Mortero bat aurkitu dute Arrasateko Makatzena auzoan

Goiatz Arana Begiristain 2014ko mai. 13a, 17:34
15:15ean aurkitu dute arma Makatzena auzoan, gas naturala sartzeko lanetan dabiltzan beharginek; hodiak sartzeko zuloa egiten zebiltzala aurkitu dute. Makinarekin atera eta bazter batean utzi dute, Ertzaintzako artezilariak iritsi bitartean. Modeloa ikusita, 1933koa izan daitekeen hipotesiarekin dabil lanean Ertzaintza.

Aurkikuntza egindako tokia hesiz inguratu dute, eta Makatzena auzorako sarbidea itxita egon da ibilgailuentzat, denbora tarte batean. Lehen azterketa eginda, lehergailuak indargabetzeko unitateko teknikariek erretiratu dute arma, arriskurik gabeko leku batera eraman eta bertan lehertu arazteko.

Morteroa jaurtigai lehergaiak edo su-eragileak berrogeita bost gradu baino gehiagoko angeluan eta abiadura baxuan jaurtitzen dituen arma da.

"Gudariek Udalaitzetik botatakoa"

Aurkikuntzaren harira Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Juan Ramon Garaik esandakoaren arabera, Makatzenan aurkitutakoa 81eko Mortero Valeroa da, gudariek botatakoa, seguruenik, Udalaitzetik. "Morteroen kokapena Kanpanzar bidearen ondoan dagoen harrobi zaharraren gainean zegoen; eta kolpistena, berriz, Loro baserriaren gainean. Hortaz, gudari eta milizianoek faxistei botatakoa da", adierazi du.

Bere hitzetan, kontuan izan behar da, gainera, frontea egonkortuta egon zela bertan zazpiz hilabetez, 1936ko irailaren 26tik 1937ko apirilaren 24ra arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak