Bergara
Plan estrategikoa aurkeztu berri du Aranzadi ikastolak
Datozen lau urteetarako Plana aurkeztu du. Euskaltzaleak batuko dituen erreferentziazko kalitatedun ikastetxea izatea du helburu.
Aurreko eguenean, datozen lau urteetarako plan estrategikoa aurkeztu zuen Aranzadi ikastolak. Planean, eskolaren misioa, datozen lau urteetarako helburua eta balioak definitzen dira; baita helburua lortzeko ezarritako estrategiak ere.
Aranzadi ikastolaren misioa da ikastetxearen euskal izaera eta kudeaketa autonomoa baliatuz ikasleak heztea, taxuzko euskal hiritar izan daitezen. Markatutako helburuari dagokionez, berriz, euskaltzaleak batuko dituen erreferentziazko kalitatedun ikastetxea izan nahi du, eta horrekin batera instalazioak berritu nahi ditu.
Estrategiak
Helburua lortzeko estrategiak lau multzotan banatu dituzte: zerbitzuari dagozkionak –0-3 urte artekoendako zikloa martxan jartzea eta proiektu pedagogiko berritzaileak finkatzea–; antolamendu eta funtzionamenduari dagozkionak –kalitatezko zerbitzua bermatzeko baliabideak jartzea, esaterako–; marketin arlokoak –herriarentzat interesgarriak izan daitezkeen ekintzak antolatzea, besteak beste; eta finantzei dagozkionak –bideragarritasun plana egitea.
Plan estrategikoaren garapenean, irakasle, guraso eta ikasleek hartu dute parte iritzia emanda: 41 langilek, 97 gurasok eta batxilergoko 21 ikaslek.
