioten izua, demokraziari, herriaren aginteari dioten nazka, herria gutxiesten dutelako, haren izena erabili beharrean badaude ere. Nori egiten zaio arraro gobernuei herritarren onespena izango ez duten neurriak hartu beharko dituztela entzutea? Neurri gogorrak hartu beharko dituztela, jendeak pazientzia beharko duela, herritarrei ulertzea kostatuko zaiela eta antzekoak? Hortaz, munduko gobernu ordezkatzaile (ez demokratiko) gehienetan antzeko ordezkatze maila izanda (boto emaileen %25 inguru, kasurik onenetan), ordezkaritza horren izenean sistemak barnerarazten digun "gehiengo demokratikoak" ere onartuko ez lituzkeen neurriak etengabe hartzen dira, boterea eman diegun politikari jakintsu horiek, antza, guk baino hobeto dakitelako guretzat zer den ona. Guretzat? Ala sistema ordezkatzaile horren ipuina saldu diguten enpresa handientzat? Jakina, sistema osoa bere biluzian ez uzteko, gobernuek itxurazko oreka bat gorde eta guk "nahi" ditugun neurriak ere hartzen direla sinetsarazi behar digute (hasteko, komunikabide eta bestelako talde batzuen bitartez, GKE batzuk eta sindikatuak tarteko, guk zer nahi dugun irakatsiko digute, horretarako eurek moldatutako "inkestak", bonbardaketa mediatikoak, etab. erabiliz). Horrela, euren burua feministatzat, ekologistatzat, langileen aldekotzat, segurtasunaren bermatzailetzat, txiroen defendatzailetzat... aurkeztu beharko digute, feminismoaz, ekologismoaz, langileriaz, pobreziaz, enpresaz... euren neurrirako ikuspegia sortuz gugan. Ikuspegi mugatua, inoiz enpresa handien interesak, sistema patriarkala, harreman bertikalak, sistemaren beraren muina zalantzan jarri gabe.

Sistema horren aurka jotzen duen oro bidegabea, terrorista, desorekatzailea, iraultzailea, higuingarria, antidemokratikoa... izango da.

Balizko boto emaileen %55 inguru ordezkatzen dituzten alderdiek etengabe emango diote legitimitatea sistemari, azken finean, garaile zein galtzaile, guztiek ateratzen dutelako boterearen opiletik zati mamitsu bat. Eta balizko boto emaileez hitz egiten dut, horiengandik kanpo milaka herritar geratzen direlako (hasteko, etorkin guztiak). Beraz, biztanleria osoa hartuko bagenu, legebiltzarrak osatzen dituzten alderdiek nekez ordezkatuko lituzkete euren legeak derrigorrez bete behar dituzten herritar guztien %40 eta, beraz, gobernua osatzen duten alderdiek, ozta-ozta ordezkatuko lituzkete herritar guztien %20. Hori da demokraziaren izenean atzean benetan duten indarra. Hori da sistema ordezkatzailearen legitimitatea bere biluzian. Eta hala ere, askok demokratikotzat jo eta herritarren %20ren izenean erabakitako legeak bete behar direla defendatuko dute, sutsu.

Agian, egunero eragiten eta erasotzen diguten legeen zilegitasuna benetan zein den ikusita (gu guztion %20k emandako zilegitasuna, alegia) desobedientzia zibilerako eskubidea zein ezinbestekoa den ulertuko dugu. Agian, hasiko gara ikusten zergatik den hain gogorra sistema horri aurre egiten dietenen aurkako errepresioa. Zergatik den hain garrantzitsua sistemarentzat bizi garen diktadura agerian uzten duten ahotsak isilaraztea. Sistema horrek irauteko bermea gure otzantasuna delako, gure onarpen isila. Azken batean, demokrazia ordezkatzailea ordezkarien diktadura ondo planifikatu eta mozorrotua baino ez delako. Eta errazagoa da diktadura baten aurkako erresistentzia zilegitzat jotzea ustezko demokrazia baten aurkakoa baino. Demokrazia ordezkatzailea ordezkarien interes pribatuen diktaduraren mozorroa delako. Bada garaia mozorro hori denon artean eranzteko.

Nork: asel.2010/05/16 16:39:23.333 GMT+2
Etiketak: gandorra demokrazia anarkia diktadura | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/05/14 15:57:41.687 GMT+2

V Bilbo

Oso bitxia eta erakargarria kaleak hartzeko, herriarenak direla gogorarazteko deia egiteko modua. "V de Vendetta" komiki anarkistatik hartutako irudi ezagunak misterioan biltzen du morroikeria isila apurtzeko gonbitea, eta horrek emandako mezu argia erakargarriago bihurtzen du. Ni ez naiz bihar, maiatzak 15, Bilbon egongo, baina zuetako asko bai, ezta? Berreskura dezagun kaleak erabiltzeko eskubidea! ;-)


Nork: asel.2010/05/14 15:57:41.687 GMT+2
Etiketak: bilbo gandorra adierazpen askatasuna v | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak