Bergara

Edu Mendibil 2008/04/13 20:29

Euskararekiko konpromisoa sinatu dute 82 elkartek

Dokumentu Akzioak

Hamazpi urte beranduago, 1991n sinatutako euskara hitzarmenari jarraipena emateko konpromisoa sinatu zuten Bergarako 82 elkarte, talde eta entitatek zapatu eguerdian, udaletxean. 'Bergaran euskaraz eingou' lelopean, datozen urtetarako lan ildoak zehaztu dituzte Udalak eta aipatutako erakundeek.

Atzoko ekitaldian Agurne Barruso Bergarako alkateak zera adierazi zuen: "Nazio gisa bereizten gaituen ezaugarri nagusietako bat hizkuntza, euskara da, herri moduan daukagun entitatearen oinarrietako bat. Euskararen alde ibilbide luzea dauka Bergaran eta orain, euskara ezagutzetik, euskaraz bizi izatera igaro behar dugu. Hori da helburua. Bestalde, askotan euskara zama batekin lotzeko ohitura daukagu: lanarekin, azterketekin eta abar. Bada ordua gozatzekoa euskara erabiliz".

Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariek eta alkateak berak azpimarratuko moduan, euskara bultzatzeko konpromisoa hartu duten entitateek Udala bidelagun izango dute hitzarmenaren garapenean. "Inflexio puntu honetako eragile eta protagonista nagusiak zuek zarete", esan zien alkateak udaletxeko osoko bilkura aretoan batutakoei.


Eli Payros Udaleko euskara teknikariak 1991tik hona egindako ibilbidearen gainbegiratua egin zuen eta baikor azaldu zen etorkizunera begira: "Ea ba hitzarmen honekin beste bultzadatxo bat ematen diogun euskarari". Euskararen aldeko lehen hitzarmena 1991n sinatu zuten Bergaran. Orduan 49 entitatek bat egin zuten euskararekin, Hau ez da Bergarako besarkada lelopean. 1998. urtera arte elkarlanean jardun zuten herriko elkarteek eta Udalak. Ondoren, etenaldi bat etorri zen, eta zapatuan sinatutako hitzarmenak hasierako hari nolabaiteko jarraipena eman nahi dio.

Lehen hitza, euskaraz

2006an ekin zioten Udaletik egoeraren diagnosia egitera eta ordutik hainbat lagunek jardun dute animatzaile eta bultzatzaile lanetan. Lau urterako hitzarmena sinatu zuten Udalak eta herriko 82 entitatek. Besteak beste, elkarteen zuzendaritza organoetan eta barne administrazioan euskara erabiltzea zehazten da bertan, baita bazkide eta herritarrekiko harremanak euskaraz izatea ere: "Lehen hitza beti euskaraz izango da" jasotzen da bertan. Udalak teknikari bat jarriko du hitzarmenaren jarraipena eta dinamizazioa egiteko.

Hitzarmena sinatu duten elkarteetako bi ordezkarik ere hitza hartu zuten, Mireia Larrañagak Orkestra Sinfonikoaren izenean eta Gorka Martinek Gurpildun Oholak Skate Elkartea ordezkatuz. Biek ere esfortzua eta lana eskatu zieten gainerako taldeei, euskararen erabilera arlo guztietara zabaldu ahal izateko. Azkenik, Maripi Laskurain euskara teknikariak zera esan zuen: "Talde bakoitzarekin aztertu dugu zein aurrera pausu eman daitekeen".

 

Erantzuna gehitu

Formulario hau betez erantzun bat bidal dezakezu.

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
Idatzi zure benetako eposta. Erantzuna argitaratu aurretik epostara bidaliko dizugun mezuan agertzen den helbidera sartu beharko zara zure erantzuna konfirmatzeko.
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Euskararekiko konpromisoa sinatu dute 82 elkartek

Hitzarmena sinatu duten elkarteetako ordezkariak atzo, San Martin plazan. Argazkia handitu


LAGUNTZAILEAK:

Eusko Jaurlaritzaren logoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren logoa Eroski Fundazioaren logoa


Estatistikak