Ekintza berriak iragarri ditu Bergara Garbiak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 19a, 16:59
Bergara Garbia plataformak prentsa-ohar bidez aurrerantzean egingo dituen hainbat ekimenen berri eman du. Besteak beste, berriro ere balkoietan eta leihoetan poltsak zintzilikatzera deitu ditu herritarrak eta epe motzera manifestazio berri bat egiteko asmoa du plataformak. Oharra, albiste barruan.

Prentsa ohar bidez eman du aditzera Bergara Garbia plataformak aurrera eramango dituzten ekintza zeintzuk izango diren.

Batetik, hondakinak poltsetan bereizita aterako dituzte, baina txintxilikarioetan utzi beharrean, lurrean utziz. Bestetik, balkoietan eta leihoetan berriro ere poltsak zintzilikatzeko deia egin dute. Eta azkenik, epe motzera manifestazioa deitzea erabaki dute, eguna zehaztu ez arren. 

Bergara Garbia: "Inposizioa gauzatu da, diru-xahutzea hasi da"

Bergara Garbia plataformak bidalitako oharrak jasotzen duenez, "ez dute ezertarako balio izan jasotako 4.691 sinadurek ezta edukiontzi bidezko hondakin bilketaren alde eginiko herri galdeketako 4.771 botoek".

"Bergara Garbiak deituta lurrean zaborra uzten duten familiak asko izan arren", diote ezin dutela "adierazitako herritarren nahia zapaltzen utzi eta ez dugu amore ematen".

Plataformak dio "herritarren gehiengoari demokraziak ematen dizkien baloreen defentsan mantentzeko unea" dela. Eta historiaren simil bat eginez jarraitzen dute: "Bergarako Bildu-Aralar taldeak Bergarako Des-Besarkatzea sortu du, baina oraingoan ez da armadaren kontra, zerbitzua eman behar dion herriaren kontra baizik".

Bide baketsuak erabiltzeari fidelak izaten jarraituko dutela diote Bergara Garbikoek, "norbaitek nonbaitetik diktadore hauei, zintzoki lortutako baina gaizki erabilitako euren aulkien babesean dituzten interes pertsonalen gainetik herriaren subirotasuna dagoela ikustarazten dien bitartean".

Hainbat herrik bosgarren edukiontziaren alde egin dutela esanez jarraitzen du oharrak: "Hondakinen bilketa selektiboan arrakasta dute. Legazpin, esate baterako, %81eko kuotak ari dira lortzen edukiontzi marroiaren hautazko erabilerari esker". Eta galdetzen dute: "Zergatik Donostia moduko lekuetan  5. edukiontziaren bidezko bilketak balio du eta Bergara moduko tokietan ez?".

Bergara Garbiako kideek oharrean bilketa sistema berriaren kostuez ere egiten dute berba. "Sistema bera edukiontziena baino lauzpabost aldiz garestiagoa da. Badago nahikoa diru xahutzeko? Badakigu Bildu-Aralar taldearentzat ez dela arazoa izango; zaborren tasak beharrezkoa igota konponduta dago".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak