Atez ateko sistemak "porrot" egin duela esan du Bergarako EAJk

Jagoba Domingo 2014ko api. 2a, 15:01
Bergarako EAJk, atez atekoaren datuen balorazioa egin du gaur. Sistemak porrot egin duela esan dute; eta Udal Gobernuari, datu ekonomikoetan gardentasuna eskatu diote. Bergaran atez ateko sistema ezartzearen eta bilketaren kostu erreala zein den jakiteko txosten ekonomikoa egitea eskatu diete. Horrez gain, bosgarren edukiontziaren sistemagatik apustua egitea eskatu diote Udal Gobernuari.

Bergarako Udal Gobernuak argitaratutako Atez ateko bilketa sistemaren datuen balorazioa egin du gaurkoan batzokian Bergarako EAJren Udal taldeak. Bertan Aintzane Oiarbide, Maite Barrena eta Rafa Amasorrain egon dira. Besteak beste, hilabete eta erdi honetan, atez ateko sistemak porrot egin duela esan du Oiarbidek. Horrez gain, Udal Gobernuari gardentasuna eskatu diote, datuak kaleratu dituelako bai, baina sistema ezartzearen eta bilketa kostu erreala zein den jakiteko txosten ekonomikoa egite eskatu diete. Izan ere, hilabete eta erdi honetan, Bergarako kaleetan zehar, inoiz baino kamioi eta auto gehiago egon dira zaborra jasotzen, eta horrek kostu ekonomiko handia izateaz gain, beste arazo bat sortzen duela esan azpimarratu du Oiarbidek; kutsadura.

Atez atekoaren porrota

Horrez gain, Gobernuak argitaratutako datuak kontutan hartuta, atez ateko sistemaren porrota ondorioztatu dute Bergarako jeltzaleek. Datuen arabera, paper bilketa %2a baino gutxiago igo da, ontzi arinena %3a eta beirarena %2a. Organikoaren bilketa %23,1ekoa izan da, jeltzaleen arabera espero baino zifra askoz baxuagoa, eta errefusarena %12a. Beraz, bergararrak sisteman ez direla inplikatu edo sistema ezarri aurretik gauzak ondo egiten zirela ondorioztatu dute. Datu horiez gain, Bergaran  bat-batean hondakin gutxiago sortzen direla esan dute, eta horrek azalpen argia duela esan du Oiarbidek. Hondakinen turismoa bezala definitu dute fenomenoa, hau da, hainbat bergararrek zaborra beste herrietara eramaten dutela esan du; Antzuolan atez atekoa jarri zutenean bezala.

Eztabaida antzuak eta Epeleko planta

Beste aldetik, Isazelaia alkateari eztabaida antzua sortzea leporatu dio eta eskatu dio Arrasaten, Donostian edo Elgetan egin bezala, bosgarren edukiontziaren sistemagatik apustua egitea. Amaitzeko, Epeleko planta joan den legealdian EAJk jarri zuela martxan gogorarazi du Oiarbidek, eta konpost eraikuntzaren kudeaketa txarra salatu du. Ordutik hiru urte pasatu dira eta Epeleko plantako proiektua egin barik dagoela salatu du, horrek suposatzen duen gastu eta arazoekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak