Arrasate
ANVk "larritzat" jo du hilketa eta diote kondenatze eskaerek euren kriminalizazioa bilatzen dutela
Arrasateko EAE-ANVko zinegotzi guztiak, Yolanda Perez de Arenaza, Juan Mari Sanpedro , Francisco Maria Arburua, Arkaitz Biain, Oihana Aranburu, Izadi Mondragon eta Ino Galparsoro alkatea batu dira prentsaurrekoa emateko. Gaur, 18:00etan Kulturaten izan da prentsaurrekoa eta Ino Galparsoro alkateak irakurri du prentsa oharra. Hona hemen banatu eta irakurri duen prentsa oharra osorik eta Goiena Telebistak jaso dituen berbak bideo batean:
"Iragan ostiralean Arrasaten izandako gertaera larriaren aurrean, zeinek Udaletxe honetako PSE-PSOEko zinegotzi ohi Isaias Carrascoren heriotza eragin duen, Arrasateko Udaletxeko EAE-ANV zinegotzi talde honek, honako adierazpenak egin nahi ditu:
Lehenik eta behin geure samina eta tristura adierazteaz gain, gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu bere senitarteko eta lagun guztiei.
Gertatutakoaren berri izan bezain laster, alkatea zein zinegotziak ospitalera joan ginen Isaias Carrascoren egoeraren berri izateko. Handik hitz egiteko aukerarik izan gabe bidaliak izan ginen. Arratsaldeko bozeramaileen batzordea deitu genuen eta bertan alderdi sozialistak Isaiasen gorpua udaletxean zegoen bitartean ANVko zinegotzirik bertan ez izatea eskatu zigun. Beraien nahia jarraituz, uneoro udaleko bitarteko guztiak haien esku utzi genituen omenaldia egin ziezaioten, horrela beren mina eta dolua erabat errespetatuz.
Gure herrian gertatutakoak era guztietako erreakzioak eta uholde mediatiko izugarria sorrarazi dute. Etengabeak dira ETAk eragindako bortxa bidezko ekintzak gaitzetsi ditzan Ezker Abertzaleari luzatzen zaizkion ezinbesteko exijentziak.
Eskaera horiek gure kriminalizazioa eta joko politikotik kanpo uztea bakarrik bilatzen dute eta aldi berean, alde bateko bortizkeria bakarrik gaitzestera mugatzen dira. Gatazka politiko eta armatuaren sustraietara jo eta hura konpontzeko benetako saioak ez dira egiten.
Euskal Herria etengabeko samindura eta nahigabea sorrarazten dituen gatazka gordin bat jasaten ari da urte luzeetan zehar.
Elkarrizketa prozesu saiatu baten haustura gertatu ondoren, salbuespen egoera bortitz bat bizi dugu.
Konfrontazio jarrerak nagusitu dira, baina gaur inoiz baino irmoago, adierazi nahi dugu, gatazkaren sustraietara jo behar dela. Alde batekoen aurkako gaitzespen hutsak ez du arazoa konpontzen.
Euskal Herrian marko demokratiko bat eraikitzea bideratuko duen akordio politiko batek soilik lortuko du gatazka politiko honi irtenbidea ematea.
Agerikoa da Euskal Herrian eskenatoki demokratiko bat lortzea ezinbestekoa dela; askatasunean, herri honi eta herritar guztioi dagozkigun eskubideen aitortzean eta herri honen gehiengoaren erabakiarekiko errespetuan oinarritua.
Ardura handiz jokatzeko garaiak dira. Ez dugu sekula gure herriaren askatasun eta bake nahia manipulatuko, ez eta horiekin jolastuko ere.
Guk, lanean tinko jarraituko dugu, gure herriaren eskubideen alde, eta Arrasateren alde, eta nola ez, bai eta gatazka politiko eta armatua eta bere ondorio guztiak behin betiko gaindituko dituen
soluziobide eta akordio politiko baten alde ere. Horixe baita Euskal Herriko gehiengo sozialaren nahia, eta hori delako gure herriak merezi duena.
Zeresanik ez, Arrasateko Udaletxean hartuak ditugun erantzukizun guztiei aurre egiten jarraituko dugula. Honen harira, esan nahi dugu EB-Zutik koalizioak Arrasateko udal gobernua uzteko hartutako erabakia, errespetagarria izan arren, ulergaitza egiten zaigula. EAE-
ANVk udalean, eta oro har erakundeetan, ordezkaritza izateko erabakia, herritarren hartu zuten maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetan. Guk, Udal Akordioa sinatu genuenean eta orain,
gatazka politikoari buruzko irakurketa berdina egiten jarraitzen dugu. Gure aburuz, ez dugu hautsi inolako arau demokratikorik.
Legealdi honen hasieran esaten genuena berresten dugu eta hartutako konpromisoak betetzen jarraituko dugu.
Arrasatearrek emandako ordezkaritza, udal bizitzan eta erabakietan, ahal den eta modurik zintzoenean islatzen saiatuko gara, jokaldi politiko interesatuetan erori gabe, iragan urteetan egin dugun bezalaxe; ziur gaude arrasatearren gehiengoaren onespena dugula horretarako.
Denok ere, ardura handiz joka dezagun dei ozena luzatu nahi dugu; Alderdi politikoek bereziki eta euskal gizarteko eragile guztiek ere; Konponbidera eramango gaituen benetako prozesu baten aldeko hautua egin beharra dago, gatazkaren erroetara jo eta gertakari hauek zein
gatazkak sortzen dituen indarkeria adierazpen guztiak gaindituko dituen eskenatoki bat lehenbailehen lor dezagun.
Isaias Carrascorena bezalako heriotzarik berriro gerta ez dadin, nahiz egunero inposatzen ari zaigun indarkeriazko salbuespen egoera behin betiko desager dadin, gure nahirik sendoena adierazten dugu eta gure esku dagoen guztia egingo dugula agintzen dugu, gatazka hau
behin betiko konponduko duen akordio politiko zabal batera iritsi gaitezen, eperik laburrenean."
EAE-ANVko zinegotziak eta alkatea. Ino Galparsorok euskaraz irakurri du testua eta ez da egon galdera-erantzunetarako tarterik. Argazkia handitu

Gipuzkoako PSE-EE alderdiak iraingarriak iritzi dizkio Arrasateko alkatearen esanei
PSE-EE alderdiko idazkari nagusi Miguel Buen-ek alkatearen berbak "jasanezinak eta iraingarriak" direla esan du. Alkateak "gertakari larriak" direla esan du eta Buenek ziurtatu du "benetan lotsagarriak" direla hitzok.
Buenek gaineratu du: "Biolentziarekin ez dagoela politika egiterik". Bere esanetan, "Eskubide estatuaren eginbeherra da politika biolentziarekin defendatzerik izan ez dadin ziurtatzea. Hori ez da ideien jazarpena ez ideiak debekatzea baizik eta askatasuna defendatzea".
Buenentzat "Sumisioagatik edo koldarkeriagatik, beste behin, EAE-ANV ez da gai hilketa hau gaitzezteko nahiz eta hotzean eta defentsarik ez zuen gizon bat hil duten familiaren aurrean".
Aitortu du, gainera, harrituta dagoela "familia baten mina sentitzeko gai ez direnekin eta ez sufrimentuak ez ETAk eragiten duen beldurrak hunkitzen ez dutenekin".
Arazoa konpontzen
Ba horixe egiten ari zarete, behin eta berriz, "alde batekoen aurkako gaitzespen hutsak" egiten dituzue, torturak direla, manifestarien aurkako poliziaren oldarraldiak, presoen eskubideen urraketak... Horiek denak gaitzesten dituzue. Baina beste aldekoak ez. Beraz, zertan ari zarete?
Zeuen esku dago bi aldeen aurkako gaitzespenak egitea, zeuek zarete eta "alde batekoen aurkakoen gaitzespen hutsak" egiten maisu eta maistra.
Ez da ba horren zaila, begira, hauxe esatea besterik ez da: estatuaren indar armatuek euskal herritarren kontra egiten dituzten eraso guztiak gaitzesten ditut, eta ETAk euskal herritarren kontra egiten ditzuten eraso guztiak gaitzesten ditut. Ez dirudi hain zaila ezta? Ea, ba saiatu zuek, ze badakizue: "Alde batekoen aurkako gaitzespen hutsak ez du arazoa konpontzen."
Baina bi aldekoen aurkako gaitzespenak horrek bai lagunduko lukeela arazoa konpontzen. ETAk badaki torturak gaitzesten dituzuela, eta ETAk enteratzen denean bere hilketa koldar eta nazkagarriak ere gaitzesten dituzuela, inork ez dituela bere "ekintza" higuingarriak babesten, konponbidearen atarian izango gara. Beraz, badakizue, zuen esku dago horrenbeste desiratuta konponbidea. Esaiozue ETAri bere indarkeriaz pentsatzen duzuena, esaiozue ETAri zeuek ere nazkatu zaituztela. Ez al da horrela ala?
Are errazago
Badakit egoerak ezin direla parekatu baina irudika dezakezue emakumeen aurkako indarkeria (edo terrorismoa) dela-eta, gizonezko batek emakume arrasatear bat hil eta alkateak ekintza larritzat soilik hartuko balu?
Lotsagarria!
"Iragan ostiralean Arrasaten izandako gertaera larriaren aurrean, zeinek Udaletxe honetako PSE-PSOEko zinegotzi ohi Isaias Carrascoren heriotza eragin duen"
Ematen du Isaias Carrasco istripu baten ondorioz hil dela. Seguru nago lan-istripu baten ondorioz izan balitz orduan bai gaitzetsiko luketela eta enpresarien aurka hitz egingo luketela.
Zergaitik ezin duzue erailketa deitu? Zergaitik hainbeste hipokresia Euskal Herriaren aurkako beste eraso batzuk etengabe salatzen dituzuenean eta honen aurrean isilik geratzen zaretenean?
Derioko adibidea
Aho bakar batez, ETA ez!
2008ko otsailaren 29a
Derion izaniko azken gertaerak direla eta, Derioko EAE-ANV udal taldeak honakoa adierazi nahi du:
1. Gaur gauean gertatu diren ekintzen aurrean gure ez adostasuna adierazi nahi dugu. Horrelako ekintza bortitzek ez dute laguntzen Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gainditzen eta sufrimendua areagotzen dute.
2. Horregatik, ETA erakundeari eta Espainia eta Frantziako estatuei eskatu nahi diegu beharrezkoak diren pausoak emateko ekintza errepresibo eta biolentoak amaitzeko.
3. Derioko PSE-PSOEri eta euren militanteei elkartasuna adierazi nahi diegu, baita ETA erakundeak egindako ekintzaren ondorioz kaltetuak izan diren auzotar guztiei ere.
4. Beste behin ere, berresten dugu gure konpromisoa gure herria osatzen duten pertsona eta indar politiko guztiek euren jardunbidea inolako mehatxu eta bortxarik gabe gara dezaten eta denon artean konponbide demokratikoaren alde ibil gaitezen.
Derioko adibidea (2)
Hori al da ezker abertzaleari ahoa betetzen dion demokrazia?
Soluzioak dira behar duguna, ez kondena hutsik
Beraz, lehenengo onartu behar da biolentzia eta inposizio mota desberdinak daudela, biolentziaren iturburuak desberdinak direla, gatazka honen oinarriak zeintzuk diren eta nola desaktibatu dezakegun behin betirako enfrentamendu egoera hau. Eta uste dut arrazoia dutela ANVko alkateak eta zinegotziek esatean: “gatazka politiko eta armatua eta bere ondorio guztiak behin betiko gaindituko dituen soluziobide eta akordio politikoa behar dela”.
Negoziazio prozesuan ETAk argi utzi zion Espainiako Gobernuaren delegazioari prest zegoela bere ekinbide armatua behin betiko desaktibatzeko, beti ere Estatuak sinatuko balu errespetatuko zuela euskal jendarteak herri galdeketaren bidez adierazitako borondatea.
Hori baino demokratikoagoa ez dago: herritarrek bere antolamendu politikoari buruz erabakitzea eta erabaki hori Estatuak errespetatzea. Eta hori da gaur egun posible ez dena. Euskal herritarrok erabaki dezakegu Espainiaren barruan bizitzea, baina ezin dugu erabaki independienteak izatea, espainolen konstituzioak permititzen ez duelako. Muga bat inposatu digute eta muga hori kentzeko akordioa behar da proiektu guztiak aukera berdinetan egoteko. Eta hori da PSOEk eta PNVk nahi izan ez dutena. PSOEk ez duelako nahi katalanen, gailegoen eta euskal herritarren erabakiak Espainiaren zatiketa ekartzea etorkizun batean. Eta PNVk ez du nahi akordio hori Euskadiko Autonomia Nafarroarekin batera elkartuz gero, bere hegemonia galduko zuelako. (Hala ere, azken hauteskundeen ondoren Euskadiko hegemonia ere zalantzan edo arriskuan du PNVk). Eta agian nahiago du denbora pasatzea itxoiten egun batean Nafarroan ere NaBai (PNV-EA-Aralar) hegemonikoa izan arte.
Bestalde, behin eta berriz entzuten diet komentaristei: “ETAk edo Ezker abertzaleak inposatu nahi du bere proiektua indarrez”. Gezur hutsa! Ezker abertzalearen eta ETAren proiektua “independentzia eta sozialismoa” da, hau da, Euskal Estatu independientea. Baina ETAk argi utzi du bere agirietan armak ez dituela erabiltzen proiektu hori lortzeko, proiektu horrek besteak bezala aukera berdinak izan ditzan baizik. Estatuaren inposizioa gainditzeko eta denontzako baldintza demokratikoak egoteko. Independentzia eta sozialismoaren (proiektua) aldeko borroka politikoa da, denontzako baldintza demokratikoak daudenean.
karlosi
"Ostiraleko hilketaren aurka gaude. Ez gaude ados."
Hori ere esateko gai ez badira, nik ez diet aparteko zilegitasunik ematen "demokraziaz", "errespetuaz" edo "adierazpen askatasunaz" berbetako (ikus Derio).
Bestetik, aipatutako hori guztia lortzeko ostiraleko "ekintzak" irtenbidetik hurbildu edo urruntzen gaitu?
Nire ustez, bi arrazoi daude hilketaren aurka agertzeko: bata, etikoa. Baina etiketarik gabekoentzat ere badago beste bat: estrategikoa, horrela jendearen nazka baino ez duzuelako lortuko.
Karlosentzat
ETAk negoziazio mahaian nahi duzun guztia eskeini zuela argudia dezakezu baina bien bitartean pistolak lapurtu zituen, lehergailuak mugitu zituen, hiltzaileak prestatu zituen, etab. Betiko demokraziarekin galdetu zion Euskal Herriari ekintza armatuetarako zilegitasuna ote zuen, Barajaseko bonbarekin bi pertsona hiltzeko.
Zure argudio osoan mundu guztiari errua bota diozu PNV, Espainiar estatuko gobernuari, baina ETA biktima moduan aurkezten duzu.
Oraindik ez dut azalpen bakar bat irakurri edo entzun bere pentsaeragatik bost tiro botata pertsona bat hiltzea justifikatzen duena. Beti bezala biktimismoan erortzen da ezker abertzalea: "pena ematen digu ekintza tamalgarri bat gertatu izana baina etengabe erasotzen gaituzte eta gu gara benetako biktimak". Ze pena ematen didan ezker abertzaleak...
aupa ino!!!
Ezker abertzalearen kondena nahi dute Euskal Herriak bizi duen gatazka ETA erakundearen ekinbidera soilik mugatzeko. Eta hori ez da horrela; hemen gatazka politiko armatua ETA sortu baino askoz lehenagokoa da.
Azken 2 parrafoetan esaten duzuenak ordea bai. Horrek konponduko du.
Karlosekin ere %100ean bat nator. PSOEK bere jendeari eta EH osoari azaldu behar diona ETAren eskaintza horri "bere estruktura militarrak desaktibatzeari" zergatik esan zion ezetz. Eta gero ezker abertzalearen aurkako eiza hasi zuen (militante xumeak atxilotu, torturatu eta 1000kmtara espetxeratuz). Hau konpondu nahi bada, bi aldeak ados jarri beharko dira. Eta ez hemengo askok esaten duten bezala "ETA NO: POR LA PAZ Y LIBERTAD"
Gainera ematen du erakunde armatu bat ez kondenatzearren edozer gauza egin diezaioketela ezker abertzaleri. EZ al da askoz larriagoa estatu demokratiko batek indrakeria erabiltzea (guztion diruarekin) helburu politikoak lortzeko?
Nork eskatzen dio PSOEri GAL, tortura, dispertsioa kondenatzeko hauteskunetara aurkzteko? PPkoek ez dute altxamendu frankista kondenatu, demokratak al dira? Nork esaktzen dio pNVri ertzantzaren jarduna salatzeko? Nork apurtzen ditu koalizioak PNVrekin ez duelako ertzantza kondenatu? herritarren hitza lapurtzen dutenak ANV baino demokratikoagoak al dira?
espero dut hemendik aurrera benetako negoziazio bat hasiko dela eta bi aldeei eskatzen diet nik gainera. BAi PSOEri eta baita ETA ri ere. Baina guztion eskubideak errespetatuz. A!
Norbait gogoratzen al da dispertsioak gabonetan hil zuen Nati Oñatiarraz?
Musu bat eta besarkada bero bat ANVko zinegotzi taldeaari. Herritarren babesa duzue Arrasaten agintzen jarraitzeko. Kriminalizazioak ez ditu gure iritziak aldatuko!
herritarren babesa???
Ezerk ez du justifikatzen ostiralekoa, ezerk ez.
Aitor: ostiralekoaren alde ala aurka zaude?
beste aukera bat galduta
Orain tokatzen dena da ostiraleko ekintza baloratzea, ekintza bera baloratzea. Egoera politikoari buruz hitz egiteko beste egun guztiak daude. Disparate hutsa izan zen, guztiz onartezina, burugabekeria (zein pertsona inkonsziete dabil guzti honen atzetik?)
Batasunak egin duen gauza bakarra izan da ekintzaren ondoriak baloratzea ....... familiaren samina, doluminak ... baina hori ez da kontua.
Betiko bezala pilota bestearen teilatura bota eta eurak ez, beste guztiek daukate gatazkaren erantzukizuna
Pena haundi bat izan da momentua aprobetxatu ez izana ekintza hori gaitzezteko, ukatzeko, errefusatzeko edo nahi duzuena. Mila formula daude!!! Eta ekintza hori onartezina dela ez esateak niretzako behintza ETAri aurpegia ateratzea eta ekintza babesten duzuela esan nahi du. Oxigeno gehiago eman biolentziari.
Karlos, hori da diskurtsoa! beste edozein momentutan ere erabiltzea bazenuekan. Momentu honetan guztiz lekuz kanpo. Ekintza bera baloratu. Zer iruditu zaizu?? ez duzu esan. Beste guztia badakigu, euskaldunok ondo ezagutzen dugu zein den egoera.
pausu garrantzitsu bat eman beharra