QR-en erabilera bat informazio orrietan

Iraileko lehen zenbakiarekin hasi ginen QR-ak erabiltzen notizietan. Blog hau irakurtzen duzuen gehienok jakingo duzue bi dimentsiotako irudi hauek (munduari bira-ko pertsonaiak moduan 🙂 zer diren. Kodigo bat da eta horren atzean informazioa eta informazioa dago. Hori eskaneatu eta informazio gehiago lortzea da helburua.


Lehenago hasi ginen Goiena Klubean erabiltzen. Gero publizitatean, sailkatuetan-eta. Ordukoan, etxe bat salgai jartzen zuen bezeroak eta qr kodigo bat jarrita etxe guztiko erretratuak erakutsi zitzakeen esaterako, edo bideo batekin etxea erakutsi, edo, behinik behin, informazio osagarria erakutsi.

Irailetik, papereko edizioan erabiltzen dugu sarriago, albisteen barruan erakutsita. Erabilera finkatu eta erabaki dugu:

  1. Erabiliko dugu informazio gehigarriren bat ematen badugu: elkarrizketa bat paperean atera eta elkarrizketa luzeagoa mp3an, edo bideoan, edo… Gurean eskaneatzera animatzen denak zeozer gehiago jasoko du beti.
  2. Argazki galeriak ditugunean. Paperean sartzeko baino argazki gehiago ditugunean erakusteko: jaiak, kontzertuak, albiste interesgarriak irudi aldetik… Oñatiko jaietan paperean atera genituen 5 argazki, baina 100etik gora genituen goiena.net-en.
  3. Ez dugu erabiliko paperean dagoen gauza bera qr bidez lortzeko. Jakinekoa da interesa ere izan dezakeela helbidea gordetzeko eta geroago irakurtzeko, etab.  Baina ez dugu horrelakoetan erabiliko.
  4. Ez dugu QR-ekin ale guztia josiko. Neurrian asmatu behar da. Erabili behar direnean erabili eta kito. Erabiltzearen aldeko, baina plastadarik eman barik.
  5. Erabili QR dezenteak. Hau da, behin inprimatzen ditugula ez daitezela txikiegiak izan. Edozein doako programarekin erabiltzeko modukoak izan daitezela tamainaz.
  6. QR-en ondoan ez jarri azalpen luzerik “hemen aurkituko dituzu jaietako argazki gehiago…” horrelako esaldirik ez. QR-a nahikoa da huts hutsean.
  7. Telebista saioetan ere erabili izan dugu. Kasu honetan saioa amaitu osteko kredituetan.
  8. Arrakasta? ikusiko dugu. Gura dugu probatu. Kontuan izan Estatuan 12 milioi lagun baino gehiago sartzen direla sarera eskuko telefonotik… Gazteen kontua dela esaten dute askok… bai zera! Sartzen diren horietatik %50 dira 35 urtetik gorakoak

4 comments on “QR-en erabilera bat informazio orrietan

  1. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    QR kodigoak Goienan. Goiena.net-en ateratako albistea.

  2. Gari(e)k dio:

    Aupa Iban, zorionak aurrea hartzeagatik!

    Bi komentario:

    – Trackeatzen duzue zenbat bisita datorren QR kodeetatik? Badakizu Google Analytics bidez egin daitekeela.

    – Aukeran nere telefonorako txikiegiak dira jartzen dituzuen QR kodeak, baina nerea nahiko gama baxukoa da. Frogak egingo zenituzten, ezta?

  3. Joxe(e)k dio:

    Epa Iban, zorionak ekimenagatik! (Pendiente daukat mahaian dudan aldizkari pilotik Goiena hartu eta QR-ena probatzea, baina badakizu…!)

    Interesgarria iruditzen zait QRak erabiltzeko ezarri duzuen ‘estilo liburua’, ea zer ematen duen. Argiakoek ere dioten moduan, seguruenik oso gutxi erabiliko dira orain hasieran, baina tira, ohitura sortuz gero…

  4. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Aupa Gari. Bai, froga dezente egin ditugu. Eta QR sortzaileak txikiena ere balidotsat jotzen badu ere guk hurrengoa erabiltzen dugu. Analytics… oraindik bisitena residuala izango da, baina jarraipen bat egin beharko diogu bai.

    Aupa Joxe, bai, Argiakoa ere jarraitu dut. Eta Landerrek esaten duen moduan ez dakigu zer emango duen honek, baina martxan jartzea ere ez zen horrelako lana… erabiltzaileak esango digu ia merezi duen edo ez. Eta horretarako analytics. 🙂

    Hemen pentsatu behar duguna denok da eskuko telefonoetan. Telefonoetarako eta tabletetarako lanean egin behar dugu inbertsioa. Eskerrik asko zuen komentarioengatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude