Iñaki Aspiazu arkitekto bergararra hil da

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko api. 11a, 12:07
Iñaki Aspiazu Iza arkitektoa.
Iñaki Aspiazu Iza arkitekto bergarar ezaguna atzo hil zen 59 urte zituela. Ibilbide profesionalean askotariko lanak egin zituen, besteak beste, Gasteizko Justizia Jauregia diseinatu zuen eta Bergarako udaletxearen zein Errege Mintegiaren birgaitze lanak ere bereak dira. Hileta elizkizunak bihar, zapatua, izango dira, Bergarako San Pedro parrokian, 19:00etan hasita.

Ibilbide profesional oparoko gizona izan da Iñaki Aspiazu Iza, eta proiektu entzutetsuetan parte hartutakoa, gainera. Bai Bergaran bertan, baina baita kanpoan ere, eta sarritan aintzatetsi diote haren lana, sarien bidez, esaterako.

Atzo hil zen, 59 urte zituela; bihar izango dira hileta elizkizunak Bergarako San Pedro parrokian, 19:00etan hasita.

Bergarako lanak

Bergararrak, herrian bertan hainbat lan egin zituen: Bergarako udaletxearen, UNEDerako Bergarako Errege Mintegiaren zein Bergarako Errege Mintegiko auditorioaren birgaitze lanez arduratu zen Aspiazu, besteak beste.

(UNEDeko ganbara eraberritu zuen)

Baina gainera, alde zaharrean ere bestelako lanak zuzendu zituen arkitektoak: Udaletxeko Eraberritze Proiektuaren barruan San Pedro elizaren ondoan hasitako urbanizazio lanak osatu zituen, eta Munibe plazak egun duen itxura, arkitektoaren lanari esker da.

Kanpoan utzitako aztarnak

Bergaraz gainera, herritik kanpora ere, proiektu ugari burutu zituen Aspiazuk. Garatutako lan eta proiektuei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako artxibo nagusiaren eta Justizia Jauregiaren lanak bere esku egon ziren eta Arabako hiriburuko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatearen diseinuaren arduraduna ere izan zen bergararra.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzarako Artxibo Nagusia zein Gasteizko udal artxibategiaren birgaitze lanak ere zuzendu zituen.

Arabar Errioxan, Samaniegon, Baigorri Upategiaren arkitektura lanez arduratu zen Aspiazu, eta baita bertako altzariez ere.

(Baigorri Upategia, Samaniegon)

Nazioarteko lanei dagokienez, Afrikan Boli Kostan, Angolan zein Kamerunen ere abiarazi zituen hainbat lan, esaterako.

Altzari eta barne-diseinua

Iñaki Aspiazuk zeinbat altzari ere diseinatu zituen eta ekodiseinuaren bidez, paisaiarekin uztartzen diren egurrezko autobus-markesinak zein begiratokiak sortu zituen.

Gainera, zenbait denda eta bulegoren barne-diseinuaz ere arduratu zen Aspiazu.

Sari ugari

Esan bezala, profesionalki lan ugari egin zituen bergararrak, eta hainbat sari jaso zituen, gainera, horiengatik.Lehenengoa, 1985ean eman zioten Olagibel Arkitektura saria izan zen, eta 1989an ere eskuratu zuen.

Baina bestelako sariak ere eman zizkioten, besteak beste, Boloniako II. Arkitektura eta Hirigintza Hirurtekoa jaso zuen 1996an, Bergarako Udaletxearen birgaitze lanen proiektua dela eta. 

2012an ostera, Bergarako Seminarioko ganbaran egindako lanagatik hiru sari jaso zituen. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak