Sortzen duten konpost guztia kudeatzen dute Angiozarrek eta Uberak

Imanol Gallego 2014ko mar. 24a, 15:02
Angiozarko auzotar bat autokonposta egiten.
Herrian hondakinak kudeatzeko sistema berriak ekaitz lainoak sortzen zituen bitartean, Angiozarko eta Uberako auzotarrek beste bide bat hartu zuten.

"Auzotarrekin batu, sistemaren onura eta hutsuneak aztertu ostean, aho batez, organikoa auzoan kudeatzea erabaki genuen", azaldu du Jose Angel Mikeok, Angiozarko alkateak. Uberan ere antzera gertatu zen. "Udaletik sistemaren nondik norakoak azaldu zizkiguten", aipatu du Gorka Buruagak, Uberako alkateak.

Bi auzoetan erabakia duela urtebete hartu bazen ere, auzotarrek apurka-apurka bat egin dute eurentzat hain berria ez den sistemara. "Landa giroan beti erabili da organikoa ongarri edo sats gisa; orain, baina, konpost esaten zaio; izen berria izan ezik, sistemak ez du aldaketa nabermenik ekarri", dio Mikeok. Hala ere, sistema berriak dituen berezitasunak hobeto ezagutu eta konposta era egokian egiteko, taldeka adituek eskainitako ikastaro bat ere izan zuten bi auzoetako bizilagunek.

Auto eta auzokonposta

Bi auzoetan konpostagailuak banatu eta sistema martxan zegoen arren, auzo bakoitzera moldatzeko sistema egokitu egin da. Angiozarko bizilagun batzuek autokonposta beharrean auzokonposta egingo dute. "Momentuz, ekarpen-gunera eroaten dute sortzen duten organikoa", esan du Mikeok. Herriguneko bost etxebezitza besterik ez da, baina laster hauek ere konposta egin ahal izateko auzokonpost gune bat izango dute.

Uberan, aldiz, ez da auzokonpost gunerik egongo, auzotar bakoitzak bere konpostagailua egingo du-eta. Uberako elkarteak sortzen duen organikoa konpostatzeko, baina, konpostagailu handiago bat jarriko dute. "Elkartea toki berezi bat da, eta bertan sortzen den organikoa behar bezala konpostatzeko egin da moldaketa", dio Buruagak.

Sistema berriak auzotarrek euren hondakin organikoa kudeatzeko orduan eragindako aldeketez gain, poltsikoan ere igarriko dute. "Egia da organikoa guk kudeatzeagatik hobari bat izango dugula, baina hori ez da sistema jartzeko arrazoi nagusia izan", azaldu du Angiozarko alkateak. Uberan ere beste arrazoi batzuengatik hartu zuten erabakia: "Ingurumena oso gai garrantzitsua da, eta honekin, gure inguruak zaintzeko egin dezakegun pauso bat eman dugu".

Eta konpostarekin zer egin?

Auzotar bakoitzak kudeatuko du berak sortzen duen konposta. "Auzotarrek euren ortuetan erabiliko dute", aipatu du Buruagak. Uberako elkartearen kasuan, baina, garbitzailea izango da konpostaren arduraduna, eta auzoko lorategietara bideratuko da bertan sortzen den ongarria. Hala ere, bi auzoetako alkateek argi utzi gura izan dute auzotarren batek konpost gehiagoren beharra izaten badu, auzokonpostetik sortzen dena hartzeko aukera izango duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak