Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/11/05 11:25:33.130 GMT+1

Historia

1. Algortako bertso-eskolaren historiaurrea

Algortako bertso-eskola, talde natural bezala, 1980an sortu zen Andoni Iriondo Barrenetxea mendarotarraren eta Trino Azkoitia Azpitarte azkoitiarraren ekimenez.
Lehenago baina, izan da hemen Algortan, Getxon, Uribe Kostan eta Ipar Uriben bertoko bertsolari eta bertsozalerik. Gaur egun, eskolako hiru lagun (Josu Landeta, Fredi Paia eta Joseba Santxo) dabiltza gure eskualdeko bertso-historiaurrearen bila eta, egia esan, pozteko moduko aurkikuntzak egin dituzte. Esaterako, jakin dugu gure eskualdean herri-bertsolari ugari ibili zirela, bai eta batzuek Bizkai-mailako txapelketetan ere jardun zutela. Gainera, hainbat bertsozale ere ba ei zen hemengo bazterretan, orduko gure bertsolarien bat-batekotasuna paraje-parajetik bizi izan zutenak.

Dagoeneko material apur bat batu dugu: elkarrizketak, bertsoak, bertso-paperak, datuak… baina lanean segitzen dugu, nahiko material batutakoan, berariazko argitalpen bat egiteko ustearekin.

2. Algortako bertso-eskolaren historia

2.1. Sorrera

Eskolaren sorrera 1980an gertatu zen, Andoni zenak zioen moduan, txiripaz. Urte hartan, Trino Azkoitia Azpitarte Azkoitiako seme getxoztartuak (lan kontuengatik) eta Andoni Iriondo Barrenetxea Mendaroko seme getxoztartuak (getxoztar batekin bertora ezkondua) elkar ezagutu zuten, halabeharrez, Bilboko Erakustazokan euskararen alde egin zen jaialdi batean (webgune honetako karatulan gure logoa osatzen duten pieza biak ageri dira, labirinto moduko batean sartuta, bueltaka, harik eta elkar topatu eta bat egiten duten arte. Pieza bi horiek Andoni eta Trino irudikatzen dute, eta piezen elkartzea bien arteko elkar ezagutzea).

Edozelan ere, elkar ezagutze hura ez zen izan kasualitate hutsezkoa, izan ere, sasoi hartan euskal giroa gorantz zihoan etengabe, baita euskaldunen kopurua ere, eta euskaltzaleak sarri-sarri elkartzen ziren euskararen aldeko ekitaldietan; gau- eskolak eta euskaltegiak ereindarrean zeuden, eta orduko giro hark lagundu egiten zion euskalgintzari, oro har.

Bertsolaritza mailan ere, berrikuntza airea zetorren, batez ere Bizkaia aldean, Xabier Amuriza etxanotarraren eskutik.
Amuriza, kartzelan hausnartu ondoren, bertsogintza iraultzen hasi zen: bertsolaria, sortzez ez ezik, eskolatuz ere egin zitekeelako ideia berritzailea; euskara batuaren erabilera bertsotan; bertsoaren alderdi formalaren garrantzia, metrika, errima… ; 1980ko eta 1982ko Euskal Herriko txapel biak irabazteak sendotasuna eman zion berbaz eta teoriaz zekarren planteamenduari.

Bilbo aldean hasi zen gure Xabier, sasoi hartan bertan, ikastaroak ematen, bere teoriak zelanbait gorpuztu guran. Handixek sortu ziren, bada, gerora bertso-eskola berriak deituko zirenak, kasutarako, Santutxukoa edo Algortakoa.

2.2. Bilakaera urteka

1980. TALDE NATURALA
Lehenengo biltokia Algortako Zabala herri-ikastetxeko gela bat izan zen. Orduko eskolako partaideak berezko bertsozaleak izan ziren eta jardunak formalismo handirik gabekoak: alkartu eta kantatu, sarri-askotan gazta eta sagardoa tartean zirela. Batu astearteetan batzen ziren orduko eskolakideak.

1981. ESKOLA FORMALA
Bigarren urtean eskolako lagunek Zabala ikastetxea utzi eta San Nikolas ikastolako geletara aldatu ziren. Aldaketa hartan, orduan San Nikolaseko administratzailea zen Xabier Agirregomezkorta zenak izan zuen eraginik. Bera ere bertsozale handia izanik, asko erraztu zuen lekualdatzea. Ikastolan hasteak mesede egin zion bertso-eskolari, euskaldunen artean laster zabaldu baitzen bertso-eskola bat martxan zelako berria. Orduko eskolak formalagoak izan ziren, arbela erabiltzen zen, bertsoak idatzi egiten ziren, magnetofoia ere erabiltzen zen…

1982-1985. URREZKO AROA

Eskola ez ezik, euskal giroa ere goraldian zegoen. Ikasle kopurua ikaragarri handitu zen. Gazte mordoa batu zen orduko eskolara, gehienak neskak. Laster bi talde bereizi behar izan ziren, hasiberriei oinarrizko eskolak eman ahal izateko. Irakasle gehiago ere behar izan ziren.

Hor aipatu behar dugu, hasieratik bertatik irakasle lana egin zuen Trino Azkoitiaz gain, Mungiako Karlos Ibarzabal, bera ere irakasle aritu baitzen orduko eskolan (geroago, Mungiako bertso-eskola sortuko zuen Karlosek). Hirurogei bat ikasle izateraino ere heldu zen gure Algortako bertso-eskola. Eskolatik kanpo ere, koadrila ziren eskolako lagun asko.

1986-1988. BELAUNALDI ALDAKETA
Aurreko aldian eskolan ibilitako jende askok utzi egin zion eskolara joateari. Ez ziren denak bat-batean aldendu, apurka-apurka baino. Honetan, seguru antzean, ez zen arrazoi bakarra egongo: berritasunik eza, maila batetik gora egin ezina, astero-astero eskolara joan beharra… Kontua da taldea ikaragarri murriztu zela, baina, zorionez, euskaltegietatik-eta jende berria sartu zen. Eskolako Trino bilakatze arriskutsu haren lekuko zuzen eta bizia izan zen eta, zorihobez, talde zahar-berrituaren maisu eta erreferentzia izaten jarraitu zuen. Ordurako, bazen eskolan bat-batean kantatzen polito moldatzen zen taldea.

1989-1991. BERTSO ESKOLATIK IKASTETXEETARA
Aldi honetan, etorkizunean giltzarri suertatuko zen jauzia eman zuten eskolako orduko kideek: bertsolaritza-eskolak ematen hasi ziren eskualdeko zenbait ikastolatan, ikastorduz kanpoko jarduera moduan. Joseba Santxok ekin zion bide horri, 1989an Algortako San Nikolas ikastolan, 1990ean Sopelako Ander Deuna ikastolan eta 1991an Leioako Gobela ikastolan (egun Betiko ikastola dena). Geroago, Iñaki Benito del Valle ere hasi zen Getxoko Geroa ikastolan. Emaitza ezin hobea izan zen. Lehenengo urtean, hamar bat laguneko taldea osatu zen San Nikolasen. Belaunaldi hartatik etorri ziren Josu Arroyo, Peio Unzurrunzaga, Jagoba Pereda eta gerotxoago Xabi eta Fredi Paia anaiak, besteak beste.

Sopelako ikastolako esperientzia itzela izan zen: berrogeitik gora ume apuntatu ziren bertsolaritza-taldean. Leioan eta Geroan ere koadrila politak batu ziren. Orduko sasoian, indar handiagoa izan genuen ikastetxeetan eskolan bertan baino. Eskolan lagun batzuek baino ez zioten eutsi astearteroko betiko martxari. Aurrerago, Josu Landetak hartu zuen Joseba Santxoren lekukoa eskolaz kanpoko jardunean, eta gainera ikastola gehiagotara ere zabaldu zuen jardun-eremua: Leioako Altzagara eta Erandioko Kukularrara. Gure bertsolaritza-talde sare horretan, bertsolariak sortu ez ezik, makina bat lagun jantzi da bertso kulturaz, eta baita beste zenbait bertsozale sutsu bilakatu ere. Aldi hartan, bestelako ikastetxeak ere ukitu genituen bidenabar, esaterako, Berangoko ikastetxe amerikarreko umeei bisita egin genien, bertsopaper, eskusoinu eta guzti.

1992. ANTOLATU ETA KANTATU, KANTATU ETA ANTOLATU

Urte hartan, aurreko urteetan ikastetxeetan egindako lanari jarraipena eman ez ezik, beste arlo bitan ere egin genuen aparteko ahalegina: antolakuntza eta bat-bateko taldearen jarduna. Euskal Herrian sonatuak izan zen gure eskolak eratutako Balendin Enbeita bertsopaper-lehiaketa, bai bere ezaugarriengatik (hainbat atal eta azpiatalen bitartez, promozioari begira diseinatu genuen), bai eta bere sari ederrengatik ere. Gainera, sariak hartarako beren beregi antolatutako bazkarian banatzen ziren, Neguriko Errota Zaharra jatetxean. Gero aurkeztutako bertsorik onenak argitalpen dotorean zabaltzen ziren. Gaur egun, lehiaketa bertan behera utzia dugu, baina berriz antolatzeko asmotan gabiltza.

1995. LEGEAREN BIDEA: KULTUR ELKARTE BIHURTZEA
Bertso eskola elkarte bihurtzeko burutazioa eskolaren sortzaileei ere otu zitzaien aspaldi, baina honegatik edo hagatik, ez zuten zertu. 1995ean eskolan ibili ziren lagunek elkarte bihurtzea erabaki zuten, batez ere tramite burokratikoetarako-eta (ordainketak, diru-laguntzak, e.a.) lagungarria izango zelakoan.

Orduantxe sortu zen, historian lehenengoz, eskolaren izen ofiziala: ALGORTAKO BERTSOLARI ESKOLA «ALBE» ELKARTEA.

Bertso eskola barik, «bertsolari eskola» izena hautatzeak bazuen bere arrazoia: Trinoren iritziz, «bertso» izena orokorregia zen, eta gainera bertsolaria da eskolaren oinarria eta helburua, bakarra ez bada ere. «ALBE» laburtzapenarena argi dago: izenaren bertsio laburra nahi genuen, eta «ABE» ordurako hartuta egon zen; halandaze: ALBE, ALgortako Bertsolari Eskola

1996. ESKOLAREN AURPEGI BERRIA: GURE LOGOA
Halako batean, geroago eta gehiago hedatuz zihoan gure jardunak erreferentziazko irudia behar zuela bururatu zitzaigun. Gasteizko gure lagun Zuriñe Asteasu Ugalde diseinatzaileak egin zigun, ondo egin ere, aurrerantzean eskolaren logotipoa izango zena. Ez zuen gutxi nekatu burua gure Zuriñek; izan ere, gure logoak sinbologia zoragarria dauka bere baitan. Labur-labur esanik, bertsolari biren buruak daude irudikatuta logoan, alde banatara begira. Horrek bitasuna adierazten du, eta zeharka, ugaritasuna eta aberastasuna ere bai; alde banatara begira egoteak bertsoketaren dialektikaren kontrakotasuna edo oposizioa adierazten du; koloreek ere badute esangurarik, laranjaxkak, kolore beroen gamakoa izanik, grina, sentimendua eta berotasuna adierazten du; urdinxkak, berriz, kolore hotzen gamakoa izanik, bertso lanaren zehaztasuna, hoztasuna eta buru-lan teknikoa adierazten du. Pieza biak loturik daude, esan gurarik bertsolariaren bihotzean bat eginda daudela bi-biak.

1997. EMAN ETA ZABALDU

Legeztatzea eta logoa sortzea jauzi kualitatiboak izan ziren eskolaren joanean. Batetik, legeztatzeak kreditoa eman zigun erakundeen aurrean, bai eta zenbait tramite burokratiko erraztu ere. Logoaren ekarpena, berriz, irudi mailakoa izan zen. Jendea laster hasi zen gure logoa eta gure jarduna elkarlotzen eta, beraz, efektu bikoitza lortzen genuen gure logoa erabiltzen genuen ekitaldi guztietan.

Denboragarrenean logo hori label bermea izan dadin ahalegintzen ari gara, gure jardueraren zabaltzean eta duintzean ere lagun diezagun.

1998. FORMULA BERRIA: IKASTAROA


Ibilian-ibilian, hutsune bat sumatu genuen gure jardunbidean: nagusien mailan, ez zen ikusten aurpegi berririk; inertzia hutsak eramaten gintuen aurrera. Bestetik, gero eta ozenagoa zen herriko jendearentzat «0 maila»tik hasteko moduko ikastaroren bat antolatu behar genuelako aldarria. Azkenean, pauso hori ematea erabaki genuen. Josu Landetak eta Joseba Santxok eman zuten ikastaroa. Hogeita hamar ikaslek eman zuten izena eta ikastaldiak egundoko arrakasta izan zuen. Eskola guztiek atal bina izan zituzten: teorikoa (teknika eta bartso-paperak) eta praktikoa (mikrofonoaren aurreko jarduna). Oraindik ere badabilkigu eskolaren inguruan orduko ikastaroan hasitako ikaslerik.

1999. IKASTAROAREN OSTEA

Ikastaroaren emaitza sano ona izan zen, eta bere ondorioa are hobea; izan ere, ikastaroan ibilitako ikasle batzuek eskolan jarraitu zuten ikastaroa amaitu eta gero ere.

Gainera, eskolen atal praktikoan eskolako kideak inplikatu genituen, eta horrek barne dinamizazioa ere ekarri zigun: lehengo bat-bateko entranamenduak jendaurreko bertsosaio didaktiko bihurtu ziren, eta horrek gure onena ematen behartu gintuen. Ikastaroaren iraupena hiru hilabetekoa izan zen, urtarriletik martxora arte, eta asteko jarduna ikastordu bikoa, astearteetan. Ordu larregi izan ez arren, ikasleek bertsogintzaren ideia orokorra hartzeko, eta batez ere, bat-bateko jardunaren teknika ezagutzeko, balio izan zuen.

2000. HOGEIGARREN URTEURRENA: HELTZAROA
Zorionez, gaur egun eskolan gabiltzanok sasoiz ohartu ginen gure egoeraz, gure iragan mamitsuaz, gure orain oparoaz eta gure etorkizun itxaropentsuaz; eta aprobetxatuz 2000. urtean eskola sortu zenetik 20 urte igaroak zirela, urtebetetze hori handikiro ospatzea erabaki genuen. Ospakizunaren leloa hauxe izan zen: 20 URTEAN ZUEN ARTEAN, hau da, bertsozaleari egindako keinua. Beste alde batetik, 20 zenbakia ere baliatu nahi izan genuen eskolaren inguruari indarra emateko, eta erronka modura planteatu genuen: 20 urte, 20 ekitaldi. Egia esan, aurreko urtean, 1999an alegia, 27 ekitaldi antolatu genituen, halandaze, trankil ibiltzeko moduan ginen; baina jende gehienak, batez ere gure eskualdetik kanpokoek, ez zekien hori, eta egundoko marka iritzi zioten urtean zehar 20 bertso ekitaldi antolatzeari. Horrez gain, gala bat antolatu genuen urte amaieran Getxo Antzokian, ospakizun-urteari amaiera arranditsua ematearren. Gala hartan, Zuriñe Asteasuk diseinatutako logoan oinarriturik, Aitor Zumalabe gure diseinatzaile lagun bilbotarrak taxututajko AHOBI SARIA aurkeztu genuen, eta bide batez, Euskal Herriko 40 bat bertso-eskola saritu genituen, AHOBI jaioberria sari bihurtuz. Azkenean, 20 barik, 26 ekitaldi burutu genituen 2000. urtean zehar, eta AHOBIEN GALAk arrakasta handia izan zuen. Garrantzitsua, baina, teloi atzean gertatu zen: bertso eskola zahar-berritu bat harrotasunez, ilusioz eta etorkizunez bete genuen, 20. urteurrenaren aitzakian.

Beste maila batean, egoitza ere aldatu genuen eta orain gauden lekura etorri: Karitate kalea, 1-16. bulegoa. Algorta / 48993 GETXO. Eskolak asteartero ematen jarraitzen dugu, orain dela 24 urte legetxe.

2001-2003. TXIRI-TXIRI, DENEAN AURRERA

20. urteurrenetik aurrera, gure helburua ikaragarri atomizatu da. Oraintxe momentuan ez daukagu buruan eman beharreko aurrerapauso berri eta jakin bakarra. Gure oraingo helburua helburu txikiago askorekin osatuta dago, hots, pausoz pauso eta ibiliaren porazuz egin ditugun lorpen txiki guztietan hobetzea eta sakontzea; hori bai, buruari eragiteari utzi barik, eta ingurutik jasotzen ditugun iritzi eta ideia interesgarri guztiei arreta jarriz. Esan dezakegu, hutsuneak hutsune eta akatsak akats, gaur egun Algortako Bertsolari Eskola bertso-eskola normalizatua dela eta, okerrik ezean, bihar-etzi ere hor izango dela, bertsolariak sortzen, bertsozaleak trebatzen, euskaldunak bertsozaletzen eta bertsoaren kultura esportatzen.

Nork: albe.2008/11/05 11:25:33.130 GMT+1
Etiketak: historia | Permalink


Estatistikak