Egubakoitzeko Gurutze Bidea, Aste Santuko ekitaldi aipagarriena arrasatearren artean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko api. 15a, 13:22
Aste Santuan Arrasaten ez da prozesiorik egiten baina ekintzak izaten dira fededunendako. Erramu domekako meza bereziarekin hasi ziren, eta arrasatearren artean egubakoitz santuko Gurutze Bidea izaten da ekintza jendetsuena. Goizean goiz elkartuko dira Portaloian Santa Barbara parkeraino igotzeko.

Josemari Velez de Mendizabalek Aste Santuko Arrasateko prozesioaren argazki eder bat erakutsi du gaur bertan bere blogean. 1950 inguruan ateratako argazkia da, Jose Mari Mondragonek pasatakoa. Portaloi ingurua jendez beteta dago, ekitaldi garrantzitsua zenaren seinale. Egungo parrokoak azaldu digu garai hartako prozesioetan Doloreetako Ama Birjina ateratzen zutela: "Jesusen ama goibel ageri da, semea gurutzean hil dutelako". 

Hala ere, prozesioak iraganeko ohitura dira, dagoeneko Arrasaten ez delako halakorik egite: "Kalean zehar ez da egiten. Egia esan, batzuek berreskuratzea gura dute, Hilobi Santua ateratzea bereziki. Garai baten urte hartan ezkondu behar ziren gizonek eramaten zuten, pisu handikoa omen zena. Orain, baina, eliza barruan egiten da dena".

Gurutze Bidea egubakoitzean

Bailarako beste herrietan moduan, Aste Santua erramu domekarekin hasi zuten Arrasaten ere. Eguen Santuan bakarkako aitortzak, Jaunaren afaria eta gaueko otoitza izango dituzte. Hurrengo hitzordu garrantzitsua egubakoitzekoa izango da, Gurutze Bidea egingo dute Santa Barbara parkeraino: "Arrasaten entzutekoa eta jende multzo handiena biltzen duena Santa Barbarainoko Gurutze Bidea da. Egubakoitz santuan goizeko zortzietan Portaloitik irtenda Santa Barbarako gaineraino igotzen gara, poliki-poli eta geldialdiz geldialdi". 

Egubakoitz arrasatsaldean Jaunaren nekaldia eta heriotza ospatuko dituzte. Zapatu santuan, berriz, isiltasuna izango da nagusi. Elizak ez du ezer ospatzen, Jesus hilobian dagoelako. Zapatu gauean kanpaiak jotzen dira Jesus berpiztu dela ospatzeko eta su santua egiten da. Oraindik ere, antzinako ohiturei eutsiz, su berri hori zenbait baserritarra eramaten da. Hortik aurrera 50 egunez luzatzen dira Pazko jaiak, eta orduan egiten dira bataio eta jaunartzeak, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak