Herriko aberastasuna ezagutzeko aukera egongo da Aste Santuan

Imanol Gallego 2014ko api. 15a, 10:17
Oporraldietan jende ugarik bisitatzen du herria.
Sorpresa bikaina! Hori da, hain zuzen ere, Bergarak jasotzen dituen bisitariengan sorrarazten duen bizipena. Ustekabez betetako herria da; kooperatibismoaren eta industriaren bailaran, Bergara babesten duen Gerriko Berdea, Europako Ilustrazioaren topagune izan zen Errege Mintegia, dorretxeak, jauregiak, elizak...

Zerrenda luze horrek urtero turista asko ekartzen ditu, eta, Udalak, bisitariei behar bezalako ongietorria egiteko, guztia prest dauka.

Horretarako, joan den eguabakoitzetik maiatzaren 4a arte, herriko turismo bulegoak bere ordutegi eta eskaintza ugaritu egin du. Horretarako, Turismo Bulegoa lanegun eta zapatuetan 10:00etatik 14:30era eta 15:30etik 18:30era zabalik egongo da; domeka eta jaiegunetan, aldiz, 10:30etik 13:30era.

Informazioa jasotzeko aukeraz gainera, bulegoan bertan bisita gidatuak eskainiko dituzte, goizetan 11:00etan eta arratsaldeetan 16:30ean. Prezioa: orokorra, 2 euro; 14 eta 18 urte bitartekoak eta erretiratuak, euro 1; haurrak eta langabeak, doan.

Bulegoak jarritako ordutegitik kanpo ere egin daitezke bisitak: 943 77 91 83 zenbakira deituta edo turismoa@bergara.net posta elektronikora idatzita.

Bergara Pass txartela

Europan oso hedatuta dagoen formula da hori; Bergararen kasuan ere, turistei zuzenduta egongo da: zerbitzuak  bost euroko prezioa du, eta hiru egunez hainbat abantailaz eta deskontuz gozatzeko aukera emango dio bisitariari. Txartel horri esker, ekimenarekin bat egin egin duten komertzioetan deskontuak izateaz gain, hainbat udal zerbitzu eta herri autobusa ere %50 merkeagoak dira. Agorrosingo eta Labegaraietako kirolguneetan, Turismo Bulegoan, Ormazabal hotelean eta Agirrebeña tabernan eros daiteke txartela. Gainera, bisitariei herriak duen aberastasun artistiko eta arkitektonikoa azaltzeko, informazio gida bat kaleratu du Udalak.

Autokarabanentzako gunea

Turismo mota berriak erakartzeko asmoarekin, Bergara Pass sortzeaz gainera, orain modan dagoen autokarabanen mundua ere erakarri nahi dute turismo arduradunek. Horregatik, autokarabanen gunea sortu zutenetik, zenbait berrikuntza egin dira Labegaraietako autokarabanen gunean.
Besteak beste, ura hartu eta botatzeko iturria hobetu egin dute, eta, harrera egiteko, bestalde, kartel berria ipini dute. Informazio panelean, udal ordenantza, baliabide turistikoak eta intereseko telefonoak jasotzen dira. Gunea, hain zuzen ere, Erabiltzaileen Bikaintasunerako Lehiaketarako aukeratua izan zen. Hala ere, Udaletik adierazi dutenez, izendapenarekin baino gehiago, turisten bisitak areagotzeko sortutako gunea izaten ari den erantzunarekin daude oso pozik. Edozelan ere, bisitari gehiago erakartzeko estrategia berriak sortzen jarraitzeko asmoa dute.

Natura eta hiria, ondarea eta etorkizuna, monumentuak eta pertsonak... honek guztiak eta gehiagok ematen dio ongietorria bisitariari, wolframioren eta mahoiaren herri adeitsu horretara. Oraindik zalantzan?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak