Arrasate
EAErekin udal gobernua eteten dutela jakinarazi du Ezker Batua-Zutikek
Aho batez erabaki zuten hori atzoko bilkuran. Egunean zehar proposamen bat aurkeztu zioten EAEri, Isaias Carrascoren hilketa salatu zezan. Bitan bildu ziren baina ez zuten lortu horren gainean ezer adostea. Gauzak horrela, hiru taldeek zuten gobernu ituna apurtzea eta oposiziora pasatzea erabaki dute Ezker Batua-Zutikekoek.
Ezker Batua-Zutikeko zinegotzi Ander Rodrigezek, Joseba Ugaldek eta Julia Monjek agerraldia eskaini dute gaur eguerdian Kulturaten, hartutako erabakiaren berri emateko.
Rodrigezek eta Monjek azpimarratu dutenez, EAEk "gure konfiantza haustu egin du, Isaias Carrascoren kontrako atentatua ez duelako gaitzetsi". "Ez da onargarria, ezin da ulertu eta justifikatu. Horrela ezin dugu batera jardun gobernuan", gaineratu dute.
Atentatuaren "biktima etikoa" Isaias Carrasco izan dela eta "biktima politikoa", berriz, "ezker abertzale ofiziala bera" izan dela aipatu dute.
Zentsura mozioa
EAEko alkate Ino Galparsororen aurka aurkez daitekeen zentsura mozioaz ere berba egin dute zinegotziek. Proposamenik ez dutela jaso azaldu dute eta beraz, horren gainean ez dutela eztabaidatu adierazi dute. Horren harira, Joseba Ugaldek esan du, gaur goizean, PSEko zinegotzi Paco Garciarekin izan dela eta horrek zentsura mozioaz ez diola ezer aipatu.

Zorionak
Ezker Batua-Berdeak Zutik-en oharra
Ezker Batua-Berdeak Zutik-en programan oinarri horiek gauzatzen ziren ia oso-osorik udal gobernuaren zereginaren ardatzean, udal gaiak bideratu ahal izateko Arrasateko bizilagunen ongizatearen alde, hirigintza, ingurumen, kultura, gizarte zerbitzuen ikuspegitiek edo birkontratetako eta udaleko langileen lan eskubideen berdintasunaren ikuspegitik.
Ezker Batua-Berdeak Zutik-ek beti uste izan du helburu horiek lortzea zela egokia eta merezi zuela eta horregatik egin genuen apustu ANVrekin batera gobernuan egoteko. Bagenekin kritikak eta gaizki ulertuak izango zirela.
Arrasateren aldeko apustua ez zen jendearen ongizatea hobetzea bakarrik, Udalaren kudeaketan laguntzea ere bai, udal administrazioa osatzen duten sail guztietan ardurak gure gain hartzea ere bai.
Zailena da, eta Udal honen kudeaketa zaila da, borondateak batzea, lan gogorra da, behar du parte hartze soziala, eta hor aritu gara eta jarraituko dugu, Arrasatek merezi du eta. Orain oposiziotik egingo dugu hori guztia, era konstruktiboan jardungo dugu, izan ere, ANV alderdiak hautsi egin du gure konfiantza, ez baitu gaitzetsi Isaias Carrascoren hilketa.
Ez da onargarria, ezin da ulertu eta justifikatu, eta etika hausten du gobernu akordioan onartzea normalizazio politikoa oinarritu behar dela aniztasun politikoan eta haren errespetuan, ezberdinen arteko adostasunean, bide politikoez defendatu behar direla proiektuak, ezelako indarkeriarik gabe eta ezelako eskubiderik urratu gabe, eta gero ez gaitzestea Arrasaten izandako atentatua.
Eta horrela ezin da. Ezin dugu batera jardun gobernuan, alde bat gauza ez denean hilketaren aurka egiteko. Ez dago aitzakiarik. Horrela ikusi dugu talde biok. Ezker Batua – Berdeak Zutik-en asanblada bateratuak erabaki zuen, atzo, aho batez udal gobernutik irtetea eta oposizioan jardutea, lortutako programa ardatzak garatzearen alde.
Badakigu nor den ETAren atentatuaren biktima etikoa, Isaias Carrasco; eta biktima politikoa izan da ezker abertzale ofiziala bera.