Arrasate
Hiru mozio aurkeztuko dituzte gaurko osoko bilkuran
EAJ eta PSE-EEk, PPk eta EAE-ANVk mozioa aurkeztuko dute gaurko osoko bilkuran. Lehengo hiru alderdiek gaurko mozioak zentsura mozioaren aurreneko pauso izan daitezela gura eta EAEri dagokionez, salatuko dute zentsura mozioak "ezker abertzalea isolatzeko estrategia" direla eta "antzuak" gatazka konpontzeko. Gutxienez, beraz, hiru dira aurkeztuko diren mozioak. Izan ere, Aralarrek mozioari emendakina aurkez liezaioke. Era berean, Ezker Batuak – giltza duena –, plenoan bertan emango du jakitera botoa eta orduan ere emango dituzte exekutibarekin izandako tirabiren xehetasunak. Pleno jendetsua izango da, inondik inora. Dagoeneko sozialistek iragarri dute alderdiko buruzagi ugari joango dela eta ezker abertzaleak ere deialdia egin du 18:30ean elkarretaratzea egiteko eta ondoren plenora joateko.
EAE-ANVk ere berea
Honako lau puntu hauek ditu Eusko Abertzale Ekintzaren udal taldearen mozioak:
- Dimisio eskaerak eta zentsura mozioak, eta halaber, ezker abertzalea isolatzeko estrategia oro, antzua dela gatazkaren konponbidera heltzeko.
- Gatazka politikoa konpontzeko gakoa autodeterminazio eta lurraldetasunaren korapiloak askatzea dela.
- Udal honek uste du euskal herritarrek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela, eta, hori lehenbailehen eman dadin urratsak eman behar direla, eta Espainia nahiz Frantziako gobernuek Euskal Herriak erabaki duena errespetatu behar dutela.
- Udal honek bere eskuetan dagoen guztia egingo du euskal gizarteak eskatzen eta nahi duen benetako aldaketa politikoa gauza dadin.
- Udal honek bere egiten ditu proiektu politiko guztiak aukera berdintasunean lehiatzeko duten eskubidearen aitortzan eta hori bermatzeko bere eskura dauden bitartekoak jarriko ditu.
"gatazka politiko eta armatua eragiten duten sustraietara jotzea dela, eta ez bateko zein besteko gaitzespenek ez dutela arazoa konponduko".
"Mozio etikoa"
Aurreneko mozioan "etiko" deitu diotena, alderdi sozialistak eta alderdi jeltzaleak eskatzen dutena zera da: Udal arduradunek konpromiso "garbi eta kontsekuentea" har dezatela honako lau puntuen gainean: "Giza duintasunaren errespetua, eta bereziki bizitzarako eskubidea izan daitezela eskubide guztien eta askatasunaren oinarri. Pertsona guztien giza eskubideen defentsa eta eskubide horiek errespetatu ezean, hori arbuiatzea. Aniztasun politiko, sozial, ideologiko eta identitarioa onartzea eta horiek bermatzea. Eta esklusiboki bide politiko, demokratiko eta elkarrizketatuaren aldeko apustua, eta, ondorioz, indarkeriaren erabileraren aurka agertzea eta gaitzestea, baita indarkeria hori posizio politikoak defendatzeagatik edo prozesu politikoak hondatzearen mehatxu egiteko erabiltzen denean ere".
Gaineratu dute "printzipio horien argitasunean, ETAren ekintza terroristak, bere azken atentatu hilgarriak eta bere azken komunikatuan adierazitako mehatxuek printzipio horiek urratzen dituztela". Eta azkenik, diote "aurreko puntuekin bat ez datozen udal arduradunen dimisioa" eskatuko dutela.
Alderdi Popularrak, mozio irmoagoa
Alderdi popularrak aurkeztutako mozioari dagokionez, berriz, Itziar Lamarainek, PPko kideak emandako azalpenen arabera, EAJk eta sozialistek aurkeztu duten mozioa "ez da izan beharko litzatekeen bezain irmoa", hori horrela, PPk aurkeztu duen mozioa "zuzenagoa da eta ez du horrenbeste buelta ematen".
Bestalde, Aralarrek adierazi du aztertzen dabilela mozioari emendakina edo zuzenketa aurkeztu ala ez. Joxe Etxeberria bozeramaileak aditzera emandakoaren arabera, osoko bilkuran bertan aurkez dezaketenez zuzenketa hori, ez dute azkeneko momentura arte erabakirik hartzeko asmorik.
Alderdi politikoek zer bozkatuko duten galderari erantzunez, berriz, EB-Zutik koalizioak aditzera eman du oraindik ez dakiela mozioaren alde egingo duen edo ez eta gaineratu du gaurko bilkuran adieraziko dutela euren iritzia. Horrekin batera, jakinarazi dute gaurko batzarrean emango dituztela alderdiko exekutibarekin izan dituzten tirabiren berri.
EAko ordezkariak, berriz, atzo ziren alderdi sozialistakoekin batzartzekoak eta oraindik ez dute erabaki zehatzik hartu.
Zehaztasun guztiak jakingo ditugu 19:00etatik aurrera. Dena den, gogoan izan osoko bilkura hori baino lehenago beste bat egingo dutela, egunerokotasunarekin lotutako gai arruntak lantzeko. Hori izango da 17:30ean eta hiru puntu landuko dituzte. Hirurak dira obrekin lotutakoak. Batetik, Abaroa berria eta San Andresko alkatetza berria egiteko proiektu eraikitzailea eta obren exekuzioa adjudikatzeko klausulak onartzea proposatuko dute.
Bestetik, Iturbide egoitza berritzeko obrekin lotuta, berokuntza proiektua onartzeko proposatuko dute, eta azkenik, Zerrajera bi eremuko 2, 3 eta 4 faseak adjudikatzea proposatuko dute.

PPk aurkeztuko duen mozioa
Enegarren aldiz ETAren zerbitzurako estrategiarekin koherente izanik, terrorismoa eta ETAren atentatuak gaitzesten dituzten jarreretatik aldendu da ANV.
Alderdi politiko demokratikoen arteko kontaktuak egon dira zentsura mozioak babestu eta lantzeko eta ulertzen zaila baldin bada ere, gaurko egunera arte ez da alderdi guztiek babesterik lortu.
Eskandalu demokratikoa da demokraten batasunaren bidez ANV alkatetzatik kentzea ez lortzea, ANV minorian edo kanpoko sostenguarekin alkatetzan dagoenean.
Duintasun demokratikoak eta askatasunen defentsak, baita ETAren biktimekiko oinarrizko oroimenak ere, ANVk gobernatutako alkatetzak sostengatzea eragozten du, alderdi demokratiko guztien ekintzaz demokraziarako errekuperatu baldin badaitezke.
Udal honetako demokrazia errekuperatzea ekarriko lukeen
zentsura mozioa atzeratzeko eta luzatzeko alderdi politiko ezberdinek emandako aitzakia ezberdinak ez dituzte ulertzen hiritarrek.
Horregatik, honako proposamen hau onartzen dugu:
Udaleko osoko bilkurak eskaera egiten die alderdi politiko demokratikoei udal honetako demokrazia errekupera dadin, non ANVk gutxiengoan gobernatzen duen, presazko zentsura mozioa aurkeztuz indarrean dagoen legediaren arabera.
Beste bi mozio gehiago aurkeztuko dute