Elkartea eratu zen garaian, 80ko hamarkadaren hastapenetan, euskara kinka larrian zegoen gure herrian. Arlo batzutan, irakaskuntzan nagusiki, aurrerapausoak ematen hasia bazen ere, arrasatearren artean euskararen erabilera hutsaren hurrena zen -hamarretik batek zeukan euskaraz berba egiteko ohitura.
Errealitate gordin horren aurrean, soziolinguistikako hitzaldi sorta baten inguruan elkartu ziren pertsona batzuek herriko euskaldungoarentzat elkarlanerako bilgune bat antolatzeko ekimena izan zuten. Horrela, 1983ko azaroaren 29an, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea sortzeko Eraikuntza Batzarra egin zen. Euskara elkarteen aitzindaria eraturik zegoen.
Huraxe izan zen abiapuntua Arrasateko euskaltzaleak batu eta lanean hasteko, euskaraz bizitzeko eremu berriak zabaltzeko, euskal kultura sustatzeko, Udalean Euskara Zerbitzua sortzeko, euskarak normalizazioari begira behar zituen neurriak bideratzeko edota exijitzeko, jendearen hizkuntza-jarreretan eragiteko…

Urterik urte AEDren jarduera hedatzen joan zen, lantzen zituen arloak (sentiberatzea, kultura, haur eta gazteen aisialdia, lan-mundua, hedabideak, emakumeak...) ugaritu ahala. Elkartearen sorreran ereindako haziaren fruitua biderkatuz zihoan etengabe eta, hori horrela, hasiera batean elkartearen lan-ildo ezberdinak jorratzeko eratu ziren lantalde batzuek beren bide propioari heldu zioten, izaera juridiko propioaz eta kudeaketa autonomoaz, modu eraginkorragoan eta kalitatezko parametroetan lan egiteko:
• 1991: Arrasate Press eta Arrasate Telebista ekoizten zituen ARKO izan zen erakundetzen lehena.
• 1994: Txatxilipurdi izan zen hurrengoa Haur eta Gazteen aisialdiaz arduratzeko.
• 1995: Ekin Emakumeak elkartea eratzeko urtea izan zen, emakumeei euskarara gerturatu eta pertsona gisa garatzeko bideak zabaltze aldera.
• 1996: Euskalan erakundetu zen azkena, lan-munduan, eta bereziki enpresetan, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Aurten ospatzen dugun urteurrena AEDrena ez ezik AEDtik sortutako erakunde guztiena ere bada, beraz.
Aipatu, azkenik, Arrasateko elkarteon jarduera eta lan egiteko modua eredu izan direla gaur egun Hego Euskal Herrian diharduten laurogeitaka euskara elkarteentzat. Horren adibide dugu AEDk 1990ean bultzatu zuen Euskararen Hitzarmena, ordu hartan elkarrekin harremanak euskaraz izateko konpromisoa hartu zuten 37 erakundek sinatu zutena. Ekimen hura mugarri izan zen erakundeak euskalduntzeko bidean gaur egun hain hedatua dagoen hitzarmengintzaren filosofia eta metodologia erabili zirelako estreinako aldiz.
Urtetako lan oparo horrek erakunde publikoen errekonozimendua ere jaso zuen 1997an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia saria eman zionean Arrasate Euskaldun Dezaguni.
Idatzi artikulu bat