Euskaldun eta Kataluniako labeldun feria, Bergarako Erramu Zapatuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko api. 12a, 16:39
Artisauak, sasoiko produktuak, euskal hanburgesak, animaliak, txorimaloak, zanpantzarrak, horiek, besteak beste, gaur, Bergarako Erramu Zapatuko Ferian batu dituztenak. Urtero moduan, asko izan dira eguneko lehenengo ordutik Bergarako erdiguneko kaleetaraino hurbildu direnak; horien artean, mahonezko trajeak soinean ziren herritarrak baina baita inguruko herrietatik etorritakoak ere. Gaur baina, Kataluniatik etorritako asko ere baziren, Gure Esku Dago ekimenak antolatutako Castelleres-ak, horien artean.
ARGAZKIAK: FeriaCastell-ak

Guneka banatuta zegoen Bergarako erdigunea eta batetik bestera ibili da jendea; une batzuetan kosta egiten zen arren, kalea zeharkatzea, bereziki eguerdi partean.

Gunez gune feria

San Martin plazan, esateko, artisauen postuak eta euskal okelaz egindako hanburgesatxoak dastatzeko tabernatxoa zegoen. Artisauei dagokienez, herrikoak eta kanpoko langileak zeuden askotariko lanak erakutsi eta saltzen, besteak beste, otargilea, arropa eta osagarriak zituztenak, tailaginak, askotariko margolariak, txalaparta egileak... Ikusi eta erosteaz gainera, bertaratutakoek izan dute artisauen lana bertatik bertara probatzeko aukera ere, besteak beste, otartxoak egiten animatu diren haur eta gazteak ikusi ditugu. Hamaiketako goxoa egiteko aukera ere izan dugu herriko Ernai eta Ikasle Abertzaleak taldeetako kideak laguntzaile zituen Elorriko Koldo Ibargurenek prestatutako euskal okelaz egindako hanburgesa ederrak, hain zuzen ere. Hanburgesaz gainera, sasoiko produktu ugari ere baziren, horiek, Fraiskozurin.

Hegaztiak, zaldiak, ahuntzak, pottokak eta beste hainbat zeuden ohi moduan, aurten ere, Seminarioan eta ikusitakoaren arabera, gazte eta haur ugariren gunerik gustukoena zela esan dezakegu. Ikustera joan direnez gainera, baziren animalia edo traktoreak erosteko asmotan zegoen baserritarrik ere.

Animaliengandik gertu, Ibargarai kalean zeuden Jardunek antolatutako XX.Txorimalo lehiaketako panpinak. 26 taldek hartu dute aurten parte, gutxi gora behera 200 lagunek, beste modu baten esanda. Askotariko panpinak, modu ezberdinetan egindakoak, guztiak baina, ikusgarriak eta maitasunez egindakoak. 12 urtetik gorakoek, 8 txorimalo egin dituzte eta honakoak izan dira irabazleak hurrenez-hurren: Xabate gaztelekua; Gu ta gutarrak eta Jumpersak. Gaztexoen kategorian, berriz, 18 txorimalo egin dituzte eta honako irabazleak: Sorgin erratzak; Magistak eta lau sorgintxoak. Txorimalo onenen sariaz gainera, esaldi onenaren saria ere banatu dute Jardunekoek; Izarra taldeak eskuratu du, Bizi pozez, bizi irrian, bizi euskaraz leloarekin.

Katalanak ere bai Bergarako ferian

San Martin plazatik kalejiran abiatu eta Irizar jauregiko lorategian egin dituzte bost saio, Gure Esku Dago ekimenak gonbidatutako San Cugat de Valles herriko 100 castellers inguruk, gralla (hemengo dultzainaren antzerakoa) musika tresnaren donuekin lagunduta. Ezusteko bat edo beste izan duten arren, erakustaldi ederra egin dute inguruan pilatutako zale askoren begi zabalen aurrean. Bihar, domekan, Arrasateko herriko plazan izango dira 13:00etan.

Goizeko ekitaldiak amaituta, pilotalekuan batu dira 500 lagun inguru herri bazkarian eta arratsaldean, berriz, umeendako zezentxoak izan dira seminarioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak