Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2011/10/06 16:06:57.329 GMT+2

Urteurrena asteburuan: duela 75 urte, gelditu zituzten Francoren tropak Elgetan

75 urte bete dira Elgetako frontea ezarri zela. Gudari eta milizianoek zazpi hilabetez gelditu zituzten Francoren tropak Intxortan. Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 kultura elkarteko kideek ez dute Espainiako gerrako pasarte hori oharkabean pasatzerik nahi ezta elgetarrok ere. Urteurrena gogora ekartzeko ekitaldiak gertatu dira domekarako.

Egitaraua

09:30ean kanpai eta etxafuego hotsa izango da Elgetan; 10:00etan hasita Intxorta 1937 kultura elkarteko kideen eskutik bisita gidatu berezia Intxortako ibilbidean. Eta ostean, Gerra zibileko harrera gunea bisitatzeko aukera.

Ekitaldi nagusia 12:00etan egingo dute Intxortako Atean. Jarraian, martxa egingo da Elgetara "Egia, justizia eta kalte-ordaina zauriak ixteko, askatasunez bizitzeko" lemapean.


Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak (Iturriotz, Joxemari. Alberdania. Irun, 2011) liburutik atera dugu pasarte hau ordukoak gogoratuz:

Gero egun batzuetako atsedena eman ziguten. Errusia batailoiaren kuartelean pasa genuen, Bilboko Atxuriko eskoletan, eta handik Elorriora joan ginen. Egun haietan ni kapitain izendatu ninduten eta Julian Erdozia teniente. Elorriotik Elgetako frentera atera ginen, Intxorta mendira, Martiartu, Larrañaga, Saseta eta beste batailoi batzuk indartzera, etsaiak eraso izugarria prestatu baitzuen Bergaratik etengabe tiro egiten zuten 80 hegazkin eta 156 kanoirekin. Goiko aldean Santa Kruzen garaiko gotorlekuak zeuden eta berak idatzitakoak harkaitzetan. Ondo samar gorortua zegoen, baina Deskarga gainaldean kanoi bat jarri zuten, beti haitzari jotzen ziona, eta tonaka ateratzen ziren harriek hegazkinek baino hil-zauritu gehiago eragiten zizkiguten. Aste hura kalbario bat izan zen egunero erasotzen ziguten hegazkin, artilleria eta infanteriarekin, baina eraso guztiak bota genituen atzera eta hil-zauritu mordoxka egin genizkien. Ikusi zutenean gure frentea ezin zutela urratu, Karraskainetik eraso ziguten eta gutako franko hil zituzten, tartean Arregi izeneko mikelete bat, eta hildakoak eramateko gaizki samar ibili ginen batzuek bi egun edo gehiago zeramatzatelako hilik. Azkenean iritsi zen gaua eta arnasa hartzeko unea, baina gero Karraskainetik Abadiño aldera sartu ziren eta tristura handiarekin utzi egin behar izan genuen Intxorta, Elgeta gainean dagoen mendia, Gipuzkoako azken herria.

Gerra guztiak dira krudelak, eta hori ongi erakutsi zuten Elgetan, urte askoren buruan jakin baitzen zenbaterainoko ankerkeria erakutsi zuten jendea bortxatuz eta fusilatuz. Baina Sosota baserriko alabak eraman zuen parterik txarrena, bortxatu ondoren bere aurrean akabatu baitzituzten bere gurasoak. Gehiago ezin zioten egin".

Elgetarrok badakigu "Sosota" baserria idazten den lekuan Sesto baserria behar lukeela, edo zuzenago Sesto Gain. Baserriko krimena, haren lekuko eta biktima izandako Anttoni Telleriak kontatu zuen 2003an (Anttoni 2007an hil zen).

Nork: iarantzabal.2011/10/06 16:06:57.329 GMT+2
Etiketak: intxorta anttoni telleria elgeta gerra_zibila gerra zibila | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak