Arrasate
Arratoien kontrola egiteko hileroko udal zerbitzua dago
Udaberria iritsi da eta gauza atsegin asko ekarri ditu berarekin. Baina baita ere oso atseginak ez diren beste batzuk, esaterako arratoiak ugaldu egiten dira urteko sasoi honetan. Eta ugaltzen direnean, gehiago ikusten ditugu, jakina. Horren erakusle da Zarugaldeko bizilagun batek bidalitako argazkia. Bada, hori ikusita, Udalera jo dugu halako kasuetan zer egin behar den jakin guran.
Udaleko Obra eta Zerbitzu Saila arduratzen da kontu horiekin. Amaia Arana teknikariak emandako azalpenen arabera, Arrasateko Udalak badu zerbitzu bat arratoien ugalketa kontrolatzeko eta jakinarazi du hilero egiten dutela “prebenitzeko tratamendua; hilabete bakoitzeko erdialde inguruan etortzen dira Arrasatera”. Horrez gainera, segimendua ere egiten dute eta “abisuren bat dagoenean, bereziki etortzen dira, tratamendua ipintzen dute leku horretan eta gero segimendu berezia egiten dute”
Pozoiarekin
Bilboko Menforsan enpresak egiten ditu garbiketa zerbitzu berezi horiek, Arrasateko kaleak garbitzen dituen Cespa enpresak azpikontratatuta. Pozoia erabiltzen dute arratoiak akabatzeko, “abisua jasotzen duten guneko saneamendu eta argiteria arketetan eta halako lekuetan botatzen dute”, hau da, gizakiok ikusi ere egiten ez dugun lekuetan. Eta noizbait pertsonak edo zakurrek ikus genezaken lekuren batean bota behar badute pozoia “kartel batekin abisua ipintzen dugu, adibidez, zakurren jabeek euren zakurrak hara eraman ez ditzaten” .
Arratoia Zarugalde kalean lasai asko, 10:30ean, bizilagunen harridurapean. Argazkia handitu