Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/09/04 08:34:45.898 GMT+2

Liburuari buruzko iruzkinak

Hiru hilabete dira liburua kalean dela eta esan beharra dago komunikabideek oso harrera ona egin diotela. Egia esanda, ez nuen horrelako oihartzunik izango zuenik. Hainbat komunikabide liburua argitaratu aurretik hasi ziren haren berri ematen. Argitaratu ondoren, berriz, albiste zaparrada handia izan da. Liburuari buruzko albiste eta iruzkin guztiak jasotzen saiatu naiz. Gehienak bildu ditudalakoan nago, baina badakit baten falta falta dela. Eskertuko nuke, beraz, norbaitek beste iruzkinen baten berri izanez gero, haren berri ematea. Hona hemen nik neuk bildu ditudanak:

Hamlet printzea eta Anbotoko Mari (Naroa Etxeberria, Mondraberri.com)

Shakespearen antzerki lan baten argumentua Nafarroa gertatzen da (Kepa Oliden, Diario Vasco)

Jose Felix Diaz de Tuestak bere liburua aurkeztuko du Kajoin (Naroa Etxeberria, Mondraberri.com)

Blog bat liburu baten zerbitzuan (Joxe Aranzabal, Faroa)

Pobre izanda ere, pertsona duinaren irudia izan du mendeetan euskaldunak (Jon Berezibar, Asteleheneko Goienkaria)

Euskal Herriari laudorioka (Ainara Arratibel, Berria)

Euskaldun autoestimurako liburu bat (Mikel Anso, Gara)

Euskaldunon alderik onenak, kanpotarren hitzekin kontatuak (Nerea Azurmendi, Diario Vasco)

Euskaldun Herria atzerritarren ahotan: liburua eta bloga (Sustatu)

Euskal Herria atzerritarren ahotan liburua aurkeztu dute

Liburu aurkezpena Kajoi Tabernan Kepa Oliden, Diario Vasco)

Egun zoragarria (Joxe Aranzabal, Faroa)

Donostiara behar (Mikel Irizar, Piperrautsa

Euskal Herria atzerritarren ahotan aurkeztu dute asteon (Iker Barandiaran, Ostiraleko Goienkaria)

Un viaje por lo que se ha dicho de los vascos desde la Antiguedad hasta el presente, en Euskal Herria atzerritarren ahotan (Begoña Miñaur, Euskalkultura.com)

Euskal Herriari buruz asko eta ongi hitz egin da (Edurne Begiristain, GEU aldizkaria)

Asi nos vieron (Jose Felix Diaz de Tuesta, Zazpi7ka, Gararen igandeetako aldizkaria)

Hemen ez daude Noticias de Gipuzkoan eta irratietan azaldu diren artikulu, erreportaia eta elkarrizketak. Aurrerantzean argitaratzen direnak jasotzen ahaleginduko naiz. Oraindik ere, beraz, osatzeko dago iruzkin bilduma hau.

Nork: joxefe.2006/09/04 08:34:45.898 GMT+2
Etiketak: euskal herria atzerritarren ahotan | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/05/18 09:17:07.024 GMT+2

Gaur

Gaur egun arrunta da. Pasatu dira aurkezpenak eta aurkezpen ondokoak. Normaltasunera bueltatu naiz eta, beraz, lanean segitu behar. Normaltasuna lana da-eta gurean.

Atzo ezusteko atseginak izan nituen. Komunikabide askok eman zuten liburuaren aurkezpenaren berri. Oso harrera ona izan du. Nerea Azurmendik oso artikulu polita egin zuen Diario Vascon. Mikel Ansok ia orrialde osoa eskaini zion Garan. Berriak, berriz, atzeko azala eskaini zion. Mertxe Ezeizak Euskadi Irratian eman zuen aurkezpenaren berri, astearte arratsaldean bertan. Arrasateko komunikabieak ere ondo portatu dira. Mondraberrik duela hilabete inguru artikulu polita eskaini zion liburuari; joan den astean beste albiste bat eskaini zion; azkenik, atzo aurkezpenari buruzko argazki bilduma polita jarri zuen. Goienari ere eskertu behar diot liburuari eman dion tratamendua: orrialde osoa agertu zen Asteleheneko Goienkarian, Sustatun eta Goiena.net ere agertu da. Joxe Aranzabalek Faroan asteartean eta asteazkenean eman du liburuaren berri; Mikel Irizarrek ere bai Piperreautsa blogean.

Azkeni, Euskalkultura.com-ek ere oso artikulu polita jarri du sarean euskal diasporarentzat.

Denei ere eskerrak eman nahi dizkiet.

Nork: joxefe.2006/05/18 09:17:07.024 GMT+2
Etiketak: euskal herria atzerritarren ahotan | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/05/17 09:15:24.110 GMT+2

Atzo

Atzo aurkeztu genuen liburua. Joxe Aranzabal aspaldiko lagunak eta biok aurkeztu genuen. Goizean Donostian izan ginen Koldo Mitxelena kulturuneko aretoan. Bost kazetari etorri ziren, argazkilari eta guzti, eta hainbat pertsona.

Polita izan zen aurkezpena. Joxe beti bezala: ondo eta oso profesional. Ni ere gustura gelditu nintzen neure azalpenekin. Kazetariek galderaren bat edo beste egin zuten. Bizkor bukatu genuen.

Entzutera etorri zirenen artean Mikel Irizar zegoen, Joxe Agustin Arrieta eta Imanol Miner lankideekin. Bazen euskaltegi bateko ikasle talde bat, Osakidetzako langilez osatutakoa. Tartean Joxe Aranzabalen koinata. Bestalde, argazkilari freelance bat ere etorri zen. Neska katalan gazte bat, oso atsegina, Euskal Herriari buruz argazki erreportaia bat egiten ari dena. Eta, azkenik, Enrike zegoen, hemeretzi urteko mutil bat, Down sindromea duena. Liburua erosi nahi zuen. Prezioa galdetu eta, nahikoa diru ez zuela eta, euro batean eraman zuen liburua. Saldu dudan lehen liburua.

Arratsaldean Arrasateko Kajoi Tabernan aurkeztu genuen liburua. Aurretik nerbixuak. Nerbixuek jota egon nintzen aurreko astean. Hala ere oso ondo joan zen dena. Joxe goizean baino hobeto, sutsuago eta lagunkoiago. Ni, berriz, urduri, nerbixuak kontrolatzen. Azkenean, "aditu" moduan ez lagun moduan hitz egin nien aurkezpenera etorri zirenei, "idazle" papera alde batera utzita. Gustura geratu nintzen. Jendea ere bai. Sorpresarik ere izan zen: Gasteiztik arreba, koinatua eta iloba etorri ziren. Ezusteko galanta eta sorpresa polita. Lagun batek telefonoz deitu zidan, Finlandiatik deitu ere, aurkezpenaren berri jakin nahi zuen eta. Lagunen bat edo beste bota nuen faltan. Ezin etorri baina. Ordu eta erdi inguru egin genuen han lagun artean berriketan.

Orain beste fase bati ekin behar diogu. Liburua saldu egin behar dugu.

Jose Felix Diaz de Tuesta

Nork: joxefe.2006/05/17 09:15:24.110 GMT+2
Etiketak: euskal herria atzerritarren ahotan | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

2006/05/15 12:50:07.255 GMT+2

Bihar

Bihar da liburuaren aurpezpen eguna. Dagoeneko dena prest dago liburua jende aurrean aurkezteko. Ostiralean jaso genuen inprentatik eta, lehenengo begiratuan, behintzat, itxura ona du. Azala oso adierazgarria da, kolore bizi-biziak ditu eta, gainera, originala ere bada. Barruko maketazioa ere oso erraz irakurtzeko modukoa: bai letra mota eta bai letraren tamainua ondo aukeratuak, zuriuneak, egitura...

Bestalde, dagoeneko bi elkarrizketa azaldu dira bailarako komunikabideetan: Kepa Olidedek Diario Vascon igandean argitaratutakoa bata, atzetik Mondraberri.com-ek ere argitaratu duena; bestea gaur agertu da, Asteleheneko Goienkarian. Biak ere oso ondo egindakoak.

Bihar, beraz, Donostian komunikabideentzako aurkezpena egingo dugu Joxe Aranzabalek eta biok. Arrastsaldean, berriz, Arrasateko Kajoi Tabernan lagunarteko aurkezpena izango da. Liburua argitaratu izana lagun artean ospatuko dugu.

Jose Felix Diaz de Tuesta

Nork: joxefe.2006/05/15 12:50:07.255 GMT+2
Etiketak: euskal herria atzerritarren ahotan | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/05/08 13:15:51.934 GMT+2

Euskal Herria atzerritarren ahotan

Duela bi mila urte ingurukoak dira Euskal Herriari buruz ezagutzen ditugun lehenengo testigantza idatziak. Erromako geografo eta historialariek idatzi zituzten. Geroztik ezin konta ahala testu idatzi eta argitaratu da gure herriari buruz, XIX. mendetik hona, batez ere. Horietako batzuk bildu eta argitaratuko ditut laster liburu batean. Lagin txiki bat, jakina. Izan ere, ezinezkoa litzateke Euskal Herriari buruz idatzi den guztia honelako liburu batean jasotzea. Hortaz, bada, atzerritarrek idatzitako testuak aztertzera mugatu naiz. Are gehiago, atzerritarren testuetatik Euskal Herriaren irudi baikorra jasotzen dutenak baino ez ditut erabili lan hau osatzeko. Horietatik zati batzuk aukeratu ditut eta aipuen antologia moduko bat osatu.

Zalantzan egon naiz aipuok liburu moduan argitaratu edo weg gune bat sortu. Azkenean, liburu euskarria aukeratu dut, oraindik ere testuak irakurtzeko egokiagoa iruditzen baitzait liburua. Beharbada, geroago, hemendik hilabete batzuetara sarean jarriko dut. Baina oraingoz liburua baino ez dut kaleratuko.

Liburuaren izenburuarekin ere izan ditut zalantzak. Garbi dago Euskal Herria dela liburuaren ardatza eta gaia. Liburuan jasotako autore guztiak atzerritarrak ote diren ez dakit, ordea. Hainbat oso gertukoak ditugu, etxekoak ia. Bestalde, garbi dago testuak erabili ditudala eta ez ahozko adierazpenak. Alabaina, “ahotan” aukeratu dut. Hortaz, bada, Euskal Herria atzerritarren ahotan, horixe izango da liburuaren izenburua.

Jose Felix Diaz de Tuesta

Nork: joxefe.2006/05/08 13:15:51.934 GMT+2
Etiketak: euskal herria atzerritarren ahotan | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/04/27 10:49:26.362 GMT+2

Abian da Argitan

Argitan. Horixe da gure blogaren izena. Laburra behar zuen. Laburra eta, gainera, adierazgarria. Izan ere, hori baino ez da gure asmoa: argitan jartzea esku artean ditugun proiektuak.

Duela bost urte ekin genion lanari. Hainbat proiektu aurrera atera nahi genuela eta, kultur elkarte bat sortu genuen, Arrasate Argitan Kultur Elkartea, hain zuzen ere. Jadanik bi lan argitaratu dugu: Arrasate, irudiak eta Oñati, irudiak liburuak.

Lehenengo, Arrasate, irudiak liburua egin genuen, Arrasate irudi bidez azaldu nahi genuelako. Egungo argazkiak erabili genituen, 2002 eta 2003 urteetan egindakoak, alegia. Gaur eguneko Arrasate modernoa erakutsi nahi genien Arrasatetik kanpokoei eta, batez ere, atzerritarrei. Hori dela eta, lau hizkuntzatan jarri genituen liburuko testu guztiak: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Testu gutxi, baina mamitsuak. Arrasateri buruzko liburu batean, nola ez, derrigorrezkoa zen Arrasateren gainean jardutea. Joxe Aranzabal kazetari arrasatearrak egin zuen hori. Berak egin ohi duen bezala, estilo zuzenean modu hunkigarrian idatzia. Horretaz gain, Euskal Herriaren berri ere eman nahi genuen. Lau hizkuntzatan argitaratzekoa zenez, hizkuntza horietako idazle banari bere hizkuntzan testu bana idazteko eskatu genion: Koldo Izagirrek euskarazko testua idatzi zuen; Antonio Álvarez Solísek gaztelaniazkoa; Eduardo Manet-ek frantsesezkoa; eta Selma Huxleyk ingelesezkoa. Testuokin batera, atzerritarrek Euskal Herriari buruz esandakoak jaso genituen. Testuok labur-laburrak ziren.

Bigarren lana Oñati, irudiak liburua izan zen, egitura aldetik Arrasate, irudiak liburuaren berdina, anaia. Lau hizkuntzatan beharrean, bost hizkuntzatan argitaratu genuen, katalanez idatzitako testuak ere sartu genituen eta. Oñatiri buruzko testua Idoia Etxeberriak idatzi zuen. Testu zoragarria, herri txiki bat nolakoa den oso ondo azaltzen duena. Euskal Herriari buruzko testuak bost autorek idatzi zituzten: Kirmen Uribek euskarazkoa; Juan Luis Arsuagak, gaztelaniazkoa; Miquel Desclot-ek, katalanezkoa; Alexandre de la Cerdak, frantsesezkoa; eta William Douglass-ek, ingelesezkoa. Bigarren liburu honetan ere aipuen bilduma bat sartu genuen, atzerritarrek Euskal Herriari buruz esandakoen antologia txiki bat, alegia.

Bi liburuok kaleratu ondoren, aipuon garrantziaz konturatu ginen. Izan ere, lau urtean 300 bat autore atzerritarren testuak bilduak genituen, zein baino zein interesgarriagoa. Blog honetan lan horren berri emango dugu: egin dugun testuen bildumaren berri emango dugu; noiz eta nola argitaratuko dugun; nortzuk ari garen proiektuan; ekarpenak eta informazioa jasoko dugu lana osatu ahal izateko. Zera da gure asmoa: liburu euskarrian argitaratuko dugun lana blog honetan osatuaz joan eta irakurleekin konpartitzea. Denon argitan.

Nork: joxefe.2006/04/27 10:49:26.362 GMT+2
Etiketak: atzerritarren ahotan euskal herria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak