Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/05/26 17:15:55.060 GMT+2

Ekitaldi nagusiak


Euskara elkarteen erakusketa

Non: Arrasateko Kulturate Kultur etxean
Noiz: maiatzaren 30etik ekainaren 15era. Inaugurazioa, maiatzaren 30an arratsaldeko 20.00tan egingo da, Batzar Nagusiaren ondotik.


Udalekuetako omenaldia

Non: Arrasateko Zaldibar frontoian
Noiz: ekainaren 25ean, Txatxilipurdi elkarteak San Joan jaietan antolatzen duen Eguzki Laru Egunaren barruan.

    Uztailean beteko dira hogei urte, Txatxilipurdik, oraindik AEDko lantalde zelarik, lehenengo udalekuak antolatu zituela. Urteurren hori ere ospatuko dugu 1988 hartako udalekuetan antolatzaile eta begirale lanetan aritu zirenei omenaldi xume bat eginez erein zuten haziagatik eskerrak emateko.


"Denok elkarrekin" egun osoko jaialdia

Non: Arrasaten (gune ezberdinetan)
Noiz: irailaren 20an.

    Egun osoko jai honetan urteurrena arrasatear guztiekin ospatzea da helburua. Herriko kultur, jendarte eta kirol erakundeak jaian inplikatuz, eta adin guztietako herritarrentzako ekitaldiak eskainiz. Bestalde, Arrasaten bizi diren jatorri ezberdinetako pertsonen arteko ezagutza eta harremanak sendotzea ere gura da.

Egitarau zabala izango da eta zehaztuko dugu aurrerago


Gogoeta saioak: Hitzaldi zikloak eta jardunaldiak

Euskararen jatorria, egungo egoera eta geroari buruzko zikloak

    Hiru zikloren bitartez, euskararen jatorriaren gainean dauden zenbait teoria ezagutu, egungo egoeraz gogoetatu eta etorkizuneko erronkak irudikatzeko aukera emango diegu arrasatearrei.

  •     Euskararen jatorria: lehenengo ziklo hau urteurren ospakizun ofizialekin hasi aurretik egin zen.
  •  Euskararen gaur egungo egoera: mahainguru formatuarekin garatuko dugu bigarren ziklo hau maiatzean zehar egin da.
  •  Euskararen geroa: urrian emango diegu amaiera zikloei begiak euskararen geroan jarririk. Euskarak etorkizunari begira zein erronka dituen aztertuko dugu, punta-puntako hiru aldetatik: hedabideak eta teknologia berriak, hizkuntzaren kalitatea eta inmigrazioa. Hizlariak aipatu gaietan aditu diren pertsonak izango dira.  

Nazioarteko jardunaldia


Noiz: Azaroan
Non: Kultur Ateko areto nagusian

    Arrasatearrei berariaz zuzendutako zikloak ez bezala, euskalgintza osoari oro har eskainitako ekarpen tekniko gisa ari gara antolatzen azaroan egingo dugu. Izan ere, oker ez bagaude, gaurdaino jorratzeke daukagun gaia izango dugu aztergai egun osoko jardunaldi horretan.

Egitaraua aurrerago zehaztuko dugu.


AED eskoletan

Non: Arrasateko eskoletan
Noiz: Iraila eta abendua bitartean

    AEDren sorrerak eta lanak herriaren euskalduntze prozesuan izan duten garrantzia belaunaldi berriei azaltzeari estrategiko deritzogu etorkizunari begira gazteek euskararen aldeko jarrera harro eta aktiboa gara dezaten. Izan ere, hogei urtetik beherako arrasatearrek ez dute ezagutu erdarazko hezkuntza soilik eskaintzen duen ikastetxerik, Arrasate Pressik gabeko asterik edo udalekurik gabeko uztailik, adibide batzuk jartzearren.

    Beraz, hori guztia nondik eta zergatik sortu den azaltzeko programa bat garatuko dugu ikastetxeetan irailetik abendura bitartean. Programa hori fintzeko lantalde bat jarri dugu lanean Arrasate Herri Eskolako eta Arizmendi ikastolako irakasleak elkarturik. Asmoa da hezkuntza ziklo bakoitzean gaia lantzeko metodologia eta material berezituak prestatu eta baliatzea.    


Omenaldia

Non: Kultur Ateko areto nagusian
Noiz: Abenduaren 3an

    Ekitaldi instituzional honetan gure artean izan nahi ditugu mende laurdeneko bide luze bezain emankor honetan bidaide izan ditugunak. Hala nola, erakunde publikoak (Arrasateko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza), Topagunea eta bazkide dituen euskara elkarteak, Arrasateko Euskalgintzako kideak eta herriko beste hainbat erakunde eta norbanako.

Ekitaldi horrek hiru helburu izango ditu:

•    AEDko sortzaileak omendu
•    Herriari oro har euskararen alde egindako guztiagatik zorionak eta eskerrak eman
•    Arrasate euskalduntzeko bidean lekukoa belaunaldi berriei eman


Nork: AED.2008/05/26 17:15:55.060 GMT+2
Etiketak: aed ekitaldiak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak