Bergara
Zapatuan, XX. Udaberriko kontzertua Musika Eskolakoen eskutik
Kontzertua, 19:00etan izango da Udal Pilotalekuan Musika Eskolako hainbat talderekin. Ondoren, urtero egin ohi den bazkariaren ordez afaria egongo nahi duten guztiendako
Etzi, zapatua, Bergarako Musika Eskolako taldeek XX. udaberri kontzertua eskainiko dute, 19:00etan Udal Pilotalekuan, Tere Aranzibiak egingo ditu aurkezle lanak. Kontzertuan eskolako talde guztiek parte hartuko dute, besteak beste: suzuki taldeak, trikitilariak, txistu taldeak, akordeoi orkestrak, abesbatzak, Gazte Bandak, orkestrak eta Aurre-hizkuntza eta hizkuntza musikaleko ikasleek. Ondoren afaria egongo da. Aurten, aldaketa txiki batekin dator hori. Urtero domekan izan ohi da kontzertua eta bazkaria egin izan ohi dute; baina aurten, zapatuan eskainiko dutenez, urteroko bazkariaren ordez afaria egingo dute.
Egitaraua
Egitarauak bere hasiera, baina, arratsaldean izango du; hala, 18:30etan, trikitixa taldearekin kalejira izango da; ondoren, 19:00etan kontzertua, Udal Pilotalekuan, eta 21:00etan, afaria pilotalekuan. Jarraian, guztiondako jaialdia. Kontzertuko egitarauari dagokionez, Suzuki biolin taldeak 3 lan eskainiko ditu. Ondoren, akordeoi orkestrak bi lan eskainiko ditu; hirugarrenik, orkestra sinfonikoak, beste hiru lan eskainiko ditu; trikiti taldeak Vals herrikoia eskainiko du; haurren abesbatzak bi lan eskainiko ditu Eli Mendiaratz piano - jolearen laguntzarekin; txistu taldeak, lau lan eskainiko ditu, hauek artean, Ixil-ixil kanta herrikoia; Gazte Bandak, berriz, Alberto Laskurainek moldatutako marrazki bizidunei buruzko lana bat eskainiko du; eta azkenik, aurre-hizkuntza eta hizkuntza musikaleko ikasleek, Bergarako Musika Eskolako martxa eskainiko dute.
Musika eskolako hainbat taldek hartuko dute parte kontzertuan Argazkia handitu