Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2012/05/24 12:27:48.754 GMT+2

Paperean eta telebistan ere tuit

Aurreko baten hemen idatzi nuen nola notizia bat hasi daitekeen tuit bat botata. Tuita, argazkia, lokalizazioa… gero bideoa… eta telebistarainoko edo paperean argitaratzerainoko bidea. Baina uste dut zirkulua isteak gure bezeroaren gogobetetasuna asetzen lagunduko lukeela. Zer da zirkulua istea?

Aste honetan egin ez dugun baina posible litzatekeen adibidea: Mundumira jaia.

  • Asteburuan Mundumira jaialdia izan dugu Debagoienean. Tuitak, aurrez elkarrizketak, agendak, erreportajea paperean, telebistan… denetik egin dugu ze jai garrantzitsua da Debagoienerako. Aurre-lan polita.
  • Asteburuan tokatu zaigu jaialdiaren berri luze eta zabal lantzea. Sarean momentuan bertan, eta paperean azalean joan da, telebistan magazine berezi bat egin dugu...
  • Goiena paperan genioen: "Eguraldiak lagundu izan balu, festa borobila" Mundumirako antolatzaileak "oso gustura" daude Eskoriatzan eta Gatzagan ospatu den jaiarekin, euria oztopo izan arren".
Hori lortu dugu zapatu-domekan lana eginda: antolatzaileen iritzia eta kalean aliritzira hartutako lauzpabost lagunen iritzia. Hau da, galdetu diegu antolatzaileei ea zer moduz egon den jaia. Zer erantzungo digute? "oso gustura", "jende asko", "eguraldi txarra baina giro ona"… hau da, edozein herriko jaietan jasotzen ditugun erantzunak. Beti dago giro ona eta jende asko. Eta esan dezadan, aspaldian, parte hartze handia. Beti dena on. Baina beti da ON?

Uste dut jai guzti-guztiak ondo joan direla aipatzen jarduteak muga bat duela. Eta hedabideok jarri beharko genieke muga hori sinesgarritasunaren izenean. Zelan baina? Proposamenetako bat da sare sozialei kasu egitea.

Mundumira jaiarekin astelehenean atera genuen hau:

GoienaAzalaMundumira.png 

Eta hori berori horrela atera arren ahots diskordanteren bat-edo sartu izan bagenu? edo sare sozialetan denak pozik baleude ere beste ikuspuntu hori? Nire ustez asko irabaziko luke artikuluak eta kazetariaren firmatik haratago ere irakurriko litzateke. Jaien kroniken amaieran tuit bat sartzearen aldekoa naiz. Tuit sinatua, 140 karaktere… batzuetan graziosoa, besteetan ildo ofizialaren kontrakoa, besteetan antolatzaileen esana babestuko duena, besteetan kuriosidade txiki bat… Hiru adibide, tartean nik botatako bat:

Komentario kurioso ba (nik ere flipatzen dut honekint: TuitMundumiraJoseba.png

Jendez lepo zegoela zioen Eskoriatzako tuit bat: TuitMundumiraJosu.png
Kritikak sumatu ostean idatzitako tuita domeka arratsaldean:TuitMundumiraIban.png

Pistak lor genitzake sare sozialei kasu eginda eta 2012ko kazetariak uste dut begiratu beharko liokeela sarean mugitzen dena. Batzuetan dagoenetan emateko eta lekua egin paper eta telebistan, bestetan jendearen iritzia gurearekin bat datorrela jakiteko, etab.  

Nire proposamena, artikulu luzeetan, jaietakoetan eta abarrekoetan aukeratutako tuit bati lekua egitea informazioa osatze aldera bai telebistan eta bai paperean. Tuitarekin hasitakoa tuitarekin itxi.

Gure bezeroak eskertuko luke edo ez? horixe baita gakoa...

Gaur, astebete pasata, beste mundumira baten berri ere emango dugu, izan ere kazetariek egun gehiago izan dituzte lana egiteko eta badakigu gatzagarrak ez daudela oso gustura... Tuitean triste genioena disgustu izango da biharko papereko, sareko eta telebistako notizian.

Nork: iarantzabal.2012/05/24 12:27:48.754 GMT+2
Etiketak: hedabideak mundumira twitter goiena tuit | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2012/04/30 12:25:09.404 GMT+2

Hertzainak

Untitled

Bizi genuena ez da erraz blog honetan kontatzeko. Hainbat bideo ikusi ditut han eta hemen, eta ez, ez dute adierazten han bizitakoa. Edo bai. Baliteke nik bizi nuena ez ikustea bideo horietan ze hori hain da norberarena... Gaztetua eta kontzertuan sartua sentitu nintzen. Lehenengo kantuan tuiteatu ere egin nuen, baina utikan aparailuak bigarrenerako. Harrapatu egin ninduten.

Orain pare bat aste hasi zen zurrunbiloa. Orduan enteratu nintzen ni Tito joan zela. Josu Zabalaren berri ere izan nuen, bazebilela ikus-entzunezko bat gertatzen omenaldi txiki bat egiteko... Argazki eta grabazio pilo bat zituen, baina bere izatean dago gauzak ondo egitea eta gureganaino ere heldu zen galdezka. Guk, Goienan, bagenituen Arrasaten egindako kontzertu grabaketa batzuk. Tito bera zen bezalako agertzen diren WHS-ak. Ikus-entzunezko landua egin zuen Zabalak, egiten duen edozerrek izaten duelako "Zabala" marka. Tonoan jarri gintuen denok eta ezagunago egin zuen Tito Aldama hango gehienondako. Beragatik elkartu ginen eta elkartu ziren.

Egun berezia zenean hasi zen guztia, 00:00ak pasatakoan, apirilak 29an. Egun horretan hil zen Johnny Brusco eta baita Tito Aldama jaio ere. Gaueko lehenengo taldeak, Gobeo Bayk pare bat bider gogoratu zigun zertarako geunden han.  Arnasten zen giroa bazen Titoren gertukoa eta edadeari begiratuta argi ikusten zen han zeudenak ingurukoak zirela. Aretoa lepo beteta. Lehenengo taldearen eta mimo minututxo batzuen ostean...

"Kaixo lagun guztiok, gu gara Hertzainak"

Kantatzen hasi zen Txanpi eta adrenalina gora Garik esan zuenean: ¡que viejos estais, cabrones! propio jarri zioten hanka-zurruneko mikrotik.

Emozionatu egin ginen hango gehienok eta seguruenik baita Hertzainakeko taldekideak ere: Txanpi, Kike, Bingen, Gari eta Josu ziren taula gainean, pare bat sasofoijotzailek lagunduta eta hasierako kanturako Urdangarinek panderoa jota. Azken kantuan igo zuen Ruper Ordorikak "ta ezer ez da berdin" kantatzen laguntzeko.

Bost kantu

Sei disko eta hainbat singletatik aukera zabala zegoen ba jotzeko, baina badirudi saxoa entzun zitezkeen kantuak izan zirela aukeratuak. Aspaldi entzun barik genituen kantuak Josu Zabalaren gidaritzapean eta Gari frontman indartsuaren ahotsera:

  • Hertzainak
  • Eh txo!
  • Rock&Rolla Batzokian
  • Egunero
  • Ta ezer ez da berdin.

Hertzainak bueltatuko den? Beti dago galdera bera askoren buruetan...: "Isilik inola ez, hobe da abestu" kantatzen hasi ziren, baina, nago, "ta ezer ez da berdin" izatea azkenengo kanta ez dela ausazkoa izan. Ez, ezer ez da berdin, baina erakutsitako indarrak hogei urte eta gero ere funtzionatuko lukeela ez dago dudarik. Hori talde onei bakarrik gertatzen zaie. Besterik da momentu konkretu eta sentitu hautatik kanpora kontzertuen zurrunbilo neketsuan hastea, hala ere. Gogor daude, topean, emateko gogoarekin, osasuntsu... baina ez, ez dut ikusten aukera bat denik ere. Agur.
Untitled

Eskerrik asko Aianai elkartekoei hau dena antolatzeagatik, Helldoradokoei eta bereziki Josu Zabala eta Hertzainak-ekoei urrezko minutu horiek erregalatzeagatik. Gogoan izango dugu apirilaren 19koa eta baita Tito Aldama ere

TitoHertzainak

Nork: iarantzabal.2012/04/30 12:25:09.404 GMT+2
Etiketak: helldorado gari tito aldama josu_zabala tito_aldama hertzainak | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2012/04/24 17:00:36.438 GMT+2

Militarrak lotsabako-lotsabako etorri dira herrira

Lotsabako-lotsabako eta egun seinalatuan egin dute bisita. Autobuskada bat goizeko 06:30ean heldu da San Romanera, Bizkaiakin daukagun muga ingurura. Handik Elgetako erdigunera, kataira, hau da, Elgetako kultura etxeko arkura etorri dira arma eta guzti.

Memoria aldarrikatu genuen domeka honetan, kolore askotako politikari eta pertsonak batu ginen orain 75 urteko sarraski justifikaezina salatzeko, errespetua eskatzeko, oroimena eta kalte ordainak eskatzeko. Zein da erantzuna? ba berdez jantzitako armatuek maniobrak egitea. Fan Intxortatik, fan Elgetatik.

Goienak albistea egin du:


Nork: iarantzabal.2012/04/24 17:00:36.438 GMT+2
Etiketak: gerra militarrak intxorta elgeta | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/04/09 11:21:49.991 GMT+2

Maskaradak 2012 Hokin (Shoüta), ederra

Herri biziaren seinalea. Horixe da Maskarada gaur. Sumatzen zen gu heldu ginenean. Ordurako hiru barrikada eginak eta eguraldiaren treguarik ez. Hala ere, aroztegi baten teilatupean leku paregabea. Jende uholderik ez, baina giro goxoa goizean.

Han ikusi genituen, arribadaren soinuan hogeikote bat: Txerreroa, kantiniersa, lau txorrotx eta ez bi, buhame biziak, kestuak, zamaltzain, bi enseñari edo bandelari dantzari: eskarmentuduna eta gaztea, Pitxu ondo, Kabana bikain, jaun eta andrea, marexalak, mediku andrea... Ez pentsa, ez da erraza pertsonaiok nobereganatzea.

Gorriak ibili ziren fin eta beltzak pertsonaian sartuta. Ze buhame narras buhame-erreginaren esanetara, lehenengoz! ze itxura ematen duen autoen ihes-hodien beltzarekin pintatutako aurpegiek, potzuen gainean eta lokatzetan egindako giza-piloek... Demasa beltzen jokoetan pertsonai bakoitzak ematen dion kolorea Maskaradari. Gorrietan, berriz, fin. Ahalegin handia egin dute prestatzeko asti gutxi izan duten gazteek.

Zorionez, maskaradaren zirrikituak nork azalduko ere izan genuen ondoan eta hegoaldeko momolook behar ere bai. Inor animatuko balitz, komeni da aurretik zertxobait irakurtzea edo... Hurrengo emanaldiak apirilaren 15ean Urdiñarben goizez eta arratsaldez Muskildin, apirilaren 22an Barkoxen, apirilaren 29an Lexantzün eta azkena maiatzean Gamere-Zihigan, maiatzaren 6an.

Hizkuntza bizia herri bizia. Maskaradak jarraitzen eta egiten erabilitako euskara bizirik dago. Pena Zuberoako ikastoletako ikasle ohien arteko jolasean gehitxoago ez entzutea. Zer gertatzen da ba hegoaldean? gauza bera!

Hokin ateratako argazkiak:

Nork: iarantzabal.2012/04/09 11:21:49.991 GMT+2
Etiketak: shouta maskarada hoki maule zuberoa 2012 | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2012/03/08 11:52:53.419 GMT+1

Bingen Mendizabal: 'Agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute'

Bingen Mendizabalen elkarrizketa gustura irakurri dut. Hertzainak-ekin ere zarata handirik ez zuen ateratzen eta orain ere "neurria" aldarrikatzen du Argiako elkarrizketa honetan. Gauza interesgarri asko, baina hau ateratzea pentsatu dut, agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute, mundu artistikoa izugarri desprestigiatu da, eta inori ez zaiola axola dirudi esaten duen parrafoa:

Niretzat Internetek industria diskografikoa hondoratzen eta zine-aretoak husten lagundu du, baina erabiltzailearen ikuspegitik primerako aukera da. Bai, erabiltzaileentzat sekulako asmakizuna dena, azken labankada izan da profesioarentzat. Telefonia konpainiek dirutza egin dute gure lepotik, eta bideoak zein musika jaisteko atariek patrikak bero-bero dauzkate. Aitzitik, disko dendak apenas geratzen diren, saltokietan diskoentzat gordeta zegoen lekua murriztuz doa, eta neurri batean, ongi iruditzen zait horren aurka egin eta produktu artistikoa babestea. Musikak, zinemak edo arteak orokorrean, jendearentzat inongo baliorik ez dutela iruditzen zait, dohainik dena ez dela baloratzen. Politikariek hori garbi daukate, eta murrizketak ez dituzte hezkuntzan edo osasungintzan egiten. Ados nago osasun sistemari eustearekin, baina agian liburu batek botikak baino gehiago sendatzen du, musika pastillak baino onuragarriagoa izan daiteke. Baina ez, agintariek kulturak ez duela piperrik balio ebatzi dute, mundu artistikoa izugarri desprestigiatu da, eta inori ez zaiola axola dirudi. Ez dakit nola egiten zaion horri aurre. Nola mantendu errebeldia bizitzak arrastoan sartzen zaituenean? Nola transformatu sistemaren atzaparretan ez erortzeko? Batetik ez bada bestetik hipnotizatzen gaituzte, eta gu etxean geratzen gara telebista ikusten eta etengabe burutik behera egiten diguten kaka irensten.


Nork: iarantzabal.2012/03/08 11:52:53.419 GMT+1
Etiketak: bingen_mendizabal mendizabal kultura bingen | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/02/28 12:18:56.641 GMT+1

Gertukoa ez da beti tokiko eta bai tokikoa gertuko; gertukoa bai, beti da notizia gertukoa

Aspalditxoan nabil bueltaka gertuko berbari. Eta horrenbeste kontu somatzen ditut gertuko… Niretzako oso gertukoa da Unai Iturriagak asteazkenetan ateratzen duen Berriako artikulua, edo Anjel Lertxundik egunero dioskuna; gertuko ditut Argiako hainbat blog eta gertuko (oraindik gertuko :-) sumatu ditut Gaztezuloko hainbat atal. Gertukoak ere Twitter bidez jarraitzen ditudan hainbat lagun. Denek dute lekua nik irakurri edo ikus-entzun gura nukeen hedabidean.
Tokikoari garrantzia ematen pasa dugu hainbat urte. Horrela sortu genuen guk geuk "Tokiko telebisten elkartea", esaterako, edo "Tokiko hedabideak" kontzeptua erabiltzen dugu takian potian… eta sortzera goaz orain Tokikom deitzen den enpresa, Topaguneak bultzatu eta tokiko hedabideok jabe izango garen enpresa. Izena asmatua eta bide zati bat eginda dago eta horrek ez du atzerabuelta errazik, baina orain espazio edo esparruetarako baino gehiago gaude bihotzari begiratzeko.

Bihotza da gertukoa eta esparrua tokikoa

Horregatik, behar dugu inoiz baino gehiago gertuko informaziotik tokikotik baino. Emozioak mugitzen gaituzte gaur lur zatiek baino. Guk, Debagoieneko informazioa ematen dugu sarri, tokikoa, baina aterik itxi barik gertukoari. Gertuko dugu Gipuzkoako Foru Aldundian gertatzen dena, edo gertuko dugu kontra-azalean atera dugun Gorka Urbizuri egindako elkarrizketa. Gertuko ditugu berez, eta gertukoago egiten saiatzen gara gure hedabideak erabiliz. Tokikoak direlako? ez horrenbeste, baina bai gure bezero ikus-entzuleentzat erakargarri direlako eta gustuko dituztelako. Gertuko direlako azken batean. Badago zerbait tximeletak mugiarazten diguna, eta hori, gaur, inoiz baino gehiago, gertukoa da.

Nork: iarantzabal.2012/02/28 12:18:56.641 GMT+1
Etiketak: tokikoa kazetaritza tokiko gertuko gertukoa albistea notizia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/02/23 10:09:24.663 GMT+1

Kazetaritza zelan aldatu den! Adibidea

Gaur lanera nentorrela ikusi dut auto batek harrapatu duela lagun bat. Albistea dago.

  • Ez zegoen laguntza beharrik, hiru-lau lagun zeuden istripua izan duen laguna artatzen eta nirekin batera heldu da udaltzaingoa. Erredakziora deitu dut albistea gertatu dela kontatuz.
  • Argazkia atera dut.
    IstripuaMuxibar1.png

  • Tuiteatu dut poltsikoko telefonotik: Istripua Muxibarren. Mutil gaztea lurrean etzanda, anbulantzia bidean. Kontuz gidatu. pic.twitter.com/okLAQPjh  Tuita geolokalizatuta bidali dut.
  • Beste tuit bat, ze beste argazki bat ere banuen: Udaltzainak, Ertzaintza... Ez dirudi oso larria, berbetan dago mutila, kontziente. pic.twitter.com/gUr3EdFB
    IstripuaMuxibar2.png
    Gure erredakzioan martxan zeuden, ni han nengoela bideo-kazetaria eta kazetari-argazkilaria heldu dira. Haiek geratu dira lanean.
  • Tuiteatutakoak erantzun bat izan du. @aurbietak erantzun du. Elkarrizketa sortu da: @iarantzabal Arrasaten horrelako istripu gehiegi ematen ari dira azken urteetan: diariovasco.com/v/20110830/alt…
  • Lotura bat eman du eta hor badago aztergaia, antza... Arrasaten antzerako istripu asko gertatzen omen dira... EAE-ko hirugarren herria omen, zerrenda honetan... 
  • Bulegotik Ertzaintzara deitu dugu, baina beraiek ez zekitela ezer ze Udaltzainak eman dutela zerbitzua. Udaltzainei deitu diegu, baina orain komunikazio arduradun bat dute eta handik bueltan heldu behar informaziora. Ezin itxaron, hala ere. 12:30ean emango ei dute horren berri... :-(
  • Istripuan bertan egoteagatik, hau da, kale-kazetaritza egiteagatik, hainbat datu jaso ditugu. Bertatik, bertara, albiste izan direnek emanak.
  • Datuak jasotzeaz bat egin dugu albistea eta zast! argitaratuta: http://goiena.net/albisteak/gazte-bat-harrapatu-du-auto-batek-arrasaten
  • Argazki galeria bat ere egin dugu, 13 argazkirekin.
  • Ez diogu bideoari itxaron. Bideoa editatu dugu 5-10 minututan eta gero igo dugu artxibora eta artxibotik goiena.net-era. Lehenengo albistea argazkiarekin eta gero bideoa gehitu. Sarean dago.
  • Tuit batekin erantzun diot @aurbietari: @aurbieta badago nondik tiratu. Egia esan, Arrasateko zebrabideetatik inor aterako den edo ez asmakizuna da, normalean ez da ikusten!  Eman dut iritzi bat, niri batzuetan gertatu zaidana, ze autoan noala, zebrabidetik gurutzatzea gura duena ez da erraz ikusten. Autoak aparkatuta daude (legez) zebrabidearen marraraino bertaraino...
  • Beste tuit bat bota dut aurbietari datu gehiago emanez eta baita twitter bidez jarraitzen nautenei ere: @aurbieta Albistea: http://tinyurl.com/7qhcad7 Akaso sakonduko dugu paperean albistea. Gaur gauez 12 autotan ere lapurtu dute Arrasaten. Bide batez, albistea lantzeko pista eman didala jakinarazi diot eta eman diot beste albiste bat gaur gauean lapurketak egon direla bere herrian, dozena bat autotan. Oraindik landu barik dugun albiste bat, baina erredakzioan dagoena dagoeneko.

Zertarako kontatzen dut hau dena? Kazetaritza asko aldatu dela esateko eta 2012n kazetaria izan gura duenak horrelakoei ezin diela muzin egin argitzeko.



Nork: iarantzabal.2012/02/23 10:09:24.663 GMT+1
Etiketak: twitter albistea kazetaritza sarea goienanet | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2012/02/11 21:24:48.315 GMT+1

Monologoak: ‘Bodologuak’

BodologuakEspaloian


Bariku iluntze hotza. Jende bat etxean geratu izana erraz ulertzekoa. Hala ere, lagun dezente Elgetako Kafe Antzokian. Elgetarrak eta gazteak asko, gehienak. Bergaratik, Antzuolatik, Arrasatetik... eta aipatuak izan ziren eibartarrak ere bai :-) Aurrean, kartel ezaguna osatzen duten hiru lagun: Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu. Ederra hirukotea!

Ez naiz bereziki monologo zalea. Izango da telebistako Club de la Comediarekin ez dudalako gozatzen, ez ditudalako ikusten esaten dituztenak, ez dudalako umore gertukotzat... ez dakit zein den arrazoia zehatz, baina, esaterako, nahiago dut talde eskas baten musika entzun ontzat jotako monologari horiek ikusi baino.

Ezberdina izan da hirukote honekin. Ni ez nengoen umorez bor-bor eta saioa etxean izanda ez dut izaten askotan aukerarik aulki batean jarri eta oso-osorik ikusteko ere. Betekadarik ez, eta aulkiren bat ere bazen libre eta aukera ederra ia monologoek euskaraz zer ematen duten jakiteko. “Euskaraz monologoak zer?” galdera erantzuteko jarri nintzen gozatzeko baino gehiago eta emaitza bikaina izan da ze gozatu nuen, asko gozatu eta galdera ahazterainokoa izan zen ordubetea. Algaraka egon nintzen. Oso merke, 12 euroan ordubete pasatxo algaraka. 



Bodologuak2.JPG

Euskaraz nola ez dira ba monologoak egin ahal izango! Hizkuntzak kulpa izango balu moduan! Edozeini gomendatzeko gaua izan zen. Egoitz Lasak apurtu zuen izotza (barkatu erdarakada baina gauaren lizentziaz egin dut). Aitzakia da Boda batetik datozela eta hango demasiak egin osteko haria erabiltzen dute hiru lagunen txandak osatzeko. Minutu bakarra behar izan zuen Lasak irribarrea ateratzeko Elgetan. Eta beste pare bat minututan bakarrizketa eten eta txaloak ere atera zituen. Txalo horiek eskertu eta jarraitzeak ekarri zuen irribarrea, algarak eta txaloak tartekatzea. Lasa oso sinesgarri eta "tenplau" banketa bakarraren laguntzaz. Eskarmentua balio.

Lasa eta Pagadi ikusi ditugu gehiagotan ere elkarrekin. Ondo moldatzen dira taula gainean eta baita azpian ere. Gidoigintzan ondo eta idatzitakoa defendatzen berdin. Pagadik baditu, taulara atera orduko aldeko puntuak irabazita. Atzoko ikus-entzule batzuk komentatu zidaten txikia gustatu zitzaiela, handi ikusi zutela berriz ere (eta “berriz ere”k argitzen digu badituela zaleak). Kapaza da hitz joku ebidenteekin barrea ateratzeko edo “erresistentziaren balioeza” aipatzen ausartu eta barreak lortzeko. Asko esaten du bere alde.

Eta Aranburu? Urteberi on, amona ikusitakook gogoratuko zarete han erabili zuen erregistroaz. Txukun orduan, ba “Bodologuak” monologoetan asko gozatu dut bere eszenaratzearekin. Eguberri off bat nuen gogoan, atera eta barre hori.. barre minutuetan sartzeko erraztaile zena eta izan dena Espaloian. Aupa Etxebeste, Eutsi... irudi horiek etorri zitzaizkidan burura, baina monologoak amaitu ostean ze tarte horretan harrapatuta izan ninduen, lelotuta eta barrez. Aretoak husten zeudela galdetu ziotenean erantzun hau bota zuen “Ez gara preokupatu behar, okupatu baizik.” Onartu dagidan ordutik hasi zela ni lelotzen.

Baiña zergatik harrapatu naute hiru hauek? Ba gertuko sentitzen ditudalako, gertuko sentiarazten dutelako ikus-entzulea, monologoak oso bisibleak direlako eta esaten dutena ikusi egiten dugulako, edonork bizi dituen gertaera eta erretratuak deskribatzen asmatzen dutelako, bizi jarduten dutelako baina antxitxika egin barik, gidoian asmatu dutelako, gorputz eta arima defendatzen dutelako sinisten dutena eta hori trasmititu egiten dutelako...

Espero ez nuen gaua: ederra! Ibilbide luzea duen emanaldia. Programatzaileek ez lukete dudarik izan behar beraien antzeztokietara eramateko, ezta euskaraz bizi ez diren programatzaile horiek ere. Merezi dute antzeztokietara joaten diren ikus-entzuleek horrelako emanaldi batekin gozatzea. Nire ustez, taberna-girorako ere izango den arren, antzeztokian irabazi egiten baitu hirukotearen monologo sortak.

Eskerrik asko gurera etortzeagatik eta eutsi horri!

 

Nork: iarantzabal.2012/02/11 21:24:48.315 GMT+1
Etiketak: mikel_pagadi aranburu monologoak egoitz_lasa lasa nagore_aranburu pagadi bodologuak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2012/02/03 12:26:35.685 GMT+1

Jendeak telebista erabiltzen du informatzeko

Beti gabiltza gora eta behera Internetekin... eta erabiltzen dugun askok, asko erabiltzen dugu, baina gehienei erakargarriagoa egiten zaie telebista. Ahaztuta ditugu euskarazko telebistak. Egigurenen esana ibili da egunotan hara eta hona: "ETB2 itxi eta euskarazkoa egin kalitateko" dio. Edo Gari Araolazaren hau ere hara eta hona dabil twitterren: Si hablas en euskera no sales en ETB2

Bueno, ba ekarri gura dut hona datu zaparrada batetik ateratako zati txiki bat barometrotik . Gabinete de prospección sociologica-k egindakoa da, ez barometroak. Euskaraz ere badago, baina nik erdarazkoa dut eskura. Zer erabiltzen dute herritarrek EAEn eta Estatuan informatua izateko? Galdera horri erantzuten diote horrela:

Barometroa 212

Zer pentsatua ematen du eta zer pentsatua eman beharko luke. Zer da euskaldunok ikus-entzun dezakeguna euskaraz telebistatik?

Euskarazko tokiko telebistek lekua dutela argia da, baina politikak ere bideratu beharko dira gehien erabiltzen den hedabide mota hau osasuntsuago izan dadin. Euskaldunok behar ditugu euskarazko kateaK. 

Adierazgarria, bestalde, egunkarien eta irratiaren datuak... Eta ojo, galdera ez baita entretenitzeko, edo bestelakoetarako, informatzeko zein den erabiliena da datua.

Nork: iarantzabal.2012/02/03 12:26:35.685 GMT+1
Etiketak: hedabideak telebista internet | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/01/26 18:30:31.962 GMT+1

11.500 zubi baino gehiago

 Gaur beste emailu bat jaso dut:520. zenbakia dauka urtarrilaren 26ko honek. Gustura jasotzen ditut eta jasotzen dudan aldiro pentsatzen dut atzetik dagoen lanean. Lan... zer esan zubitegian dagoen lanaz? Zorionak ematea erraza da, baina ez egitea ere... biba zuek. Hauxe jaso dudana: 

11.500 zubi baino gehiago

Entziklopedia baten tamaina hartzen ari da pixkanaka Literaturaren Zubitegia. Baditu jadanik 6.000 esteka, webgune batetik bestera gidatuko zaituen hipertestu bat, idazleen inguruko eduki ugarira iristeko: Wikipedia (730), Auñamendi (657), Liburutegi Digitala / Liburuklik (586), Susa (488), Klasikoen Gordailua (438), EHUko Euskal Literaturaren Hiztegia (380), Idazleen Elkartea (338), Urkizaren Bertso eta Olerkien Hemeroteka (309), Armiarmako Liburu Elektronikoak (302), basquepoetry.net (299), basqueliterature.com (253), Bidegileak (143), Donostiako idazleak (118) eta abar. Halaber, bilduak ditugu ia 3.900 liburu kritika eta 1.828 aipamen (idazleei buruzko artikuluak, hitzaurreak, sarrera entziklopedikoak). Beraz, 11.500 zubi baino gehiago eraiki ditu Zubitegiak, tresna erraz eta bizkor bat izan dezaten literaturzaleek.

Nork: iarantzabal.2012/01/26 18:30:31.962 GMT+1
Etiketak: susa emailuak zubitegia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak