2006ko urriaren 5ean, Elixabete Garmendiaren
gidaritzapean, Emilio Lopez Adan Beltza eta Petxo Idoyaga aritu
ziren Ardotxiri buruz eta Mentxakaren
aitorpenaliburuko beste hainbat
konturi buruz hizketan. Xabier Mendiguren editoreak aurkeztu zuen mahai-ingurua.
Azken galderaren harian, Ardotxiren haurtzaroko lagun Pello
Esnalen testigantza entzun ahal izango duzue, baita liburuan agertzen
den Iñakiren
testigantza ere.
Urte bete geroago sareratu genuen blog honetan, saiatu ginen bapateko desagertze haren ondorengoa biltzen: Ardotxiren liburua, lagunen testigantzak, hemerotekako artikuluak, argazkiak.
Bapateko galera handiaren hondarrak bildu eta hementxe jarri genituen, zuen eskura. Mezu honetan datorrena, berriz, falta zen: Mentxakaren aitorpena aurkeztu berritan, 2006an, EITBko Arratsaldekoa saioan Arantza Iturbek Rafa Egigureni egin zion elkarrizketa.
Ardotxiren adiskide mina zen eta egun preso daukaten Teresa Todaren ahotsa ere entzundezakezue bertan.
Joserra maite genuenok gogoan dugu sarri, bereziki hau bezalako egunetan. Honaino iritsi baldin bazarate, Ardotxiren oroitzapena gurekin partekatzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu gaur, galdu genuenetik bost urte bete direnean. Eta, ordezkaezinen artera joan zenez, betiko gure bihotzetan dela esan.
Gaur bi urte -2005eko martxoaren 28a- astelehena zen: Aberri Egunaren biharamuna eta Pazko bigarrena. Baina gutako batzuentzat, Joxe Ramon hil zen eguna izango da.
Joxe Ramoni zor diot neure bizitzan izandako tiragoma bakarra. Baina baita, tiragomarekin batera, eman zidan agindu hura ere:
-Txantxangorriei ez bota sekula. Txantxangorriak ez dituk hil behar...
Eta doinu misteriotsuan kontatu zidan zergatia; halako doinua baliatzen baitu hamalau urteko mutiko batek, konplizitatez, hamabi urteko bati bizitzako ezkutukoak azaltzeko. Kontatu zidan nola, Jesus gurutzean zegoela, txantxangorri bat inguratu zitzaion eta nola mokoaz kendu zion buruko arantzetako bat eta nola odol-tanta atera zitzaion Jesusi burutik eta tanta hark busti zuen txantxangorriaren paparra. Eta nola, Jainkoaren esker onez, geroztik papar gorria duten txantxangorri guztiek...
Kontalari ona zen Joxe Ramon mutikotan. Ez nuen uste, ordea, Mentxakaren aitorpena bezalako kontakizun zirraragarririk utzi behar zigunik.
Bai: Joxe Ramon Goikoetxea Ardotxi da nire mutikotako Joxe Ramon hura, iaz plazaratutako Mentxakaren aitorpena liburuaren egilea. Hor ditugu, xehe, zehatz, leial eta zintzo kontatuak, Joxe Ramonek Bilboko komisarian pasatako hamabost egunak. Hasi eta buka irakurri nuen liburua, atera berritan. Eta, ia urte erdi geroago ere, indar handiz entzuten dut tarteka liburuko zenbat pasarteren oihartzuna.
Heriotzak kenduko dizkigu adiskideak. Baina betiko gelditzen zaizkigu, han-hemengo papar gorrietan, adiskide horiek beren bizitzan ateratako arantzen aztarnak. Ez. Heriotzari ere ez dagokio azken hitza.
"Hauxe ikusiko diat", esan nuen neure artean; periodikoa itxi eta zinemara abiatu nintzen. Aukeraturiko filma, Salvador, anarkista katalanari buruzkoa. Manuel Huergaren pelikula ikusi duenak edo estatu espainiarreko historia hurbila apur bat ezagutzen duenak jakingo du Salvador Puig Antich lepoa eginda hil zutela frankistek 1974an, borreroak garrote vil delako tresnaz hildako azkena izan omen zen gainera, gorabeheraz beterik eta bermez husturik egon zen auzibide militar baten ostean.
Zinemaren ahalmenetako bat da aurpegiak ipintzen dizkiola zuk izenak baizik ez zenituen istorioari, sentipenak eransten dizkiola aurretik zeneukan datu-sorta hotzari. Horregatik da tresna indartsua, eta beharbada horrexegatik ukatzen zaigu oraindik ere euskaldunoi -Segoviako ihesa filmatu zenez geroztik, ia 30 urte dira gure historiari loturiko filmik egiteko gauza ez garela; eta okerrago, egin den apurra, sarri, etsaiaren ikuspegitik-.
Zinemaren faltan eskura dugu literatura behintzat: arte minoritarioagoa tamalez, baina merkeagoa ere bai zorionez. Film horren lehen partean gazte urduri eta sentibera baten kontzientzia hartzea kontatzen zaigu, antifrankismotik aktibismora, eta buruan jiraka zebilkidan etengabe Mentxakaren aitorpena, Ardotxiren eleberri-lekukotasuna: garai bera, kezka bertsuak, ekintzak ere antzekoak. Alderik izatekotan, Puig Antichen taldeak makarragoa ematen zuen euskaldunen aldean; ez dakit ideologia anarkistari ala mediterraneartasunari egotzi behar zaion hori... (...) Filmak film eta liburuak liburu, desberdintasunik nabarmentzekotan hauxe nagusia: katalanak beren iragana kontatzen dabiltzala, kontuak garbitzeko, eta hemen, berriz, zauriari zornea dariola oraindik. Ez dadila izan luzerako.
Urriaren 5ean, Elixabete Garmendiaren gidaritzapean, Emilio Lopez Adan Beltza eta Petxo Idoyaga aritu ziren Ardotxiri buruz eta liburuan agertzen diren beste hainbat konturi buruz hizketan. Besteak beste, honako galderak egin ziren Andoaingo mahai-inguruan:
Ardotxi, ETAren sorreraren lekuko: nola egiten da gazte bat militante?
Militantearen ernetasuna komisaldegian, torturaren aurrean
Zenbateirano da egia edo gezurra liburuan kontatzen dena?
Hementxe duzue, Txolarre Irratiari esker, galdera horien erantzunak entzuteko aukera. Azken galderaren harian, Ardotxiren haurtzaroko lagun Pello Esnalen testigantza entzun ahal izango duzue, baita liburuan agertzen den Iñakirena ere, Ardotxirekin batera 15 egun aldameneko ziegan pasatu zituen lagunaren testigantza ere.
Nobela baten aurrean gaude, eta ez historia-liburu baten aurrean. Nobela batek gerta zitekeena kontatzen du; historia-liburu batek gertatu zena. Gerta zitekeena eta gertatu dena, horra hor katearen bi aldeak. Historia-liburu bat gerta zitekeena eta nobela bat gertatu dena kontatzen hasten denean sortzen da zalantza, duda eta ezustekoa. Mentxakaren aitorpena izeneko honetan, izenburuak berak esaten duen bezala, ETAko militante baten aitorpena ageri da, baina ez dut uste zentzu moralean edo erlijiosoan hartu behar denik "aitorpen" hitza, baizik eta narratiboan.
Errealitate nobelatua zela irakurri nuen azalaren atzealdean, beste azalean, printzipalenean askorentzat. Liburua irakurri baino lehen izan zen hori, eta erabaki behar izan nuen "errealitate" edo "nobela" moduan irakurri. Ez zegoen zertan egiterik, badakit, baina idatzitakoan murgiltzeko sinisgarriagoa egingo zitzaidalakoan nengoen. "Nobela" aukeratu nuen.
Hasi-hasieratik harrapatu nauela aitortu behar dut. Thriller-a bailitz irentsi dut hasieratik amaieraraino. Aitorpena sartzeko modua gustatu zait batzuetan; jazo zenaren aurpegi biak islatzen zituelako.
Besteetan, berriz, dena bat eginda agertzea hobe zela pentsatu izan dut. Izan ere zipriztinka ematen da lanean. Kapitulua amaitu eta zatitxu bat ematen dizute, irakurri berri duzunari dagokiona hain zuzen ere. Baina linealtasuna apurtzen du, erritmo ezberdineko irakurgaia bihurtuz. Jauzika zoaz, joan. Are gehiago, horrek ekarri nau errealitatera, aitorpenaren gordinak, tantaka eman bada ere.
Gaur egun politikagintzan edo gizarte mailan ezagunak direnen izen-abizenek ere ozen esaten dizute. Irakurtzen ari zaren hori dena pasatu izan zela berresten du. Bada bai errealitatea, eta ez da ez, nobela.
Zurrunak begitandu zaizkit pasarte batzuk, pisutsuegiak. Bizipenetatik urrundu denean batipat, alegia politika hutsaren jarduerari egokitu zaionean lausotu zaizkidala eleberriaren bideak. Beharbada "nobela" aukeratu nuelako, "errealitatea" aukeratu izan banu fikzio-zantzua duena izango litzateke maldan gora bihurtuko zitzaidakeena.
Idazkerari dagokionez ondo bereizita agertzen dira aditz-denboren bidez aspaldiko oroitzapenak eta aitorpena eman bitarteko tarte iluna. Bere buruari idatzitakoa begitandu zait zenbaitetan, esan nahi dut, Egileak bere buruari kontatu nahi izango bailio egun haietan jazotakoa.
Liburua amaitu arte ez dut egilearen argazkia begiratu. Azalaren alde ostenduan agertzen da. Azala tolesten den horretan.
Zuri-beltzean. Serio. "Bai, egia da" esatear dagoela ematen du. Atzamar-arteko zigarroari (beltza, bidenabar) kea dario. Grisa kea. Lausotu egin nahi du bere argazkia, baina indartsuagoa da bere begirada eta bazter batean geratzen da zigarroaren gandua.
Berak jositako harizko izara parpailaduna hilkutxari eusten dion mahaian. Bi kandela antzinakoak piztuta alde banatan, baezpada hirugarrena prest. Jantziak, belarritakoak, berak aukeratuak. Dena berak erabaki bezala.
Etxeko baratzan hilarria zain. Astebete lehenago bera ibili zen hilarria zein puntutan jarri behar zen, eguzkiari nola begiratu behar zion zuzentzen. Gauza bat bakarra geratu zitzaion egin gabe: etxeko langa irekitzea kartzelan dagoen semea sar zedin. Semeari “langa ireki” ezinaren penaz joan zen mundu honetatik anderea.
Langa zabalik egon zen semearentzat ez beste guztientzat. Hileta ordurako juxtu juxtuan eraman zuten dozenerdi ertzainen artean elizara. Elizkizunak iraun zuen bitarte guztian eskuak lotuta eduki zuten. Baita familiakoek, apaiza tarteko, ertzainekin hitzartutako bisita presatuan ere. Film irlandar baterako eszenak eta giroa.
Lotu zitezkeen, gidoia batere behartu gabe, Jose Ramon Goikoetxea Ardotxik “Mentxakaren aitorpena” liburu postumoan kontatzen dituenekin. Hamabost egun Bilboko Komisaria nagusian, 1971garren urteko martxoan, salbuespen egoera indarrean. Bere burua eta burkideak salbatzea du helburu militanteak, erakundea ez zulatzea, laguntzaileak arriskuan ez jartzea, eta horretan emango ditu buru argitasun izugarriz, egunez egun bi aste, tratu txar eta torturapean. Gorde beharrekoen artean, zenbait lagun kartzelatik askatzeko asmoari zegozkion oharrak.
Gordeegi, ezkutuegi egon da urtetan inoizko ihesaldirik handiena, Iruñeko Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuan 1938ko maiatzaren 22an gertatu zena. Bertan zeuden 2.500 presoetatik ia 800 irten ziren. Noraezean galduta, 210 fusilatu zituzten, giza-ehizan. Hiruk bakarrik lortu zuten muga zeharkatzea. Iñaki Alforja iruñearrak, estreinatu berri duen “Ezkaba” dokumentalean, geratzen diren lekuko apurrei eman die hitza gotorlekuaren sekretua ager dezaten. Nazien kontzentrazio eremuetarako probaleku izan zen Estatu osoko presoak biltzen zituen kartzela. Iruñean Ezkaba-San Kristobal, Bilbon Artxanda edo Pagasarri edota Donostian Igeldo bezala da, hiriak beti begibistan duen mendi hori. Eta hala ere, dokumentalean azaltzen den bezala, inor gutxik daki iruñearren artean zer gertatu zen han.
Gotorlekua bere hartan dago: presoak bizi ziren pabiloi eta brigadak patioaren alde banatan, galeriak, harraskak, komuntzat erabiltzen zituzten zirkiluak, lokutorioa... Denborari muzin eginez, kartzela frankisten filosofia ankerra adierazten duen pintada horma batean. Iñaki Alforjak bizirik dirauten lekukoen testigantzak bertan grabatu nahi zituen, baina Armadak ez zion baimenik eman. Hogei urte pasa militarrek handik alde egin zutela eta hala ere bala zorro jaurti berriak lurrean, baimenarekin sartzen direnenak derrigor. Ezkaban “Igeldo bat” egin nahi omen dute agintariek. Oraindik hango sotoetan arnasten den izua gezurretako emozioetan urtu nahiko dute.
1938, 1971, 2006... Hogeita hamarnaka urtetako mugarriak, kiribil eta korapilo ugariko lokarri bakar batean. Berandu bada ere, berandutxo gehienentzat, Ezkabako presoek aurkitu dute ahanzturatik atera dituen narratzailea. Ardotxik, bere bizipenen bidez, bere belaunaldiko askorenak utzi ditu idatzita, panfletoak bota eta pintadak eginez militantzian abiatzen ziren gazte haienak. Zenbat denbora behar ote da Ken Loachen eskolako zinegileak semeari langa ireki ezinik hil zen amaren historia iraganean konta dezan?
Mentxakaren aitorpena narrazioan 1971. urteko martxoaren 7tik 21era Mentxakak polizia-etxean egindako hamabost egunak dira kontagai. Izenburuko aitorpena-k ere, narrazioaren abiaburu eta gune nagusi den polizia-etxeko deklarazioari egiten dio erreferentzia, azken batean, poliziaren aurrean aitorturikoen eta aitortu gabekoen arteko solasa baita narrazioaren harietariko bat, korapiloetariko bat. Aitorturikoen eta aitortu gabekoen arteko joan-etorria irudikatzeko, hiru plano erabili dira, eta hartara, hiru narratzaile.
Lehenik, atxiloketa eta atxilo-aldiaren berri ematen duen narratzailea dugu, bigarren pertsonan eta orainaldian mintzo dena, eta irakurleari egoeraren larritasuna kutsatzeko-edo, deklarazioen berri modu zuzenagoan eta abiada biziagoan ematen duena. Bigarrenik, lehen pertsonan mintzo den narratzaile batek, Mentxakak, ETA erakundean eginiko ibilbidea du kontagai, atzeraka begira eginiko ibilbidea, eta hartara, distantzia neurtuagoz eta erritmo neurtuagoz egindakoa. Hirugarren plano batean, deklarazioaren transkribapena egiten da, gazteleraz, bere horretan. Hiru plano hauek gurutzatuz narrazioak erritmo biziagoa hartzen du, eta datuen pilaketa soila ekidin. (...)
Urigain izena duen etxea, Andoainen, urriaren 5eko iluntzean. Joxerra Goikoetxea, Ardotxi, ez dago fisikoki bildutakoen artean, baina liburuaren orrialdeetan, lagunen bihotzetan, hizlarien hitzetan bere presentzia gorpuzten da. Baita etxe zahar horren hormetan ere, hortxe bizi baitzuen bere gaztaroa Iraultzeneko zuzendaria izan zenak.
“Mentxakaren aitorpena” bere lan autobiografikoaren argitaratzearekin, mahai ingurua burutu zen Andoainen, idazlea eta garai hartako bere bizipenak aztertzeko. Xabier Mendiguren editorea, eta Ardotxiren militantziako kideak izan ziren Emilio Lopez Adan, “Beltza”, eta Jose Idoiaga, “Petxo”, bildu ziren Elisabete Garmendiaren gidaritzapean.
Zaila zen pertsona bera eta bizi zituen garaiako gertakizunak bereiztea, baina 1969-71ko markoan ipinitako koadro polit eta gertukoa marraztea lortu zen aretoan. Eta Ardotxi beranduago ezagutu zutenentzat, lehio bat ireki zen Ardotxi gaztearengana hurbiltzeko eta berak bizitza osoan erakutsitako izaera eta konpromiso iraultzailea gaztetik zetozela baieztatzeko.
ETAren lehenengo urteak ziren, eta garai hartako kontzeptu idelogiko orokorrak –marxismoa, iraultza, klase sozialak…- frankismoa, Euskal Herria nola garatu, borroka motak, bizi planteamenduak… dena zegoen eztabaidagai, baina eztabaidak ez zuen ekimenak geldiarazten. Bietan bete betean hartu zuen parte Ardotxik. Konpromiso militantera nola iritsi ziren aipatu zen baita ere, nahiz eta gero, urteetan zehar bakoitzak bide ezberdinak hartu.
Bereziki hunkigarria izan zen Ardotxirekin atxilotua izan zen Iñaki Arranbarriren interbentzioa. Hitz xume eta zuzenetan, han zeudenen aurrean liburuko bizipenak gorpuzten lortu zuen.
Bizi garen momentuan, memoriaren berreskuratzeak garrantzia handia du. Etorkizuna eraikitzeko, iragana ezagutu behar da. Gure kidea izan zenaren liburua ekapen aberatsa da bide horretan.