Nik ez dut sekula egin collagerik artaziekin papereko argazkiak eta testua elkartzen, quark-a betetzea tumatxa zen garaian hasi ginen gure belaunaldikook kazetaritzan. Gero etorri ziren web estatikoak-edo eta hori berori ere aurreratzea izan zen. Horren ostean blogak, eta hau bai benetako hedabide baten "jabe" izatea: norberak ahal eta gura duenean idatzi, idazteaz bat publikatu, banaketa sisteman eurorik gastatzeke, karaktere zehatz batzuetara makurtu barik, erretratuekin zein bideoekin lagundutako artikulu multimediak, norbera editore, azalpenik eman beharrik ez inori bertan idatzitakoaz...
Hala eta guztiz, hilabete idatzi barik blog honetan... Bitartean twitter izan dut inoiz baino gogokoago, Facebook-en bolada ere atzean geratzeraino. Horren kulpa dute twitterrek berak, jarraipena egiteko darabildan tweetdeck irakurgailuak eta zein euskaldunek tuiteatzen duen ikusteko ere balio izan didan umap-ek.
Gustatzen zait 140 karaktereko esaldia pentsatu beharra ere, laburtu beharra, lastoa kentzeko askok (ez denek) egiten duten ahalegina... Twitterrek iraultza berria dakar. Oraindik falta da irakurgailuak gizartean zabaltzea, baina hori pasatutakoan geratu ezineko trena izango da. Hori badaki iPad batean tuiten eta Facebook-eko mezuen jarraipena egin duen edonork Flipboard edo antzeko tresna batekin.
Baina edukia? Eduki berria ere badakar?
Uste dut twitterrek sorkuntza mugatzen duela. Edo esan beharko nuke 140 karakterera ekarri duela esateko dugun hori guztia. Idazle gehiago ikusten ditut twitterri lotuagoak blogari baino azkenaldian. Eta zer gertatzen da hau horrela izanda? ba ez dagoela sakontasun larregirik esaten direnetan. Artikuluak erlazionatzen ditugu, harek edo bestelakok idatzitakoa retuiteatu. Besteen pentsakerak gure twitter perfilarekin errepikatu (askotan gazteleraz edo ingelesez, eta euskal esparrutik kanpokoak). Mugatu dugu "gure" edukia 140 karakteretako mezu batzuetara eta esan beharrik ere ez dago blogean aipatuko ez genituzkeen errazkeria asko ere sartzen ditugula tuit batean.Tuitek balio dute hainbat ideia jende gehiagorengana zabaltzeko, baina ez ideiak sortzeko eta garatzeko. Eta hori da twitterretik gogoko ez dudan elementurik nagusiena. Sorkuntza zikiratzaile ere bada, bai behintzat, sakontasun handiagoko euskarriak (blogak, papereko artikuluak...) erabiltzeari lagatzen diogun heinean. Eta jakina, lagatzen dihardugu.
Blogen eta paperaren defentsa
Die Zeit egunkariko zuzendariari irakurri diogu erabaki zutela artikulu luzeak egitean jarraitzea, dokumentatuak, serioak, baita zailak ere. Etorkizuneko paper-prentsan, berak dioenez etorkizuna egon badagoelako eta "orientazio eta sakontze kazetaritza" eginez emaitzak onak direlako. Arrakasta kasu bat da Alemaniako egunkari honena eta argi du kalitateak dakarrela dirua. Harpidedun berri gehienak 20-30 urteko gazteak dira gainera... Sinestezina guk bizi dugunetik begiratuta.Baina paperari lotzen badizkiogu sakontasuna, kalitatea, orientazioa... moduko berbak ez dago zertan hitz horiek ez erabili blogeko artikuluei gagozkionean. Pentsatzen dut Interneten ere badagoela horrelako artikuluendako lekua, diferentzia txiki (barkatu, bakar) batekin: paperak ematen du dirua eta Internetek ez.
Arrakasta: multimedia ondo erabiltzea
Beraz, badirudi, oraingoz, sormen garatua agerikoago dela paperean eta
blogetan, esaterako. Hor lantzen dira gai potolo horiek guztiak eta
gero, zabaldu, tuit bitartez-eta ere egin beharra dago 2010ean.Arrakasta, tresna guztiak egoki erabiltzetik etorriko dela dirudi. Inbertitu beharko da digitalean eta asko, baina "ez dago paperagatik gaizki-berbaka jarduterik" Giovanni di Lorenzok esaten duen moduan. Etorkizuna eta oraina ere multimedia da.



Erantzunak
Goittik behera bat natok hire artikuluakin. Igarri juat post gitxiago idazten dittugula, jeitsi egin dok, hor ez dagok zalantzarik. Twitter eta facebookengaittik dala esango neuke. era berian, eibartarren zerrendia be bajauta dagok errezoi berangaittik nere ustez.
Twitter iteresgarrixa izan leikek, baina ziber-paboneotik be bajakak asko. Ze guaixak garan esateko balio dabelako sarrittan. 140 karakterretan ezin leikek post baten esaten dan beste esan, iñundik iñora be.
Dana dala, gixartia holan jabik: eskaparatismua dok inportantiena, azalkerixia, sakontasunik bakua. hori da arazua, ingurua, modan daguana.
Asko idatzi geinkek honen gaiñian, baiña dana lotuta daguala uste juat.
Oso interesantia, Ibantxo. Laztan bat
Nork: leire narbaiza.2010/10/31 15:54:28.801 GMT+1
eibar.org/blogak/leire
Nork: Luistxo.2010/10/31 16:02:24.015 GMT+1
http://eu.umap.eu
Zer esango zenidake nik beste hau idatziko banu? “Txankletek balio dute hondartzan eroso ibiltzeko, baina ez bertan maratoiak prestatu eta egiteko. Eta hori da txankletetatik gogoko ez dudan elementu nagusiena”.
Seguruasko esango zenidake nahasten ari naizela gauzak, txankletek funtzio bat dutela, eta horretan oso onak direla, baina maratoiak prestatu eta egiteko, hobe dela arineketan egiteko zapatillak erabiltzea. Nik ere antzeko zerbait esango nizuke: Twitter oso ona da ideiak trukatzeko. Bloga, berriz, aparta da ideiak sortu eta garatzeko. Lehenak ez du zertan garrantzirik galdu behar, ez bada erabiltzen bigarrenerako, besteak beste ez zelako egin horretarako.
Nork: Joxe Aranzabal.2010/10/31 16:40:12.272 GMT+1
http://goiena.net/blogak/faroa/
Nork: ainhoaeus.2010/10/31 17:07:35.177 GMT+1
http://www.twitter.com/ainhoaeus
Twitter berria da. Eta sakona, laburra izanagatik.
Twitter elkarrizketa da, baina hedabide bat.
Twitterrek ez dit ordezkatu bloga, ordezkatu dit askotan Bloglines (bueno, Google Reader orain).
Blogean nik ere gero eta gutxiago idazten dut, baina blogari ohi bati esan nionez, uste dut honezkero munduko gai guztiei buruz eman dudala iritzia...
Twitter etorkizuna da. Blogak ere bai.
Ondo bizi!
Nork: Jozulin.2010/10/31 19:47:10.593 GMT+1
http://www.blogak.com/jozulin
Nork: azpi.2010/10/31 20:34:37.593 GMT+1
Nork: jolaus.2010/10/31 21:23:04.405 GMT+1
http://jolaus.com
Hau da, hemen twitter-en kontra azaldu diren batzuk, uste dut hasieratik ez dutela oso gustuko izan sare sozial hau. Eta zilegi da hori horrela izatea.
Ni, berriz, hasieratik ez dut esango, baina tamaina hartu nionetik, oso gustura nabil twitter-en.
Tamainak axola du edo ez du axola? Segun. Ederrak botatzen ditu Lertxundik egunero Berrian karaktere gutxi batzuetan.
Eta nago blogosferaren "gainbehera" hori ez ote den ziklo naturala. Zaila baita hasiera bateko puntxa eta freskotasuna mantentzea.
Twitter taberna bat da eta tabernetan, normalean, garenak baino guapoago, graziosoago eta -ago agertzen gara.
Nork: iturri.2010/10/31 22:11:39.953 GMT+1
Nork: Iban Arantzabal.2010/11/01 16:41:36.704 GMT+1
iarantzabal@goiena.com
2.- Facebook-ek eta twitter-ek lehen sarean ez zebilen jendea ekarri dute sarera eta horietako batzuek bloga sortu dute jada.
3.- Eta ados nago zurekin: blogak dira oinarri (etxe), baina, nire ustez, interesgarriago egiten dituzte orain twitter bezalako sareek.
Ah! Oso inportantea: bakoitzak egin dezala nahi duena, besteekin sartzen ez den bitartean, noski.
Jarraituko dugu eztabaida, Iban.
Nork: iturri.2010/11/01 19:17:09.410 GMT+1
Twitterrekin parte handiagoa lortuko nuke? Ba, ez dakit .... baina egia da denbora dena dela eta ezin dela ugaldu .....
Nork: txerra.2010/11/04 12:43:31.301 GMT+1
http://www.blogak.com/garaigoikoa
Gorka Julioren artikulua Berrian.
Negroponteri eginiko elkarrizketa El Paísen.
Nork: iturri.2010/11/05 07:59:29.920 GMT+1