Arrasate

Irati Agirreazaldegi 2007/12/15 23:17

AHTri ez esan diote milaka lagunek

Dokumentu Akzioak

Milaka lagunek eskatu dute Arrasaten Abiadura Handiko Trena gelditzeko. Manifestazioa egin dute jai giroan herriko kaleetan eta amaieran AHTren aurkako udal eta hautetsien sarearen zein AHT Gelditu Elkarlanaren izenean berba egin dute ordezkariek.

Goardia Zibilak Arrasateko sarreretan ipinitako kontrolak medio berandutu egin da manifestazioa, mobilizazioan parte hartzera zetozen asko eta asko gerarazi egin baitituzte.

Hala ere tren bagoi mordoa betetzeko adina jende elkartu da Arrasateko kaleetan. Zanpantzarrak aurretik zituztela abiatu da manifestazioarn burua 17:30ean. Inposaketarik ez, AHT gelditu lema zeraman pankartarekin AHT Gelditu Elkarlaneko, Lab sindikatuko, Zutikeko eta Aralarreko ordezkariak. Atzetik sekulako jende uholdea Euskal Herriko txoko askotatik etorriak. Besteak beste, jende artean, Rafa Diez, Nekane Erauskin, Iñaki Antiguedad, Arantza Urkaregi… Banderak, pegatinak, kartelak eta oihuak izan dira nagusi ibilbide osoan barrena: Txikiziorik ez, AHTrik ez moduko oihuak, hain zuzen ere. Izan da kartoiz egindako trenik ere manifestarien artean eta buruhandiak ere ez dira falta izan. Jai giroan egin dute, hortaz manifestazioa.

AHTren aurkako Udal eta hautetsien sarea

Manifestazio burua Biteri plazara iritsi eta txalaparta eta adar hotsez hartu dituzte manifestariak. Manex Agirre eta Jokin Labaien bertsolariek jardun dute gero eta hauen ostean, Ino Galparsoro Arrasateko alkateak hartu du hitza AHTren aurkako Udal eta hautetsien sarearen izenean. Esan du, "Kontrakoa pentsarazi nahi badigute ere, gai honetan esateko duguna asko da, bai herritarrok, baita Udalok ere. Horrexegatik, lanean tinko jarraitzeko konpromisoa mantentzen dugu, gure eguneroko zereginetan erabaki instituzionalak eta herritarren borondatearen arteko distantzia laburtzen jarraituz eta inposizio honi ezetz esanez". Bestalde, "ezetz esan behar zaio "goitik" inposatu nahi diguten erokeria honi eta zentzugabekeriari ezetz esateko kalera irten behar dugu", esan du. Gaineratu du, "ez herritarrok ezta Udalak ere ez gaituzte informatzen; informazioa ukatu, desinformatu eta engainatu egiten gaituzte. Ez digute galdetu eta galdetu dutenak zigortzen saiatzen ari dira".

Karratua borobila da bikoteak AHTren aurkako kantu bat eskaini du gero eta taula gainean izan da baita ere Italian abiadura handiko trenaren aurkako borrokan diharduen talde bateko ordezkari bat. Val Susan trenaren lanak geldiarazte lortu zuteneko euren esperientzia azaldu eta elkartasuna adierazi du.

AHT Gelditu Elkarlana

Arratsaldeko zazpiak ziren azken manifestariak Biterira iritsi direnerako eta lepo beteta zegoen plazaren aurrean Mila Elortza AHT Gelditu Elkarlaneko ordezkariak hartu du hitza. Besteak beste esan du: "Gero eta gehiago gara, eta horregatik, AHT inposatu nahi diguten horiek, egitasmo xahutzaile eta zentzugabe honen kontura beren biziko negozioa egin asmo duten horiek, gero eta urduriago daude". Salatu du AHTren egitasmoa “batere informazio gardentasunik eta herritarren parte hartzerik gabe” jorratu dutela. "Herritarrei hitza era erabakia lapurtu eta erabaki ahalmen osoa politikari profesionalen eskuetan uzten duen eredu horren erakusgarri da".

AHTari ezezkoa emanez amaitu da ekitaldia eta antolatzaileek bertan elkartutakoei "AHT geldiarazte aldera borrokatzeko gonbitea" luzatu diete.

Mila Elortza – AHT Gelditu Elkarlana

usoa — 2007/12/17 09:36
Eurek esaten dute 17 urtez dihardutela informatzen eta guk beste horrenbeste edo gehiago lanean, hortaz, gaurkoa lan horren emaitzetariko bat da. Baina hau ez da azkena abiapuntu bat baizik indarrak hartu eta aurrera egiteko. Momentuz Lukun baino ez daude obretan baina asmoa dute Debagoienera ere zabaltzeko eta uste dugu orain dela momentua aurre egiteko, ikusten dugulako indarra badugula. Gurean ere izango du eragina baina zenbatekoa ziurtasunez jakin ez dakigu. Izan ere, eurek paper gainean marrak egiten dituzte, baina marra horien azpian lurrak, etxeak, errekak, mendiak... daude. Trenbide zati handi bat tuneletan doala diote, hori onuragarri balitz bezala baina tunelak egiteko hortik lur, harri... asko dago eta inork ez du ezer aipatu hondakindegien gainean. Hortaz, badaukagu oraindik informazioa pilatzeko. Oraindik badago lana egiteko eta kontuan hartuta hemen jende asko izan garela bakoitza bere inguruan arduratuz gero gaiaren berri zabaltzen jende askoz gehiagorengana iritsiko da AHTren gaia.

Jon Artetxe – Lab-eko ingurumen arduraduna

usoa — 2007/12/17 09:37
Lab aspalditik ari da Abiadura Handiko Trenaren aurkako borrokan. Izan ere, oso argi daukagu hau ez dela Euskal Herriak behar duen tren azpiegitura. Oso txikitzailea da ekologikoki; gizarteari begira ez du zerbitzurik ematen, izan ere, joan-etorri gehienak eskualdeen barruan egiten dira. Hurbileko zerbitzuak behar ditugu, geltoki asko dituen trena eta horrekin batera bestelako lurralde antolaketa bat hurbiltasuna bilatuko duena. Ez dugu onartzen hainbesteko dirutza, 9.000 mila milioi eurotik gora, gastatzea gutxi batzuei zerbitzua emateko. Izan ere, motordun ibilgailuen joan-etorrien %15 baino ez lituzke hartuko Abiadura Handiko Trenak eta horrelako dirutza denon poltsikotik ateratzea gutxi batzuen mesederako eta enpresarien etekinak loditzeko ez dugu bidezkotzat jotzen. Hortaz uste dugu egitasmoa gelditu behar dela eta gizartean eztabaida zabaldu, denon partehartzea bermatuko duena. Trafikoaren arazoa larria da baina AHT ez da inondik inora horren konponbidea eta beste irtenbide batzuek bideratu behar dira.

Iñaki Antiguedad - Hidrogeologoa

usoa — 2007/12/17 09:37
Gauza bik bultzatuta etorri naiz manifestaziora: bihotzak eta buruak. Pentsatu egin dugu eta denbora gehiago pasatu ahala argumentu gehiago dauzkagu esateko proiektu hau guztiz paradigmatikoa dela iraunkortasunik ezerako bidean. Kuriosoa baina esanguratsua da beti esaten digutela proiektu hau dela "la via de la sostenibilidad" eta benetan jasangarritasunaren aldeko apustua egiten dugunok ikusten dugu hau guztiz kontrakoa dela. Garraio mota honek ez du ezer konponduko, hondatu egingo ditu hainbat eskualde eta txarrena, noiz edo noiz egin beharko dugun norabide aldaketa hori atzeratu egingo du proiektu honek. Irtenbide faltsu baten bermea ekarriko digu; badirudi honekin dena konponduko dela baina gero eta kakaztuago dago gauza. Gaurkoa oso polita izan da, baina azken batean manifestazio bat izan da. Kalean azaldu dugu gure haserrea, baina garrantzitsuena da gogoeta serio bat egitea eta benetan eustea eta benetako jasangarritasunari eta horretarako ezin ditugu lagun hartu Jaurlaritza, Confebask eta enparauak.

Arantza Urkaregi – ANV

usoa — 2007/12/17 09:37
Beti aldarrikatu izan dugu herritarrek euren iritzia eman behar dutela eta Auki honetan arazo nagusia da ez dela egon inolako eztabaidarik. Informazioa ukatu egin zaigu herritar guztioi eta guk eskatzen dugu AHT gelditzea, eztabaida zabala irekitzea eta herritarrok erabakitzea trenik nahi dugun eta nolako trenbidea nahi dugun.

Joxe Iriarte Bikila – Zutik

usoa — 2007/12/17 09:37
Oso garbi dut AHT ez dela guk behar dugun trenaren proiektua. Alderantziz, proiektu txikitzailea da eta ekonomikoki oso kaltegarria: alde guztietatik begiratuta guk behar ez dugun trenbidea. Gainera, inposatu nahi diguten proiektua da, ez dute gurekin eztabaidatu nahi , ez dute harremanik izan nahi gurekin eta horregatik guztiagatik etorri gara mobilizatzea. Aipatzekoa da lortu dugula milaka jende ekartzea Goardia Zibilek ipinitako kontrolen gainetik.

Rafa Diez - Lab

usoa — 2007/12/17 09:37
Manifestazio honetara etorri gara argi esateko proiektu hau ez dela herri honek behar duena; proiektu honek herria txikituko duela; eta proiektu honek izango dituen inpaktu ekonomikoak eta ekologikoak ikaragarriak izango direla. Beraz, eskatzen dugu proiektu hau geratzeko eta herriari galdetzeko honen inguruan.

aht

ramon ugalde — 2007/12/17 15:23
- arrasateko udalak ez du inolako legitimitaterik AHtren kontra egiteko. Berak egin duen politika espaziala erabat desarrollista izan da eta. Bestela, ikusi besterik ez dago nola kudeatu duen Arrasaten daukagun espazioa, bere politika urbanistikoarekin nola desagertarazi dituen nekazal eremuak (Tellerixa, Markulete, Uribarri, Ibarreta, kataide...)gure espazio lau guztiak poligono industrial absurdoak egiteko erabili ditu. Polmetasarekin ere beste hainbeste, San Andresen dagoen parke bat eta inguruko etxebizitzak erabat izorratzeko asmoa du. Olandixoko tunela, tranbia, Atxabalpen eta Garagartzan ez dakit zenbat etxe egiteko proiektuak...Arrasateko Udala koherentea balitz, edo gutxienez hipokrita ez balitz, AHT-ren alde agertu beharko litzateke

Erantzuna gehitu

Formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
Idatzi zure benetako eposta. Erantzuna argitaratu aurretik epostara bidaliko dizugun mezuan agertzen den helbidera sartu beharko zara zure erantzuna konfirmatzeko.
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)

LAGUNTZAILEAK:

Eusko Jaurlaritzaren logoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren logoa Eroski Fundazioaren logoa


Estatistikak